bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


maite toledo

 

Sirena bihurtu nintzen eguna

Sargori zen, eta izerdiarena baino uraren bustia gustagarriagoa egiten zitzaigunez, lagun mordoa genbiltzan hondartzako ur epeletan bainatzen. Sakontasun txikiko uraren ertzean, begiak itxi eta zerura begira ni; besoak zabal eta eskuak hondarrari itsatsita, olatuen dantza otzanarekin jolasean.

 Noizean behin, olatuen dantza otzana, bultzakada bihurtzen zen; orduan,  urak estali egiten ninduen. Olatu zakar batek burua urpean sartzen didaneko trantze horretan zer gertatzen zaidan  ondotxo dakidalako nengoen ni, burua kanpoan, hatzak hondarretan tinko, eta orekari eusten. 

Zer gertatzen zaidan? Bada, hori, itsasoak zurrutada gazi-gazi galanta edanarazten didala; eta ni ez arrain bat ez eta sirena bat ez naizenez, ia ito egiten naizela.

Olatuekin ekilibrismotan nenbilenetako batean, oporrak Laineri belaontzian igarotako udarekin oroitu nintzen. Aitzakia aproposa zen, eta Kantauri itsasora abentatu aurretik igeri ikastaroa egitea pentsatu nuen, estiloa ondu eta ziurtasuna sendotze aldera.

 Eta, egun batean, espero eztako hobekuntza izan nuen.

E, txo! Ur azpian arnasa hartzen ikasi dut gaurko eskolan! Esaten nien bidean gurutzatzen nintzen lagunei.

Eta harrituta begiratzen zidaten.

Egia argituko badut, egun hartan ikasi nuena burua zazpi segundoz ur azpian murgilduta edukitzen izan zen. Baina zin degizuet hura egun handia izan zela, ia-ia sirena bihurtu nintzen eta.

 

maite toledo saralegi

 


 

 

 

 

 

 




 

bihotz bakartien kluba '04