Mattias:
Oraintxe gurutzatu gara korridorean eta irribarre egin didazu
ezpainekin. Begiekin suediarra izaten jarraitu duzu. Horma bat
dago gure artean: 110. eta 111. gelak banatzen dituen horma. Eta
Suedian sendoak dira hormak, kanpoko hotzari pasatzen ez uzteko bezain
sendoak eta barneko guztiari, hotz ala bero, ihes egiten ez uzteko
bezain sendoak ere bai.
Zuhaitzak.
Harrituta begiratzen diet zuhaitzei. Badituzte 20 metro edo gehiago
gora eta zuzen, zuzen-zuzen doaz zerurantza, bidean eskuinetara edo
ezkerretara entretenitu gabe. Ez dute astirik hartzen bidean okertu eta
kafetxo bat hartzeko. “Zer moduz? Ondo. Seme-alabak eta? Betiko
martxan...”. Ez, ez zaie kafea gustatzen zuhaitz suediarrei. Enbor
zuriek gora nahi dute, zuzen gora, eta hain zuzenak izatera nahita ere
ezin dute elkar ukitu zuhaitzek... lotsa-edo ematen die elkar ukitzeak
eta alboetara hazteak, eta horregatik beti gora, goia beti dagoelako
libre inork zapaltzen ez zaituen bitartean.
Eta eskizofreniatik gertu
egongo naiz agian, baina kale nagusira erosketak egitera irten eta baso
usaina sartu ohi zait sudurzuloetatik. Hori lehenengo, ze gero pinu
altuak ikusten hasten naiz; enbor zuriak gora eta gora harlauzetatik,
eta halakoetan, ez duzu sinetsiko, baina halakoetan perretxikoak
biltzeko izugarrizko gogoa sartzen zait. Gibelurdinak-eta, zizak-eta.
Eta jendeak harrituta bezala begiratzen dit irribarrez eta erdi-saltoka
moduan aritzen naizelako erosketak egiten. Ez dute ulertzen
supermerkatuko apaletan perretxikoak biltzen ari naizela nire
otartxoan, pinu altuen artean poz-pozik. Ez dute ulertzen normalak
direla horrelako aluzinazioak dendariei egunona eta irribarrea eskaini
eta kanbioa bakarrik itzultzen dizutenean.
Lotsagabe hutsa naiz, ezta
Mathias? Hilabete zuen artean eta zuhaitzekin konparatu zaituztet
dagoeneko. Uste dut horrelakoak gertatzen direla bat etxetik urruti
dagoenean. Izan ere, ez da erraza inondik urruti egotea. Beno, egia
esan, ez da zaila ere. Sinple-sinpleki urruti zaude eta agian egun
batean amonak galdetuko dizu ea hor ere igandea den, eta besterik gabe,
konturatuko zara urruti zaudela. Amona batek ez duelako “hor ere
igandea al da?” galdetzen biloba Frantzian, Espainian edo Italian
badago. Soilik baldin badago Suedian edo beste nonbait, baina urruti.
Baina agian nire errua ere
bada, Mathias. Agian jo behar nizuke atea kax-kax, eta esan “etorri,
nire mundua erakutsi nahi dizut”. Eskutik heldu eta nire gelara ekarri
behar zintuzket agian, ikus dezazun desordenatu kronikoa naizela;
hormak maite ditudan pertsonen argazkiz, marrazkiz eta poemaz betetzen
ditudala; argazki batzuek nire ezpainen marka dutela gainean zizelatuta
eta, nire ohean malko txikiak, irribarre handiak eta amets handiagoak
mantekin tapatzen ditudala hoztu ez daitezen. Eta agian emozionatu eta
negarrez hasiko nintzateke orduan, zuk besarkada bat eman arte; edo
barrez lehertuko nintzateke bestela, zu ere barrez lehertzea lortu arte.
Eta orduan bai, ziur nago.
Orduan leihotik begiratu eta zuhaitzek beren enborrak okertu dituztela
ikusiko genuke.
Gutxienez, elkar ukitu arte.
Uxue Alberdi
|