Mindeloko desenbarkua
Jada
eskailera erretiratuta eta sokak askatzen zihardutela ailegatu ziren
azkeneko bidaiariak. Airean jaurti zituzten zorroak itsasontzira, eta,
hanka bat kanpoan bestea itsasontzian, balantzaka aritu ziren uretara
edo ontzira nora jausiko ziren jakin barik. Zorionez, lortu zuten ontziratzera.
Nasan dozena bat lagun gelditu ziren kantu eta dantza batean itsasoratu
berriak agurtzen.
Eserleku guztiak okupatuta zeudenez, brankara joan ginen lurrean esertzeko.
Olatuen dulundadetan orekari eusteko nahikoa lan zeuzkan arren, baporezko
ferryaren bizkarra jendez lepo zihoan. Brankatik, zama zeharo desorekatuta
zihoala ikusten zen garbi: eskumako aldera etzanda zihoan untzia. Olatu
zakarren astinduak gehiago etzanarazten zuen aldiro-aldiro.
Gitarratxo baten eta pandero baten doinuak lagun zituztela, kantuan
zihoan hogeita piku laguneko korroa geneukan gertu samarrean. Sao Antao
irlako caboverdetarrak ziren, hango gehientsuenen moduan.
Caboverdetarrak musikarekin eta musikarako sortuak dira. Hango etxe,
topaleku eta kaleetan musika beti present kausitzea da horren lekuko.
Hogeita piku lagun haien giroan murgildu izanak baretu egin zuen, bada,
brankatik ikusten genuen zamaren desorekak eta entzuten genituen olatuen
marrumek sortutako larritasuna.
Sao Antao eta Sao Vicente irletako itsasbidean dagoen kalatxorien atoloira
iritsi artean, soinua eta kantua izan ziren nagusi. Kalatxorien atoloi
hartatik eta Sao Vicenteko hiriburua den Mindelora bitartean, ostera,
isiltasun malenkoliatsua gailendu zen. Aldiro, olatuek ferryaren aurka
talka egitean sortutako marrumen hotsa baino ez zen entzuten.
Ordu eta laurdeneko itsasoaldiaren ondoren, Mindeloko kaian ainguratu
zen tximiniatik ke beltz-beltza zerion baporea.
Karelera gerturatu ginen Mindeloko desenbarkua ikusteko:
- Berrehun eta berrogeita hamarren bat lagun lauzpabosna fardelekin.
- Bi ibilgailu lurrorotakoak; txoferrak giriak ziren.
- Ahuntz bat.
- Oiloak eta oilarrak trumilka.
- Kalabazak.
- Jazmana.
- Hiru gitarra.
- Hiru txerrikume.
- Bafleak.
- Urez betetako berrogeita hamarren bat upel.
- Zaku patatak.
- Kamioiarendako balaztak.
- Kanaberak.
- Hozkailu bat.
- Arrautzak dozenaka.
- Artaburuak.
- Tomateak.
- Bananak.
- Piper berdeak.
- ... eta herrimina. Herriminaren presentzia nabarmen-nabarmena zen,
desenbarku hartan parte hartu zuten berrehun eta berrogeita hamar lagunak,
hurrengo egunean astelehena izaki, ostiralerarte Mindelora xoxak irabaztera
zetozen Sao Antaoko zorosanoak zirelako.
Maite
Toledo
|