bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


uxue alberdi

 

Arkimidesen printzipioa

Ostiral hartan ere, etxera iritsi zenean, hiztegia eta boligrafo gorria hartu zituen neskak. Arkimedes hitza azpimarratu zuen. Ohitura zuen hitz bat entzun eta sistematikoki norbaitekin gogoratzen bazen, hitz hori hiztegian azpimarratzeko. Gorria Jonen kolorea zen. Gorriz azpimarratzen zituen gogoa Jonengana eramaten zioten hitzak, eta bazekien egun hartatik aurrera "Arkimedes" entzun orduko berak zuzenean "Jon" pentsatuko zuela. Horregatik azpimarratu zuen: handik aurrera Arkimedes Jon izango zelako. Sinplea zen jokoa.

Batzuetan, neskak, oraindik konkistatu gabeko hitz batzuk gorriz azpimarratzearekin amets egiten zuen…bestetan, kolore urdin eta berdeei begira bere bizitza gorriegi bilakatzearen beldur izaten zen…

Emeki-emeki hiztegiko orriak pasaz joan zen neska, gorriz azpimarratuta zeuzkan gainontzeko hitzak errepasatuz: arnas, begi, bero, Bilbo, esku, ezpain, hotz, hotzikara, izerdi, kanpin-denda, karpa, maindire, mihi, ohe, ostegun.

Uneak, lekuak, zirrarak eta gorputz atalak. Non? Noiz? Nola?, galdetzen zioten elkarri astero. Nik zuri? Zuk niri?

Eta batzuek, berena azaleko harremana zela esaten zioten neskari. Baina hark, serio, azalekoa ezetz; azalezkoa izango zela izatekotan. Berena Arkimedesen printzipioa zen: gorputzen flotatzeko gaitasuna.

 

Uxue Alberdi

 


 

 

 

 

 

 




 

bihotz bakartien kluba '04