Ureztontzia
Arantzari, sendabelarra.
Ureztontzia
bete eta euria ari du nire balkoiko oihan baldarrean. Ezkerretik eskumara,
ur eske, oihuka, orroaka: izenik gabeko landarak, milorria, maria eta
maria, arrosondoa, chrysantemuna eta mendafina.
Bazen garaia! diote aurrena Izenik Gabeko Landereek (etsaien etsaiek
belar gaiztoak zainak luze diote, bai, belar gaiztoak esaten dute haiek)
euria bere gainean ari baitu lehenbizi, eta nik barkatu, lanpetuta nabil,
erantzuten diet, baina ez zalantzan jarri gero nire maitasuna, haiek
ez baitzuten euren anonimatoa aukeratu, eta nire balkoiko oihan baldarrean
ongi etorriak dira ezezagunak.
Oskarbia ureztontzian. Ureztontzia bete eta euri zaparradatxoa gero
Milorriarentzako. Hiztegiek eta bestelako aditu miopeek Achillea millefolium
esango liokete, nik the big big white avalanche zuri, milorri zuri,
euria zuri bai zuretzat zuri. Eta berak uf! dio, uf! lodi bat, premiazko
ufa. Barkatu, lanpetuta nabil, baina ez zalantzan jarri gero nire maitasuna,
big big white avalanche oso txikia baitzen hasieran, eta sasoiko dabil
honezkero. A self made flower da bera.
Lehortea ureztontzian. Ureztontzia bete eta euri erauntsia orain bi
marientzako. Mari eta Mari. Jainkosa baten faltan, bi jainkosa. Eta
haiek bueltan etorriko zaizu esaten didate aurpegi bihurriaz, eta nik
ez dakit mehatxua den edo promesa. Barkatu, lanpetuta nabil erantzuten
diet nik badaezpada, baina ez zalantzan jarri gero nire maitasuna. Mariek
badakite heriotzaz haraindi ere bizi direla jainkosak.
Hutsunea ureztontzian. Ureztontzia bete eta sirimiria Arrosondoan eta
Chrysanthemunean. Harrokeria handiz esaten didate ez daukazu fundamenturik.
Arrapaladan nik barkatulanpetutanabilbainaezzalantzanjarrigeroniremaitasuna.
Estutu egiten nau euren odol urdinaren berotasunak. Umore txarrekoak
dira aristokratak, lorak badira ere, handiosak. Arrosak ez du onartzen
bere bakardadea eta arrosondo esatera behartzen nau. Chrysantemun-ak
ostera, latinez hitzegitera gonbidatzen nau manera handiz. Nik neskazahar
zimelak deitzen diet batzutan, inork entzuten ez didanean, haserre nagoenean,
lanpetuegi. Betiere maitasun osoz, ez zalantzan jarri gero nire maitasuna.
Zuloa ureztontzian. Ureztontzia bete eta ekaitza Mendafinan. Isilune
umila eta zauritua botatzen dit aurpegira mendafinak. Bihotza urratzen
didate bere begi borobil hezeek. Barkatu, lanpetuta nabil, baina ez
zalantzan jarri gero nire maitasuna esaten diet, bihotzez. Mentha piperita
izena ere erabilgarria iruditzen zait batzutan, mendafinak nire oihan
baldarreko peoi berdeak baitira, nonahi aurki ditzakezu, eta eurak autoestimazio
gutxikoak direnez, nik mentha piperita esaten dut batzutan amazoniako
biologoaren plantak eginez.
Oskarbia, lehortea, hutsunea, zuloa ureztontzian. Euria bota du, ezkerretik
eskumara: izenik gabeko landareetan, milorrian, bi marietan, arrosondoan,
chrysantemunean eta mendafinan. Urik ez ureztontzian. Oskarbia, lehortea,
hutsunea, zuloa ureztontzian. Nire balkoiko oihan baldarrean ez dago
ur eske, oihuka, orroaka, sendabelarrik.
Jon
Gerediaga
|