Golfaren ondoko etxea
Uste
dut gaur ez dudala lorik egin. Hala ere, atseden hartuta nago, gaur
bukatu eta hasiko baita guztia. Gauerako, sandwich pare bat poltsan
sartuta, Baionarako trenean egongo naiz, Pantxikaren etxerako bidean,
eta Anjel menestra eta bakailaoaren aurrean hutsari begira eserita.
Irudi horrek sortzen dit halako ezinegona, afaria prest uzteak, agian
keinu itsusia irudituko baitzaio. Gauean gertatu daitekeenaren gaineko
hainbat egoera etorri zaizkit gogora azken asteotan, eta uste dut, erabaki
egokia hartu dudala gutunik utzi gabe alde egitean. Zer esan behar diot
orain, hemezortzi urte elkarrekin igaro eta gero. Zer esan behar diot
orain, zer utzi idatzita. Gutunik utziz gero, kapaza da kariñoz idatzitako
lerro bati helduta egotea, Hemen maite nauzula esaten du, andamiotik
labandu eta hoditik zintzilik gelditu den langilearen antzera. Ez nuke
halakorik nahi. Pantxikaren etxetik hots egingo diot akaso, bihar edo
etzi, ondo nagoela esateko, eta ez naizela sekula gehiago itzuliko.
Edo agian hori ere ez.
-Pilotek 200 kilometro orduko abiaduran egiten dute talka, ikus horman
dauden konkorrak, ikusi, ikusi -esan du Anjelek azal gainean loratzen
zaizkion begiak suminez beterik, kazetaria hormaraino joan dadin akuilatuz.
ETBko kamerak konkorrak grabatu ditu. Artean, Anjelek hitz jarioarekin
jarraitu du, kazetaria lagun izango balu bezala. Terraza zedarritzen
duen sarea seinalatu dio kazetariari.
-Ikusi hori, bi metro eta erdiko sarea, oilategi bat dirudi honek, baina
berdin dio, pilotek sarea gainditzen dute, 200 kilometro orduko, zuk
badakizu zer den hori? -eta irribarre egin dio kazetariari zuk ulertzen
duzu, zuk nire kezka konpartitzen duzu, zuk badakizu 60 milioi etxe
batean xahutu ostean terrazara ezin ateratzea zer den esanez bezala.
Kazetariak sarea grabatzeko keinua egin dio kamera-neskari.
-Eta gero, eguneroko estresa, ezta?, terrazara irteteko beldurra, ezta?
Nire emaztea adibidez ez da terrazara irten ekainetik, pilota batek
lehenengo aldiz kristala apurtu zuenetik, ekainetik, aditzen?.
-Noiz jarri zenuten lehenengo salaketa?
-Uztailean.
-Eta zer esan dute epaitegiek?
-Oraindik ez dugu erantzunik jaso.
-Eta zein uste duzue izango dela ebazpena?
Anjelek barre egin du, oraingoan ozenago barre egiten saiatu da.
-Ebazpena. Tira, hemen, enpresa eraikitzaileaz gain udaletxea ere sartzen
da jokoan, eta hor trapu zikin asko dago, mokadu ederrak tartean, etxebizitza
politika zer den guztiok badakigu, are gehiago PSOE tartean egonda -eta
ukabila itxiarekin esku ahurra jo du, bi, hiru, lau aldiz.
Kazetariak koadernoa itxi du, bertan gizonaren izen-abizenak baino ez
ditu idatzi, Anjel Etxarte, ondoan lore trakets bat marraztu du eta
bere izena grafia ezberdinez ipini du. Segidan, Amaitu da zure denbora
iradoki dio bekainak altxatuz, eta orkila baten norabidea zuzendu du
bere kirru luzeetan.
-Gaueko albistegian ipiniko dugu, zortziak eta erdietan ETB-1ean eta
bederatzietan ETB-2an.
-Ez dituzue pilotak grabatu. Atzeko patioan daude, 250 inguru jaso ditugu
zelaia ireki zutenetik.
Presa aurpegiarekin abiatu dira kazetaria Anjelen atzetik, kamera-neska
kazetariaren atzetik. Atzeko patioan, umeen jostailuak gordetzeko erabili
ohi diren plastikozko kaxa gorri batean, ehunka golf pilota daude, zuriak,
beixak, grisak, orlegiak. Sukaldeko mahai gainean jarrita dagoen emakumeak
pasatzen ikusi ditu Anjel eta kazetariak, baina mahai gainean jarrita
jarraitu du, azkazal inguruko axalak hortzekin erauzten.
Kamera-neskak lehen planoan grabatu ditu golf pilotak. Gero atzerako-zooma
erabili du eta kazetariari keinu bat egin dio amaitu duela esateko.
Badirudi ETBk galarazi egiten diela kazetari eta kamerei elkarrekin
hitz egitea.
-Ba, milesker, Anjel, amaitu dugu.
-Zerbait nahi? Zerbeza, kafea, freskagarriren bat?
-Ez, milesker, egun luzea daukagu aurretik.
-Eta zuk? -galdetu dio kamera-neskari honi sinpatikoegia iruditu zaion
aurpegiarekin.
Anjelek ateraino lagundu ditu eta motor hotsa entzun arte lorategiko
magnoliaren hostoak gertutik begiratzen gelditu da, zomorro bila. Banderatxo
eta zuloak egonagatik ere ederra da belarra hesitik kanpora.
Ane eta Anjelen etxea argitsua izan zitekeen errezelak zabalik izango
balitu. Anek ordea nahiago du itzala, begi oso sentiberak dituela esaten
dio Anjeli, argitasunak min ematen diola. Baina ez da horregatik errezelak
itxita maite dituela, ez du mundu gehiegi sartzerik nahi leihoetatik.
Beheko solairuan egongela zabal bat dago, lur kolorez pintaturiko hormak
eta gereziondoz egindako altzari handiak. Ezkerretara komuna txiki bat
eta krema koloreko sukaldea. Bikote orekatu baten etxea dirudi, dekorazio
aldizkarietan Lanbide liberala duen berrogei urte inguruko bikotea da
etxearen jabea, bi seme-alabekin bizi dira bertan; giro rustikoa eta
funtzionalitatea maisuki batzea lortu dute Irungo (País Vasco) duplex
abegikor honetan. Baina dekorazio aldizkarietan errezelak beti irekita
daude eta jabeak, igande goizetan maitasun saiotik jaiki ostean, elkarrekin
laranja zukua gosaltzeko aurpegiarekin ageri dira, juxtu umeen zalaparta
hasi baino lehen. Bederen argazkirako.
Ane alfonbrako pilotatxoak ari da kentzen Carrefourren erosi berri duen
tresna batekin. Bere azken jostailua dirudi. Belauniko dago, makinatxo
elektrikoa behin eta berriz pasaz alfonbra horiaren gainetik. Badirudi
karrerazko kotxe batekin ari dela jostatzen, horrela, belauniko lurrean,
txandal horrekin, nerabe baten antzera. Alfonbraren gainean lauburuak
tailaturik dituen kutxa bat dago, mahai gisa. Anek Anjeli ez dio galdetu
Zer moduz joan da elkarrizketa. Egongelako bi hormak liburuz estalirik
daude, Euskadi ta Askatasunaren entziklopedia, Zumetaren mihise bat
apal biren artean, Anjelek Ane eguzkitara joateko gogorik gabe zegoen
uda aspergarri batean koadernaturiko Argiak (hamar edo hamaika liburuki
azal granate eta letra doratuekin), hiztegi asko eta literatura, toki
guztietako literatura, Anjelek Ane elurretara joateko gogorik gabe zegoen
udazken aspergarri batean alfabetikoki ordenatua: Laura Mintegi Augusto
Monterrossoren alboan, George Orwell Sanchez Ostizen magalean, John
Lennon Andu Lertxundiren gainean. Tragediez gain alfabetoak ere maila
berean jartzen ditu eta gizakiak.
-Amaitu dugu. Bihar eguerdiko albistegian emango omen dute. Cereceda
zerrikume hori pozik jarriko da -Anjelek ohi duena baino ozenago hitz
egin behar du bolatxoak erauzteko makinatxoak bere ahotsa estal ez dezan-.
Denbora dezente eman dute, ezta?
Anek baietz esan dio maitekiro, denbora luzea eman dutela ETBkoek. Segidan,
bazkaria labean dagoela esan dio, barazki lasaña.
-Lasaña egin duzu, maitea?
-Konjelatua da. Ondo orduan elkarrizketa? -esan du Anek amets gozo batetik
esnatu berria bailitzan, eta ileko goma ezpain artean ipinita, mototsa
berregin du urdin koloreko eskuez.
-Denbora dezente eman dute, atzeko patioko pilotak ere grabatu dituzte,
eta hormetako konkorrak. Ikusiko du Cereceda urde horrek. Zergatik ez
zara irten, maitea? -eta aldakan pausatu dio eskua.
-Ez dut uste haiekin nahastu behar dugunik.
-Baietz ba, putakume horrek bista ona dauka gauza hauetarako, ez zara
konturatu zer nolako judu aurpegia daukan?
-Egoera dagoen bezala egonda ez naiz fio.
-Auditoria batekin konpon daiteke hori, hor ikusiko dugu zenbat B dagoen,
eta horren arabera erabakiko dugu.
-Hori ez da nahikoa, ez dituzu egunkariak irakurtzen? Uste duzu Garzonek
diru beltza bilatzen duela?
-Ausartagoak izan behar genukeela uste dut, Jabier.
-Ez dut Indiana Jones izan nahi.
-Tratu ona da, egidazu kasu behingoz, la ostia, Jabier. Eres peor que
tu viejo, kabuendios.
-Badakizu nork jarri zuen dirua enpresa horren sorreran.
-Ez, ez dakit. Eta zuk ere ez dakizu.
-Bai, badakizu. Eta hori arazo bat da.
-Irabazleak erabakiko du fusioa egin ala ez. Ados?
-Ez, ez nago ados, kabroia. Eman.
-Mariconazo
Pilotak zaldi buru, txori kaiolatu, kafegailu eta banana formako hodeiak
zeharkatu ditu eta muino baten erdian gelditu da, bakar-bakar, zuri-zuri,
berdearen erdian babes eske bezala.
Hamar hilabete dira ez dudala Anjel biluzik ikusi. Bizilagunek ikusiko
zaituzte, esaten diot, dutxatik irten eta etxetik paseatzen denean.
Gabonetarako albornoz granate bat oparitu nion, nahiz eta Anjelek ez
dituen albornozak maite, are gehiago, nahiz eta Anjelek albornozak gorroto
dituen. Ez diot inoiz aitortu higuina ematen didala bere siesta zaporedun
ahoak, tabakoak horitutako bibote muturrak. Logelan albornozarekin agertu
denean plazera sentitu dut, beldurrak amatatu zaizkidalako, eta nezeserraren
kremailera gainetik labaindu ditut hatzak, gaur gauean nirea ez den
ohe batean egingo baitut lo, horma arrotzen artean, Pantxikak utzitako
pijamarekin, nire pijama ere ez baita dagoeneko nirea. Horrek guztiak
lasaitu egiten nau.
-Ondo gelditzen zaizu albornoza, ez?
-Bai, dagoeneko ohitu naiz, erosoa da, egia esan.
-Ondo ematen dizu granateak aurpegira.
Anjelek kolutorioz beteriko masailekin baietz esan dit, hamster bihurturiko
gizonak, beti esaten dit baietz. Eta bere zorion txoro hori, guztia
okupatzen duten kezka inozoak, energia mugagabea. Galtzontziloak jarrita
nahiago nuke, albornozaren azpian galtzontziloak jantzirik balitu, dilinda
eta kozkorrak ebitatzeko, baina Anjel bera ohartzea nahi nuke, ez diot
nik esan nahi. Ez du inoiz estetikaren zentzurik izan. Hobe horrela,
errazago horrela. Errazago dilinda eta kozkorrekin. Etxeko bazterrak
begiratu eta folklorearekin estali nahi izan dugun bizitza hutsala gainera
datorkit, Iparraldean bizi ginenean Txomin Iturberen ondoan hartutako
argazkia futbol partidu baten ostean eta Arrueren estanpa, ezkoa sifonierraren
gainean eta eguzkilore idorra habean. Hori eta lau urtetik behineko
bertso finala izan dira azken urteotako gure konpromiso politikoa. Eta
Euskadi ta Askatasunaren entziklopediari noizean behin hautsa kentzea.
Eztia da burukien azpian gordeta dudan nezeserraren kremailera laztantzea,
hemendik aurrera berriro ere depilatuko ditudan bekainentzako pintza,
betzuloak kamuflatzeko krema, ezpainak edertzeko margoak, ohe gainean
eserita, Anjelekin hizketan ari naizen bitartean.
-Amodioa egiteko gogoa daukat, Anjel.
Eta tixerta erantzi dut, besterik gabe, kiroldegiko aldagelan banengo
bezala, ume eta amonaz inguratuta. Anjelek kolutorioaren azken arrastoak
garbitu eta, hamster aurpegia konketa zuloan hustuta, oherantz etorri
da, ezpainak oraindik pixka bat gorriturik, nire ondora. Bularretakoari
begira gelditu zait, museoko pieza bat izango banintz bezala, gero begietara,
gero bularretakora, gero begietara.
-Pozten naiz, Ane.
-Pozik zaude?
-Pozik nago nirekin amodioa egiteko gogoa duzulako, Ane.
-Ni ere pozik nago orduan, Anjel.
Anjelek olentzero irribarre bat egin dit, bularretakoari begira, begietara
begira. Gero titiburuekin tematu da, guztiz konkorturik, ohe gainean
eserita, bitxiloreak jaten ari den hartz gaztearen antzera. Hatzekin
trapezioak masajeatu dizkiot nik, Gogorra zaude, energia gehiegi xahutzen
duzu golfaren aferarekin, eta Anjelek, Gozoa zara, polita, xamurra,
zergatik ez nauzu maite? Haserretu ordez, irribarre ulerkor bat egin
diot eta nire barnean sartu dut aspaldiko urteotan gorputzarekiko proportzioa
galdu duen zakila.
-Isuri egingo naiz, berdin dio?
-Berdin dio -eta belarri gaineko tximak orraztu dizkiot hatzekin, semea
gainean izango bainuen-. Berdin dio.
-Isuri egin naiz.
-Berdin dio.
Ondoren, mundu honetan gehien gorroto dudana egin du, juxtu isuri ostean,
juxtu nire alua bagina erraldoia bilakaturik Gehiago gehiago oihuka
ari zenean.
-Hemen barruan egon nahi nuke hil artean, maitea -esan dit ume hizkera
imitatuz, miauka eta muzinka. Eta nire mututasuna mututasun eta ez pausaleku
dela ohartu denean, jarraitu du-: Gaiztoa zara, Ane, ez nauzu maite
-muturra luzatuz, purrustaka.
Baina ez diot berriro esan nahi gorroto dudala gizonezkoek umeek bezala
hitz egiten dutenean, eta bainugelara joan naiz, nik hori gorroto dudala
berak bakarrik gogoratzea nahi nuke. Hobe horrela, errazago. Dutxaren
beroak garbitu nau barrutik eta kanpotik, haragia penitentzia osteko
kolore gorrikoa utzi arte. Ohera bueltan, Anjel nire hanken artean ipini
da eta sabel gainean hartu du lo hamar minutuz.
Leihoaren bestaldean, golf zelaian, Jabierrek Bartzelonan erositako
zapata berriak begiratu ditu, eta burgesegiak izan gabe klasea dutela
erabaki du. Makila ere berria dauka, Bartzelonan erosia, baita ere.
Fusioari itzuli asko eman dizkio, eta geroz eta argiago dauka ez dela
egokia, onenak emanda dagoela, bai herriagatik bai eta familiarengatik
ere. Pilotaren zuriak erlaxatzen du Jabier, whiskiak baino gehiago,
maitaleek baino gehiago. Ezetz erabaki du, zuriari begira, pilotari
so, makila indarrez altxa duen instante berean, ez du fusiorik onartuko.
Apaletako hautsa kentzeko eskatu dio Anjelek etxea astean bitan garbitzen
dien emakumeari, sinpatia handiz, eskakizunak errudun sentiaraziko balu
bezala. Gaizkaren argazkiak gordetzeko kutxa ikusi du anabasaren erdian;
hartu eta komunean sartu da. Bere antza zuen, baina baita amarena ere,
ile, begi eta azalaren kolorean. Pilotatxoak kentzeko makinaren soinuak
Ane inguruan dabilela ohartarazi dio, eta kutxa lababo azpiko armairuan
gorde du, ilunabarrean bere tokira itzularazteko asmoz.
Platano irabiatu bi prestatu ditu Anjelek, kafea eta ogi xigortua laranja
mermeladarekin. Laranja mermelada itxaropenaren sinboloa iruditu zaio
une horretan, eta agian, agian bakarrik, Anek buelta eman diola, dagoeneko
bi urte igaro baitira.
Gosaltzen ari ziren bitartean, sukaldeko leihotik polodun bi gizon lodikote
ikusi dituzte euren orgatilak arrastaka.
-Ez ahaztu, Ane, 21.00tan ETBn. Pena bakarra daukat: Cerecedak seguru
Antena 3 ikusten duela.
Cereceda izena entzun besterik ez dut desiratu esnatu naizenetik, Cereceda
izena eta ondoren Anjelen espitxa, after shave usaineko energia zurrunbiloa,
irribarre garbi eta zuriak, platano irabiatuarekin zikindutako muturra
mingainarekin garbitzeko manera, panazko jaka eta txalinak konbinaturik.
Horregatik, masailak gorriturik, aurpegia eskuek sostengaturik, begi
dirdaitsuekin entzun dut, mahaiaren beste aldetik, azkenaldian baino
alaiago, seguruago, Cereceda izena noiz esango. Eta esan duenean galdera
asko egin dizkiot, azkenean, bi urteren ostean, aferan inplikaturik
banengo bezala, eta Uste duzu ondoriorik izango duela ETBkoak?, eta
Noizko uste duzu jasoko dugula epaitegietako erantzuna?, eta Uste duzu
Cerecedari irabaziko diogula? eta bere azalpen guztiak tropelean, ume
bati kasu gehiegi egiten zaionean bezala harroturik, boterea bere eskuineko
eskutik hazitako apendizea izango balitz bezala, mahaia kolpatuz, esku
ahurra kolpatuz, airea kolpatuz.
-Afaltzera etorriko zara?
Anjelek begien dirdai nerabea ikusi du Aneren aurpegian, hemezortzi
urte zituenean bezala, eta arratsaldeko bileran pentsatuz, gizonkeria,
puru usaina eta ea nork daukan luzeagoa bezalako jarrerak gogoan, Bai,
esan dio, gaur ez dut bilerarik. Oraindik begi azalean dauka Gaizkaren
irudia Anjelek, trizikloaren gainean pirataz mozorroturik komunean luze
behatutako argazkia. Anek mingainezko muxu bat eman dio Anjeli lanera
abiatu aurretik, Gauera arte orduan, menestra eta bakailaoa egingo dut.
Pilota batek terrazako hormaren aurka talka egitearekin batera Su puta
madre esan du Anjelek, hijoputas. Eta azken muxua ezpainetatik zintzilik
irten da.
Senarraren ganbelu ibilerak eta ipurmasail poliedrikoak, jakaren tolestura
irekiak bizkarraldean. Guztia zait ezezaguna. Non nengoen ni hori gertatu
den bitartean, zein unetan ireki ziren jakaren tolesturak bizkarraldean,
noiz jaio zitzaizkion ertz guzti horiek ipurdian. Autora igo denean,
leihoa bajatu eta eskuaz agur egin dit, baina ez naiz erantzuteko gauza
izan, aparkalekuan motorraren oihartzuna soilik gelditu den arte ez
bainaiz ohartu agur egin didala, lanbro gozo honetan galdurik, oraingo
bizitzatik urrun. Eta nahiz eta nik normal plantak egin nahi ditudan,
nahiz eta horrelako une batean, nekez gainezka eta desolaturik egon
nahiko nukeen agian, ondo nago. Erotu ote naizen galdetzen diot nire
buruari, baina osorik sentitzen naiz, beste ezer ez dut sentitzen. Gaizka
begiratzen nuenean bezala, bera eta ni baineran, bere beso txikiak uraren
kontra zipriztinka, nire bularrak xaboiez beterik esneak puztua, nire
emankortasunaren artean igerian, ggggggggg, inoiz entzun dudan hizkuntzarik
ederrenean hizketan, ggg, gggggg, ggggg... nire semea, nahiz eta Bihotzeko
gaitza bizitza osorako da, ez du inoiz beste umeen bizi kalitaterik
lortuko eta Balbula hori konpondu ezean arazo larriak izango ditu. Baina
niri nahikoa zitzaidan begi erraldoi haietara begira sudurra barrurantz
sakatzea eta gggggggg, umerik zoriontsuena zela sinisteko.
Nezeserra maletan gorde eta etxeko errezela guztiak ireki ditu. Maleta
mehe bat darama, Baionan erosiko du arropa, aspaldiko partez. Egongelako
leihotik golf jokalariak begiratu ditu, euren itxura anakronikoa, belar
gozoa, hodei apartsuak, harrien gris bustia. Atzean utziko duen guztia
begiratu du, sofak eta koadroak, golf pilotaz estaliriko terraza, gereziondozko
altzariak eta barroteak falta dituen kartzela.
-Pantxika?
-Bai.
-Hamaikak bost gutxiagotan helduko naiz Baionara.
-Ontsa zira?
-Bai.
-Anjeli erran diozu?
-Ez.
-Segur zira hartutako erabakiaz?
-Bai. Pozik nago.
-Logela txukundu dizut, zure puskak uzteko tokia ere egin dizut. Uste
dut eroso egongo zarela. Segur zira ontsa zirela?
-Benetan...Pijamarik baduzu uzteko, Pantxika?
Munstro bat naizela pentsatu izan dut. Oraindik orain ere pentsatzen
dut tarteka. Joko banindu, edo ahizparekin ohean harrapatu izan banu,
edo alkoholikoa balitz... Baina bere hitz egiteko manera ezezagunak
aurrean dituenean, edo ogia eltzekarian bustitzeko modua edo mingainaren
mugimendua muxu ematen didanean zait desatseginen. Edo pozik dagoenean
duen energia horrible hori, edo golf piloten aurkako guda. Horrelako
gauza xinpleak. Munstro bat naizela pentsatu behar dut agian, ate hau
ireki eta ezer esan gabe alde egiteak ematen didan plazeragatik. Inoiz
minik egin ez didan gizon hau, azken hemezortzi urteotan ondoan uneoro
izan dudana, pertsona zoragarria dena, inoiz sekula gehiago ikusiko
ez dudala pentsatzeak sortzen didan zirrarak atzeratu du unea. Zirrara
erreala eta sentitu beharko nukeen tristuraren arteko kontraesanak geldiarazi
nau gorpu usaina duen etxe honetan. Ez dut maite, apur bat ere ez, anai
gisa ere ez, Gaizkaren aita gisa ere ez; ez dut Anjelen hemendik aurrerako
bizitzaren gaineko interesik ñimiñoena ere, niretzat ez baita dagoeneko
existitzen.
Ate hau ireki eta etxeko giltzak egongelako kutxaren gainean utziko
ditudanean, pilotatxoak erauzteko makina eta Gaizkaren argazkiaren artean.
Munduko aire guztia sudur parean nik arnasteko zain egongo denean.
Eider
Rodriguez
|