bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak
Perikitoen bakardadea -Sendatuko al da?
-Gure esku dagoen guztia egingo dugu. -Baina
sendatuko da? Halako
larritasunez begiratzen zidan gizonak… Zer esan behar nion? Ez neukala
ideiarik ere? Ez nekiela zer egin zitekeen? Bost axola zitzaidala? Hori
guztia hala izanik ere, eskua jarri sorbaldan, begiak begietan, eta
boz sendo eta ziurraz esan nion: -Konfiantza
izan behar dugu zientzian, eta zientziaren gainetik dagoenarengan. Ez
naiz fededuna izatez, baina Eguberri garaian geundela aprobetxatuta
bota nion esaldia, halako itomenean zegoen gizonari baliagarri izango
zitzaiolakoan, eta lasaitu zen apur bat, ez dakit etsipenez, zientziarekiko
fedez, ala haren gainetik dagoenarekiko sinesmenez. Txikitan
telebistan ikusten nituen dokumentalek egin ninduten animaliazale, eta
lurralde urrunetako espezie hil-hurrenak salbatzeko ametsak eraman ninduen
albaitaritza ikastera. Karrera amaitu eta berehala ohartu nintzen, ordea,
bizimodua ateratzea uste nuena baino konplikatuagoa zela, eta telebistako
dokumentalekin jarraitu beharko nuela elikatzen animalia exotikoekiko
nire lilura. Izeba Kontxik erretiroa hartutakoan itxi zuen mertzerian
egokitu nuen klinika beterinarioa, "Lagun" izen hiper-originalaz bataiatu
nuena. Banekien,
beste urte batzuetako esperientziaz, gabonetako bazkari-afarietan giza
jendea ez ezik etxeko animaliak ere sarri eta erraz gaixotzen direla,
batez ere txakurrak, mahaietako sobra guztiak jan ostean enpatxu galantak
harrapatuta. Horregatik erabaki nuen nire klinikatxoa zabaltzea, bestela
etxera etorriko baitzitzaizkidan bezeroak, herrikoa izateak ematen duen
konfiantza likatsu horrekin, eta ordaindu gabe aldegin gainera, zenbat
zen galdetutakoan lotsa ematen baitzidan ezer eskatzeak; horregatik,
eta etxean aspertu egiten nintzelako amaren matraka entzuten: noiz bilatu
behar dun senargaia? Badun garaia! Nik, hire edaderako, hiru ume hazita
neuzkanan… Egun
hartan, baina, ez txakur ez katu, perikito baten jabea neukan neure
despatxuan, kaiolari mimoz heldu eta barruko txori gaixoari penaz bezainbateko
estutasunez begiratzen ziona, begirada suhar harekin osasuna itzuli
nahiko balio bezala. Ez nion aitortu noski galdu samar nenbilela halako
txoritxoak artatzeko tekniketan, eta lumadunari azterketa axaleko bat
egiten nion bitartean ohiko galdeketa egin nion jabeari: hegaztiaren
adina, azken egunetako janari eta gorotzak, luma-galtze eta enparauak. -Superbibiente
bat da Arafat -esan zidan jabeak, eta horrela jakin nuen Arafat zuela
izena txoriak: buru txuria ttantto beltxez hornitua zuelako noski. Eta
ondoren kontatu zidan zergatik zen Arafat biziraulea (hala esaterik
baldin badago), Palestinako gorabehera politikoekin zerikusirik ez zeukan
azalpen honekin: -Arafatek
ere bazuen bere laguna, Evita, eme berde-hori bat, polita! Baina Maiderrek
alde egin zuenean, dena erdibana egin behar genuela-eta, berak eraman
zuen Evita, eta ni geratu nintzen Arafatekin. -Eta
aspaldi izan al zen hori? -Hiru
urte oraintxe. Eta perikitoak bizirik eutsi dio. -Bizirik
eutsi dio, gaur arte. Nik ez dakit nola… -eta negarrez hasi zen, koitadua. Abereentzako
botikez gain aspirinak besterik ez ditut izaten botikinean, eta haietako
bat eman nion, baso urarekin, lasai zedin. Hurrupa txikietan edaten
zuen bitartean begira egon nintzaion, eta konturatu nintzen Arafat ez
baina jabea zela han benetako perikito maitemindua, Maiderrek utzi zuenez
geroztik bakarrik bizitzen asmatzen ez zuena. -Salbatuko
al da? -galdetu zidan hurrena. Eta
ni kalkulatzen hasi nintzen. Ez txoriak bizirik ateratzeko zeuzkan aukerak,
baizik eta gizon fardel hark, negarrari utzita eta behar den bezala
jantzita, ze piura izango zuen etxean aurkezten banuen. Eguberritako
mirari batekin, agian… |
bihotz bakartien kluba '04