Gero eta gehiago dira
Gero eta gehiago dira. Gehiago eta gehiago.
Honezkero pila bat dira. Edozein momentutan hiria hartu behar dutela
dirudi.
Lehenengoa,
supermerkatuko hilaran ikusi nuen, lehenengoz, edo orduan konturatu
nintzen, behintzat, desberdina zela. Hala ere, nik uste dut lehenagotik
ere ikusi nuela bateron bat, baina ia oharkabean pasatu nuela, berarengan
arretarik paratu gabe, postontziekin gertatzen den bezela, ikusi ditugula
bai, baina zehazki non jakin gabe.
Han nengoen ni, nire espinaka, roquefort eta zerbezekin, hilaran, itxaroten,
eta inguruko ñabardureri begira hasi nintzen. Aurreko neskaren otzarako
produkturik gehienak bio, edo fibra, edo integral leloarekin lagunduta
zihoazela konturatu nintzen. Ezkerretako armairu tipikoa ikusi nuen
ondoren, bizarra egiteko xaflaz, pilaz eta txiklez betea; eta ez ote
ziren aurreko asteko berdinak galdetu nion neure buruari. Gero, atzera
begiratu nuen, eta han ikusi nuen bera. Horrela, hurbiletik eta astiro
ikusi ezkero, orduan konturatu nintzen desberdina zela. Eta jakinmina
sentitu nuen. Zer egiten ote zuen hemen, ze pentsamendu mota erabiliko
ote zituen bera bezelako batek, zer egingo ote zuen supermerkatutik
irtetzean. Eta guzti honen inguruan gogoetan nenbilela, begiratu egin
ninduen. Harrapatu egin ninduen, hobe esanda. Nik irribarre behartu
eta eskas bat luzatu nion, eta aurrera begiratu nuen. Aurrekoaren erosketak
eta nireak banatzeko tramankulu hori hartu, eta gure produktuen artean
ipini nuen. Ezeroso nengoen. Baina beno, besterik barik, ondo bainekien
ez nuela deliturik egin. Hala ere, atzean neukanaren misterioak jakinmina
piztu zidan, erakarri eta izutu ere egiten ninduen neurri batean. Nor,
nondik, zertara, noiztik... galdera asko pilatzen zitzaizkidan buruan,
rokeforta zerbezen gainean ipintzen nuen artean zapaldu ez zedin.
Gerora gehiago ikusi nituen. Hasieran banaka bakar batzuk, metroan ala
okindegian, zebrabideetan ala tabernaren baten. Misteriotsuak ziren
oso. Ez nuen euretako bakar bat ere berba egiten harrapatzerik lortzen.
Ez zuten sekula egunkaririk ala diskmanik soinean eramaten. Ez ziren
telebistan agertzen. Eta bat ere ez zen nire lagunen baten laguna.
Egunak aurrera joan ahala gero eta gehiago ikusten nituen. Batzuetan,
gainera, binaka ere ikusi nituen. Oso gutxi egiten zuten berba, eta
egiten zutenean ere, oso baxu. Kasu horietan disimuloz hurbiltzen saiatzen
nintzen zertaz ari ziren jakiteko, baina ez nuen sekula lortzen hitz
bakar bat ere entzuterik, hurbiltzen nintzaienean ixildu egiten zirela
zirudien. Hasieran ze hizkuntzatan ariko ote ziren jakin gura izaten
nuen. Bukaeran edozer jakitearekin pozten nintzen, baina ez nuen ezer
ere lortzen. Eta bitartean, beste inor ez zela euren presentziaz ohartzen
iruditzen zitzaidan. Egia esan, ez zen erraza euren presentzia somatzea,
oso ixilak eta iheskorrak zirelako. Elurte betean elur maluta grisago
bat eroriko balitz bezela. Eta gero beste bat, eta gehiago, eta gero
eta gehiago. Ziur kaleak gris egon arte inor ez zela ezertaz konturatuko.
Ez hasierako elur maluta gris haieri arretarik jarri ezean, behintzat.
Eta nola jarri arreta, kasualitate deitzen duten horietako bategatik
ez bada, hasieran tximeleta lokartu baten sotiltasunez jausten diren
elur maluta gris horieri. Nik jarri nion, halako hasierako bateri, eta
orain inor ere ez konturatzea iruditzen zait harrigarriena. Izan ere,
hainbeste dira.
Nire portalean bertan, jadanik euretako pare bat bizi direla iruditzen
zait, baina ez nago ziur zein pisutan bizi diren. Behin, portalera heltzen
ari nintzela, urrutitik ikusi nuen euretako bat barrutik irtetzen. Beste
behin, buzoian gutunak batzen ari nintzela, atzetik beste bat pasatu
zitzaidala iruditu zitzaidan, baina laupabost gutun okotzarekin helduak
nituenez, ezin izan nuen buelta eman eta berari zuzen begiratu. Geroztik
arreta handiagoa jartzen dut portalean ere, eskilaretan bera ala gora
noala.
Azkenaldian bikoteka baino talde handiagoetan batuak ikusi ditut kalean
zehar. Unibertsitateen parean hiruko talde batekin gurutzatu nintzen
herenegun, lau ikusi nituen autobus batera igotzen, eta bost, sei, zazpi
ala talde handiagotan ere ikusi ditut kalean zehar ibiltzen. Eta oraindik
inor ez dela euren presentziaz konturatu ematen du. Baina nola liteke.
Atzo, lehenengoz, euretako bat ikusi nuen telebistan. Albistegi batean
azkenaldiko elurraz ziharduten, eta euretako bat pasatu zen berri emailearen
atzetik, beste andre biren artetik, eta momentu batean kamarara zuzen
begiratu zuela iruditu zitzaidan. Orduan konturatu nintzen hura zela
euretako batek begietara zuzen begiratzen zidan lehenengo aldia. Ordura
arte ez zidan euretako batek ere begietara begiratu, ihes egiten zidaten
euren begiradek, eta hura izan zen lehen aldia, niretzat eta telebista
ikusten zeuden guztientzat. Geroztik, atzotik, gurutzatu zaizkidan denek
begiratu naute begietara.
Gero eta gehiago dira. Gehiago eta gehiago. Honezkero pila bat dira.
Edozein momentutan hiria hartu behar dutela dirudi. Talde handitan dabiltza,
gero eta handiagotan, eta edonon daude jadanik. Dendetan, metroko bagoi
bakoitzean, taxietan, semaforoetan, txurrerietan, manifestaldietan,
gasolindegietan, autobusetan... leku orotan daude, eta gero eta talde
handiagoetan. Begietara begiratzen didate, denek, zuzen-zuzen. Hemen
zeozer gertatu behar da, eta ez dirudi beste inor konturatu denik honetaz.
Kale bakar bat ere ez dut igarotzen euretako batekin gurutzatu barik.
Kale kantoi guztietan daude. Izurrite bat da hau. Hiria hartu behar
dutela dirudi, bere jabe egin behar direla. Eta ea horrela gertatzen
den. Ea horrela hiri hau leku interesgarriago bat bilakatzen den.
Peru
Magdalena
|