bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


xabier mendiguren

 

Trip

Erosoak dira gaurko autobusak lehengoen aldean. Soinua eta dardara apalagoak dituzte, eta aulkia atzera eramanda lo egiteko modua ere izaten da, gau partean, gorputza gehiegi minberatu gabe. Agentzian ere sarritan aholkatzen die Mirenek autobusa hegazkinez joateko beldurrez edo diru eskasez dabiltzanei, norberak probatu izanak ematen duen kontzientziazko lasaitasunarekin. Nahiz eta berak aukeran bestelako garraio-motak nahiago izan. Bere kasuan aukerarik ez, ordea.

Mirenek beti hartzen du bidaiarako liburu bat edo beste. Bat, etxean irakurtzen ari dena; bestea, lehenengoa amaituz gero irakurgairik gabe ez gelditzeko. Sekula ez du lehenengoa amaitu, hala ere. Eta askotan geratu da ia orririk irakurri gabe. Ez baita erraza. Lehengo aldean erosoak izan arren, autobusean luzaroan irakurriz gero ondoeza egiten zaio, buruko mina eta goragalea; eta, bestalde, ondoko eserlekuan nor egokitzen zaizun. Adibidez ama bat, bere penak norbaiti kontatu beharra daukana, eta asko dira ama horren penak, bidaldi oso bat betetzeko lain.

Mirenek arretaz entzuten du beti. Nahiz eta kontatzen diotena ezaguna izan, nahiz eta aurreko batean ama horrexek edo antzeko batek kontatutakoen berdina izan. Entzuten daki Mirenek. Beti aitortu izan diote denek. Zer ikasi aukeratu behar izan zuenean gizarte-laguntzaile izatea hautatzekotan egon zen, azkenean turismotik jo zuen arren. Alde handirik ez, pentsatzen du batzuetan, agentzian ere jende askoren nekeak eta ajeak entzun behar izaten ditu-eta; bidaiak, izan ere, ezinbesteko erritu bihurtu ditu gizarte honek, eta bidaialdiaren aukeratzea gizartearen barrenak eta miseriak agerian uzten dituen ispilu. Eta agentziako aitorlekua nahikoa ez dela, autobusekoa gero.
Trenez joatea askotan erabili du buruan. Gustukoak ditu trenak, beren martxa lasai baina seguru horrekin, erabiltzaileen eta enplegatuen arteko harreman gizabidezko horrekin, bidaiaren eskala humanoago horrekin, nolabait esanda. Hala ere, bere buruari galdetzen dio Mirenek, egiazko trena baino, ez ote den buruan daukan trenaren irudi jakin bat gogoko duena: XIX. mendeko bidaiena, helburuari bezainbateko garrantzia ibilbideari ematen omen ziona, jende interesgarria ezagutzeko aukera ere eskaintzen zizuna, Transiberianoa, Orient-Express... "Erromantika bat zara, Miren", esan izan diote maiz, eta berak ez dauka esandakoa onartu beste erremediorik.

Behin egin zuen bidaldi hau trenez, eta ametsezko irudi horretatik ezer gutxi geratu zitzaion zutik. Trenaren triki-traka betibatekoa, agian. Eta bagoia bera bidaiak lasaiagoak omen ziren garaikoa zela, baina ez orduko dotoreziaren kontserbazio arduratsuaz, ezpada denboraren ajeatze errukigabearen eta utzikeriaren erruz. Gainerakoan, oro zen estandarra eta funtzionala, nahiz eta jantoki-bagoiko ogitartekoak lehorrak bezain elkorrak izan, nahiz komuneko ura ez ibili; langileak, berriz, beste edonon bezain hotzak, agian zakarxeagoak, agintariek abandonaturiko zerbitzu batean jarduteak ematen duen garraztasun horrek joak.

Bestalde, oroitzen da Miren, gaizki pasatu zuen treneko bidaia horretan, bakar-bakarrik. Entzuna zeukan lehendik ere, gaueko tren horietan, gaur egun, jende arraro samarra ibiltzen dela: Europa zeharkatzen duten emigrante afrikarrak, lantokia aldatzea tokatzen zaien klubetako neskak, asteburuetako baimena daukaten presoak... "Jendilaje horrekin joan behar al dun, Miren?". Baietz esan zuen berak, baina gero ikara batean egin zuen bidaia, aurpegi bakoitzaren atzean gaizkile bat ikusten zuela, begirada bakoitzaren azpian mehatxua, are irri bakoitzaren hondoan proposamen lizun bat ere. Bere burua lasaitzen saiatu zen Miren, urduritasuna menderatzeko, batetik, eta bere ezinegon horrek barru-barruan min ematen ziolako, bestetik: azken batean, zioen bere artean, zer dira hemengo moro, beltz, puta eta kinki horiek guztiak, gizarte hipokrita honek baztertu dituen pariak baizik? Eta ez al naiz ni ere, txukunago jantzita joan arren, beste paria bat, gizarte berberak seinalatu eta zigortutakoa?
Gogoeta horiekin saiatu zen Miren bere baruko harra isiltzen. Izan ere, telebistako albistegi eta dokumentaletan ikusi ohi dugun zera bat da arrazismoa gehienetan: Ku-Klux-Klan, amerikar fatxa horiek... Bestea -diferentea- muturraren aurrean jartzen dizutenean hasten dira komeriak. Eta, gogoz kontra izan arren, Mirenek onartu beharra dauka ez dela eroso sentitzen horrelakoen aurrean.

Ez zaio berdin gertatzen atzerri aldera turismoa egitera joan izan denetan. Bidaiazaleak izan zituen gurasoak, eta txikitatik bereganatu zuen zaletasun hori; hortik beharbada turismoa ikastearena, gizarte-laguntzailetza baztertuta. Gustura sentitu izan da beti munduko edozein bazter urrunetan; pozik jan ditu janari arraroenak; lasai ibili da arraza ezberdinetako gizon-emakumez beteriko kaleetan barrena. Mendebaldeko turista visatxartelduna izateak ematen duen aisetasun horrekin-edo. Gaueko espreso hartan, ordea, bere parean eta pareko ikusten zituen Mirenek aurpegi arrotz haiek: bidaide zituen, nahi ezta ere; nolabaiteko kide, ondoeza sortu arren.

Antzeko zerbait gertatzen zaio lokutorioan. Atso ijito haiek ikusten dituenean beren gona beltzekin eta uju ozenekin, zer egiten dut nik hemen, esaten dio bere buruari, kantu zahar hark bezala: zer egiten du zu bezalako neska batek honelako leku batean? Galdera baztertzen saiatu ohi da, gaueko trenean beldurra uxatzen saiatu zen bezala, ijito horiek ere herri baztertu bateko kideak direla esanez, zapalkuntza zahar baten biktimak, beste asko bezala. Zuzentasun politikoak jendaurreko zalantzak argitzeko balio izaten du, ordea, ez buru barneko galderak isiltzeko.

Oroitzapen horiekin erdi lo eman ditu zenbait ordu eta beste hainbat ziento kilometro. Egungo autobusen erosotasunari eskertu behar. Bideko restop horietako batean gelditu dira. Beti gelditu ohi diren toki berean. Gasolindegia, kafetegia, denda antzeko bat, komunak... kafe bat hartzera jaitsi dira batzuk, komunera bidean beste batzuk; Miren ere jaitsi da, kafetegira edo komunerako bidea hartu zalantzan egon da une batez, eta gero kontrako bidea hartu du, apur batean ibiltzeko gogoa baitu, hezurrak eta giharrak lokarturik ez gelditzeko. Gauez egin ohi dute geldiune hau, eta irrealtasun-sentipen bera eragin dio beti inguruak: argizko oasi bat bailitzan, ezerezaren erdian. Gune argitutik urrundu da, gau-giro atsegina dagoela aprobetxatuta; alanbrezko hesi batera iritsi da horrela: hortik aurrera gauaren iluna, aho erraldoi baten antzera mehatxuka. Izu atabiko bat besterik ez da, esaten dio bere buruari, baina hala ere ezin du ebitatu dardara moduko bat, goizaldeko freskurari egotzi diona.

Gogoan du oasi antzeko hau egunez ikusi zuen lehenengo aldia. Orain urte batzuk, ibilaldi hau egiten hasi berria zela. Autobusaren ordez autoan joatea erabaki zuen, lagun batekin, zubi bateko jaiegunak baliatuta. "Oporretara joango bagina bezala", esan zion Ainhoak, autoaren jabeak, "ikusiko duzu ze ondo pasatuko dugun". "Bai, Thelma eta Louise berriak", erantzun zion Mirenek, txantxetan, baina ilusioa egiten zion berari ere. Zoritxarraren erdian irribarrerako tarte bat egon behar duela pentsatu nahi baitzuen, erantzukizunen artean norberaren atseginerako beta eta tokia. Eta benetako oporra izan zen, zinez, helburu jakina eta aurrez ezarria izan arren nahieran ibili baitziren bidean, nahi zuten tokian eta orduan geldituz, dela zerbait ikusteko, dela zer edo zer jan eta edateko.

"Hemen, hemen", esan zion Mirenek Ainhoari restop honetara iristen ari zirela ohartzean.
"Hemen zer?", Ainhoak.
"Hemen gelditzeko".
"Gasolina lehentxeago bete dugu eta".
"Gelditzeko".

Deigarria egin zitzaion toki bera beste ordu eta argi batez ikustea. Gauez bezain erdipurdikoa zen dena egunez, sastarragoa agian neon-argirik gabe, kutreagoa gauaren misteriorik gabe. Diferentzia, baina, inguruan zegoen. Gauez ez baitzuen ezer ikusten, eta eremu zabalak imajinatu ohi zituen, gariz edo beste zernahiz beteriko alorrak, edo mendi-muino leunak, sastraka ugari eta arbolatxo bakan batzuekin.
Eremu triste bezain biluzia zeukan ordea begien aurrean: belar izpi batzuek estali ezin zuten harkaitz edo harea antzeko zera bat begiak eman ahala, eta gasolindegiaren atzealde osoan, alanbre-hesiaren bestaldean, era guztietako materialen hondakindegi bat: herdoiltzen utzitako garabi puskak, kamioi-gurpil gastatuak, furgoneta abandonatu baten hondar uhertuak eta beste.

"Hau al zen erakutsi nahi zenidan bista?", bota zion ondotik Ainhoak.
Une hartan azkar uxatu zuen paisaia hura gogotik, restopa atzean utzi bezain laster, baina geroztik behin baino gehiagotan etorri izan zaio zabortegi inprobisatu hori burura. Bertan gelditzen diren aldiro, nahiz eta gaua izan eta ezer ikusi ez; izan ere, bere bizitzaren metafora begitantzen zaio gero eta sarriago hesiaren atzeko hondakin pila hori: zirkulaziotik ateratako ibilgailuak, ezintasunera kondenaturiko proiektuak, herdoiltzen utzitako burdinak. Bere bizitzarena, eta baita inguruan dituen gehientsuenena ere, baina ez du ezer esaten horietaz, ez lioke bidaiaren poza zapuztu nahi bere jarlekuaren ondoko ama horri. Ze eskubide dut nik horretarako?
Ainhoarekin hitz egiten du batzuetan gai horretaz. "Bizimodu berri bat hasi beharko zenuke, ezin duzu betiko kateatuta bizi", xaxatzen du lagunak. Mirenek ezetz esaten dio, ez dagoela kateatuta, bere erabakia dela, eta erabaki horrekin aurrera jarraituko duela.

"Ze etikoak garen!", Ainhoak mikatz. "Gure erabakien erantzukizuna bizkarrean hartzeko prest beti. Baita erabaki hori besteek hartzen dutenean ere".
"Ez duzu arrazoirik eta ez dut eztabaida honekin segitu nahi".
Horrela moztu du sesioa Mirenek, baina badaki eztabaida ez dela hor amaitu, hurrena ere, hizpidea sortu orduko, matraka berberarekin hasiko zaiola Ainhoa, eta erantzun berbera emango diola berak. Beharbada bere buruari esaten ez dizkionak beste inoren ahotan entzun nahi ditu Mirenek. Beharbada.

Autobusa berriz ere abiatzekoa da, motorra piztu du eta hara sartzen ari dira kafetegira nahiz komunera joandakoak. Miren ere, alanbre-hesiaren ondoko bakarleku hura utzirik, autobusera itzuli eta lehengo tokian jesarri da, kafe baten ondoren pixkortuago dagoen amaren alboan. Solasean hasi dira, betikoa behingoz utzi eta beste gai batzuez hizketan: bataren familia eta bestearen lana, etxeko konponketak edo arropa-erosketak. Autobus honetara bildu dituen xehetasunaz kanpora, ama honek eta berak zerikusi gutxi dutela sentitzen du Mirenek, adinak ezinbestean dakarrela erreferentzien aldaketa, baina hala ere gustura ari da harekin berriketan, emakume argi eta alaia iruditzen zaio, zahartzarora bidean eta egin beharrekoak ondo eginda zituelakoan bizitzak ekarri dion harria umorez eta dotoreziaz daramana. Antzeko umore eta dotorezia nahi lituzke berarentzako ere, baina barne ahots batek ohartarazi dio hogeita hamar urtetik gorako aldea izango dutela bien artean, eta ez dela hori, preseski, berak eredutzat hartu beharko lukeen emakume tipoa.

Badira neska gazteak ere autobus honetan: Mirenen adinekoak, zaharxeagoak, eta baita gazteagoak ere. Askoz gazteagoak batzuk, Mireni ia umeak iruditzen zaizkionak. Ni zahartzen ari naizelako ote?, pentsatzen du. Baliteke. Baina ez da hori bakarrik: lehen baino gaztetxo gehiago dabil orain saltsa honetan. Horrek batetik bizi-poza eman beharko luke, eta dudarik gabe halako indar bat eransten diete nexka gazteok bidaide adintsuagoei, gazteak inguruabar makurrenean ere berezkoa duen energia moduko bat; bestetik, baina, tristura antzeko bat pizten diote Mireni, beren barre alaiaren ifrentzua X izpiz ikusiko balu bezala. Zenbat urte eman beharko dute autobus hauetan?, pentsatzen du. Ama hauen pazientzia eta estoizismoarekin eutsiko diote ala nekatu egingo dira urte batzuen buruan? Aurrera segituta ere, gaur bezalako ezaxolaz eta pinpirinkeriaz erakutsiko ote dituzte beren txilborrak eta piercing-ak?

Zahar bat ematen duzu, neska, esan dio Mirenek bere buruari, bere azken gogoeten kutsu zaharminduaz ohartuta. Zergatik ez dut ba nik ere piercing bat egingo, edo tatuaje bat sikiera. Bai, tatuaje txiki bat...
Bere aldameneko ama lo-kuluxkan hasi da berriro, eta Mirenen sorbalda gainean jarri du burua. Etxetik ekarri duen liburua hartu du -bietatik lehena-, baina ez du irakurtzeko jarrera egokirik lortzen eta magalean utzi du berriz ere. Begiak itxi ditu hurrena, minutu batzuez bederen loaren amaraunean geratzeko esperantzan bera ere.

Betazalak itxita, aurten egin duen yoga ikastaroko lezioak gogoratzen saiatu da, arnasa egoki hartu eta buru-gorputzak erlaxatzeko. Autobus atzean eseritako nesken algara ozenak eten dio kontrentrazioa ordea. Pena eta inbidia sentitu ditu, berriz ere, neska horiengana, eta gero galde egin dio bere buruari zergatik ez den haien taldean gehiago integratu. Gehiago identifikatzen ote naiz atso zaharrekin? Ez dut uste. Ala gizarte-laguntzailearen konplexua daukat oraindik gainean? Auskalo. Beharbada, aitortu dio bere buruari, gaztetxo horien ideologizazio nabarmenagoa da adinekoen alderdia hautatzera eraman duena, ez horrenbeste solas politikoei ihesi dabilelako, ez luke hala denik pentsatu nahi behintzat, baizik eta ama horien leialtasun biologiko eta zalantzagabearekin erosoago sentitzen delako.

Baina ni ez naiz ama, nik ez diot inori odolezko leialtasunik zor, erantzun dio bere buruari, ping-pong mutu batean bezala. Nahi dudalako nator ni hona, eta nahi dudan arte. Baina benetan nahi ote dut hau dena: autobusa, eta bidaia, eta geroko zera, eta atzera buelta...? Eta noiz arte nahiko dut, noiz arte agoantatuko dut martxa honetan, jakinda gainera...?

Erdi lotako gogoeta-haria eten dio autobusaren bat-bateko frenatzeak. Iristen ari dira. Egun-argiarekin batera agertu dira semaforoak, biribilguneak, aldirietako goizeko trafikoa. Iratzargailu ikusezin batek jo balu bezala esnatu da aldameneko ama ere, postura txarraz eta hezurretako minaz kexuka.

"Urte gehiegi, atzera eta aurrera ibiltzeko", esan du emakumeak etsipen-puntu batez, baina berehala erantsi du, aldarte hobearekin: "Eta etortzen segitzeko osasuna izan dezagula beste urte askoan".

Altxatzen eta bere trasteak jasotzen lagundu dio Mirenek, aldi berean pentsatuz nola, gazte denboran Lourdesera baino urrutiago joan ez ziren ama hauek, kilometroak eta kilometroak egiten ari diren, asteroko erromesaldian. Lourdesera, hona... beti peregrinazioan, bururatu zaio irri gaixto batekin. Bere buruari bihurtu dio ironia gero: Rikardo gogoratu du Mirenek, maioristekiko bileretan topatu izan duen lankide handiustea, bidaia-agente on batek mundu osoa ezagutu behar duela-eta bere bidaldi exotikoez harrotu ohi zaiena, Sumatrako behiei, Burundiko gorilei edo Siberiako inuitei egindako argazki zo-ra-ga-rri-ak erakusten eta komentatzen dizkiela.
Seguru ez duela inoiz halakorik ikusi, pentsatu du Mirenek, gelditu diren jatetxeko bainugelako martxari begira: amona bat aurpegia freskatzen, beste bat mototsa zuzentzen, emakume sasoiko bat gauean erabilitako txandalaren ordez soineko arin, eskotedun bat jantzita, neska gazte bi ikasi berri dituzten makillaje-teknikak probatzen...

Hurbil dute helburua, inongo gida turistikotan aipatzen ez den monumentua, baina, une batez, bertan gelditzea bururatu zaio, jatetxe honetako kafetegian, edo autobusean bestela, bertako erosotasunaz gozatuz, etxetik ekarri duen liburua amaitzeko, baita bigarrenari ekiteko ere agian...
"Umoreko zaude, e?"
Ezustean harrapatu du esaldiak. Albora begiratu aurretik ohartu da, ordea, bidelagun ekarri duen ama dela, berak ezer esaterako hizketan jarraitu duena:
"Hala behar du, gu behintzat aldarte onean, hor barruan nahiko desgrazi izaten baitute bestela ere. Ea, bazatoz?"

Eta ama horren besotik helduta atera da bainugelatik, bere amaren besotik herriko elizan ezkontzera balihoa bezala.

Xabier Mendiguren

 

 

 

 

 

 




 

bihotz bakartien kluba '04