bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


julen gabiria

 

-Hantxe -esan du Fray Ciccillok, kalearen amaierako taberna bat seinalatuz.
Barruan, sabaitik zintzilik, euliak harrapatzeko tirak, guztiz belztuta jada, horitasunerako tarte barik, dena hegoz beteta.
Hormetan Gino Bartaliren argazkiak: bizikletaren gainean itxurak egiten; 38ko Tourreko podiuma: Bartali, Vervaecke, Cosson; mendate batean gora, eta Bartaliren aurpegia azkenik, estudioko argazkia, apur bat alboz hartua, irribarre inozokoa.
-Ez duk ordu erdi ere joan dela -esan du Pablo Calascotak, konturatuta mutikoak ez zuela begirik kentzen argazkietatik-. Ezagutu nahi baduk, geratu: berriro etorriko duk gauean.
Fray Ciccillok sorbaldatik heldu dio mutilari:
-Ez egin kasurik. Paolettorekin geratuz gero, ikusiko duan bakarra chiantia duk.
-Pablo -erantzun du Pablo Calascotak-, ez Paoletto.
-Bakoitzari berea, Jaungoikoaren legea -esan du tabernako ugazabandreak-. Paoletto tokatu bazaizu, Paoletto. Okerrago daude Afrikako beltzak, dituzten izen estrainioekin.
-Aizu, aizu... -protestatu du Pablok-. Paoletto baino lehenago tokatu zitzaidan Pablo!
-Paolettooo... l´uomo che andó in Italiaaaaa... -hasi da abesten ugazabandrea, ogia hartzen zuen bitartean, arrastiko txandako fabrikako langileentzako mokaduak prestatzeko.
-Italiar txoroak... -esan du Pablok, eta chiantiari begiratu dio, lagunari begiratzen zaion moduan.
Ugazabandreak erdi-erditik eta kontu handiz moztu du ogia, oso astiro, labanak ogian egindako zirrikituaren barrura begiratuz, aldika. Gero ogiaren zati biak apartatu ditu eta arretaz aztertu du mamia. Zuria eta usain onekoa. Andreak muturra okertu du. Atzamar txikia sartu du gero ogi erdietako baten mamian, eta gauza bera egin du beste ogi erdiarekin.
-Gaur ere ez -esan du gero.
Pablok chiantia bakean utzi du:
-Hi ere kontuz ibili -esan dio Pablok mutilari-. Ze ez haiz italiarra, ezta?
-Ez -erantzun dio-. Apur bat urrunekoa.
-Ba ibili kontuz -eta tabernako jendea seinalatu du-. Jota zaudek. Segituan bataiatuko haute berriro.
-Tira, Paoletto... -esan dio Fray Ciccillok-. "Berriro" diok? Hi ez hengoen-eta bataiatuta!
-Eta askoz hobeto bizi ninduan pertsona kabalez inguratuta!
Gero mutilari egin dio berba:
-Ez dakik ze jende moduren artera sartu haizen. Hire izenarenak egin dik, edozelan deitzen haizela ere.
-Roman -esan du mutilak.
Unetxo batez isilik geratu dira denak, oso une laburrez baina:
-Romano! -bota du barra ondoko gizon batek.
-Romaninno! -proposatu du mahai bateko bakartiak.
-Romanchiero! -esan du beste norbaitek, larregi lotsatu barik.
-Romanetto! -erabaki du ugazabandreak, eta ogia mozteko labanarekin kolpe bi jo ditu mahaian, adierazteko horixe dela, hain zuzen, Romani tokatu zaion izena, eta ez dagoela atzera bueltarik ez bestelako alegaziorik.
-Ikusten? Beti igual! -hasi da Pablo zarataka-. Ni Paoletto, hi Romanetto... aurreko batean etorri zuan mutil bat inguruetako sei neska haurdun utzi dituena, eta jarri zioan Peneretto... Imajinazio falta galanta, horixe!
-Gezurra! -protestatu du ugazabandreak labana dantzatuz-. Gogoratu Ginori Ginetaccio jarri niola.
-Bai -ausartu da esatera urruneko mahaiko bakartia-, nahikoa lata eman ostean Ginettorekin.
-Hara bestea, memoria historikoarekin -erantzun du ugazabandreak, harro-. Ba ez ahaztu Ginetto deitzen genionean Tourra ere irabazi zuela.
-Et-et-et... -moztu du Fray Ciccillok-. Ginetto izen barregarria jarri zenionean, 1937an, Tourretik erretiratu egin zen. Eta gero, 37ko urrian, ondo gogoratzen naiz ze belatzek fede-krisi bat izan zuten, ba 37ko urrian batzarra egin genuen, gogoratzen?, eta Ginetaccio irten zen, baina ez zuk aukeratuta ezpada denok, eta hurrengo Tourra aise irabazi zuen, gehiago identifikatzen zelako izenarekin.
Jendea isilik geratu da. Gero segitu du Fray Ciccillok:
-Eta Paoletto tira, eta Romanetto hain txarto ere ez, baina Ginetto... gutxiagogatik joan da jendea infernura!
Gero barraren kontra jarri da:
-Atera anisa, emakumea.
Protesta egin barik atera dio, isil-isilik.
-Romanetto, beraz -ekin dio berriro Pablok-. Ziklista baldin bahaiz, ez duk irabaziko Tourrik.
-Ez naiz baina -erantzun dio Romanettok.
-A, orduan igual irabaziko duk -esan du urruneko mahaikoak.
-Niri esan zidak baietz, ziklista dela eta ona, gainera -sartu da Fray Ciccillo-. Ginorekin Tourrean ibilitakoa.
-Ez duk izango! -poztu da Pablo-. Nongo selekziotan?
-Ez, ez, benetan. Ez naiz ziklista.
-Han! Beste haren moduan esan dik, "ni ez naiz ziklista", zelan zen hura, Ginok askotan kontatzen duena...? -galdetu du Pablok.
-Trousier -erantzun du Romanettok, sei urte lehenago De Groeeningek kontatutakoa gogoratuz-, Andrée Trousier.
-Hori! Trousier! "Ez naiz ziklista" esaten zian, eta gero dena irabazi -esan du Pablok-. Hik zenbat karrera irabazi duk?
-Keba. Behin Tourreko etapa batean sartu nintzen eta Bartalik...
-Ginok.
-Ba Ginok bidoi bat eman zidan -Romanettok bidoia atera du zorrotik-, bidoi hau. Eta denbora pasatu da, sei urte, eta hemen daukat bidoia, beti alboan.
Inork ez dio erantzun. Ematen zuen gehiago jakin nahi zutela, eta Romanettok segitu behar izan du:
-Etapa hartan lider jarri zen.
-Grenoblen -esan du norbaitek.
Romanettok baietz egin du buruarekin. Gero segitu du:
-Baina hurrengo egunean zubi batetik jausi zen, eta jertse horia galdu zuen. Handik gutxira -eta une horretan tabernako ugazabandreari begiratu dio- erretiratu egin zen.
Urruneko mahaiko bakartiak gehitu du:
-Ginetto izen barregarriagatik -eta andreari begiratu dio, amorruz. Gero Fray Ciccillori begiratu dio gizonak, baina fraidea lurrera begira zegoen.
Une batez Fray Ciccillok burua altxatu du, eta Pablo Calascotaren begirada topatu du bidean.
-Ez zen erretiratu izenagatik -esan du Romanettok, eta edalontzi guztiak isilik geratu dira. Euli bat itsatsita geratu da sabaiko tiretako batean, eta askatzeko ahalegina egin du, bzzz-. Mussolinik agindu zion erretiratzeko.
-Beste anis bat -agindu du Ciccillok.
-Hik non entzun duk hori? -galdetu du Pablok.
-Hori gauza jakina da -erantzun dio Romanettok.
-Asko jakitea da, ba -esan du Pablok, chiantiari begira.
-Ginori buruz, ez dizut gezurrik esango, dena dakit -bota dio Romanettok, baina segituan konturatu da lotsatzeko moduko erantzuna dela hori.
Pablok zuzen begiratu dio:
-Milano-San Remo. Noiz geratu duk ondoen?
-39an eta 40an.
-Aurten?
-Bosgarren.
-Iaz?
-Hamaikagarren.
-Lonbardia?
-36an eta 39an.
Pablok ardo apur bat edan du.
-Nork saltzen ziok esnea? -galdetu dio gero.
-Ginori buruzko gauza inportanteak galdetu, ez huskeriak.
-Esnea ez duk huskeria -erantzun dio Pablok, eta chiantia ahora hurbildu du.
Romanettok ezin izan du erantzun.
-Liviak -esan du Pablok.
Romanettok ez du ulertu. Bekokia tximurtu du.
-Esnea. Liviak saltzen ziok -azaldu dio Pablok, lasaiago-. Eta Gino erretiratu zuan izen lotsagarria zuelako. Ez ahaztu.
Fray Ciccillok barre egin du kolkorako, eta inork ez du ezer esan denbora batean.
-Askotan etortzen da taberna honetara? -galdetu du azkenean Romanettok.


Julen Gabiria

 

 

 

 

 

 




 

bihotz bakartien kluba '04