Izu-ikara
hankapean
oihaneko
herrixka batean geratu ginen lotarako asmoz. Agirretarren etxean aurkitu
genuen ostatua: Maria Agirreren etxean, hain zuzen. Agirretarrek ez
zekiten abizen euskalduna zutenik, ez eta Euskal Herria esistitzen zenik.
Etxeko ataripean geunden afaldu eta gero. Borborka igarri nuen oinen
azpia. Arratoiren bat edo zapalduko nuela iruditu zitzaidan; baina,
zoruan, olatuen dantza bailitzan mugitzen zen porlanezko lurra baino
ez zen ageri. Herrixka hartako biztanleria guztia txilioka, negar zotinka
eta antxintxika batean ari zen ateratzen egurrezko etxoletatik. Arkupeko
zutabeak mugitu zirela ikusteaz bat arrapaladan atera ginen gu geu ere
Agirretarren etxeko ataripe hartatik. Baina bazter guztietako zoruetan
lubakiak irekita zeudelarik eta herrixka hartako etxeak, zuhaitzak eta
dena dingili-dangala zebiltzalarik..., ezin izan genion ihesik egin
lurrikarari.
Laburra izanagatik, betierekoak egin zitzaizkigun lurrikara hark iraun
zituen segundoak; gorputzeko dardara dominatu orduko hurrengo goiza
iritsi zen.
"Diosito debe de estar muy enfadado con nosotros" entzuten genien behin
eta berriro herrixka hartako bizilagunei. Maria Agirre, ostera, harro
zegoen hormigoizko zimentudun etxe berreraiki berri-berrian bizi zirelako.
Maite
Toledo
|