bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


juan luis zabala

 

Tele-zaborra askatasuna da

Azken hilabeteetan utzi egin diot ezkertiar eta progre izateari. Orain ez naiz koherentea, ez dut koherente izan beharrik sentitzen. A zer arindua!

Lana egiten dut, diruagatik, ez naizelako aberatsa eta beste erremediorik ez dudalako. Baina orain lanetik kanpoko orduak moralik eta betebeharrik gabekoak ditut guztiz. Libreak! Horregatik orain, duela bospasei hilabete ez bezala, telebista daukat etxean, eta kezkarik, beldurrik eta erruduntasun sentimendurik txikiena ere gabe ematen ditut orduak haren aurrean, zoriontsu. Gaueko ordu txikietan batez ere, lerdokeriaren neurriak gora egiten duenean. Orgasmoetan bezala izaten da: uneak harrapatzen zaituenean, inoizko gorenera iritsi zarelako irudipena duzu, laino guztien gainetik, muga guztietatik haratago, gaindiezinezko puntu ezin goitarragoraino.

Nahi dutena esango dute, baina tele-zaborra deitzen duten hori oso eskergarria da, oso aberasgarria, eta batez ere laguntza handia ikuslearen barne-oreka psikologikorako. Ni behintzat asko lasaitzen nau mundu honi –hain injustua, hain desorekatua, hain gordina, hain ankerra, nahi duzuen guztia... – telebistaren leihotik begiratzeak.

Ez baitago tele-zaborra deitzen duten horretan agertzen diren lerdo horiek guztiak batera beren miseriarik lohienak haizatzen ikustea bezalakorik norberaren burua betebehar moralaren alferrikako zama astun eta absurdutik askatzeko. Horienak ikusi ondoren, zer dira ba norberaren miseria guztiz xume, arrunt, inozoak? Txikikeriak, umekeriak, deus ez. Eta areago: lerdoago izateko gogoa pizten zaizu. Ez da erraza, baina horiek guztiak bezain lerdoa eta higuingarria banintz, zer? Hobe! Baliatu! Atera zukua eta segi aurrera! Zergatik ez ba? Nor demontrek eta zer arraioren izenean jarri behar dizkit ba mugak?

Gustura oheratu ohi naiz, lasai, irri zabalez. Lehen, ezkertiarra eta progrea nintzenean, ia-ia intelektuala, Crimen y castigo eta horrelakoak irakurtzen nituen. Orain tele-zaborra ikusten dut. Ez dago kolorerik! Tele-zaborra Dostoievski baino askoz ere eraginkorragoa da. Tele-zaborrak askoz libreago egiten nau. Tele-zaborra askatasuna da.

Juan Luis Zabala

 

 

 

 

 

 




 

bihotz bakartien kluba '04