bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


joseba sarrionandia

 

Narrazio hau 1980an argitaratu zen, Egin egunkarian, 1998ko uztailean espainiako justizia ahalguztidunak bidalitako poliziek itxi zuten egunkarian. Orduan hasi zen gaur egun dirauen euskaldunon berbak isilarazteko gurutzada.

 

Ez gara abereak baino dohatsuago

Kurloiez betetzen da goizero galeria, zeldako atea zabaltzen digutenerako. Hotza egiten du, hezurretan itsasten den hotza, harri eta burdinezko hotza, Carabancheleko hirugarren galerian. Barandara hurbildu eta beste preso asko ere ikusten da irteten egun berriari diosala bat erakusten. Atzo bezala, bizpahiru egun bakarrik hemen nagoela, eta aski hemengo egunek duten elkarren antzaz ohartzeko, kurloi berberau dirudite egunero sartzen direnak.

Baina hau palazio bat da komisarioaren ondoan. Zazpi egunez ukan ninduten Indautxuko komisarian eta egiaz esan dezaket halango sofrikariorik ez zaidala sekula irudimenetik ere iragan. Entzunak nituen torturari buruzko gauzak, oinaze fisikoa eta psikikoa eta umilazioa zelan elkartzen diren giza eskubide oinarrizkoen aurka. Baina sekula ez nuen - Indautxura heldu arte- torturaren zentzua eta oinazea antzeman eta entelegatu. Honela izan zen, halako gauza bat kontatu ezin daitekeen arre: goizaldeko hiruretan detenitu ninduten Durangon eta Goardia Zibilare koartelera eraman, eta kolpatu. Gero Bilborantz abiatu behar zirela eta autora sartu ninduten. Bidean, mendira eraman eta hilgo nindutela esanik, leku ilun eta bakartietara eraman ninduten.
Lehendabizi Iurretako Eskola Laboralaren goikaldera, non autotik esposaturik atera eta kolpatu baininduten. Gero, autobideko atsedenlekuan gelditu eta berdin, kolpatu, barrabiletan, buruan, sabelean, eta buru kontra ere tiro bi bota zizkidaten. Bilbon berdin, baina torturatzaileak gehiago ziren, lau edo seiko taldetan etortzen ziren, guztiak brigada operatiboak. Eguna zabaldu arte, goiko pisuan zein sotanoan, geratu gabe kolpatu ninduten, batez ere sabela, burua eta barrabiletan. Kirofanoa eta beste tortura batzuk ere erabili zituzten, mingarrienetako bat hau: barrabiletan soka bat lotu eta alde batetik eta estanterian bestetik, soka beti ere tentso mantendu behar nuen, kolpeka eta bultzaka astintzen ninduten artean. Eguerdirako aluzinazio izugarriak nituen, batez ere zeldan bakarrik utzi nindutenean.

Harrizko horma zikinetan pintura eta filme harrigarriak ikusten nituen: Hiernimus Bosch-en pertsonaiak, irudi surrealistak eta gnomoak saltoka eta, altzairuzko ahotsez, interrogatorio etengabe eta izugarriak egiten. Ezin nintzen zutik egon, etzunik ere ez. Ogibitarteko bat ematen zidaten egunero baina ezin nuen ahoa ireki, eta bertan behera utzi behar izaten nuen. Hiru ordutik lau ordura, egunez zein gauez, etortzen zitzaizkidan interrogatzen, galdera bakoitzarekin kolpatuz. Kanpora ere atera ninduten, sei bider, Durangaldera: beti kolpeka. Ilea eta bizarra ere eskukadaka kentzen zidaten.
Bost egunetan, gorputza erabat hautsirik ukan nuen, ia konorterik gabe egon nintzen, beste inor ikusi gabe eta aluzinazioetan murgildurik. Gero, dutxara eraman ninduten, hematomak ematzeko, ordubetez sartu ninduten dutxara, ur beroa eta hotza aldizka boteaz eta txanpu eta pomada bereziez igurtzirik. Hurrengo egunetan deklarazioak sinarazi zizkidaten, pomadaz betetzen ninduten artean
Gauza asko esan ditzaket brigada operatiboko psikopatei buruz: esate baterako, nire aurrean, Santutxu aldizkarira telefonoz hots egiten aritu ziren mehatxuka; svastikaz eta F/N eta falangisten sinboloz beterik zituzten gelak.
Beraz, deklarazioak sinarazi zizkidaten, eta ia hogei ekintza egotzi zizkidaten. Sinatu eta gero, Madrilera ekarri gintuzten goizalde batean. Audientziatik iragan eta arratsalderako - oinaze itsasotik portu onera iristen denaren antzera- Carabancheleleko kartzela honetako hirugarren galeriara.
Oraindik ez zaizkit oinazearen ondorioak aldendu. Ubeldurik daukat begi bat, eta gerriaren ezkerraldea, mindurik dauzkat zangoak eta ezin dut korrika egin, sabela eta bularra mindu egiten zaizkit luzatuz gero, eta lepoa ere, mugitzean. Hatz batzuk ere loak harturik bezala ditut. Ez da, beraz, egoera atsegina. Gainera, esan didatenez, luzarorako dateke gartzelaldia. Luzarorako esan dut, baina hemen milaka urte dituztenak ere badira, eta, luzarotasunaz, hobe ez pentsatzea, etsitu nahi ezik bederen.

Dagoeneko hasi gara lanean, orduko zerbait egin behar dela eta, metrikako arazoak aztertzen, inglesa ikasten, gailegoa ere apur bat, alfabetatzeko klase batzuk ematen, eta abar, ez bibliotekarik ez girorik ez dagoen arren hemen deus egiteko. Esperoan garela ea zerbait, liburu dexenteren bat bidaltzen digun norbaitek. Ezen hemen GRAPOkoek Sputnik eta euskaldunek Jalgi Hadi bai baina beste ezer guti irakur baitaiteke.

Idatzi are gutiago; hitsegia da leku hau ezer idazteko, poema negartientzat salbu. Hain zuzen, detenitu nautenean eta udaz geroztik nobela antzerako bat ari nintzen idazten eta, kasualitatez, gartzela batean bilakatzen zen; ez zen nobela politiko ez soziala; lokalizazioaren arrazoia literarioa zen funtsean eta nobela bera psikologia eta irudimenaren mailan hedatzen zen.

Bada, badirudi, edozelan ere, gartzelan bertan egonez gero errazago litzaidakeela nobela idaztea, alde batetik asti libreagatik eta bestetik kartzela hobeto ezagutzeagatik. Baina ez, ezina izan zait lerro bat gehiago idaztea ere, eta utzi behar izan dut. Oso zaila da lau hormaren artean, fantasian pentsatzea: inkomunikaturik nengoela hormak iragaiten zituen gizonaren istorioa gogoratzen nuen:
emakume batekin sartzen da gela batetara eta hertsi egiten da haiek sartzean ate bakarra.

- Entzerraturik geratu gara - esaten du emakumeak.
- Ez, zeu bakarrik geratu zara entzerraturik- esaten dio gizonak deusik ez balego bezala horman sartu eta desagerturik.

Halako gizon bat bezala, horma iragan nahiz behin baino gehiagotan bultzatu nuen zutik ozta ozta eutsirik kopeta hormaren kontra. Zein asmo efimeroa. Honako lekuetan ez du literaturak balio, ez du fitsik balio. Borroka borroka behar denean, eta literatura literatura behar denean, efimeroak dira metrailetak eta nobelak nahasteko asmo guztiak. Orain gartzelan literatura egin nahi nuke, baina gauza bat esan nahi dut, hemengo zapalkuntza hain da haundia, ezen ez baita posible oreka pertsonal batetara iristea, eta literaturan jardutea.
Oreka pertsonala esan dut. Oreka pertsonala antzematea zaila da kanpoan ere, mila tankerako zamak ditugu gainean, ez da posible lasaitasuna. Euskal Herrian zapalkuntza politiko eta kultural gotor bat gertatzen da, mundu guztian zapalkuntza sozial izugarria eta abar, baina, batez ere, mundu guztian eta Euskal Herrian ere, pertsona mailako mugaketa eta alienazio ikaragarria gertatzen da. Bada zapalketa mota guztiok eta, batez ere, pertsona mailakoa, gradu goren batetan agertzen dira gartzelan. Hemen - kasurik onenean ere- pertsona ez da zakur bat baino gehiago, ez da kortako aberea baino dohatsuago. Nik ez diot gaizki elikatzen gaituztenik, ez zigortzen gaituztenik. Ongi elikatzen gaituzte eta ez gaituzte zigortzen. Baina galarazi egiten digute oreka pertsonala, hemen ez gara numero soilak baino, sumarioaren numeroa, gelaren numeroa, paketearen numeroa. Ez gara pertsonak. Kanpoan ere, maiz, ez gara pertsonak, numeroak edo kliente soilak gara, baina behintza ihes egiteko posibilitatea geratzen zaigu. Baina hemendik ez, ez da posible lau harresi iragaitea, hegalik sortzen ez zaigun artean bederen.

Eta ordura arte, ordura artea diot, egunetik egunera, goizero, galerian, kurloiei begira geratuko gara, kurloiek hegaldatu eta kristalen artetik irten arte, kartzela tipi honetatik kartzela handia den horretara, irten arte.

JOSEBA SARRIONANDIA
Carabanchel. Hirugarren galeria.
1980ko azilaren 25ean.

Oharra: Aste honetan, Cuentos de Bilbao saria irabazi du J. Sarrionandiak.


 

 

 

 

 

 




 

bihotz bakartien kluba '04