bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


uxue alberdi

 

Izar txikia

"Zu bezelako haurrek
lo egin dezaten ilargia hasi da
zerua pintatzen.
Txoriak lotan daude
hagitz da berandu ilargiak erreka
erdia edan du..."


Kaixo, printzesa, gogoratzen? Ez dizut aspaldi kantatu. Pena da. "Eta lagun onenak eskainiko dizu: tori izar bat zuretzat gustatzen bazaizu!". Hiru urtetxo-edo zenituen kanta honek sorgindu zintuenean.
-Izar bat niretzat bakarrik!!- esaten zenidan begi handi-handiekin- Baina, amatxo, hiru puntaduna ala bost puntaduna?
-Bost puntaduna, noski.
-Bale!Askoz politagoak dira!
-Ba, zuretzat oso-osorik, marisorgin!- eta musu ematen nizun bekokian. Eta lo hartzen zenuenean, malko epel batek ihes egiten zidan batzuetan masailetik behera, eta irribarre egiten nion leiho ertzetik ilargiari, zu bezalako izartxo bat oparitzearren eskerrak emanez.

Baina sei urte bete zenituen egunean gauzak aldatzen hasi ziren. "Tori izar bat zuretzat gustatzen bazaizu!" kantatu nizun nik beti bezala, baina: -Amatxo-esan zenidan kopeta okertuz. -Zer? -Izarrekin, aspertu naiz, gaur ilargia nahi dut! -Ilargia? -Bai! Askoz politagoa da! -Baina, maitia, ilargi bat bakarra dago, ezin duzu zuretzat hartu! -Ba, nik ilargia nahi dut! Eta nahi dut, eta nahi dut, eta nahi dut! -Ezinezkoa da. -Zebaaaa!!!!

Eta negar egin zenuen amorratuta, kopeta okertuta eta gorri-gorri jarrita, beti bezala. Eta negar egiten zenuen guztietan legez, orduan ere edalontzi urdin txiki hura masailean jarri nizun, eta esan nizun, nire printzesa, esan nizun goraino betetzen zenuenean horrenbeste desio zenuen txakurtxoa oparituko nizula, txuri-txuria eta mitxelinekin, polit-polita. Eta orduan inoiz baino fuerteago egin nahi zenuen negar, sorgin halakoa, edalontzia azkar-azkar betetzeko. Baina txakurra horren eskura ikusteak egin zizun ilusioak ez zizun uzten malko bakar bat ere askatzen. Eta orduan zure buruarekin haserretu zinen, eta kopeta are gehiago okertu zenuen eta zatar-zatarra jarri zinen. Eta niri barregura handia eman zenidan. Pentsatu nuelako horren aurpegi itsusia jarrita ere nola izan zitekeen munduko printzesarik politena nire txikia. Eta mingaina atera nizun.

Baina izarrak gutxi iruditu eta ilargia nahi zuen neskatila ere hazi zen, hazi zinen, eta ilargiarekin ere aspertu zinen. Ilargiaren atzetik, nahi izan zenituen eskolako nota onenak, unibertsitateko mutilik guapoena, lanposturik altuena, etxe perfektua, auto garestiena...Eta lortu zenituen...Baina zertarako, printzesa? Zertarako? Akaso izar txiki harekin baino zoriontsuago zara?

Baina beno, azken gutun honetan ere ez naiz erretolikan hasiko, ez? Luzaro pentsatu dut nire ondasunekin zer egin. Nola banatu lur sailak, baserri zaharra, gordetako diru apurrak...baina badakizu zer? Ohe zabal honetan heriotzaren aurpegi estuari itxoiten diodanetik gauza batez jabetu naiz. Nire ondasunak ez dira horiek, ez dira gauza horiek on egin didatenak, zoriontsu egin nautenak. Nire ondasunak erromerietan eskaini zizkidaten dantzak dira, eta amona Lorentxaren marmitakoaren usaina, zure aita zenari lapurtutako musuak, zure lehenengo hortza, zartaginean itsatsi ez zitzaidan lehenengo patata-tortilla hura... Baina nola emango dizut hori guztia? Nola bildu oroitzapenak, zirrarak, usainak, ilusioak? Bide bakarra bururatu zait. Hona nire herentzia: Nire gelako armairu txikian, bigarren kaxoian, edalontzi urdin txiki bat dago trapu txuri batean bilduta. Har ezazu, maitia, eta negar egiten duzunero, jar ezazu masailaren kontra eta pentsa ezazu une horretan gehien desio duzun horretan. Goraino betez gero, zuretzat da!! Baina benetan nire txikia bazara, edalontzia utzi eta senarrari musu emango diozu, edo alaba parkera eramango, edo besterik gabe kantuan hasiko zara.

Eta akabo, txiki, ilargian zintzilik ibiliko naiz hau irakurtzen duzunerako. Badakizu, lagun zaharrak ondo zaindu behar dira!
Muxu bat maitia, asko maite zaitut.

Amatxo

P.D. Etxea, lur sailak eta beste guztia ere zuretzat dira, baina ez pentsa inoiz izar txikiak baino zoriontsuago egingo zaituztenik. Ez ahaztu bost puntaduna dela.


uxue alberdi

 

 

 

 

 

 




 

bihotz bakartien kluba '03