bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


eider rodriguez

 

Errepidean

Aitzol, Asier, Gorka, Gotzon, Kepa, Nerea eta beste 674ei. Aitzol, Asier, Gorka, Gotzon, Kepa, Nerea eta beste 674ak ikustera doazen eta joan ezin diren guztiei.

In some cases the moon is you, in any case, the moon.
Jack Kerouac

Morcheebaren soinu akuatikoekin ez da errepide soinua entzuten eta Harrik nahiago du errepide soinua entzun, errepidea musikarekin nahastuta, ez makailuzaleek egiten duten bezala, denak emanda, bafleak taupadaka untz-untz-untz-untz. Berak asfaltoaren sentsualitatea maite du gomaren kontra, harri txintxarrak ahots lizunekin nahasketan entzutea eta ez untz-untz-untz hori. Arrain abisal handi bat dirudien Volskwagen Bora kontrako bidetik irten da kotxe txiki bat aurreratzeko asmoz, horrela, besterik gabe, Manuk zigarroa isiotzeko behar izan duen denboran. Agian hori baino ez da existentzia.


Orduantxe Manu eta Harri toponimiaren inguruko gogoeta metalinguistikoak ari ziren egiten.


-Ribagorza -etorri zaio Harriri.
-Ribagorzan jaio den inork ezin dik etorkizun oparoa izan, imajina ezak bere memoriak idazten, Ribagorzan jaio ninduan 1967an, keba, hemen jaiotako inork ezin dik adibidez etorkizun artistikoa izan, ez bada Chiquito de la Calzada edo bere lagunen bat.
-Izango du gentilizioa?
-Zer da hori?
-Ba Oiartzun oiartzuar, Huesca oscense, hori.
-Herri guztiek ditek, ez? -erantzun dio Manuk, ez oso konbentziturik.
-Eta horiek? Villodrigo, Bergüenda, Revilla de Campos.
-Villazopeque. Quintanilla del Molar. Guztiek ezin ditek gentilizioa eduki, villazopenco?, molarillo?, ezinezkoa duk.
-Aizak, konturatzen haiz? -Harrik burua astindu du alde batetik bestera, eta une batez, badirudi, egiatan garrantzizko zerbait esango duela-: Restopetako jakiak, herri izen hauek irakurri beharra, tabernarien aurpegi berde muturbeltz horiek guztiak, hauek guztiak min kolateralak dituk, txo, dispertsioak eragindako min kolateralak, eta horiek ez dituk inongo txostenetan aipatzen, e.
-Nazkagarria duk -Manuk beti du bere lagunaren hitzentzako pausalekuren bat.
-Emaidak zigarro bat.
-To.
-Piztu, kabroia, ciento sesentan noak, ze nahi duk arbola baten kontra lehertzea ala?
-Barkatu, txo, ez nauk konturatu. Aizak, Oihane Ortiz hori, Barakaldokoa...
-Bai.
-Hori ez al da Kubako enbajadan harrapatu zutena?
-Ez zakiat.
Bigarren abestiaren lehen akordeak entzun eta Manuk bolumena goratu duenean, Harri ohartu da, kotxe putakume hori, ero baten moduan ari dela euren karrilera lerratzen eta bafleek ponpatutako musikak ez duela gurpilen etsipenezko garrasia estaliko.
Berak maite zuen bezala.


Burgosera heldu ziren. Goizeko laurak ziren eta epel zegoen. Briviescako gasolindegian lehenengo geldialdia egin zuten. Depositua bapo utzi ostean, zerbeza pare bat hartu zituzten tabernan. Euskal Herria aspaldi utzi zutela atzean zirudien, milaka kilometro zeudela bi planeten artean. Zerbitzari muturbeltza eta barra gaineko jakiak horren erakusgai. Luzexka, sikua, txaleko beltza eta alkandora noizbait zuria zeraman soinean. Bi bezeroak ikusi arren ez zituen agurtu, edalontziak lehortzen zituen bitartean ahotsik gabeko telebistari so zegoen eta. Barratik zintzilik zeuden beste bezero guztiek txakurrak edo hirugarren mailako mafiosoak ziruditen, ez bazen Lacostea eta mokasinengatik, gerrikotik zintzilik zeramaten segapotoagatik.


-Gero eta gutxiago jasaten ditiat makailuzaleak eta gustu musikalik gabeko pertsonak, benetan. Uste diat horregatik utzi dudala lana, txo, hik badakik zer den belarrijan hori, egunero zortzi orduz kaka hori entzuten egotea? Hori ez duk bizimodua, motel, hori ez zegok jasaterik -esan zuen Harrik aurpegiko azal guztia batera zimurtuz.
-Kokoteraino hengoelako, puntu. Ez ezak asmatu orain justifikazio kulturalik, komediante horrek. Utzi duk ez zegoelako giro, normala da, ez iezazkidak amari kontatu beharreko istorioak niri kontatu.
-Txo, hik ezin duk imajinatu zelako tortura den hori, garunean sartzen zaik, poliki-poliki, eta zuloa egiten zihoak, eta gutxien espero duanean, xerra bat frijitzen hago eta untz-untz, lepoa maketo subnormal horien antzera mugitzen ari haiz, robot baten antzera musika antzu hori errepikatzen. Gutxien esperotakoan, denda bateko erakusleihoan nire burua ikusiko diat, galtza motz militar eta ziklista betaurrekoak buruan -Harrik burua aurrera eta atzera mugitu zuen, untz-untz-untz-untz.
-Egia duk, higiene mentalerako ez dik batere ona izan behar. Eta zer egin behar duk orain, beste lan bat bilatu, edo potrojorran egon?
-Zer zekiat, potrojorran gelditu nahiko nikek boladatxo batez baina, kotizatu egin behar diat inoiz ruta 66a egin nahi badiat. Ez al haiz nirekin etorriko? Damutzen hasia haiz edo zer?
-Eez -eta zigarro bati azken tenkada eman ostean-: Gose nauk, hi?
-Gose? -Harrik nazka aurpegia jarri zuen barra gainean erakusten zenari begiratu zionean. Desitxuratutako jakiak zeuden errenkada luze batean, Chernobilgo sukaldaritza erakusketa batean bezala. Ezin jakin zer izan ziren bere jatorrian.
-Oye, perdona,dos cafeconleches y ¿esto qué es?-galdetu zuen Manuk janari txinatarra zirudien zerbait seinalatuz.
-Callos -esan zion zerbitzariak betaurrekoen kristalak amantalarekin garbitzen zituen bitartean.
-¿Y esto otro?
-Chinchurrias.
-Eta ze ostia da hori? -galdetu zion Manuk Harriri arrain harritu aurpegiarekin zerbitzariak telebista ikusten jarraitu zuenean.
-Ba txintxurriak, nik zer zekiat. Etimologiari erreparatuiok. Chinchus-chinchuri, latinetik zatorrek, ez?
-Putakumea, goseak akabatzen nagok -eta zerbitzariari zuzenduz-: Dame un paquete de patatas fritas y un Phoskitos, por favor. ¿Cuánto es?-eta dirua eskuratu zionean betaurreko ketuen atzean zer zegoen ikusten saiatu zen-. Hauek beste arraza batekoa dituk, ez al duk ikusten kolore berdexka daukatela, ala nire irudipena da?
-Berdeak dituk, egia duk, bazirudik guztiak gibeletik jota daudela.
-Zergatik eramaten dituzte beti betaurreko ketuak?
-Ez zekiat, psikopata betaurrekoek ere zabalkunde ederra izan ditek mesetan, e.
-Enfin. Hi, zer moduz Aitziberrekin, egon gintuan azkeneko aldian erdi utzita zenuten -galdetu zuen Manuk zerbitzariaren betaurrekoen atzean arakatzeari utziz.
-Hori ba, libre izan nahi dik, txo, txoriak bezala, pio-pio. Farsante alena, ahal bezain pronto gerturatzen zaion lehen atzeratu mentalarekin elkartuko duk, eta gero hari errezitatuko ziok Libre izan nahi diat kopla hori -Harrik Phoskitosa kafesnean busti eta bi mugimendutan irentsi zuen.
-Ez zakitek zer nahi duten. Hori bai, azalpenik metafisikoena emango ditek, askatasun pertsonala dela, espazio propioaren beharra, asko maite hautela, baina haien burua frogatu egin nahi dutela bakarrik egonda.
-Honek, Aitziberrek esaten dik, beti gizonez gizon ibili dela, 15 urte zituenetik, eta orain, izugarri maite nauela, baina bere buruari bakarrik egoteko aukera hori eman nahi diola, badakik, frogan jartzeko. Eta gainera haserretzen duk ni ez nagoelako harro, ni uzteko obarioak izan dituelako askatasunaren izenean.
-La mujer habitada irakurriko zian eta Gioconda Belli konplejuarekin ibiliko duk. Askori gertatzen zaiek.
-Hamasei urte zituenetik gizonez gizon, eta 13 urte pasa behar dituk konturatzeko, hori, ba, agian, bakarrik egoten ikasi beharko lukeela, garaia badela, orain, juxtu orain.
-A, eta gero, askatasunaren mugida hori gustatzen ez bazaiok, zer, bibotea kendu, besapeetako bizarrak moztu, lepoko feministak errekara jaurti eta hirekin bueltatu nahiko dik, ala?
-Nik zer zakiat, txo. Ez zagok ezer ulertzerik. Mendeak gizonezkoaren esanetara, mendeak gizonezkoen nahiak asetzeko biziz, eta, guri, juxtu gure belaunaldiari suertatu behar iraultza feminista puta.
-Esaten zian abestiak -eta Harriri garondoan zaplaztako bat emanez esan dio-: Goazen autora, inuzente alena. Denboraz larri gabiltzak.
-Ze abesti?
-Destinu petralarena.
-A.


Restopeko aparkalekua zikina zegoen. Plastikozko poltsak eta hosto lehorrak zoru grisaren gainean barreiatzen ziren. Harri eta Manu une hartan restopeko aparkalekuan sartu zen Bilboko matrikuladun auto bati begira gelditu ziren. Senar-emazte bat irten zen bertatik. Bi bikoteak elkarri begira gelditu ziren segundo batzuetan. Eta naufragio batetik bizirik atera eta gomazko ontzi gorrian topatu diren mariñelak ez baizik eta kruzero bateko bidaiariak bezala, errekonozimenduz beterik begiratu zioten elkarri. Ez baita gauza bera mariñel naufrago edo kruzero bateko naufrago izatea. Eta begiradan nabari zitzaien hori.


-Aupa, kaixo -esan zien Manuk.
Kaixo erantzun zuten begizulodun aurpegietatik. Horrelako egoeratan bizitzaren historian maiz gertatu izan den bezala, bikote bakoitzeko bozeramale batek hartu zuen parte elkarrizketan. Kasu honetan Harri eta gizon bizarduna izan ziren hautatuak.
-Nora zoazte? -esan zuen gazteak.
-A nosotros en erderas, que en euskera mal. A Ávila, a ver a la hija, Oihane Ortiz. De Barakaldo.
-Nosotros a Badajoz. A ver al hermano -esan zuen Harrik.
-Entonces estará con este de Barakaldo, con Erkizia,¿no?
-Sí, pero Erkizia está en otro módulo.
Isiltasunez bete zen restopeko parkina segundo batez. Hosto lehor eta plastikozko poltsen arteko talka ere entzun zen. Gero, emakumeak irribarre bat luzatu zuen bi hortz txiki erakutsiz, eta domino baten antzera, guztiek berdin egin zuten, enkontruaren amaiera ahalik eta modu eztienean iragarriz.
-Pues buen viaje, eta gorantxiak. Vamos a echar un cafecito a ver si nos despejamos -esan zuen gizon bizardunak.
-Bai, igualmente.
-Seguro que nos volvemos a ver alguna otra vez en la puta carretera.


-Entzun al duk Morcheebaren azkena?
-Mmm.
-Ekarri zioat, orain jarriko diagu, kristorena duk.
-Kontzertuan egon al hintzen?
-Bai. Puta madre.


Motor piztearen ostean, munduko orgasmo guztien katalizatzaile izan ondoren ohetik jaiki, brontzezko hankak dituen bainera batean sartu eta abesten hasi zela zirudien ahots bat ipini zen bi lagunen arteko solasaldian.

Gero arrain abisal itxurako Volkswagen Bora grisa. Eta ilargiaren argia burdin eta haragiaren gainean pausatu zen, eta ezer jazo izan ez balitz bezala jarraitu zuen ahots hark, munduko orgasmo guztiak gogora ekarriz.


eider rodriguez

 

 

 

 

 

 




 

bihotz bakartien kluba '03