Horregatik
idazten dut
Ez
dut gogoratzen noiz sortu nuen, eguna zehaztea ezinezkoa da, are gehiago
unea, ez bainuen bat-batean osorik ezagutu baizik eta gutxika, egun
batean aurpegi eta guztiarekin agertu arte, Bambi begiak, burua arradaturik,
1.80 metro, berrogei urte inguru, argala baina gihartsua. Berlinera
ikastera joan nintzenean gertatu zen. Lagunekin Europan zehar egindako
tren bidaian hasi ziren kilimakurrak sabelaldean, bagoian berarekin
bakarrik egoteko grina ulertezina, adieraztezina, lagunen gaztetasun
txilioetatik gorderik, eta ondoren, etxetik fakultaterako autobus joan-etorrietan
jarraitu genuen hizketan, oraindik nor zen zehazki jakin gabe, gizonezkoa,
hori bai, eta ni baino helduagoa, hori ere bai, euskalduna, bakero eta
mendiko botekin janzten zen neguan, sandaliekin udan, galtzerdi eta
sandaliekin batzuetan, baina horrelakoetan kentzeko esaten nion, alemaniarrak
ekartzen zizkidalako gogora, eta ezer gutxi gehiago jakin nezakeen,
Berta izeneko andre batekin egon zela ezkonduta, alemaniarra, Lora izeneko
zazpi urteko alaba zutela. Berak ordea niri buruzko dena zekien, norekin
nengoen maitemindua, norekin mindua, nor maitatu nuen gau batez kaiaren
barandaren kontra, zer koloretakoak nahiko nituzkeen etxeko hormak,
zein izen jarriko nioke katuari, zergatik erosi nion ostegun goiz hartan
lore sorta bat nire amari, nola erabaki nuen urte hartan nire gurasoak
gurasotzat onartuko nituela arrangurak alboratuta.
Elkarrekin bizi gara. Eguraldi ona dago eta goizean hondartzara joan
gara iogur izozki italiar bat jatera. Bihotza, deitzen dit. Ez, laztana,
hobeto. Soineko gorri bat daramat soinean eta Juanluisek niki berde
bat eta lihozko galtza beltzak. Ez, Nafarroa Oinezeko kamiseta. Telefonoa.
Biok sakelako telefono bera erabiltzen dugu. Juanluisentzako da, Berta,
Morganen afaltzeko. Niri ere proposatzeko. Baina ezin dut, gurasoen
etxean afalduko dut gaur, aitaren urteak ospatzeko. Ez, Sanjuanak direla
eta lagunekin daukat afaria Hernanin, Izarok erosi berri duen etxean.
Bazkalorduan Bertari buruz hitz egin dit. Oraindik ez da Euskal Herrian
sustraitu eta lanak itota dago, ezinik Lorarekin nahi adina egon. Loraren
zaintza erdibana egiten dute. Juanluisen txanda denean, eta nik egun
erdiz egiten dudanez lan, askotan joaten naiz Lorarekin parkera edo
Kantauri itsasora hiltzera etorri den izurdearen igerialdiak ikustera.
Irakaslea naiz lanbidez. Edo itzultzailea. Oso ondo moldatzen naiz Lorarekin.
Bere amarekin baino hobeto. Polita da neskatxa eta bizkor-bizkorra.
Badu begiradan gainerako haurrei ikusi ez diedan distira heldu bat,
keinu bat, zerbait. Juanluisen antza dauka begietan eta Bertarena gorpuzkeran
eta sudurtxo pekadunean. Ez, horaila da ama bezala eta aitaren gorpuzkera
atletiko eta luzea dauka. Hondartza. Muxu bat bidali dio elkarrizketa
bukatu denean. Nik ez dut begirada itsasotik kendu. Muxu horrek ziztadarik
eragin izan ez balit bezala. Beregana erakarri nau, gerritik. Laztandu
egin nau. Nik ere modu berean erantzun diot. Maitemindurik.
Ez dakit oso ondo noiz utzi genion elkar ikusteari baina badira dagoeneko
lauzpabost hilabete inolako harremanik izan ez dela bion artean. Ez
naiz bere aurpegia gogoratzeko gai. Bere ahotsa entzuteko ere ez. Bere
begiradak begira nazan uzteko. Galdu egin dut eta ez dut nahi. Arrazoi
bat eman izan balit sikiera errazagoa litzateke dena, baina ez, arrastorik
utzi gabe egin du alde. Diskretuki.
Jabetza materialik eduki ez izanak gauzak zailtzen ditu, ezin baitut
koadernoetan begiratu, kaxoietan utzi edo utzi ez dituenen inbentarioa
egin, hotzaz babesteko edo aldiz beroa hobeto jasateko arropak eraman
dituen jakin.
Parte handi batean nire errua da dena. Ni eta nire apetak. Eta Oskar.
Damutu egiten naiz gure artekoa berari kontatu izanaz. Erdi brometan
hasi ginen, inoiz inori kontatu ez diogun zerbait elkarri kontatzeko
tratu txoro batekin. Arratsalde sargori batean, sexu sukartsuaren osteko
solas izerdituan, zure izena aipatu nuen, "lagun imaginario bat daukat",
eta sentsazioa ondo gogoratzen dut, ez bainuen ordura arte sekula ahots
ozenez esan, "Juanluis". Lotsatu egin nintzen eta hori izan zen gaitzena,
lotsatu eta ondorioz garrantzia kendu nahi izana, zutaz trufa eginez,
gutaz eta ordura arte eraiki genuen guztiaz. Higatuz joan zinen, eta
orain ezin dut zure atomo bat bera ere aurkitu.
Zenbat gau igaro ote ditugu elkarrekin, loak garaitu arte solasean,
Sevillako hotel dekadente batean elkar maitatuz, zure lagunentzako afari
ahaztezin bat prestatzen saiatuz, Lorarekin batera kometak heganaraziz
Hondarribiko hondartzan. Zenbat aldiz asmatu dut nekea justifikatzeko
zio sinesgarri bat. Hernaniko festetan lagunekin parrandan nengoenean
edota zinematik atera eta derrigorrezko kafea saihesteko aitzakia baliagarri
bat. Zenbat aldiz. Ohean sartu eta zurekin egoteko gogoa edozein eginbehar
baino boteretsuagoa bihurtu zen. Goizetan zurekin egoteko esnatzen hasi
nintzen, gosaria logelara ekartzen, eguerdira arte zurekin berbetan-eta.
Orduan ezagutu nuen Berta, oroitzen zara? Donostiako kaian geunden gosaltzen
handik igaro zenean, Loraren eskutik.
Hernanin geldituko naiz lotan, Izaroren etxea estreinatzeko. Aspaldian
ez gara koadrilakoak elkartu eta horrelakoetan hobe dugu parrandatik
bueltan autoa hartzen ez badugu. Gainera errepide horretan askotan egoten
dira Polizia kontrolak. Bai, Izaroren etxean geldituko naiz eta bihar
eguerdian itzuliko naiz gurera, bazkalordurako. Juanluisek kotxez eraman
nau Hernaniraino eta ondoren bere hitzordura joan da Donostiara. Ez,
gure etxean gaudela, hitzordua baino ordubete lehenago Berta etorri
da bere bila eta trenez joan behar izan dut Hernanira. Etxera igo da
eta ez dit ia kasurik egin. Juanluisek egoera samurtu du, dena baino
oraindik modu amultsuagoan niregana zuzenduz. Gogaitu eta joan egin
naiz. Hernanin nago, Izaroren etxean. Afaria egiten bukatu du gizonezkoei
buruz mintzatu garen bitartean. Malezia falta soilik egotz diezaioket
Juanluisi. Bertari buruz galdetu dit, ea zer nolako harremana mantentzen
duten. Bertak berarekin maitemindurik jarraitzen duela esan diot, baina
Juanluis ez dela ohartzen. Ni eta Bertaren arteko harremana geroz eta
jasangaitzagoa dela esan diot eta Juanluis eta Lora tartean egoteak
bakarrik galarazten duela nik eztanda egitea. Gainerako lagunak heldu
direnean hasi gara afaltzen. Paper batean bakoitzak urte horretarako
dituen nahiak idatzi ditugu, ondoren, ohitura denez, sutara botatzeko.
Juanluisengan pentsatu dut. Giro bitxia dago koadrilan hau egin eta
gero. Bakoitza bere mamuekin jostetan hasi dela esango nuke. Izaro negarrez
hasi da, dena kaka zahar bat dela esan du eta komunean giltzapetu da.
Ez du inorekin hitz egin nahi. Ordu bete lehenago ere triste zegoela
iruditu zait, bizimodu aspergarria duela esan didanean. Atearen beste
aldetik berarekin hitz egiten saiatu naiz baina alferrik, negar zotinka
jarraitu du. Une horretan Koldo iritsi da. Joateko eskatu digu. Edo
guk erabaki dugu biak bakarrik uztea. Parranda egin gabe bi taxitan
itzuli gara herrira. Gure autoa etxe azpian ikusi dudanean harritu egin
naiz, Juanluis hain goiz etxera bueltan etorri izanagatik. Etxean sartu
eta egongela aurretik igarotzean plater zikinak eta ardo botila hutsak
ikusi izana iruditu zait. Urduritu egin naiz. Sofan, Juanluis dago eserita
eta bere bularraren gainean etzanda Berta. Lo daude. Ez, esna daude
eta ni ikusi orduko jauzi txiki bat egin du Juanluisek. Ez dago aztoraturik.
Edanda dagoela esango nuke muxu eman didanean. Bertak agur lehor bat
egin dit eta eroso jarri da sofan.
Oskar txantxak egiten hasi zitzaidan, telefonoz deitzen zidanean ea
zurekin okupaturik nengoen galdetuz edota zuretzako eskumuinak bidaliz.
Nik barre egiten nuen, ezin bainuen beste ezer egin, ohartzen zara?,
ohartzen zara hori zela egin nezakeen gauza bakarra? Hasieran maitale
harremana besterik ez geneukan, ordura arte izan nituen guztiak bezala,
baina geroz eta maizago gelditzen hasi ginen eta Zumardian pisu bat
alokatu zuenean, psikologikoki bada ere, hara mugitu nintzen. Berlinetik
itzuli nintzenetik ezin nuen jasan gurasoen etxean egotea, are gutxiago
urte hartan nire buruari egindako promesaren ostean: maitatu egin nahi
nituen. Amari goizero bezperako kontuak eman, haien harreman ahituaren
partaide izan, miseria emozionalaren lekuko, gehiegizkoa zen niretzat.
Bertatik ihes egiten ez nuenetan nire logelan ixten nintzen zurekin
egotera. Oskarren etxeko giltzen kopia edukitzeak mehatxurik gabeko
lasaitasun espazio baten giltzak edukitzea suposatu zuen, eta hara joaten
hasi nintzen egunero, nahiz eta bera han egon ez. Giltzapetu beharrik
gabe bakarrik egoten ikasi nuen. Gustura egoten. Oskarren gabezia gozoa
zen, bere etorreraren perspektibak itxaronaldia urduritasunez betetzen
baitzuen. Nire tesirako pelikulak ikusten egoten nintzen edo leihoan
eguzkia hartzen edo irakurtzen edo idazten, hura etorri arte. Batzuetan,
ardo botila on bat ekartzen zuen eta balkoian afaltzen genuen munduaz
barre eginez. Besteetan, xaboi zati bat hartu eta bainatu egiten ninduen,
eta gorputz atal guztiez arduratu ondoren, krema eta perfumea ipintzen
zidan amodioa egiten bukatu aurretik. Horrela igaro genuen udara osoa,
plazeretik plazerera, zoriontasuna egunen parte bilakatuz.
Ez dakit zer esan, nola jardun. Duinegia naiz zelo eszena bat egin
eta Berta etxetik botatzeko. Zaplasteko bat eman nahi nioke, Juanluisen
aurrean lotsarazteko. Alta, gau on esan diet eta zer moduz afaldu duten
galdetu. Une batez, Juanluisek totelka hitz egingo zuela iruditu zait
baina tronpatu egin naiz eta modu ezin naturalagoan erantzun dit azkenean
ez direla irten, eta keinu bat egin dit Bertarengatik izan dela adieraziz.
Mahai gainean errauts eta zigarrokinez gainezka, hautsontzia. Juanluisen
betaurrekoak. Mahai azpian Bertaren sandalia gorriak. Ez zait detaile
hori gustatu. Ez zait gustatu oin biluziak gure mahaiaren gainean pausaturik
edukitzea. Bertaren botere erakusketa da hori, Juanluisen eta bion etxean
egindako beste konkista bat. Lorari buruz galdegin diot. Ez, muxu bat
eman dit Loraren partetik eta bere lagun baten etxean gelditu dela lotan
esan dit. Ongi moldatzen da euskaraz nahiz eta erreek bere jatorria
salatzen duten. Azkarra eta harroa da, eta bi ezaugarriok nire kontra
erabiltzen ditu sarri askotan. Bertaren kokots goitiarra da gehien gorroto
dudana. Juanluis sofatik altxa da eta muxu eman dit. Aztoraturik nago
baina ez dut azaleratu nahi. Akiturik nagoela esan diet, ohera noala.
Beste edozein emakumek Bertaren tokian bera ere nekaturik dagoela esan
eta alde egingo luke, baina nik badakit Berta ez dela horietakoa. Juanluis
logelara dator, ongi baitaki egoera ez dela bereziki atsegina niretzat.
Juanluisek arropa erantzi dit eta besarkatu egin nau. Maite nauela esan
dit, Berta deprimiturik dagoela eta berarekin hitz egiteko beharra daukala.
Bera dela hemen daukan lagunik onena eta bakarrik sentitzen dela. Lasaitzen
denean etxera eramango duela, faltan izan nauela arrats osoan eta nirekin
egoteko itzelezko gogoa daukala. Ulerkor azaldu natzaio eta niregatik
ez kezkatzeko esan diot, ondo nagoela. Argia itzali duenean egongelara
abiatu diren urratsak entzun ditut. Handik gutxira barre ozen bat, Bertarena.
Udararen bukaerarekin gauza ugari bukatu zen. Ni, klasera hasi nintzen
joaten, eta Oskar, neguko ordutegiarekin hasi zen lanean. Gauez bakarrik
ikusten genuen elkar eta harremana itzaliz joan zen. Hasieran, amodioa
egunero egiteari utzi genion. Konturatu nintzen berarekin amodioa egiten
ikasi nuela eta lezioa behin eta berriz errepikatzeaz aspertu nintzen.
Biok jakinaren gainean geunden dena zimeltzen hasia zela. Batak besteari
nola hitz egin ere ikasi genuen. Opariak egiten. Eztabaidatzen. Min
egiten eta ez egiten. Sorpresak ematen ere ikasi genuen. Dena zegoen
ikasita eta Oskar eta nire arteko harremanaren historiala begiratzea
besterik ez zegoen besteak zer egin, esan edo ukituko zuen jakiteko.
Dena zen zuzena eta zibilizatua. Dena zegoen ondo. Maite ninduen eta
nik hura ere bai.
Postu hobea lortu zuen enpresan eta autoa erosi zuen. Gero etxea. Gau
batez, aiton-amonek daukaten tratuarekin, haur bat edukitzeaz hitz egin
genuen. Hasieran poztu egin nintzen. Ilusio osoa ideia hartan ipini
nuen, bikotearena esklusiboa izan behar duen ilusioa haur jaio gabe
batean irauliz. Baina zu ere tartean zeunden, edo hobe esanda, zu tartean
ez egoteak sortutako irrika, eta ez nuen zu gabeko bizitza eraiki nahi.
Ohera sartzean esnatu egin nau, biluztu eta gorputza muxuz umeldu
dit. Gorputz osoa. Pilula hartzeari uzteko esan dit. Eduki dezagun haur
bat. Bai, nahi dut. Bihar hitz egingo dugu Bertari buruz. Dagoeneko
ahaztu zait. Edo ez, lehenengo Bertari buruz mintzatu gara. Nik ezer
esan baino lehen modu suabean desprestigiatu du, txoriburu bat dela
esanez. Etxean afaldu dutela, afaltzera irtetekoak zirenean Bertak antsietate
atake antzeko bat izan duelako. Negarrez pasa duela arrats osoa. Dena
axolagabekeriaz kontatu dit. Bertaz asperturik balego bezala. Badakit
ni lasaitzeko hitz egiten duela horrela, badakit Bertak pertsona garrantzitsua
izaten jarraitzen duela bere bizitzan, baina badakit ere Juanluis nirekin
dagoela maitemindurik. Nirekin eta ez Bertarekin. Hala ere zeloak izan
ditut elkarrekin aurkitu ditudanean. Juanluisek ordea lortu egiten du
nire zeloak errauts bihurtzea. Orduan izan da pilularena esan didanean.
Bai. Ez da ia haurdunaldirik egon. Pilularena esan eta gutxira erditu
naiz, astebete geroago-edo. Mutiko bat. Erditzeko unean Juanluis ondoan
eduki dut eskua min egiteraino estutuz.
Jaioberriari buruzko gauza gutxi oroitzen dut. Ez dakit izena jartzera
ere iritsi ote ginen. Jaizkibelera egin genuen txango bat da elkarrekin
egindako azkeneko gauza, Juanluis, udaberriko egun eguzkitsu batean.
Egun hartan nire bizitzan egoteari uko egin zenioten, zuk eta umeak.
Uste nuen Oskar zela zuen desagerpenaren arrazoia eta utzi egin nuen.
Goiz batez, elkarrekin gosaldu ondoren, etxetik banindoala esan nion,
ez nuela ez etxerik ez harreman harmonikorik ez haurrik eduki nahi.
Ulertzen zuela, zerbait behar izanez gero eskatzea besterik ez nuela.
Ez zen konbentzitzen saiatu. Beste norbait ote zegoen galdetzea desiratu
nuen zure izena ahots ozenez ebakitzeko, eta bide batez txisteetarako
komodina izan zen zure figura duintzeko, baina ez zidan deus galdetu.
Kopetan muxu eman zidan eta iritziz aldatzen banuen bera han egongo
zela esan. Malko bakar bat isuri gabe Tanger tabernara abiatu nintzen.
Han, leiho ondoko mahaian eseri nintzen eta kafe bat eskatu nion ordura
arte inoiz erreparatu ez nion zerbitzariari. Urduri nengoen. Kirola
egitera dedikatzeko dena utzi duen igerilaria legez, hura zen nire froga
definitiboa, irabazi edo galdu ziren aukera bakarrak, bakoitzak suposatzen
zuen zamarekin. Lehenengo, egunkari bat hartu nuen eta orriak pasa eta
pasa aritu nintzen marmolezko mahaira iritsi arte. Ondoren, Izarori
deitzea pentsatu nuen Oskar utzi nuela esateko, baina eskolan zegoela
akordatu nintzen eta ideia bertan behera utzi nuen. Gero, zurekin egotea
zen azken aukera, izan ere horretara joan nintzen bion arteko hainbeste
bizi-sekuentzien platoa izandako Tanger tabernara. Han, kristalaren
kontra galdurik begirada, kilimakurrei oles egin nien, sabelean jarriaz
arreta osoa, zure etorreraren zain. Ez zinen etorri ordea. Gureak ziren
beste hainbat tokitan saiatu nintzen, hondartzako txokoan, gurasoen
etxeko logelan, autobuseko atzeko eserlekuetan, begiak itxita, begiak
irekita, lokartu baino lehen, esnatu berria, goibel, gorrotoz gainezka,
barne ahots gozoenarekin, maitasunez eta malaostiaz, baina ez zinen
inoiz azaldu.
eider
rodriguez
|