bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


joxe mari urteaga

 

Doktor Glas

(...zeruko giltza eskaini duen orori)

Ikus dezaket beste baten atsekabea
eta norbera tristatu ez?
Ikus dezaket beste baten larritasuna
eta arindura atsegina bilatu ez?

"On another's sorrow" poematik

WILLIAM BLAKE



"Uztailaren 10a

Idaztegiaren aurrean.

Kajoitxo sekretua irekitzen duen erresortea erauztea bururatu zait. Jakina, badakit zer dagoen bertan: kaxatxo borobil bat, pilula gutxi batzuekin. Ez ditut botikinean laga nahi, edozein egunetan nahasteren bat gerta bailiteke, eta ez litzateke batere ona izango. Neronek egin nituen, badira zenbait urte, eta potasio-zianuro pittin bat daukate. Ez nuen neure buruaz beste egiteko asmorik prestatu nituenean, baina gizon zuhur batek prest egon behar duela uste izan dut beti.

Zianuro apur bat hartzen badu norbaitek baso bete ardo edo antzeko zerbaitetan, berehala gertatzen da heriotza, basoak eskutik laban egin eta lurrera jausten da, eta inori ez zaio oharkabean pasako suizidioa izan denik. Batzutan hori ez da komeni. Bestalde, nire piluletako bat hartu eta, ondoren, baso bete ur edaten badu norbaitek, pare bat minutu pasatzen dira pilula urtu eta eragina sortu bitartean. Edalontzia erretiluan lasai laga, beheko-suaren aurrean besaulki eroso batean eseri, zigarro puru bat piztu eta "Aftonbladet" -a irekitzeko denbora dago. Bat-batean aldigaiztoa. Medikuak bihotzeko atakea diagnostikatzen du. Autopsia egiten bada, pozoia agertzen da, noski. Baina susmorik edo mediku ikuspuntutik ezer bereziki interesgarririk agertzen ez denean, ez da sekula autopsiarik egiten. Eta inork ezin esan halako susmorik agertu denik, afal ostean "Aftonbladet"-a irakurtzen eta zigarro-purua erretzen ari dela atake bat izaten duenean norbaitek.

Beraz, perdigoi itxura duten irinez jantzitako pilulatxo horiek, beraien beharra dagoen egunaren zain, hor daudela jakiteak lasaitzen nau. Beraietan lo dago indar bat, txar eta gorrotagarria bere baitan, gizadiaren eta bizidun guztiaren etsai jatorriz. Baina, biziki desiratuta, gaitz txarrago batetik askatzeko era bakarra denean, libratuko da bakarrik.

Zer neukan nik buruan pilulatxo horiek prestatu nituenean?
Maitasun zorigaitz baten ondorioz suizidatzea sekula ez zait burutik pasa. Agian, pobrezia. Pobrezia beldurgarria da. Kanpoko lazeri bezala deitutako guztietatik, pobrezia da barreneraino sartzen dena. Baina ez dut uste oso gertutik dabilkidanik neronek; ondo lekututakoen artean dut neure burua, eta soziologiak aberatsen artean kokatuko ninduke. Orduan, gaixotasunean pentsatzen nuen gehienbat. Gaixotasun luze bat, sendaezina, nazkagarria. Hainbeste gauza ikusi ditut... Minbizia, aurpegiko lupusa, itsutasuna, elbarritasuna. Barrenkezka txikienik gabe, nire piluletakoren bat emango niokeen zoritxarreko zenbat ikusi ote dut. Eta hala ez badut egin, nigan nahiz itxurazko beste pertsonengan, norberaren onurak eta poliziaren errespetuak errukiak baino bortitzago hitz egin dutelako da. Eta zenbat alferreko eta erabat usteldutako giza material iraunarazten lagundu ote dut nire lanbidean jardunaz -nire zerbitzuen truke kobratzeagatik gorritu ere egin gabe sikiera.

Baina halaxe da ohitura. Beti da zuhurra ohitura jarraitzea, eta pertsonalki sakon-sakonean ukitzen ez gaituzten gauzetan, agian hoberena jarraitzea litzateke. Eta zergatik bilakatu behar dut nik martiri, goizago edo beranduago gizadi zibilizatu guztiarena izango den iritzi batengatik, nahiz eta gaur egun oraindik kriminala izan?

Iritsi behar du, ailegatuko da, heriotzarako eskubidea boto-txartela hautestontzian sartzeko eskubidea baino garrantzitsuagoa eta debekaezinagoa kontsideratuko den eguna. Eta garaia heldutakoan, osaezineko gaixoak -baita "kriminal" orok- mediku-laguntzaren eskubidea edukiko du, askapena nahi badu. Bada zeozer eder eta handi atenastarrek Socratesi eskeinitako pozoi-kopa hartan, honen bizitza estatuarentzat arriskutsua zela etsi ondoren. Gure garaiak, era berdinean epaituko balu behintzat, tatarrez eramango luke urkamendi ziztrin batera eta triskantza egingo luke aizkora batekin.

Gabon, indar maltzur. Ondo lo egin zure kaxa borobilean. Lo egizu behar zaitudan arte: nire esku egon bezain agudo, ez zaitut ezgaraitan esnatuko. Euria ari du gaur, baina bihar eguzkiak distira egingo du, agian. Eta eguzkiaren distira bera ere izurridun eta gaixo irizten zaidan eguna argitu arte, ez zaitut esnatuko neroni lotarazteko."


"DOKTOR GLAS"-etik
HJALMAR SÖDERBERG




joxemari urteaga

 

 

 

 

 

 




 

bihotz bakartien kluba '03