bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


miren agur meabe

 

Tximeleta

… eta hitzaldi hartan, Guimaraes Rosak esan zuen:
"Pertsonak ez dira hiltzen. Sorgindurik geratzen dira"

Eduardo Galeano
Amodio eta gerra gau-egunak.




Erbesteko bat Bilbora etorri zen bere oroimenari segika. Oroimen bakana zen, tximeleta itxuran agertu zitzaion eta.
Goiz batean ikusi zuen komuneko ispiluan, hegoei eragin eta eragin. Unean ez zion jaramonik egin, baina ikusirik tximeletak lagundu egiten ziola lanerako bidean, edo supermerkatuan banan-banan pausatzen zela erosketen zerrendan idatzitako gauza guztietan, aintzakotzat hartu behar izan zuen.
Tximeletaren ekinak pentsarazi zion mezuren bat eman nahirik zebilkiola eta, horregatik, gizona arras ahalegindu zen zelanbaiteko esanguraz hornitzen ingumak ukitu edo seinalatzen zuen guztia.
Horrelaxe gertatu zen bidaiarena.
Azkenaldian, pinpilinpauxa atsedenik gabe aritu izan zen hegaka salako apalategian, eta beti liburu beraren bizkarrean geratzen. Gizonak liburua hartu zuen. Bidaia-gidaliburua zen, azalean museo zilarkara bat eta bakailao-kazola prest zituena, lauki zuri-gorrizko zamau baten gainean.
Erbestekoak Bilbora etorri behar zuela ulertu zuen.



Erbesteko hori ezagutzea suertatu zitzaidan, neure taxian sartu zelako aireportuan. Ez zekarren ekipajerik, lycra beltzezko zorroa ez besterik, lepotik trabeska.
Triste ematen zuen. Berba-erdirik esan barik, paper-mutur batean idatzita eman zidan helbidea. Baiezkoa egin nion buruarekin eta abiatu egin ginen mimosa-hautsezko bisuts horiztan barrena.
Gizonak musuzapi bat ezpainetaratu zuen eztul egiteko. Atsegin nuen. Haren izena asmatzen jolastu nintzen neure artean.
-Udaberriko alergia ala? -galdetu nion, atzerako ispilutik begira, eta berokiaren solapan zeukan tximeletari erreparatu nion. Gizonak zerbait esan zuen ahapeka, disimuluan tximeletarekin berbetan bailegoen, eta tximeleta niganaino hegaldatu eta kamisetaren eskotean geratu zitzaidan bolizko orratza zirudiela. Gure begiek elkar topa zuten.
-Estreinakoz al zatoz Bilbora? -ekin nion, nire berbakera hala-moduzkoa biok hitz egiteko traba izan ez zedin.
Gizonak irribarre apala egin zuen.
-Bai, lehenengo aldiz. Aizu, oraindino ez dut gosaldu. Gelditu, mesedez, errepide-bazterreko tabernaren batean. Gosaria neure kontura.



Bidean dena ageri zen alai -errepideko mediana, asfaltoa, bidegurutzeko taberna- eta eguzkiak ezin gardenago bihurtzen zuen gizonaren azala.
Kala bat hartu zuen tabernako mostradoretik, eta tximeletak zoraturik lez egin zuen salto lore barrura, korolaren abaro zabal usaintsuaren bila.
Nik atzamarrak sartu nituen neure edalontzian eta tantei txirrist egiten utzi nien lorearen bihotzeraino. Tximeleta lo antzean zegoen, lore-orratz tenteari besarka.
Edalontzia altxatu eta topa egin nuen:
-Zorte onaren tximeletagatik, Bilboraino ekarri baitzaitu.
Gogotsu edan nuen ura, begiak itxita.
Gizonak esan zuen:
-Memoriaren tximeletagatik, erratu ez dadin.
Gero, eskua jarri zidan bularrean eta musu ematera hurreratu zitzaidan.
-Izena duzu…




Leihotik so egin nuen gero. Lainoa zabaltzen ari zen zeruan, errautsezko hegal bat. Zelaian, gizonezko bat eta emakume bat ikusi nituen, lurrean zuloa egiten. Dardarizoa sentitu nuen. Zerbait zekarkidan gogora irudi hark… txapa- eta kristal-puskak, odola, inkesak…
Tabernako hormak izerdi-anpuloz bete ziren, lokatz irauli berria bezala.
-Eta zu, noiztik zaude hilda? -itaundu zidan.
Ez nion ulertu. Pentsatu nuen jakin nahi zuela ea noiztik nengoen amodio gabeturik.
-Ez aspalditik; hala ere, batzuetan urteak direla iruditzen zait -eta negargurak azpiratuta igarri nuen neure burua,. Lasterka hasteko gogoa etorri zitzaidan, baina airea arantzaz beterik zegoen eta ezin nuen alde egin.
Gizonak esan zidan emakume bat maite izan zuela lehenago eta zorro beltzetik argazki bat atera eta erakutsi egin zidan.
Neska ilegorri bat zen, potoloxka, kale huts batean urruntzen, bere izena entzutean-edo burua jiratu berri zuena.
Tximeleta astiro-astiro atera zen kalatik eta bekokian jarri zitzaidan.
Orduantxe oroitu nintzen hura bezalakoxe kale batean ibilia nintzela inoiz, antzeko orrazkerarekin, arropa berberekin.



Miren Agur Meabe

 

 

 

 

 

 




 

bihotz bakartien kluba '03