bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


lutxo egia > juanra madariaga

 

Inoiz ez gara hain goiz altxatu elkarrizketa batera joateko. Hau da marka. Zerealak lo-zorroan daude oraino, ohitura faltak derrigorturik. Begoñako Basilikaren ondoan lotu gara, Bizkaiko zaindaria lagun, bestelako zaindariak gure helmugan. Jende ugari dabil kalean barna, time for going home. Elizako erlojuak desordua adierazten du. Orratz txikia poesia da; prosa, luzea. Ondo ordaindutako enkarguzko lan baten aurrean gaude. Ez dakigu zeri buruz mintzatuko garen, hitz batzuk manipulatuko ditugu. Bostak dira. Gaur literatura eta kazetaritzaz jardungo dira Larrabetzun. Brievako presondegira goaz lagun bat bisitatzen. Gaztela gartzela.

Gartzelako galderak

Lutxo EgiaJuanra Madariaga

1 Espejismoak

Ez dago ilusiorik gabeko basamorturik. Osborneko zezenetan hitzak azaldu zaizkigu, hitz sotilak, hitzak bakarka, Marte planetako bakardadez puztuta, hemen. Bosna ele Martini Bianco. Putz aldizkarian lapurtutako eredua da. Ez dakigu nondik jotzen diguten erasoa, ispilatze oro erreala da azken batean. Estiloak derrigorturiko apainketak soilik.

Lutxok Juanrari. Izozmendia: Izozmendiek izotza dute. Izotza da munduan zehar beti bilatu izan dudan elementuetako bat. Nire mendi ibilaldietan, negu partean, izotza da bilatzen dudan elementuetariko bat, eskalada egiteko. Izotza, hein batean, elementu fidela da. Badakit pioletak izotzean indarrez sartuz gero ez direla aterako, baina hala ere, badakit kranpoiak beti ondo zorroztuta eraman behar ditudala, izotza berez musu labaingarriak baino ez ditu eskaintzen. Eta poemak ere labaindu egiten dira eskuen artean izotza bezala, izotz bloke zati bat eskutartean hartzen dugunean oso elementu labaingarria da. Hitzekin eta poemekin gauza bera sentitzen dut, bai ahotik bai atzamarren artetik, labaintzen zaizkit.

Juanrak Lutxori. Bi minuturo hegazkin bat: Londoneko Putney auzoan eman nuen bolada luzea. Ezaguna da, beharbada, Ramoncinen kanta bati esker. Han daude hiriko arraun taldeak, zubi famatupetik pasatzen da Oxford-Cambrigde estropada. Eta handik pasatzen dira, baita ere, bi minutuan behin Heathrow-eko aireporturantz abioiak. Etxeko terrazan nengoela erreparatu nion. Niretzat abioi horiek aniztasunaren irudia osatzen zuten: zenbat hegazkin-konpainia, zenbat klase abioetan. Klase ezberdintasunak estaltzeko erabili ohi dugu kosmopolitismoa. Concorde ikusi ohi nuen egunero


Lutxok Juanrari. Bidea: Beti pentsatu dut bidea bizitza bezalakoa dela, edo alderantziz. Batzuek esaten dute bide hori luzea dela, eta horrekin ados egon nintekeen arren, uste dut bidea zabala dela batez ere. Bide on batek dituen gauzarik onenak, saihesbideak edo lasterbideak dira. Ez naiz bide bakarreko gizona, ihesbideak eta lasterbideak hartzea gustatzen zait, ia nora naramaten ikusteko zain.

Juanrak Lutxori. Umeak. Aldaketaren irudia niretzat uneon. Puerperio edo erditze ondoko aldian sartuta nago orain. Ezaugarri batzuk ditu: beldurra, segurtasunik eza, zalantzak... mesfidantzak ezagutzen ez duzunarekin, gertuko jendearekin, aholkuak ematen dizkizutenekin... Gorabehera askotako aldia da. Eta nire izaera bat dator aldi horrekin. Umeak, bestetik, erakusten digu zenbat dugun ikasteko eta zein azkar ikas dezakegun

Lutxok Juanrari. Frantses irakaslea. Batzuetan esan izan dut nire poemak ez direla autobiografikoak eta gezurrak esatea ere gustatzen zaidalako idatzi izan ditut horrelako poemak. Gogoratzen dut aspaldian institutuan frantses irakasle atsegin bat genuela, eta gauzak nolakoak diren!, eskolak ematen nituen euskaltegira etorri zen nire matematikako irakaslea, Lorenzo, garai hartan asko miresten nuen pertsona, eta hark esan zidan frantses irakaslea hiruzpalau hilabete lehenago minbiziak jota hil zela. Eta esan zidan etsipenezko keinu mingarri batekin, eta neuk ere gauza bera sentitu nuen, zahartuz goazela, bizitzaren pergamua eriz idatzita daukagula, eta gauza asko esan ditugula eta zenbat esateko oraino?.
Irakasle batzuk hil dira, eta etsipen horren bidez asmatu nuen istorio polit bat, egunerokotasunean oinarritutako istorio bat, nola batzuetan giza harremanak tristatu eta iluntzen diren, eta egunerokotasunak albiste txarrak dakarzkigun.

Juanrak Lutxori. Poesia. Oraindik orain, Bilbao-Brieva-Bilbo bidaia honetan, topatu dudan geldiunea. Zaletu egin naiz azken aldion. Poesia erronka da. Poesiak bere adierazteko moduak ditu, eta neu ahalegindu behar naiz hartara moldatzen. Erlojuko orratz txikia da, etorri ez diren orduak markatu behar dituena. Hurrengoan esango digute poesia mailua dela. Eta nik uste dut lanabesa dela. Baina egokia da mailuaren irudia gaur egun? Zein mailu?

Euskal Hiritik Erdal Herrirako bidean bazterretan ere zaindari berde ahaltsuak. Ispilatzeetan ere sartu behar nonbait. Tordesillas-en ertzain bat ikusi dugu goardia zibil bat beharko lukeen tokian.


Lutxok Juanrari. Sokalaguna. Konfiantza. Grabitatearen deia heldu eta jausiz gero zure bizitza salba diezazukeen pertsona. Mendiko poztasuna, nekea, tristura eta negarrak ondo jasaten dakien pertsona. Sokalaguna ezin da edonor izan. Hark jakin behar du noiz ahultzen zaren eta zeuk jakin behar duzu noiz dagoen indartsuen. Ezinbestekoa, zaren pertsona zarela, altueraren arnasan narruko korapiloak konpartitzeko.

Juanrak Lutxori. Paperak erre. Paperezko Hegazkinak argitaratu baino askoz lehenago, liburua irakurri gabe, lagun batek eskatu zidan idatzitakoa erretzeko. Liburua kaxoi batera sartu eta, handik hamar bat urtera, berriro irakurri eta juzkatzeko. Horren azpian eztabaida bat zegoen: noiz argitaratu behar den lehen narrazio luzea. Euskal narratiban hainbat adibide, ez dagoela bide luzean barna ibiltzerik bide labur askotan behaztopatu gabe. Jaramonik egin ez arren, gaztigua aintzat hartu eta liburuan bihotzez eskertu nion gomendioa.

Lutxok Juanrari. Gailurra. Hitz polita niretzat. Nire begien aurrean gauzatu den guztietan, oso sentipen biziak eta bizigarriak izan ditut, batez ere 2003ko urriaren 5ean Cho Oyu-ko puntan. Hura benetako gailurra izan zen, zabala, handia eta altua, arras magikoa. Gailurretan oso une magikoak esperimentatu izan ditut, askatasunezkoak. Lehenengo handia Mont Blanc izan zen 17 urterekin. Gogoan dut Chopicalpin Perun, negar batean iritsi nintzela, aurreko urtean nire aita hil zelako. Bizipen asko biltzen dira, badirudi barruko borroka batek bultzatuta, barruko tentsio batzuk askatu behar dituzula eta nik horretarako topatu dudan leku pertsonal horietako bat gailurra da, oso espazio neurribakoa da.

Juanrak Lutxori. Kazetaritza. Umetako denbora. Aitaren ogibidea. Euskal Herriko frontoi guztietara joaten ginen. Kazetaritza atzera begiratzea da. Correo egunkariko erredakzio zaharra, Boluetakoa. La Gaceta del Norte-ko egoitza. La Hoja del Lunes eta Hierro. Gaur kazetaritza eta literatura uztartzen ari dira Larrabetzun. Lehen bazen idazteko modu literario bat kroniketan, erreportajeetan... Basterra, Aitona, Mugika, Dino Arrandiaga... Nik ez dut ikusten hori gaur egun. Neurri batean, ikus-entzunezkoek jan diote prentsari aspaldiko xarma. Umetan irrikan egoten ginen astelehenero eta asteartero Athletic-en kronikak irakurtzeko. Lengoai literarioa bazegoen han. Egun gero eta gutxiago, badirudi zutabeetara mugatu behar dela. (auskalo zeren gainean ari den Larrabetzun).






2. Bilbao-Brieva: lepoa 180 gradu

Euskal Hiritik Erdal Herrira euskal basamortutik igaro beharra dago. Bi-biok frogaturik dugu, bidaiaria ez da zientifikoa zertan izan begiratzeko. Kamuflajerik gabe abiatu gara, auto berde zahar batean. Kontuak argi hasieratik. Ez dakigu aldez aurretik zer nolako gaiak azalduko diren bidaia honetara. Orenek erranen. Arrigorriagako gasolindegiko langileak askatasun ametsetan hartu gaitu. Zortzietan etxeratuko da. Hiriko berbakeraz, antza, adostu dugu ordaindu beharrekoa. 'Nolatan ikasi zenuten euskara?'



Juanra. Erabaki nuen euskara ikasi behar nuela, besterik ez bazen, aitite eta amamarekin euskaraz ulertzeko. Negargarria zen ikustea zer nolako ahaleginak egiten zituzten gaztelania kaskarrean nirekin aritzeko.
Bigarren frustrazioa izan zen batuera ikasita eta amamak ez zuela piperrik ulertzen. Geroago, euskal filologian sartuta nenbilela, hasi nintzen neure grabazioak egiten apur bat Bizkaierara hurbiltzeko. Ondo gomutan daukat egun batean esan zidala "orain gure pareago egiten duzu". Eta haiek izan ziren nire hasierako uneak baina gartzela batetik nator eta gogoratzen dut soldaduskan ere nolabaiteko gartzela batean murgilduta ibili nintzela, eta iraultza gisan edo, euskaldun batzuekin batu ginen pisu batean, tranpa bat eginda, pase de pernocta trikimailua eginda, eta arratsaldero joaten nintzen niretzat erabat espazio pertsonal bihurtu zen ikasketa bat burutzera. Eta pisu hartara nire apunteak eramaten nituen, eta hitzak, lexikoa batez ere, hasi nintzen ikasten, gero piskana piskanaka euskaldun bihurtu arte. Gogoratzen dut soldaduskatik urten eta euskal filologiara sartu nintzela artez.

Lutxo. Neure kasua bestelakoa da. Neu ere banator erdal paradisutik. Nire hizkuntza eta kultura erreferentzia gehienak gazteleratik datoz. Ez dut Obabarik ezagutu, bestelako sehaska kantak entzuna naiz. Berandu samar sartu nintzen euskararen unibertsora. Amari raquero, babión, bardal edo pindia legezko hitzak entzuten nizkion umetan. Eta hori hasiera puntu bat da, oraingoa bezalakoa. Gaztelako lautadan dagoen gartzela batera goaz. Eta neu ere abiatu nintzen modu konstziente batera euskarara. Eta esperientzia politak ez ezik, traumatikoak ere ezagutu ditut. Neuk ere bizi izan dut "Kutxidazu bidea, Ixabel". Ergitxeak galdu nituen Oderitz inguruko pagadietan, Olaberrian kable elektriko batek astindu ninduen...

'Zer da kontzientzia inkontzientziaren eguneko aurpegi zurbila ez bada?'. Gasolindegitik ateratzean txunda batez heldu zaigu galdera. Gaua estreinatu berri. Gazteak errioxarrak dira, martxa gorputzean, aluzinea buruan.



Juanra. Orduan esan dezakegu biok abiatu garela erabaki kontziente batetik... Gogoratzen dut, nire familiaren iraganean hutsune handi bat bazegoela sentitu nuela. Txikitan berba egindako euskara galdu zuen horietarikoa zen gure aita. Nolabait, sentitu nuen basamortu bat pasatu genuela familia legez, neuk banuela aukera kate-begi hura ez eteteko. Eta puntu bateraino esan dezaket harro sentitzen naizela lortu dudalako kate horren begia ez galtzea, eta orain nire familia euskalduna da.

Lutxo. Senide euskaldunak ditudan arren, nik ez dut horrela sentitu. Honi lotuta zera bururatzen zait: begien aurrean dugun paisaia laua da, zapala, zabala, okrea, hotza eta gogorra. Batez ere gogorra. Eta batez ere gogorra bidaiariarentzat. Basamortua. Ibilaldi abailgarri eta amaigabea. Inoiz sentitu duzu frustraziorik?

Gaztela oihartzunik gabeko lurra da, lauegia, oihuak hodeiertzean galtze dira betiko. Hala ere (ispilatze fonetikoa ote?) Juanrari itzuli dio galdera auskalo nondik etorritako ubarroi batek. Inoiz sentitu duzu frustraziorik?


Juanra. Batzutan neure zalantzak ditut. Herri batean sorturiko euskaldun peto batek nola hitz egiten duen ikusten dudanean, zelako pentsaera duen, batzuetan pentsatzen dut bestelako euskaldunok badugula eskubidea nahi bezala izateko, baina haiek benetako petotasuna gordetzen dutela. Haiek badirela labela dutenak eta gu, aproximazioz edo, hurbildu garela totem horretara. Baina Euskal Herriko seme-alabak ote garen euskaldunaren petotasun horren barruan, batzuetan neure zalantzak ditut. Beti izan dut euskaldun bihurtzearena erdal mundutik abiatuta azkenean oso gauza nekagarri bilakatzen delako sentipena. Nik ez dut neure burua euskaldun berritzat jotzen, zaharra naiz berritasunean, baina prozesua batzuetan frustrantea izan da. Euskaldun izatetik idazle euskalduna izatera bestelako istorioa litzateke, nik uste. Zeure kasuan?

Lutxo. Nirean, itsasaldietan bezala, atzera eta aurrerakoak egon dira, jakina, baina ez dut inoiz prozesua ikusi etsigarri bihur zitekeen zer edo zer bezala ikusi. Etsipena baino gehiago, beldurra, zalantza, aurreiritziak... Eta horretan zer ikusi handia du izaerak, noski. Hizkuntzatik eratortzen den etsipen zentzazio hori euskaraz idaztean hasi naiz ezagutzen. Eta, neurri baten, kontradikzio bat gordetzen du.

Goizeko zortzietan, ilun, ehiztariz jositako taberna batean, ipurdi bistan gelditu gara. Berdeak dira eskopetak jakak gerrikoak botak kapelak asmoak kafeak begiak. Berdea ere bada gure autoa. Albaceteko labanak daude nonahi. Tiro-hotsak entzun dira, zorroztarria, ez da kontradikziorik ametitzen.


Lutxo. Euskaraz idatzi aurretik ez nuen idazten. Berandu heldu naiz euskarara, eta berandu heldu naiz literaturara (askotan berandu ailegatzen delako irudipena duten horietakoa ei naiz). Eta, nolabait esateko, euskarak lagundu edo bultzatu nau idaztera. Euskaraz ez eze, gazteleraz ere. Bilbao-Bilbo-Brieva. Neure euskara liburuetatik dator hein handi batean. Sarri hamaika zalantza biltzen ditut: egokia da burura etorritako hitza? Hori al da adierazpen horren esanahia? Sarasolak-eta ateratako Ereduzko Prosa horren argigarri. Sarean dagoen bilgune horretan ikus dezakegu ereduzko idazleek zelan erabiltzen dituzten hitzak. Oso tresna baliagarria da, ezin uka. Baina bestalde, argiago ikusten duzu ez zarela ereduzko. Jakina da ez zarela ereduzko zertan izanik euskaraz idazteko, baina hala ere horrek zalantzak sortzen dizkizu. Eta haiek, une gaizto batean, etsipenera hondoratzen lagun diezazukete. Nire inkontzientean ez dago mitxirrikarik, esan dut dagoeneko, eta ez diot etsipenez, ez dago prozesu bat besteak baino hobea denik, guzti-guztiak dira baliagarriak, baina argi eduki beharra daukagu hori (zenbaitetan gatxa da) euskaraz idatziko bagara. Orixe eta Mitxelena eredugarriak izan daitezke, baina beti ere ahaztu gabe umetako trenak Amurriora zihoazenak zirela eta Santanderreko tolbarako bidean (horrela esaten diote hango lagunek kai-muturrari) galipota gorri-horia zegoela Carmen egunean.

Bidean okerbideak, saihesbideak daude. Pajares de Adajan galdu gara. Joaneakoan ez, bueltan baizik (baina literaturak honelako lizentziak ditu). Prozesua sekula ez dela amaitzen esan gura ote du, batek jakin. 'Batzuetan atzera egin behar da, ezta?' Haizeak ekarri digu galdera.




Juanra. Eta pozik, gainera. Atzera bihurtzeak adierazten dizu bide onera bueltatzen zarela edo buelta zaitezkeela.

'Bada buelta zaitezte zuenera'. Brieva ondoko errotonda karratu samar batean bigarrenez gelditu gara kafe bana hartzeko. Baita saiheskia ere. Burusoilduta zegoen tabernariak ere parte hartu nahi izan du. 'Noiz hasi zineten idazten?'


Juanra. Nik ere gogoratzen dut euskarak bultzatu ninduela. Bolada batean, jada euskararen giroaren epizentroan sartuta, Itoitz eta entzuten nuela... gogoratzen naiz, musikarekin batera, hasi nintzela idazten erdaraz poema batzuk (tontakeria batzuk gaurko talaiatik ikusita)... Euskal musikan joan nintzen murgiltzen gogotsuago edo, gauez entzun ohi nuen neure gelan, eta halako batean euskaraz idazten hasi nintzen. Poliki poemario bat osatu, Bizkaiko Diputazioak antolatutako lehiaketa batera bidali eta, ustekabean, lehen saria eman zidaten. Harrezkero argitaratzearena beti izan da kontuan izan dudan istorio bat. Bigarren liburua argitaratzeko uneak beti ematen dizu konfirmazioa, idaztearekin lotura sendoa lortu duzula edo. Eta horrela izan zen, inolako erabaki oso ikasi baten bidez, ez, gauez idazten nuen, bolada oso kreatibo bat izan nuelako, besterik gabe.

Lutxo. Aipatu duzu Itoiz. Talde horren oso zalea ez naiz inoiz izan, baina horren harira burura datorkit neu ere hurbildu nintzela euskarara musikaren bidetik. Belaunaldi kontua ote? Kulturaren bidez, musikaren bidez. Eta gu bezala jende asko. Baina neure kasuan gehiago RRVri esker. Izan zuen gauza bat oso ona. Biltzen zituen euskaraz (Zarama, Hertzainak...) eta gazteleraz (La Polla, Cicatriz, Rip, Eskorbuto...) abesten zuten taldeak, baina den-denak mugimendu baten barruan. Hura izan zen mugimendu integratzaile bat, nik uste. Niretzat, behinik behin, dena zen euskal musika (erdaldunaren pertzepzioa izan zitekeen). Egun, agian, bestelako parametroetara eramango nuke sailkapena. RRVren aterkipean erdaraz eta euskaraz (euskaraz jakin gabe) abesten genuen. Seguru nago La Pollak lagundu zidala Hertzainak eta Zarama entzutera. Eta haiek bertsolariak, gizajende xelebrea, deskubritzera. Erdal Herrian ez baitago bertsolaririk.

Tabernako komunera sartzean graffiti bat ikusi dugu, euskaraz idatzita, gartzelara aurretiko azken galdera. Ez gara bisitari bakarrak. Zer hasi zinen idazten lehenengo: ipuinak, poesia, gogoetak...?


Lutxo. Oso ipuin kaxkarrak. Baina literatura alde batera, idazten hasi nintzen euskaraz ia jakin gabe. Gogoan dut akzezit bat eskuratu nuela Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan galdegaia zer zen jakin gabe! Prozesu luzea etorri da gero, ikasteko gramatika, semantika, ortografia... Eta dut garbi zergatik ez nintzen ama-hizkuntzan idazten. Batzuetan pentsatzen dut benetan zaletu nintzen literatura euskarazko liburuak irakurtzen. Irentsi beharra zegoen ikasteko. Orduan derrigorrez euskaraz idatzi behar. Auskalo, ez da militantzia kontua

Txapelokerrak toki guztietan, belerik gabeko txorimaloz beterik daude Gaztelako sailak, txori guztiak uxaturik dagoeneko.




3. Autorea hari batean (Brievako gartzelan)


Presondegiek egitura zirkularrak ebitatzen dituzte denboraren mugimendu faltsuari muzin egiteko. Hormak altuegiak, pioletak sartzen ez diren horietakoak, porlanezkoak, hotzegiak. Nor bere buruari ziria sartzea lagungarria da, aita-amen izen-abizenak apuntatu ditu ateko goardia zibilak. Galdetu beharra ogibide bihurtu zaio. 'Madariaga Abaitua, Juan Ramon. Bide luzea egin duk, zazpi liburu..."



Juanra. Aurten izan da lehen aldia kopuru horri erreparatzen diodana. Hasi nintzen pentsatzen zazpi liburu asko direla, asko direla bai, baina gauza asko oraindik esan barik ditudala, ez dela ibilbide luzea, eta ez naiz inorekin konparatzen ari. Ez nau inoiz kezkatu zenbat liburu atera behar nituen, patxadaz idatzi dut beti, sortu izan zaizkidalako kontuak, eta orain ikusten dut apur bat hausnarketa egiteko garaia iritsi dela, zer egin dudan zazpi liburu hauekin, balio duten zer edo zertarako. Ez naiz damutzen egindakoaz, baina beharbada batzuek ez dute balio handirik. Oraindik, literatura munduan gaztetzat dut neure burua, ikaste prozesuan nabil, literaturak ikasteko ahalbide bat ematen dit, iruditzen zait ibilbide motza egin dudala. Abiadura bereziko tren batean murgilduta ibili naiz, argi daukat hori.

No problemo, barruratzeko imintzio garbia atezainak, 'baina, sartu baino lehen, zer adierazi nahi izan duk?', ez dugu gaizki aditu, hika mintzatu zaigu beste berde hau

Juanra. Garai bakoitzak bere arnasa ematen dizu, eta arnasa horri esker idazten duzu modu batean edo bestean, eta igual batzuetan baliorik gabeko gauzak idatzi ahal dituzu eta beste batzuetan egoera latz batzuei erantzuteko erabiltzen duzu literatura. Ez dut hausnarketa sakonik egin, zergatik idazten dudan edo zer adierazi nahi diodan irakurleari. Gustu handia hartzen dut kaxoitik orain dela urtebete idatzitako poema bat berreskuratzean, eta askotan harritu egiten naiz poema hori edo hura idatzi izanagatik. Beharbada autobanitatearen gaiari heldu beharko nioke, sarri nik neuk disfrutatzen dudalako egindakoarekin, eta niri gustatzen bazait normalena da pentsatzea beste batzuei ere gustatuko zaiela. Ez dakit alferkeria hutsa ez ote den, baina ez dut gogoeta handirik egiten idatzitakoaren gainean. Tirainak narama ezkutuko legeek aginduta.

Lutxo. Nik badut barne-ahots bat liztor baten moduan sarri ziztatzen ibiltzen zaidana. Zeri buruz idatzi behar dudan, neure esanak koherentzia puntu bat duten neure bizimoduarekin. Horrek burukomin eta buruhauste handiak ekarri ohi dizkit. Eta beharbada muga ere bada idazteko orduan. Kultura munduan ikusten dut kulturgilea koherentzia faltaz aritzen dela, edo aritzen garela zuzenago esateko. Badakit zeri buruz idatzi nahi dudan, baina orduan neure buruari galdetzen diot ea zilegia den neuk idaztea horren gainean. Neure bizitzan mantentzen dut jarrera koherente bat esan nahi dudanarekiko. Hor zalantza ugari sortzen zaizkit.

Barne-telebista sistemak hona ere ailegatu dira, Espainiako Gobernuak 4-5-1 ezarri du aurrekontuetan. Emakumezkoak dira presondegi honetako kartzeleroak. Ez da gona berdedunik ikusten, berriz. Atsegina begitandu zaigu, goxoa ere esango genuke, Korte Inglesean baino hobeto aritu zaigu. Hamaika emakumezko gatibu eta Roldan. Inork ez du hura begiztatu eta hala ere... Manta buru gainean mamu bihurtu da. Iristean badaki nor garen. Ez dugu, ez, ehiztari itxurarik. "Hor zalantza ugari sortzen zaizkit" azaltzen da pantaila gorrian. Kartzela karaoke duina da kristau gehienentzat. 'Adibidez?' jakin nahi izan du.

Lutxo. "Paperezko hegazkinak" liburuan, besteak beste, gogoeta xume bat egin gura izan nuen zentsuraren gainean. Erraza da Zentsuraren kontrako jarrera bat agertzea liburu batean; ez hain erraza, ordea, eguneroko bizitzan. Eta neure buruari galdetzera behartuta nago, zelan jokatzen dudan nik egunero, inork eginak eta esanak zentsuratzen ditudan, zergatik egiten dudan, neure burua zentsuratu ohi dudan. Sarri pentsatzen dut gaien atzean autodefentsa jarrera bat badagoela, literatura neure burua babestu behar duen antidoto gisa.

Juanra. Poesia ere horrela ulertuta?

Lutxo. Bai, batez ere poemen inguruan batasun tematiko bat baldin badago. Azken finean zeren inguruan idatzi nahi duzun da kontua. Ez diot koherentzia traba denik idazteko. Maitasun poema eder askoak idatz daitezke burua batere urratu gabe. Agian traba neuk sortua da. Jarrera kontua da. Berdin gertatzen da elkarrizketa honekin. Banitate ariketa ez ote den galdetzen dut nire baitan.

'Banitatea handitzeko ariketa...?'. Gure lagun eta lankidearen ahotsa indargarri heldu zaigu. Avilako harresiak arrakalatu dira. Biba zu! Galder Perezen esan bat gomutatu dugu: 'Maite eta amesten dudan guztia jasan dezakeen burua eduki nahi nuke'. Pisuaz ari da, ez tamainaz. Izorra zaitezte, hau gure momentua da! Pessoa eta Sarri ari du. Eta eguzkiak kanpoan segitzen duela nabaritzen da.


Lutxo. Eskerrik bestela aurkeztuko diegun Larrabetzukoei! Luis Berrizbeitiak dio poema batean "poesiaren erresuman banitatea tronura goratu dela". Neuk ere ikusten dut halako gorakada bat gure inguruan. Gure sistema literario txikian banitateak bortizkiago jotzen du atean. Komunitatea txikia izanik, komunikatzeko bideak erraz bihur daitezke gure aurka.

Juanra. Aurrekora bueltatuz apur bat, neure ibilbide laburrean, nire ikasbidea ere oso txikia da, eta orduan eskain dezakedana hein batean ere txikitasun mundu horretatik abiatuko litzateke... interesgarria izan daiteke hausnarketa txiki bat egiteko. Idazlea sentitzen zara?

Jugatxek, barruko mundu ez-leku atenporal honetako gure lagunak, arrapostu du inoiz baino gehiago irakurtzen duela, astia horretarako asmatu omen zuten Jainkoek. Gure lehen irakurle bihurtu dugu, ez dago zalantzarik. Ez ote garen gaixoa nazkatzen ari. Banatzaileek gorroto ote diguten. (Madrilgo soto batean gure asteroko gutunak aztertzen dituen begi nekatuko euskalduna, estutu bat).


Lutxo. Lehen esan dudanez hizkuntza batek bultzatu ninduen idaztera. Nolabait esateko, ez naiz literaturzaletasunetik abiatu. Badaude pertsonak gazte-gaztetatik bere burua idazle sumatzen dutenak. Nire kasuan gehiago da sistema literarioak bihurtu nauela idazle. Egun batean zeure izena ikusten duzu non edo non, eta onartzen duzu besterik gabe. Eta ez zaio garrantzirik zertan eman, igual gurean gehiago nabarmentzen da, ez dakit.

Juanra. Sistemaren barruan daudenek (hedabideak...) ematen diote. Zeure izena egunkari batean ikusten duzu, idazle zarela... nik harridura punttu bat sentitzen dut, eta neure buruari galdetzen diot ea benetan poeta naizen, edo ea benetan idazlea naizen. Edo noiz kontsideratu behar dut neure burua idazle edo poeta. Poesia idazteagatik poeta ote naizen. Zalantzan nago. Eta normalean besteek edo lagunek esaten dizute "zeu idazlea zara...", orduan buruan sartzen zaizu idazlea zarela, besteek esaten dizutelako, horrela hartzen zaituztelako. Baina nik uste dut, idazleaz aparte, pertsonak beste bide batzuk jorratzen dituela, eta nire kasuan beste gauza askok osatzen naute. Nik neuk neure burua ez dut idazletzat hartzen.

Lutxo. Hor badago kontu bat... Euskararen herrian nabarmenago gertatzen ei dena. Askotan artista edo idazleak hartzen du benetan ez duen dimentsio bat. Zenbat aldiz ikusi ditugu euskal herriko kulturgileak manifestuak sinatzen? Manifestuak sinatu behar dira, jakina, baina batzuetan gertatzen zaigu artista ezagunagoa dela manifestuak sinatzeagatik bere lanagatik baino, batez ere idazleen kasuan, herri honetan ez baita asko euskaraz irakurtzen. Eta manifestuak sinatzea diot, baina berdin esan dezaket Gabonetako kantak abestea ETBn edo badakit nik! Gure mundu kultural ttikia (edo ez hain txikia) komunikazio-sistema txiki batean dago, eta askotan komunikabideak azaltzen zaizkigu desitxuratzen duten ispiluak bezala. Bestelakoa da, noski, Euskal Herriko erdarazko komunikabideek sortzen duten desitxuratzea. Horrek izenik ere ez du merezi.

Mintzalekutik irten eta itxaron-gelara eroan gaituzte berriro, sendagilerik gabeko Anbulatorio itxura du. Lau emakume daude noiz sartuko. Lodiak dira albondigak bezala, ezen lur honetan gantza abantaila baita. 'Idazlearen permanentzia edo iraunkortasuna komunikabideek ematen diote idazleari ala idazleak berak badu kapazitaterik permanentzia horretan ibiltzeko?'. Loditasunari dagokion neurriko galdera izan da.


Lutxo. Komunikabideek eragina dute batez ere egunerokotasunean, nik uste, salmentetan, erabakigarriak izan daitezke idazle batzuk nabarmentzeko... eta permanentzian ere lagun dezakete, baina nik uste dut azkenean idatzitakoak berak ebazten du iraupena. Kalitateak egiten du. Uste dut euskarazko literaturan badago galbahe eta oreka bat puntu horretan.

Juanra. Bai, iraupena kalitatez mintzatzen zaigu derrigorrez. Badaude idazleak kantitateari erreparatzen diotenak, berrogei lan baino gehiago izan ditzakete, eta erabat ezezagunak izatea permanentzia horretan, hau da, goi-mailako gizarte literarioan sarturik ez daudenak. Eta beste batzuk, oso produkzio txiki batekin, bestelako xarma bat dutelako, edo auskalo zer duten..., horri esker permanenteagoak dira sisteman besteak baino. Baina inportantea da, azken batean, permanentzia? Hau da, idazle sentiarazten gaitu horrek?

Lutxo. Hori norberaren banitatearen arabera. Badaude idazle batzuk oso gauza onak idazten ari direnak, komunikabideetan nabarmentzen ez direnak (ez bada liburuari lotutako erreferentzietan, eta batzuetan ezta hori ere), liburuak bermatzen die iraupena euskal literaturan, baina ez dirudi larregi arduratuta daudenik horrekin. Denetik egon behar da.



4. Brieva-Bilbo: lepoa 360 gradu


Hamabiak eta laurdenetan orratz luzeak prosa gailenduko dela adierazi gura du. Poesia joan da pitzaduretan barna. Presondegi ondoan, inoren lurrean, badago telefono-kabina bat, zaharra, bakarrik, komunikazioaren eskultura. Gu komunikazioaz ari gara. Telefonoak jo du bospasei aldiz. Ez gara hurreratu, segapotoak daramatzagu aldean. Sototik hots egin berri digute, 'zelan gure laguna?´. Telefonoak berriz ere jo du. 'Eta hemendik aurrera, zer?'


Lutxo. Aurreko baten, Patxi Iturregiren liburu baten aurkezpenean, Xabier Mendigurenek esan zidan moduan, seme-alabak dauzkagunon produkzioa, hasiera horretan behinik behin, behera egiten du. Nirea txikia da, beraz dagoeneko hasia naiz epitafio baten bila. Ez dut sentitzen zer edo zer urtean behin, bi urtean behin edo bost urtean behin idazteko beharrik. Denbora luzea daramat idatzi gabe. Banenbilen eta orain ez nabil. Baina Bilborantz goazenez, eta gose naizenez, bada esango dut niretzat erronka dela poesia idaztea, poesia idaztea euskaraz.

Juanra. Aurten oso urte oparoa izan da alde askotatik, oso urte pozgarria, eta azken liburuarekin erabat hustuta geratu naiz, ez dut uste ezer idatzi dudanik (ideiak eta artikuluak salbu), ez dut gogorik, lehen esan duzu zeu kanguruen moduan ikusten zenuela zeure burua, saltoka (*hori elkarrizketatik kanpo geratu da, gartzela orotan ordaindu beharra dago) igual ni txoriago sentitu naiz, hegan, inoiz edo pausatu habia egiteko, eta habia horretan poemak idazteko. Eta uste dut orain hegan nabilela atzera ere, inguratzen nauen paisaiatik elikatzen eta ikasten.

Txapelokerrek ez gaituzte geldiarazi sasi kontrol batean, baina auto bat oso hurbil igaro denean altabozetatik entzun dugu euren azken galdera. 'ETA ZEREN GAINEAN IDATZI?' (tonu nasal berdean egin ere)



Lutxo. Niretzat ez da hain erraza, lehen aipatu dut. Ez naiz gauza urtero gai bat erabakitzeko. Gustuko dut pentsamendu bat agertzea, txikiena bada ere. Ez dut hau denbora-pasa huts gisa ulertzen. Azkenaldion kritikaren gaia dabilkit burutik. Kritika egitean, nor kritikatu behar dugu? Zeinek dauka lehentasuna? Etsaiak? Arerioak? Maite ditugunak? Norbera? Denak? Gehienetan nabarmena da kritikak etsaiaren kontra egiten ditugula. Eta kritika, nik uste, egin behar zaio gehien estimatzen duzunari. Kritika hori interesatzen zait. Eta ez dakit gurean ezkerrak jakin duen hori onartzen, jakin dugun onartzen.

Juanra. Uste al duzu txobinismo asko dagoela gure literaturan? Oso une onean gaudela esaten denean, oso liburu onak plazaratzen direnean?


Lutxo. Ez dut uste. Sisteman idazleak, kritikoak, irakurleak, komunikabideak eta abar daude. Oreka egokia lortzen da. Ez dut uste sistema bezala puztuta edo oso puztuta dagoenik. Eta, hala balitz, hedabideek sortutako oihartzunak eraginda neurri handi batean. Literatura alde batera, telebista ikusten dut nik horretan lotsabakoen. Endogamia ikaragarria ibiltzen dute.

Burgos Cabeza de Castilla, ondo bazkaldu dugu, tripakada ederra Villazopeque-n, bazkaldu dugu ondo baina ez aurretik uste bezain ondo. Gero eta gertuago gaude, etxera goaz, euskal herria ala euskal hiria eztabaida arriskutsua iruditzen zaigu, hirietan ez dira auzo guztiak berdinak, beste batean beharko du. Subijanako iraganbideren parean, Altubetik 22 kilometrora, sekulako euri-zaparradak harrapatu gaitu. Zabaldu dugu kartzeleroek Jugatxi erretenitutako paketea, susmagarri izan liteke... 'Kritikari buruz berba bana'. Gaztela Gartzela, hain sinplea balitz. Azken enbidoa.



Juanra. Egia da, bestalde, kritika, literatur kritika oso goxoa dela idazleekin. Sarri, lagunen liburuak kritikatzen dira, txarrak iritzitakoak ez dira kritikatzen... Eta bai, batzutan lanak puztu egiten dira, eta globo batean sartu eta bidaiarik altuena egiten dute. Legalagoak izan behar gara. Ez dakit benetan dakigun behar bezala neurtzen zelako lanak iristen zaizkigun euskal literaturara. Eta beste horrenbeste sarirekin... Hausnarketa baten beharrean gaude. Badago edo egon da basamortu bat busti ez garelako, eta uste dut apur bat noraezean dabilela gure kritika, nahiz eta bestelako sistemekin oreka egon, batzuetan hutsune handi bat ikusten dut, hau da, ez da inoiz ausartzen kontrakoa esatera. Igual ez dagoelako esaterik. Baina sarri bestelako ahotsen hutsa sumatzen dugu. Eta hori kezkagarria izan daiteke.

Lutxo. Ni lehen kritika politikaz ari nintzen. Hemen joera handi bat egon da gizarte eta kultura-mugimenduak fagotizatzeko. Ezkerra, mugimendu legez, orain arte ulertu dugun moduan, nahiko maldan behera ikusten dut eta neurri baten badu zerikusia harekin. Herri txikia da hau. Iruditzen zait zeuk literaturarako aipatutako gabezi hori, hainbat esparrutan ikusi dugula gure herrian. Ezker abertzalearekin neurri batean edo bestean identifikatutako kulturgile askori asko kostatu zaio azaleratzea kritika. Begien bistan ditugu orain. Hainbat modutan ikusten dugu, noiz zuzena, noiz zeharkakoa. Itsasontzia bete zulo ez dakit, baina zulo ugari ikusten dizkiot nik. Ez nuke esango bidaiari guztiak kareletik behera salto egiten ari direnik, baina desbinkulatze bat ikusten dut. Eta, beharbada, aberasgarria izan daiteke. Ez dakit zer datorkigun eta nola datorkigun, hor daude hamaika eraso euskara eta euskal kulturari, baina taldekako erantzunak aldikakoak dira, ez dago mugimendurik, ez dago RRV-rik, nor bere kabuz ari da. Sortzeko, adierazteko eta komunikatzeko formak aldatzen ari dira. Jakin behar da hori guztia positibatzen kolektibitateari begira. Eta geure burua kritikatzen. Hobe beharrez, autokritika ezinbestekoa da, geure buruari eta maite dugunari. Egurra. Erabiltzen badugu kultura geuk kritikatzeko, gero jakin behar da egurra hartzen. Erraza da esaten.


5. Bilbo: literatura hiria

Desagertzen ari zara
haize krudelak basamortuetako urratsak
ezabatzen dituen bezala,
urak harturiko
errotuladore beltzez idatziriko poema traketsa bezala,
urteetan zehar arbela zaharrean
idatzirik egon den palindromo hura bezala,
izozmendi erraldoien beldur ihes egiten duen
iparraldeko eguzki dudakor bezala,
arratsaldeko hareatza metalikoak
uraren azken arnasa xurgatzen duen bezala.

Desagertzen ari zara
telebistako marra zuri-beltzen atzeko
irudi higatuen moduan,
zainak zabalduz geroztik, mainontziaren urak
gorritasun ahula daraman moduan,
ikusten ari zaren zerbait sinesten ez duzunean
begiak gogor igurtzi ondoren
airean agertzen diren argi txiki geldiezin haien moduan.

Horrela desagertzen ari zara,
abstrakzio baten zentzua bezala,
denetarako erabiltzen den keinu hutsal hura bezala,
denborak irentsitako kandela baten bizitza bezala,
balak espazioan bezala,
epizentroa lurrikaran bezala,
euria erreka lasaietan bezala,
zirkoak eta trapezistak bezala,
ametsek zaharkituta.
Juanra




Rolan Barthes-ek esan zuen, oraina,
denbora zail hori, angustiaren zati bat baino ez dela,
eta nik azpimarratu ez nuen liburu bateko lerro zahar batean,
Bertol Brech-ek zioen, bizitza arbitrarioki aukeratzen diren
une metaketa bat dela.
Oraina,
ezer itxaroten ez duenaren itxarote gogorra,
angustia eta bizitzaren arbitrariotasuna,
gure eguneroko albistegia osatzen duen publizitate garestia,
gure borondatetik urrun nahi genituzke
destino ekidinezinak.
Juanra




Gau argitan barrandatzen zaitut
Begiok lerro beltzetan aspaldi galdu arren
Itzalez bete da abailgarri
Zeruertza gaur segada dakar
Etsaia daukat zazpietan

Lerro beltzetan galtzen zaitut
Paperek kondenatuak aspaldi fusilatu arren
Bizitzan behera arrain hilak lez
Doaz abioi berriak krask egitera
Etsaia daukat zazpietan

Kondenatuen paperetan fusilatzen zaitut
Gomutatzeko beharrez aspaldi ahantzi arren
Hegan heldu da maisu eskuadrila
Eskolak goitik behera izkiriatuak
Etsaia daukat zazpietan

Beharraren gomutaz ahazten zaitut
Zuganako giltzarria aspaldi paratu arren
Lurretik ikusten zaio
Historiaren sabelari
Burdinezko gurutze santifikatua
Etsaia daukat zazpietan

Giltzarrian paratzen zaitut
Harginaren arrandia aspaldi finitu arren
Tabernarik taberna ari zaigu
Queipo de Llano txikiteoan
Etsaia daukat zazpietan

Arrandiaz finitzen zaitut
Iltzearen dardara aspaldi niganatu arren
Zorna darie gure berbei
Nurembergeko prozesuan
Etsaia daukat zazpietan

Iltzez niganatzen zaitut
Mailuaren jotzea aspaldi isildu arren
Lauaxeta akabatuko duen bertsoa
Merke erosi dugu urriko ferian
Etsaia daukat zazpietan

Eta jotzea aspaldi isildu arren
Mailuz bakarrik maite zaitut
Zazpietan bakarrik maite zaitudala
Etorri naiz gaztigatzera
Etsaia daukat zortzietan
lutxo

 

 

 




 

bihotz bakartien kluba '04