bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


markos zapiain

 

Zenbakien hotsak

Kolosala izango da-n kilkerren bidez egiten du protagonistak bere bidaia iniziatikoa: ume izatetik heldu izatera, gerra erreala jolasean sartzetik, gerra gehiago nahi izatetik, jolasa eta irudimena gerra errealetik ihes egiteko erabiltzera.

Bestalde, honela amaitzen da Edorta Jimenezen "Kilkerren hotsak":

"Artean gau aro ederra zegoen, ilargiaren adar biak elkar ukitu nahirik bezala ikusten ahal ziren, eta hantxe lotu nintzen. Luzaz. Kilkerrei adi, 1937ko maiatzean Sollube mendian aditu beharko ziratekeenak, urte bereko ekainean Gasteizko apaiztegian edo irailean Derioko kanposantuan legez, haiexek zirelako. Kilkerren hotsak."

Hasieran honela irakurri nuen: kilkerrak, gerra zibilean, heriotzen lekuko izan ziren, gizakiek eragindako heriotzenak. Solluben, Gasteizen zein Derion badira belardiak. Aldiz, Uriartek orain, mende amaieran, entzuten dituenak, ez dira inongo heriotzaren lekuko. Kilkerrei ez zaie axola giza heriotza, ezta giza bizitza ere. Giza historia tragikoaren alboan, naturaren hots indiferenteak lirateke kilkerrenak.

Ordea, Gotzon Barandiaranek erakutsi dit kilkerren hotsak fusilenak ere badirela, tiro egiteko prestatzean. Horrela, hots horiek esangura osoagoa eta misteriotsuagoa hartuko lukete: gerra ez dela zinez amaitu adieraziko lukete, besteak beste. Ezin da amaitu: Heraklito Ilunak zioen gerra dela guztiaren aita eta errege. Eta poeta batek ez dagoela legerik fundatzailerik gabe. Gure bizi-legea, alabaina, hein handi batean, gerra zibilak fundatu zuen.

Edozelan ere, kilkerrak baino garrantzitsuagoak dira zenbakiak, pitakorikoen esanetan bederen.

Eta ematen du badagoela "Soinujolearen semea"ren irakurketa kabalistiko bat egitea.



-BAT

Benetako Bata, Batasun Aratza, aseguru saltzailea da, Davidi ondo gogoratzeko tresna, listaria, ikatz-koxkorrarekin, egur pusketa kiskaliarekin eta tximeletekin, ematen diona. Jainkoren batengan sinesteak ematen duen babesa galdua dutenek bilatzen omen dute aseguruen ziurtasuna. Listaria ez da soilik oroimena; gogoeta ere barnebiltzen du. Listariak elkartu egiten du, uzta bildu, barreiatua Batu. Bizitzaren zati sakabanatuak elkartzen ditu listariak. Aseguru saltzaileak dakar urrutikoaren hurbiltzea eta desberdinaren Batzea.


-BI IZANIKO BATA

Bat dugu orobat Don Pedro Galarreta, Lehen amerikanoa, Lehena, Atxagak azpimarratzen duenez.

Liburuko pertsonaiarik lodiena izateak, eta bere sexualitate ez oso etiketagarriak, beregaintasun bakarti bat ematen dio, izaera fundatzaile bat.

Pedro, Petri, harria, harkaitza. Arameoz, "Kaifas". Gaur egun, badugu Harkaitz izena. Jesusek Pedrori esan zionaren itzulpenik lotuena, hauxe genuke: "Harkaitz, hi izanen haiz nire Elizaren lehen harkaitza". Olariagaren eta Asiskoren antzera mintzatzen baitzen Jesukristo. Atxagak ere Don Pedrori esan diezaioke: "Don Pedro, zure gainean eraikiko dut "Soinujolearen semea", zu zara ene Bata."

Bestalde, Don Pedro bikote-kide ohi bat da, bikia galdurikoa: biziki maite zuen anaia galdu zuen; ez da, horrenbestez, ume inozo bat, udaberri inkontziente bat, baizik eta Bitasuna -kasu honetan, anaiatasuna- sakonki bizi izan duen eskarmentu handiko hasiera, sufrimendua ezagutzen duenarena. Eskarmentu horri esker egiten die Obabako kalumniei ezentzuna hain dotore.

Faxistek lehen amerikanoa autoan sartu zuten, hiru maisuekin batera, hauetako batzuk autoan bertan akabatu eta halako batean "heldu gara. Kanpora!" oihukatu zioten. Orain hil egin behar dute.


-BI

Gordelekuaren erabileraz gainera karlismoan, Don Pedroren eta bere anaiaren arteko harremana duzu "Soinujolearen semea" osoaren beste aurrekari iluna, etorriko den harreman mota baten ezaugarriak aurreratzen dizkiguna.

Izan ere, Bitasun eder bat dugu bertan, hirugarren kaltegarri batek, hemen hartzak, zapuztua.

Davidek eta Josebak egiten diote Don Pedrori eta bere anaiari aurreneko oihartzuna. Davidek eta Josebak, baina, ihes egiten diote hartzari eta Hirutasunari, Elizaren Hirutasun Sainduari zein ETAren Hirutasun dialektikoari, eta lortzen dute Lauraino iristea.

Lizek eta Sarak osaturiko bikoteari dagokionez, harrizko gnomoaren pasadizoak Davidi susmarazten dio haien artean maitasuna indartsuagoa dela gorrotoa baino, eta, beraz, gai izango direla nolabaiteko Lautasuna erdiesteko; horrexegatik hain zuzen besarkatzen du Davidek Liz hain hunkiturik, aita-alaben arteko ohiko liskarrak gorabehera.

Bikote-kideak, adiskideak, apaldu egiten du heriotzaren izua eta oinazea. David beldur da, ebakuntza egin behar diote Visalian, baina aurrena Mary Annen solasak eta hurrena Josebarenak, Daviden sabeleko kilkerren kantu urduria isilarazten dute.

Don Pedroren eta bere anaiaren, Daviden eta Lubisen, Daviden eta Josebaren, Daviden eta Mary Annen arteko harreman ederren ifrentzua Pirpok eta Txanberlainek osatzen dute, inongo anbiguotasunik gabeko gaiztakeria, hilketa eta diruzalekeria, amorru ergela, erlijiozko Hirutasunak behar duenean erabilia eta gero baztertua.


-HIRU

"Soinujolearen semea"ren enigma handienetako bat, Hirutasunaren errotiko desberdintasunean datza, batetik, geografiari nahasten zaiolarik, eta, bestetik, denborari, giza kontuei, historiari.

Izan ere, Hiruk erabakitzen du edozein lekuren egitura: altuera, zabalera eta sakonera. Baina, "Soinujolearen semea"n, gainera, egokia ematen du paradisuaren oinarri gisa: Iruain eta Three Rivers, Urtza eta Kaweah. (Edonola ere, Hiruk eraturiko espazio horri laugarren batek ematen dio zinezko sakontasuna: zuloak Iruainen, hilobiak Three Riversen.)

Aldiz, Hirutasuna oso arriskutsua da giza gorabeherei eta historiari loturik, mehatxu itzela. Madarikatua da Hiruaren ukitua, galbidean jartzen du oro, kutsakorra da. AEBak indioen genozidioaren gainean eraiki ziren. Genozidioa Hirutasun Sainduaren izenean egin zen, besteak beste. Gu oraindik ez gaituzte erabat garbitu, badabil gurean oraindik zenbaki dantza pixka bat.

Faxistek Hirutasun Sainduarekin bat egiten dute, Obaban Bia Lau bilaka dadin eragozteko. Hiru maisuak berehala hiltzen dituzte. Altxamendu faxistaren protagonistak Obaban hiru dira: Angel, Berlino eta Degrela koronela. Brunaren pasadizo anbiguoaren protagonista astakirtenen taldea: Ubanbe, Pantxo eta Sebastian.

Hiru lagunez osaturiko taldeak txarrak izaten dira, Hiruak, esan bezala, Bikoteari Laukote bilaka dadin eragozten baitio. Bikoteari eraso egiteko bada beti atezuan hirugarren bat: Don Pedroren anaiaren heriotza eragin zuen hartza, edo Daviden eta Virginiaren tartean Teresa, edota Virginiaren senar ausentea, edota Historia. Hirugarrenak maitasun harremanak oztopatzen ditu: "gure hirugarren gaua" zela azpimarratzen du Davidek, Lubis hilda agertu zenekoa, David eta Virginia betirako bereiziko zituenekoa.

Begigorriya, Geneviève, Martin eta Teresa: aita hain gaiztoa izanik, Lau izateak baino ez ditu salbatzen. Aitzitik, Anjel, Carmen eta David, zintzoagoak diren arren, hiru dira zoritxarrez. Halatan, David amarekin bikote bat osatzen ahaleginduko da. Baina erreka joko du. Arras da zaila ama-semeak Lauraino iristea. Hiruk osaturiko familietan, gurasoek eta ume bakarrak Laugarrena zabaldu behar dute, hau da, Mundua. Hiruren arteko harremanetan kateatuta geldituz gero, ito egiten dira.

Trikuk, Ramuntxok eta Etxeberriak osaturiko taldeak Toshiro integratu izan balu, The Beatlesen antzeko komando alai bat eratuko zukeen. Baina Hiru gelditzen direnez, heavy metal tankerako Hirukote astuna da bilakatzen, berehala amiltzen baita erruan, traizioan, damuan.

Hirutasun Saindua, tradizionalisten Dios, Patria y Rey, dialektikaren tesia, antitesia eta sintesia: kontuz gero!


-HUTSA

Bai Don Pedrok eta bai Davidek, Hirutasun Saindutik babestearren, Hutsa behar dute, alegia, gordelekua. Euskal hitzek ere behar dituzte lurpeko babesleku sekretuak, zehazki pospolo kutxak.

Karlistadetako erabilera ezezagunaren ostean Eusebiok darabil aurrenekoz Iruaingo gordelekua, ondoren Don Pedrok, hurrena Davidek -behin entrenamendu gisa eta ondoren benetako arima-aldaketa bat lortuz-, gero ETAkideak poliziengandik bertan ostentzen dira, eta azkenik, ETAk zuloa pertsegituak babesteko erabili beharrean zerga iraultzailea ordaintzen ez duten industrialak ezkutatzeko darabilenez (Papik Davidi emaniko hitza janda), Davidek poliziari Iruaingo gordelekuaren berri emango dio, eta akabo Iruaingo Hutsa.

Dena den, Iruaingoarekin ez dira gordelekuak amaitzen. Davidek euskal hitzei ere, desagertzeko arriskutik babestearren, gordelekutxoak egingo dizkie Stonehamen, barrutik husturiko kutxatxo miragarriak.


-ERDIA

Hutsaren babesari esker, Don Pedro itxuraldaturik irten zen, metanoia, bestelakaturik abiatu zen Frantziarantz, Sadam Husseinen azken irudietako itxuraz, aurretik Oliver Hardy lodiaren antza zuena, koitadua.

Izan ere, Batetako bat zen Don Pedro, Obabako lehen amerikanoa, nahiz eta, luzaro azenarioz eta sagarrez elikatu ondoren, Erdi bilakatu zen ia-ia. Soilik erdi Erdi bilakaturik ihes egin ahal izan zion faxisten Hiruk ezarritako hesiari.


-ZENBAKI KARDINALA

Juan ez da zenbaki ordinala, baizik eta kardinala. "Cardo", latinez, erroa da, atearen bisagra. Juanek eramaten ditu Don Pedro eta David mundu batetik bestera, Juanek irekitzen die Ameriketako atea. Atea gordelekua da, Hutsa, zuloa, arima-aldaketa alkimikoaren gune magikoa. Gordelekuko egonaldiak David nor bilakatzen du, eta Don Pedro, berriz, zenaren erdia. Funtsezko aldaketak gertatzen dira zuloan eta Juan da zuloaren zaindaria.


-LAU

"Lau indartsuago esan zuen gainerako hitzak baino". (325 or.)

Adierazgarria da bai euskaldunok eta bai AEBetako indioek Laua erabil dezagun unibertsoaren ikur gisa.

Laukote zoragarri bat, Adelak, Sebastian seme nagusiak eta bikiek osatzen dute.


Esan bezala, bikotea egokia izaten da Lauaren bidean jartzen delarik: David eta Mary Anne, Joseba eta David. Baina bide hori trabatuta dagoelarik, zital da bilakatzen: Pirpo eta Txanberlain. Pirporen eta Txanberlainen beste alderantzizko bat, Lubisek eta Davidek osatzen dute, baita Davidek eta Josebak ere. Aurreneko bikotea Hiruak zapuzten du. Bigarrenak, aitzitik, erdiesten du Laua, Bitik Laura igarotzea biologiaz libre baita: David eta Joseba Bernardo Atxagaz eta "Soinujolearen semea"z erdituz bilakatzen dira Lau, alegia, artistaz erdituz, batetik, eta, bestetik, Laua paradisuaren ikur duen artistaren eleberri pitagorikoaz, betiko Lauburu zaharberrituaz.


-SALBUESPENA

Hala ere, onartu beharra dago badirela salbuespenak: Triku, Ramuntxo eta Etxeberria Carlosekin elkartzen direnean, gaizki doa guztia. Irakurketa kabalistiko honi eustearren, baina, esan liteke Mamousinekoak ez direla benetan LAU, baizik eta BAT -Carlos- gehi HIRU -Triku, Ramuntxo eta Etxeberria. Edozein gisaz, hor daude Alaska hoteleko Berlino, Geneviève, Teresa eta Martin: lau dira, baina ez oso txukunak.

Honek arazo garrantzitsu baten aurrean jartzen gaitu: zer egin salbuespenekin? Errealitatea behartu, guk aurretik ezarritako hipotesiekin bat egin dezan? Ala hipotesi oker horiek baztertu?

Garbi dago: hipotesi oker horiek baztertu.


ANIMALIAK


Horrela, zenbakiak utzi eta animaliengana joko dugu: ile eta haragi pixka bat badute behintzat. Asko agertzen dira "Soinujolearen semea"n: Hemingwayren katuak (bere lorategian lurperatzen zituen, Davidek tximeletak eta euskal hitzak bezala); Lizek ikusmira zabalak baino maiteago dituen txindurriak eta beste xomorroak; Don Pedro Galarretaren hartzak eta zapoak (Winnipeg); Daviden zapoak ("eseri, eseri" errepikatzen diotenak, eta, halako batean, berari ere, enigmatikoki, "Winnipeg"); Don Pedroren ihesa ahalbidetuko duten behiak, Virginia "la paysanne"ren behiak; Tommy, Ronnie eta Jimmy (Lizen eta Sararen hamsterrak); Opin, Ubanbe, Pantxo eta Sebastian mozkortuek hiltzeko asmotan dabiltzan sagua; zaldiak eta tximeletak, zinez erabakigarriak; Moro asto profanatua; mozoloa eta bere arnasa-era eme beroa; Virginiaren arratoi txakurra (Oki); Teresaren txoriak, hiltzeko ezkutatzen direnak; koadernoko gorila; estepako otsoa; Degrelaren alaba Lubisen ustez oiloa; Pantxoren, Sebastianen eta bikien amuarrainak eta ezkailuak; Davidek hildako txolarrea; Adrianen krokodiloak; Pantxok itotako libelulak; Osakako txoria, beti Osakara itzultzen dena; Davidi ametsetan agertzen zaizkion arrain abisalak, amarekin eta Lubisekin batera; Kaweah lakuan dabilen txalupako chihuahua, tente, salbamendu-txalekoa soinean ("this is America!")...

Baita kilkerrak ere, hain garrantzitsuak gerra zibilari buruzko euskal literaturan.

"Soinujolearen semea"-n, alde batetik, euskarak egiten ditu kilkerren hotsak. Davidek Mary Anni diotso osaba Juan eta bera bi kilker bakarti direla Amerikako lur zabalean, eta kilkerren soinu hori hegoak astintzean egiten dutela. "Begira ez zaudenean, hegoak atera eta k eta r horiekin hasten gara."

Bestetik, amaieran ere agertzen dira kilkerrak. Davidi hil ala biziko ebakuntzaren aurreko izuak eta ezinegonak sentiarazten dizkio sabelean kilkerrak.

Iraun nahiak oztopoak sentitzen dituenean hasten dira kilkerrak kantari: euskara, ebakuntza larria. Bizitzaren aienea da, heriotzaren mehatxuaren aurrean. Euskal hitzek, hala ere, badute oraindik irtenbide bat Stonehamen: gordelekuetan, hilobietan, ezkutatu, Don Pedro eta David bezala. Behin gizakiak babesteko balio izan zuen Iruaingo zuloa desagertu ostean, Davidek poliziari haren berri eman baitzion, Davidek berak Stonehamen zulotxo babesleak egiten ditu, baina oraingoan euskararen kilker-hitzak gorde eta iraunarazteko.

Halaber, kilkerrek errealitatearen krudela adierazten dute, edozein kontakizunak edertu egiten duen errealitatearena, heriotzarantz garamatzana.

David hiltzera doa, Don Pedro bezala. Auto barruan doa, gauez. Honez gero lagun batzuk hil dizkiote. Halako batean, badaki, autoa gelditu eta kanpora aterako dute: "zure txanda!". Oso nabarmen adituko dira orduan ere kilkerren hotsak.



markos zapiain

 

 

 




 

bihotz bakartien kluba '03