bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


markos zapiain

 

Faxista zintzoaren bila

Ia guztiok diogu gerra ez dugula maite; hala ere, inoiz ez da desagertzen. Halatan, erabateko gaurkotasuna dute Heraklito Ilunak Kristo aurreko VI. Mendean idatzitako berba hauek:

"Pólemos pánton men patér esti, pánton de basileús, kai tous men theoùs èdeikse tous de anthrópous, tous men doúlous epoíese tous de eleuthérous".

Geure euskarara itzulirik: "gerra da guztiaren aita eta errege; batzuk Jainko gisa erakusten ditu, besteak gizaki gisa; esklabu egiten ditu batzuk eta libre besteak."

Poetak zioenez, ez dago kanturik musarik gabe, ezta legerik ere fundatzailerik gabe. Gure bizi-legea, hein batean, gerra zibilak fundatu zuen.

1-Atxagak, Dantek bezala, Virgilio hartzen du maiz gidari, batez ere nekazari zoriontsuen izaera eta bizimodua margotzeko orduan.

Baina Virgilioren beste alde bat nabarmentzen da gerra zibilaz aritu diren euskal narrazioak aztertuta, "Soinujolearen semea" bera, "Errautsen distira", "Gorde nazazu lurpean", "Kilkerren hotsak", "Kolosala izango da": Eneasen figura, sutan den bere etxetik ihesi, aitaren edo arbasoaren zama arrekonkon daramala. Virgiliok Eneas egin baitzuen Europaren fundatzaile, eta artez igarri zuen europarra funtsean etxea kiskalita erbesteratu beharra duen gizaki mota dela.

Bestalde, gerra zibilari buruzko horrenbeste literatura orain bertan piztea (orduko hainbeste hildako azaleratzearekin batera, Larrabetzuko txaboletan orduko obusak zapartatzeaz batera) txiripa hutsa dela uste izateko buru osasuntsuegia izan behar da. Jende arruntaren artean, berriz, ezkorrek tabua aipatzeak zigorra ekarriko duela usteko dute. Aitzitik, baikor batzuek uste dugu izugarrikeria haiek azkenik berbetan ipintzeak sendabidean gaudela adierazten duela.

Edonola ere, garbi dago askoz ere luzeagoak direla gerra-osteak gerrak berak baino eta zenbait belaunaldi eta literatura franko behar dela mendekutik, gorrototik, paranoiatik eta oinazetik askatzen hasteko, bizkarra nahita edo nahi gabe okertu zigun arbasoaren astuna ondorengoei ez pasatzeko; ez nahita, baina, batez ere, ez nahi gabe.

2-Berriki, bihotz bakartien klubak, bbk-k, hitzaldi sorta bat antolatu du gerra zibilaz Larrabetzun. Jose Angel Meaurio lankideari komentatu nion. Letxuak eta ilarrak biltzen ari ginen Institutuko baratzetik. Meaurio: deitura batean bost bokalak. Izenetan ez da hain bitxia: Aurelio, Eulogia, Eufrasio.

Kontatu zidan ama jatorriz asturiarra duela, Villaviciosa ingurukoa. Amaren aita bertako baserritar bat zen, gogor lan eginez baserri txukuna jasotakoa. Baina sindikalista ere bazen, UGTko "enlace sindical" delakoa.

Gerra zibila hasi bezain laster, Villaviciosako apaizak salatu eta baserritarra eta bere seme nagusia, hemezortzi urtekoa, horman fusilatu zituzten.

Alargunak (Meaurioren ama) eta bere ahizpek ahal bezala ihes egin eta erromesaldi anker bati ekin zioten, gose bezain miseria. Bermeora iritsi eta bertan gelditu ziren.

Ez ziren berriro Villaviciosara itzuli, harik eta orain dela lau urte Meaurioren izebetako bat haurtzaroko baserria zertan zen ikustearekin tematu zen arte.

Baserrian bazen norbait bizitzen. Hurbildu eta... apaiz salatzailea! Izeba bat garrasika hasi zen "putakume nazkante alena, akabatuko haut!"; beste izeba batek nekez oratu eta "utzi kaka-gizon hori, berehala hilko da, doala putzu gorrira" esanda bakean uzteko konbentzitu eta hona itzuli ziren.

Horra bi milagarren urtean bermeotar bati gertatua.

Gerraren ondorio psikologikoak gainditzen hasi ahal izateko, aurretik bidegabekeria asko zuzendu beharra dago. Francok izendaturiko Estatu Buru batenganako menpekotasun derrigortuak ez du batere laguntzen.

3-Guk dakigula, faxistek ez dute gerra zibilari buruzko eleberririk idatzi euskaraz.
Eta euskal eleberrigileek, eta oro har gerra galdu zutenek, eta galtzaileen ondorengook, ezin dugu imajinatu ere egin, oraingoz behintzat, pertsonaia bat: faxista zintzoa. (Nekez, emakume faxista.) Gerrari buruzko euskal eleberrietan ageri dira, bai, soldadu faxista ulerkorrak, "azken batean bi aldeetakoak antzekoak gara" eta esanez, baina hiztegien definizioen araberako faxista zintzorik ez dago euskal literaturan. Faxista zintzo posibleak zurruntzen eta mututzen gaitu, ezinezkoa zaigu. Ez bere burua zintzotzat duen faxista (Carrero Blancok bere burua zintzotzat zuela aise onar daiteke), baizik eta idazleak berak zintzotzat hartuko duen faxista, eleberrigile euskaldunaren identifikazioa eta arnasa bereganatuko duen faxista.

Horrek ere gerra ez dela amaitu adierazten du, zauriei zornea dariela oraindik.

4-Gerra zibilari buruzko eleberriek gurean erlijioa zein sakonki dagoen sustraiturik erakusten dute
.

Nola da posible, haatik, hain oinarri gaixoti eta ahulak dituen erlijio batek, alegia, erlijio kristauak, Euskal Herriari eta mundu osoari hainbeste eragitea, kristautasunaren izenean lagun hurkoa akabatzea?

Egia bada ere giza talde ia guztiek asmatu dutela kontsolatzeko eta poza adierazteko bide erlijiosoren bat, bista da bide horiek oso desberdinak eta arbitrarioak direla, eta gurean nagusi den erlijioa bederen, psikiatrek azpimarratu dutenez, erokeria mota zenbaitekin arras estu dagoela loturik: zikin jaio gara Adanen bekatuaren ondorioz, ezin kitatuzko zor bat dugu Jainkoarengana, Jainkoaren seme Gizon eginak bere burua sakrifikatu zuen gu asko maite gaituelako...

Halako ikuspuntuak guztiz bat datoz neurotiko obsesiboen eldarnioekin; alde bakarra, arrakastatsu suertatu direla.

Bada Bermeoko eroetxean Kristino izeneko ero bat, itxita, lagun ikusezin bat duela baitio; aldiz, Ibarretxek lasai asko aldarrikatzen du telebistan "ziur naiz une honetan nire aitona, hilda dagoena, begira daukadala"; eta inori ez zaio bururatzen eroetxean ixtea, Ajuriaenean baino ez. Ordea, bai formari eta bai edukiari dagokionez, oso antzekoak dira baieztapen biok. Bigarrena, baina, gizarteak eta agintariek bere egin dute eta lehena ez.

Bere dogmen hauskortasuna gainditzearren, Elizak, mendeetan zehar, jendearen arima beste inork ez bezala erabiltzen ikasi du. "Kilkerren hotsak"eko Elenak, gerra zibilaz ari dela, Jainkoa bi aldeetan dagoela dio; beraz, ez batean ez bestean. Jainkoa agian ez. Baina Eliza bai, Eliza bi aldeetan egon zen, eta beraz bai batean eta bai bestean. Agintari politikoek ume-moko inuzenteak dirudite jendeak "ama" dei diezaion lortu duen Elizaren alboan, bere interesen aldeko amarrukeriak eta azpijokoak asmatzeko orduan bederen.

Apika, eldarnio kristaua gizabanakoaren barne muinetara mugatzeak ere, norbanakoaren nahimenaren esku uztea, gizarte auzietatik baztertuz, gerra zibiletik urrutiratuko gintuzke. Zentzun berriaren adierazpen ez litzateke Ibarretxe eroetxean sartzea, baina bai behin burujabe izatean Vaticanok dioenari muzin egitea eutanasiarena bezalako auzietan.


markos zapiain

 

 

 




 

bihotz bakartien kluba '03