Hitzen
heriotza
Holaxe
hiltzen dira
Antzinako hitzak:
Elur malutak bezala,
Airean zalantza eginez
Instant batez, eta lurrera eroriz
Kexurik isuri gabe.
Esan beharko nuke: ixil ixilik.
Non ote
dira tximeletari
Deitzeko ehun era haiek?
Biarritzeko itsasertzean
Jaso zuen Nabokovek
Izenetako bat: `miresicoletea´.
Begira orain, maskor puxketa
Bezala dago hondarpean.
Eta ezpainak,
mugitzerakoan
Hara hor miresicoletea
Arrosaren gainetik hegan
Esaten zutenak,
Aspaldiko ume haienak,
Gure gurasoen gurasoenak,
Lo daude betiko.
Zuk diozu:
Greziako
Harrien gainetik nenbilen oinez,
Euri lanbroa ari zuen;
Tenpluetako gidariek
Xira horiak zeramatzaten
Mickey Mousen marrazkiarekin.
Jainko zaharrak ere lo daude betiko.
Eta diozu,
gainera, hitz berriak
Gai baldarrekin eginak daude,
Eta plastikoa aipatzen duzu,
Poliuretanoa, kautxo sintetikoa.
Zabortegian bukatuko dute, diozu
Ez ote zabiltza triste xamar
Pentsamendu horiek buruan.
Baina begira
egiezu
Etxe atarian garrasika
Jostatzen ari diren umeei.
Entzun zer esaten duten:
Zaldia Garatarera joan zen.
Zer da Garatare?, diot.
Hitz berri bat, diote.
Beti ez
dira hitzak, beraz,
Industria eremu bakartietan
Edo propaganda bulegoetan sortzen;
Sortzen dira barre artean ere
Txikori belarraren ilaunak bailiran:
Begira nola doazen zerurantz,
Begira nola ari duen elurra goraka.
Bernardo
Atxaga
|
|
Hitzaurrea
Edonork dauka hemendik aurrerako hitzok hiltzeko baimena. Ez dutelako
bizitza propiorik. Hitzok ez dira, aurretik Hitzen heriotzaz Atxagak
idatzitakoa ez badoa. Inoiz ez ziren sortuko, inoiz ez ziren jaioko,
Linterna Gorrikoei otu ez balitzaie Hitzen heriotzak
ematen duela hitz pare baterako eta hitz eman izan ez banie egingo nituela
bi hitz.
Bi hitz
Azken batean heriotza ez da okerrena.
Badaki hori poetak. Badaki, eta horregatik da heriotzaz izan arren hain
poema maitagarria. Eta hain baikorra. Eta hain itxaropentsua. Harritzekoa
hitzak hainbeste maite dituen baten ahotan, esango du hitzak hainbeste
maite ez dituenak. Edo heriotza ez dela okerrena oraindik ez dakienak.
Maite dituelako, hitzak, hil arazten ditu elur maluten modura. Hain
gozo, hain xuabe, hain erakargarri. Eta jaiotzen ditu berriak umeen
ahotan: irudimenez betetako hitzak. Elurra goraka egiteraino.
Azken batean heriotza ez baita okerrena.
Hitzaren bihotzean eragindako zauriak, ebakiak, hitzaren arimak jasan
behar izaten duen sufrimendua, mina, hitzaren gorputza harrapatu duen
gaisotasuna dira benetan txarrak. Eta hitzek badakite hori. Badakite,
gaitzak jotako letra batek zenbat kalte egin dezakeen, badakite zenbat
min eragiten duen doinu trakets batek, baina batez ere, badakite bihotzaren
erdi-erdian eragindako zauriak direla sendatzen zailenak. Eta badakite
orbaindutako bihotzak ez duela askorako.
Esanahaia da hitzen bihotza. Herio jasangaitza da hitz batentzat esanahia
aldatuz joatea. Bizirauteko bidea ere bai. Bihotzeko mina da hitzetan
adierazten zailena. Baita hitzentzat ere.
Horregatik ez da okerrena heriotza.
Eta idazleak badaki hori. Horregatik, eta idazleak badakielako bera
dela hitzen jainko: hitzak berpizteko gaitasuna duena.
Baita aspaldian hondarpean badaude ere.
Arantxa
Iturbe
|