bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


markos zapiain

 

Kojoniam Tuam, aldi berean

Errekarteko koadernoa"-n Mendigurenek kontatzen du plurala Goierrin erroari "k" erantsiz osatzen dutela: euskara batuaren "liburuak" Goierrin "liburuk" da. Euskaraz alfabetatzen hasi zenean, taula xelebre hau osatu zuen, etxetik zekarrena batura itzultzeko: mugatu singularra: "liburua"; mugatu plurala: "liburuak"; mugagabe singularra: "liburu"; mugagabe plurala: "liburuk".

Hain zuzen, Mendiguren aspaldion "liburuk" haiek, gramatikaren hutsune mingarri bat betetzeko baino gehiago gramatikaren kategoria berri bat asmatzeko erabili zituenak, ari zaigu idazten: historia pluralak, autobiografía mugagabeak, askotariko saiakerak, bakan bezain berriak, gramatikaz denaz bezainbatean nola euskal literaturaz.

Aniztasun mugagabe horren baitan, hala ere, badira liburu bakoitzean sartzeko bide zehatzak. "Arbelaren gainean"en barneratzeko bide horietako bat "serendipity" kontzeptuak eskaintzen digu. Honela definitzen du "serendipity" Mendigurenen hiztegiak: "ustekabeko esanguraz betetako kasualitatea", "suertez egindako deskubrimendu ustekabeko eta zorionekoa". Morrisenak, berriz, honelaxe: "aurkikuntza baliagarriak halabeharrez aurkitzeko dohaina". "Arbelaren gainean", besteak beste, ustekabeko berezi horiei buruzko gogoeta bat da, serendipity zuper hunkigarrien pilaketak baino ez diren eleberrien kritika barne; orobat, halako ezusteko esanguratsuen zerrendatze eta sailkatze bat.

Bide batez esanik, halako deskubrimenduak ospatzeko orduan euskaraz ez dugu ingelesa bezalako hizkuntza barbarorik erabiltzen ("serendipity!", bai oihu ahul, eskas eta penagarria!), ez, baizik eta latina, goi mailako klasikotasuna, eta "kojoniam tuam!" dugu aldarrikatzen; Irungo azpieuskalkian behinik behin halaxe da ("kojoniantua" ebakita, eta "a" orgasmikoz). Dakitenek diotenez, "Kojoniam tuam" horren jatorrian Entziklika garrantzitsu baten izenburua dago.

Txiripazko aurkikuntza horien aurrean, edozein gisaz, badira gutxienez hiru jarrera:

a) gizaki eroria, galdua, ez da gai munduarekin benetako harremanetan jartzeko. "Zu hor eta ni hemen, mundu, bata besteagandik berex." Gizaki eroriak behiala izan zuen zorioneko kasualitate esanguratsuok erakartzeko ahalmena, baina alferrik galdu du. Bazuen gaitasuna punttu telepatiko egokia konektatzeko, baina zabarkeriak edo bizioak frekuentzia galarazi diote. Kontua ez da gizaki eroriak deskubrimendu magiko horiei antzemateko ahalmenik ez duela, begien bistan gertatu arren. Ez, ez zaizkio gertatzen. Kristauek "bekatu" deitzen dutena gizakia jausarazten duen jarduera bat da, ezusteko bozkariotsuak eragotziz, edo parte txarreko kasualitate petralak behin baino gehiagotan eraginez. Behin baino gehiagotan, bai, behin eta berriro, errepikatze susmagarri batez. Susmagarria, preseski, zentzu ezkuturen bat iradokitzen duen neurrian. Zentzu horixe litzateke bekatua. Arrate Egañaren pertsonaia bati, kasu, sexu gehiegikeriek behin eta berriz eragozten diote autobusik garrantzitsuenak garaiz hartzea.

b) Bestelakoa da asturu gaiztoko laguna, balbetsua, edo, gaztelaniaz esateko, gafea, zeina teologo batzuek bekatariarekin nahasi nahi izan duten, bekatari molde soil izatera mugatuz, Jainkoaren balizko ontasuna eta zintzotasuna babestearren. Ez bada. Gafeak, balbea dakarrenak, Jainkoaren hipotesiak zein gutxi balio duen nabaritzen du. Zoritxarreko txori horrek serendipityaren aurkakoak erakartzen ditu, kasualitate aberranteak, baina nahi gabe, ez du beste erremediorik. Bekatariak errua sentitzen du, txiripa pozgarriak eragin eta jaso zitzakeelako; ez da heldu ordea eman zezakeen mailara, edo amildu egin da, eta orain uxatu egiten ditu. Aitzitik, gafe balbetsuaren goien gradua hondamendi magikoak eragitean datza. Patu txarra dakarrenak, gafegintza betean, ez du sentitzen deus falta zaionik, ez errurik ez damurik. Bere jarduteko ahalmenak deskalabru txundigarriak eraginez aurkitzen du betegintzarrea.

(Asturu gaiztoak edota Historiak Espainia berriki Aznarren eta Al Kaedaren bidez jo omen duen legez, "gafe" hitza ere gaztelaniara arabierazko "qafa"tik etorri bide zen: gorputz okertua adierazten zuen, eta araberako arima okerra. "Qafa" honek antzinako gaztelanian "gafo" eman zuen: legenak jotako gaixo kakotu eta alanbrezkoa, ikuskizun makurra, aliketek bezala harrapatzen eta eragozten zaituena.)

3-Graziazko egoeran, azkenik, txiripazko aurkikuntzak, aldekoak, erakarri egiten ditugu. Xabier Mendiguren idazlea terapeuta ere bada, oharkabean. Zenbat arima euskaldun ez ote dituen sendatu "Bekatuaren itzala"k. Grazian, arimak eta inguruko gertaerek bat egiten dute, barrukoa eta kanpokoa bildu egiten dira, balbetsuaren kasuan bezala, baina pozaren alde. Bizitza bat ondo doala adierazten duen zeinuetako bat, serendipity edo kojoniantuen ugaritzea da. "Arbelaren gainean"ek ezusteko harrigarri atsegin horiek erakartzeko bideetako bat erakusten digu: sormen lan batean murgiltzea hain zuzen (baina zehaztu beharra dago kojoniantua horiexek aldi berean sortzailea bere lanean murgilarazten dutela). Beste bat, maiteminduta egotea izaten da. Ilbeteak ere asko laguntzen du arima pizten. Erne egotea baita kontua. Nazareteko Jesus aztiak, berbarako, jarrera horixe eskatu zien bere diszipuluei: "prest egon, gutxien uste duzuenean itzuliko baita Gizonaren Semea." Arima beti gertu eduki behar, aukera maitatietara zabalik, ustekabeko zoragarri horiek ahal adina ugari daitezen.

Edonola ere, "Arbelaren gainean"ek, Mendigurenek zein Morrisek "serendipity"az emaniko definizioak ñabardura zenbaiten beharrean direla du frogatzen. Izan ere, baliteke deskubrimendu bitxi horiek zenbait kasutan soilik itxuraz izatea txiripazkoak. Baliteke sortzaileari eskainiriko seinaleak izatea benetako lanari ekin diezaion, zein sariak, behingoz benetako lanari ekitera deliberatzeagatik, edo lana behar bezala egiteagatik.

Esate baterako, "Arbelaren gainean" buruan zeukala, baina idazteko gogo handirik gabe, kojoniantua bik jarri zuten abian Mendiguren. Hara bestalde goierritarra aldiberekotasun serendipitiko baten aurrean pozez txoratzen, ero, amari absurdua opatuz: "... uztailaren 2an jaio zen mundura nire ama, bizitza latza iragartzen zion giro aski triste eta samin baten erdian. Uztailaren 2a da lerro hauek idazten ari naizen eguna ere, kasualitatea, eta egun honetantxe betetzen ditu amak 65 urte; egin ditzala oraindik beste horrenbeste!"

Etsenplu horrek garbi nabarmentzen du kojoniantuaren korapilo enigmatikoak ezin direla osotoro askatu ez baldin badira aldiberekotasunarekin dituzten harremanak argitzen, eta horixe da Morrisen eta Mendigurenen definizioei emendatu beharreko beste ezaugarri bat. "Arbelaren gainean"ek iradokitzen du kojoniantuak pizten direla errealitateak bi gertaera edo alde, berez desberdinak eta bereiziak, era poetikoan aldi berean agerrarazten dituenean. Are gehiago, kojoniantua sarritan ez da aldiberekotasun magiko hori baino.

Era berean, literaturaren funtsa metafora da, eta metaforak bi izaki desberdin, berez aldenduak, hitzen bidez lotzen ditu. Alabaina, oraingoan errealitateak berak eskainiriko metaforek bultzatu dute Mendiguren hitzezko literaturara. Mundu enpirikoko sinkronizazioek eragiten dute kojoniantua, edo dira kojoniantua, eta kojoniantuak darama idazlea literaturazko metaforen bidera. Gainera, paradoxaz, Mendigurenek bere literatura ez du errealitatetik aldendu nahi, eta egiten duelarik aurretik abisatzen digu, sugetzarren parodian adibidez, edo "Arbelaren gainean" irakurriko lukeen boliviarraren kasuan, edo bahitutako enpresaria zaintzen duen ETAkidea kaka egitera lihoakeenean bezala. Ordea, errealitateari ahal bezain hertsiki eta zintzoki atxiki nahi izateak berak darama idazlea sinkronizazio magikoen berri eman behar izatera.

Azkenik, aldiberekotasunaren berri ematen duen kontakizunaren edukia aski tristea izan arren, kojoniantua baten gai izate hutsak bozkario-iturri bilakatzen du, goibela argitzea, baratz zaharra baratz berri bihurtzea, ustekabeko sinkronizazio hauen beste dohain bat baita. Are gehiago, denboraren joan suntsitzaileak eraginiko oinazeari aurre egiteko kemena ematen digute ezohiko aldiberekotasun hauek, zeharo irrazionalki, Mendigurenek New Yorkeko Dorre Bikiak eta aitona Patxiren "Beitia" baserria eraitsiak izan zirela aldi berean jakin zuenean bezala.



JESUKRISTO?

Mendiguren erdigune izan duten zenbait kojoniantua eta harreman metafisikoren lekuko izan naiz, "Arbelaren gainean" idatzi ostekoak, eta hemen kontatuko ditut, haren biografoentzat jakingarriak izan daitezkeelakoan.

1-Aspalditik nuen Harkaitz Canoren eta goierritarraren ahalmen literarioen berri; baina Gernikako Galeuscak Xabier Mendigureni bere ipuinak xuabe imajina ditzan aholkatzera behartu ninduen, fisikaz ateko pirateoa dela eta.

Mendigurenek hitzordua jarri zidan Galeuscako lehenbiziko afarira, barikuan, elkarrekin joateko, izatezko bikote alai bat osatzeko bidean gaudenez. Itxaronaldian, buruan zain dituen ipuinetako baten berri eman zidan: euskal kontuetan aditua den polizia edo zerbitzu sekretuetako kide bat euskal liburuak itzuliz zaletu egiten da, Harkaitz Canoren eta Joxe Azurmendiren miresle bilakatzen...

Horrelako zerbait.

Bi egun barru, domekan, Canoren zutabe hau agertu zen "Berria"n: "Faraoiaren eskribauari":

"Paper guztiak artez eta arretaz irakurri eta itzuli dituzu. Zer suma, zer usna, zer aurkitu. Eramandako ordenagailu bakoitzeko fitxategi bakoitzeko hitz bakoitza. Zu burutik kendu ezinda nabil. Nor ote da Auzitegi Nazionaleko faraoiaren eskriba, lan eskerga hori bere gain hartu duena? Euskaldun berria zara ala euskaldun zaharra? Ez dizu batzuetan faraoiak mesfidantzaz begiratzen, etsaiaren hizkuntzak abduzituko zaituen beldur? Funtzionarioa zara, oposizio gogorrak pasatu behar izan zenituen? Lana etxera eramaten ote duzu? Edo lanaren zama, agian? Badakite ezkontideak eta seme-alabek zure benetako zereginaren berri? Ikusi duzu Euskal pilota, edo, La pelota vasca, akaso? Harriaren edo epidermisaren parte sentitzen zara?

Paper hau ere itzuli beharko duzu agian. Edo gure poema eta nobelak. Zer egingo zenuke gu gabe? Ez dakit baduzun Literatura Unibertsala sailaren berri. Lan duina da. Hartuko nuke kafe bat zurekin, nire kontu, mostradorean jarriko dudan txanpona zutabe honen truke ordaindu didatela sinesten baduzu."

Egia da etsaiaren sedukzioarena gai unibertsal samarra dela, baina susmoa dut Cano ez ote den pirata telepatiko bat.

Esparru lauso hori legeek oraindik ez dute hesitu: hortaz, Lasarteko hackerrak badu oraindik aprobetxatzea; orbitan jarri eta konexioak ondo zaindu, beste lanik ez du.

2-Handik hiru bat hilabetera, etsamina mordo bat nuen aste buruan zuzentzeko, hurrengo asteazkenean ebaluaketak baikenituen Institutuan; baina aste buruan ezin izan nuen. Gaupasak egin beharko astelehen eta asteartean; gainera, "Arbelaren gainean"eko pertsonaia batek, Juan Luis Zabalak, Kanti buruzko 3000 karaktere eskatu zizkidan asteazkeneko "Berria"n ateratzeko.

Hala ere, astelehen goizean, aurten hamaiketan sartzen naizenez, Mendigurenek urte bete pasa lehenago e-postaz bidalitako "Arbelaren gainean" berrirakurtzeari ekin nion, ez jakin artean zergatik, etsaminen zuzentzea berriro eta oso era arriskutsuan geroratuz.

Arratsaldeko laurak eta laurdenetan Institututik etxera itzuli eta postontzian "Arbelaren gainean" liburu-liburua aurkitu nuen, idazleak berak bidalia.

Bistan da Mendiguren igorle telepatiko oso indartsua dela, eta ni jasotzaile sentsible bat, nire kojoniantua batzuk goierritarraren esku dauden heinean.

Edonola ere, astelehen gauez mesedez eskatu nion ez ni gehiegi nahasteko bere medium-emisioekin, eta uzteko behingoz etsaminak aztertzen eta Kanten gainekoa idazten.

Eta errespetatu egin ninduen.

Jai dute faraoiaren eskribauek, jai faraoiek. Ezingo zaizkigu infiltratu, ezingo gaituzte kontrolatu, ez baldin badira harreman ikusgaitz hauen giltza mistikoez jabetzen. Egunkariak itxiko dizkigute. Ordenagailuak eramanen dituzte. Baina nire aitaren telepatiazko etxeak iraunen du, horizontalki eta saltoka.


3-Mendigurenen azken "liburuk" Loiolako Inazioren eta Marcel Prousten obren oinordekoak dira. Egilea bere baitan duen ia guztia erakusteko gertu ageri da bertan. Gurean bederen estonagarri gertatzen da pasadizo horietako zenbaiten berri protagonistaren beraren bidez jakitea. Baina Poeren gutunarena betetzen da berriro: zenbat gardenagoa autoanalisia, hainbat enigmatikoago autoanalista, ezkutalekurik egokiena erakusleihoa bailitzan. "Guzti-guztia esan, egia gordetzeko", dio Karlos Linazasororen adabaki batek. Lagun bat ezagutzeko orduan aurreratzen ote dugu, hark bere oroitzapen eta sentimenduak -lotsagarrienak barne- idatzi eta guk irakurrita? Bere buruaz eta bere inguruaz inork ez bezain oparo eta zintzo idatzi du Mendigurenek. Zer da ordea Xabier Mendiguren Elizegiz dakiguna?

Bermeon izan da joan den ostiralean. Zakur batek ausiki egin zion txikitan, "Errekarteko koadernoa"n kontatu du. Eskua hartu nion eta bost minutu eman nituen orbaina aztertzen. Supituki odoletan hasi zen. Mendigurenen liburu guztiak ondo ezagutu arren, batik bat autobiografikoak, eta harekin batera hainbat ordu eman ondoren, ezin dut benetan guztiz baztertu Nazareteko Jesus kojoniantuazko maisuaren berraragitzea izan dadin, gurutziltzatuaren zauriak disimulatzea lortu badu ere gaurdaino. Jesukristo balitz, dena den, Jon Miranderen berraragitzeren bat topa ez dezan opa diot, halako liburu ederrak idazten jarraitzen duen bitartean behintzat.


Markos Zapiain

 

 

 




 

bihotz bakartien kluba '03