bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak
Inurriak pasteletan
Inurria. Eta eskela hori inurri batena zela, hori ere tokatu behar berari. Behin eskela bat jarri eta inurri batena izatea. Holakorik sekula. Gutxienez errinozero batena izan balitz, bere adar eta guzti, baina ez, inurri batena. Eta inurriek hori dute: izaki txiki-txikiak izanda, askotan izen luzeak izaten dituztela, eta horrela zen eskela horretan ere: inurriaren argazkia ia ez zen ikusten, baina izena ez zen kabitzen. Alarguna utzi zuen, eta hiru inurrikume. Renault. Gero gauza gehiago jakin nituen inurriari buruz. Familia aberatseko inurria zen. Etxe onekoa. Argi esateko: inurritegia zapaltzen zuen etxean bizi zirenek auto bana zukaten. Bizikide guztiek zeukaten autoa inurritegiaren gainean zegoen etxean: bost Renault eta lau Alfa Romeo. Eta markarik ez zeukan bat. Inurriek ibilaldiak egiten zituzten nahi zutenean: inurrikumeak hartu, edozein autotan sartu (4. Hkoan, 5. Bkoan...) eta inurri matrimonioa Mala Stranatik ibili ohi zen batetik bestera. Laringitis. Izan ere, Praga hiri polita da zerbezatxo batzuk hartzeko, batez ere artista bazara eta ez badaukazu beste zereginik zerbezak hartzea eta Mala Stranatik paseatzea baino. Baina gure inurria ez zen artista eta, gainera, negua zen Pragan, eta altxa dezala eskua neguan inurriak ikusi dituenak. Pragan, esan nahi dut. Egun batean gertatu zitzaion Mala Stranatik korronte txar bat sartu zela, bete-betean hartuz inurriaren laringea. Kalean zapata kordoi bat topatu eta bufanda legez jantzi zuen. Zirujau. Ospitalean sartu zen inurria. Eskailerak igo zituen. Kamilla batean jarri zen. Igogailura sartu gero. Hirugarren solairura. Hirugarren solairuan zirujau bat. Zirujauak salbatuko zuela uste izan zuen inurriak. Ezin ziolako laringitisaren minari eutsi. Baina zirujauak erdibitu egin zuen inurria, bisturiarekin. Jan Garuda zen zirujaua. Jan ez zen egindakoaz ohartu. Hiru bizikleta zituen Jan Garudak. Hotza. Beste mediku batek poliziari adierazi zionez, Janek zerbait idatzi zuen paper batean. Gero, Jan Garuda aparkalekura jaitsi eta, Skoda ugarien artean pasatuz, bere bizikletak zeuden lekura heldu zen. Eskua poltsikoan sartu eta papera oraindik han zegoela konprobatu zuen. Bizikleta bat hartu eta bere etxera abiatu zen, hotza kalean. Kale kantoi bat gustatu zitzaion, eta erabaki zuen hantxe jarri behar zuela eskela. Poltsikotik atera zuen. Eskuak jelatuta zituen. Portaherramientas, Diego (1904-1967). Bizikleta hartu zuen Jan Garudak. Eskela ipini ondoren. Trankilago zegoen: inurriak duintasunez utzi zuen mundua. Bere benetako langintza hasi behar zuen orduan: lagunak bilatu. Bere beste bizikleta biak okupatu behar zituen, lagun bi behar zituen. Lehenengo laguna bazekien nor izango zen: Diego. Diego Portaherramientas, txiletarra. Pragara teilagin etorritakoa. Bigarren laguna bilatu behar zuen; bigarren bizikleta okupatzeko.
Harmonika. Beraz, Janek harmonika atera eta polka bat
jo zuen, bizkarra kantoi hartako hormaren kontra jarrita. Doinuak Mala
Stranatik jaitsi ziren, Carlosen zubia zeharkatu, eta Stare Mestora
heldu ziren. Diego Portaherramientas teila batzuk jartzen ari zen auzo
zaharreko teilatu batean. Teilatuz teilatu, polka-dantzan joan zen Mala
Stranaraino, Moldava ibaia zelan zeharkatu ote zuen misterio handia
bada ere. Eup esan zion Diegok Jani, eup erantzun zion Janek. julen gabiria > unai elorriaga
|
bihotz bakartien kluba '03