bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


patxi gaztelumendi

eR3Mu4k okupgraf

Bilbao ez harri ez herri

Lisboa datorkit burura, Chiado, A Brasileira kafetegia. Eta aurrean Fernando Pessoa jezarrita. Geldirik, baina bizirik. Herri baten poeta. Edo Amezketako plaza gura baduzue, eta Fernando bertan, Txindokitik zatozela pasadizo bat kontatzeko pronto. Historia bizi bat, gurea. Gogoan ditugu, bizirik daudelako. Gogoan ditugu gogorarazten ditugulako.

Ez da izango astebete, Bilboko Arte Eder museora joan ginela, esistitzen ez diren hiriak bisitatzera. Oso erakusketa polita, koadroak ederrak. Eta irudimena gugaz jolasten. Esistitzen ez diren hiriak. Gurea kasu. Guk gura genukeen hiri hori, eta adjetiboak zuek jarri, baina arkitekturaren gainean eraikitako hiriak ziren museokoak...

Museotik atara, eta Gorbeiatik Gabriel Arestiren omenez duela 19 urte jarritako zuhaitza falta zela somatu genuen. Haritz bat, ederra ikusi genuen azken egunean. Gorbeian berez sortutakoa, indarrez gora egindakoa, euskara galdua zuen Bilbora ekarria, eta apurka apurka gora egindako haritza. Eta ondoan harria. Poeta batek landutako harria, poema bat soinean. Zuhaitza eta harria. Horra hor gure Pessoa, edo Pernando Amezketarra. Metafora ederragorik harria eta Gorbeako zuhaitza baino.

Asmatu zuten 1985ean, Bilbon, erdal hirian, Gabriel Aresti hil zela gogoratzeko harria eta zuhaitza jarri zutenek. Asmatu zutenak, bere lagunak ziren, bere irakurleak, memoria galtzerik ez dutenak. Aresti irakurriz ezagutu dugunok, eskertzen ditugu horrelakoak. Harria, zuhaitza. Metafora polita esango du poesia zaleak. Ederra metafora, euskaltzaleak. Esistitzen ez den hiria, museoan.

1975ean hil zen Aresti Bilbaon. Datorren urtean beteko dira 30 urte. Baina zer diren kontuak, axolagabekeri handiagaz, non eta Bilbon, bere omenez egindako metaforarik ederrenak, ezabatu egin dira historiaren artxibotik. Etorkizuneko Bilbotik. Museoa eta Deustuko unibertsitatearen artean. Berak idatzitako poemak datozkigu burura, izan ere, duela gutxi egin genuen ibilbide arestiarrean, gogoratu genituen txoko hoiek guztiak. Bere jaiotetxea, Barroeta Aldamarreko 2. zenbakian. Berak ezagututako kaleak, berak idatzitako kaleak, museoa, Euskalduna, Basurtu, Zorrotzako portua... ibilbide arestiarra egin genuen benetan. Eta egingo dugu. Ez zuen kalerik gura bere izenean, baina egin zuten bere borondatearen kontra. Harria eta zuhaitza eskeni zioten irakurleek, baina orain, zelan diren gauzak, gure borondatearen kontra kendu dituzte. Inori ezer esan barik.

-Aikor Bilbo! esango dizu lagunak, horra hor gure hiriburua. Kultura turismorako amu gura duen hiria. Kultura, bai zera, zelan izango da kultur hiri bat, euskarak eman duen poetarik handiena ahazten duena. Zelan izango dugu euskal hiri bat, Arestiren harriaren esangura zein den ahazten badugu.

-Aikor Bilbo! erantzungo diet. Hau da Bilbao, 30 urte beranduago: ez harri ez herri. Gurago Amezketan edo Lisboan, edo Gorbeian beharbada, euskararen salbazioa prestatzen, baina gu ere hemen geratuko gara, Aresti aldarrikatzen, Zorrotzako portuan. Besterik ez bada.

patxi gaztelumendi



 

 

 




 

bihotz bakartien kluba '03