bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


iñaki berazategi

 

Zentsuararen historia I

Zentsurak arrasto nabarmenak utzi ditu historian. Zentsoreen artaziek utzitako orbainetan erraz antzeman daiteke agintariek pentsalari eta adierazpide libreei emandako tratua.
Gure mendebaldeko historian, zentsurari buruzko lehenengo aipamenak kristo aurreko 399 urtekoak dira. Urte hartan, Atenaseko asanbladak, Socrates hiltzera kondenatu zuen biraogilea izatearren eta adingabekoak galbideratzearren.

Erromatarrek ere, Errepublika eta ordura arteko eskubide zibilak desegin eta enperadoreen gutizietara oinperatu zuten adierazpen askatasuna. Augustok Ponto Euxinora deportatu zuen Ovidio Ars Amandi idazteagatik. Caligulak Odisea debekatu zuen grekoen pentsaera demokratiko sustatzen zuelakoan.
Erdi Aroan, juduen aldeko testuak, fedegabekoak edo Dante Alighieri lako autorearen De Monarchia jendaurrean eta plaza beteetan erretzen zituzten. Okerrenak gerora etorri ziren, inprenta asmatzearekin batera. Biblia izan zen zentsurak gehien jazarri zuen obra. VI. mendean, Justiniano enperadoreak bibliaren itzulpen grekoa eta latinoa baino ez erabiltzeko agindua eman zuen ( Setenta eta Vulgata). Baina inprentarekin batera eta Erreformak proposatutako aldaketen eraginez, biblia Europako bertako hainbat hizkuntzetara itzuli zen. Itzulpen horietako hebreeratik eta arameera zaharretik egin ziren eta orduko papisten iritziz, hori arrazoi nahikoa zen heretikotzat epaitzeko. Dena den eta garaiko mapa geoerlijioso nahaspilatuaren ondorioz, Valladoliden heretikoa zena Maguncian onargarria zen eta alderantziz. Askok bizia ere galdu zuten erlijioaren inguruko berbaldi zorrotzak egiteagatik, horien artean, XVI. mendeko pentsalari eta teologo argienetakoa izan zen Miguel Servet tuterarra. Geografoa eta goi-mailako sendagilea izan zen. Gai askori buruzko lanak idatzi zituen eta odolak birikiei esker egiten duen ibilbidea deszifratu zuen. Entzutetsuak izan ziren Calvino Ginebrako abade tiranoarekin izandako eztabaida teologikoak. Calvinok ezin izan zien Serveten argudioei erantzun sinesgarririk eman. Erabat haserre eta Servetek Christianismo restitutio idatzi zuela jakinik, Calvinok heretikotzat salatu zuen. Ginebrako agintariek kasu egin, tortura latzak jasanarazi eta erre egin zuten Miguel Servet.

Calvinista eta euskalduna izan zen Joannes Leizarragakoa, Biblia euskarara itzuli zuelakoan ezaguna. Izan ere, Bezkoitzeko abadeak , Joanna Albret Nafarroako erreginaren aginduz, Testamentu Berria itzuli zuen, ez biblia. Testu horren eta beste batzuen itzulpenen bitartez, menpekoak sinesmen erreformistara bildu gura izan zituen.

Leizarragarenak izan ziren euskara batzeko lehen ahaleginak. Koldo Mitxelenaren arabera, sasoi hartako euskara kulteranismoaren eta arkaismo fonetiko eta morfologikoaren putzuan itoegi zegoen. Horrez gain, protestantismoak ez zuen hegoaldeko Europan sustraitzerik lortu eta Leizarragaren asmoa bere horretan geratu zen. Egia esan, Nafarroako erreginek harreman handia izan zuten literaturarekin. Joanna Albretekoaren ama izan zen Margarita Nafarroakoak, literaturaren aldeko hainbat egitasmo burutu zituen eta eragina Europa osoan igarri zen.
Rotterdameko Erasmok makina bat gutun bidali zizkion arren, Nafarroako erreginak ez zituen egundo erantzun; euskarazko lehen testu inprimatua atera zuen François Rabelaisek Tiers Livre eskaini zion eta horrela eskertu zion Sorbonako teologia fakultateak Gargantua eta Pantagruel gaitzetsitakoan emandako babesa.; Antoine Le Maçonek Dekameroia obraren frantsesezko itzulpena eskaini zion… Heptameroia lanaren argitalpenak egin zuen Margarita Europan. Lan horretan, Bocaccioren Dekameroia hartan lez, elkarri erantsitako istorio lotsagabeak biltzen dira eta horregatik, garaiko elizaren pentsalari eta kritikoek baztertu egin zuten lizunegia eta sinesmen katolikoarentzat arriskutsuegia zelakoan.

Erreformaren eta Kontra-erreformaren arteko liskarrak bibliako testuen ingurukoak izan ziren. XVI. mendetik aurrera, borroka horien eraginez, Europa erdia Erromaren eta espainiako erregetzaren pentsamenduaren itzalpean geratu zen. Zentsura izan zen bi pentsamendu etsaion oinarriak zabaltzeko oztopo erabiliena. Bibliako testuak kritikatzea arriskutsuegia zenez, literatura izan zen iritziak azaltzeko kadira. Baina zentsoreen hatzaparrak luzeak ziren eta literatura-lan askok ondorioak pairatu zituzten. Ingalaterran, esaterako, John Clelanden Fanny Hill debekatu zuten baita Shakespeareren alter egoa omen zen Chrisotpher Marlowek itzulitako Ovidioren Elegiak liburua. Ez zen Shakespeareri debekatu zioten liburu bakarra, Lear Erregea ezaguna ere ezin izan zuen beranduago arte argitaratu. Gauza bera gertatu zitzaion John Miltonen Eikonoklastes lanari. Obra horretan erregeen eskubide jainkotiarren zilegitasuna zalantzan jarri zuen eta urte batzuk lehenago ateratako Aeropagiticaren auzian sostengua eman zioten adiskide batzuengatik izan ez balitz, hil egingo zuten. Aeropagitica, Licensin Act aginduaren aurka atera zuen Miltonek. Licensing Act horren arabera, edozein lan argitaratzeko agintarien baimena behar zen. Argitaratzen ziren lanen gaineko jarraipen eta neurri estuek XIX. mendera arte iraun zuten. Neurri horien artean zeuden koroa ingelesak bibliaren egile-eskubideak kudeatzea edo euren ustez erlijioarentzat, eleiza anglikanoarentzat edota koroarentzat iraingarriak ziren liburuak inportatu ezina.

Bibliaren inguruko etekinak kudeatzen zituztenen artean Cambridge eta Oxfordeko unibertsitateak zeuden. Orduko agintariek oso zorrotz jokatu zuten dotrina anglikanoaren aurkako idatziak argitaratu zituztenen aurka. Hori gertatu zitzaien Biblia zitala izenez 1631. urtean argitaratu zituztenei. Inprimatzaileek huts txikia egin zuten baina zigorra itzela handia izan zen. Zazpigarren Aginduari ez berba eranstea ahaztu zitzaien eta argitalpenean lapurtuko duzu azaldu zen. Noski, gogor zigortu zituzten. Ingalaterrako kontrol, neurri eta zigorren politika askozaz krudelagoa izan zen Ameriketako kolonietan. Irakurri bestela Nathaniel Hawthornek idatzitako Letra Eskarlata liburua. Hawthorne Salemekoa bertakoa izateaz gain, XVII. mendean izandako ustezko sorginen kontrako epaile baten ondorengoa izan zen. Arthur Millerrek ere Salemgo sorginak liburuan, emakume horiek jasandako gehiegikeriak kontatu zituen. Baina ez hori bakarrik. Gaiaz baliatu eta Joe Mac Carthy senatariak eta Ricahr Nixon gaizkile eta presidenteak burututako "sorginen ehiza" famatua gogor gaitzetsi zuen. Berrogei urteren buruan, Arthur Millerren pentsaera erabat aldatu dela dirudi. Izan ere, Euskal Herrira etorri zenean, duela zenbait urte, berak eta Derek Walcott poetak, Roque Dalton Salvadorreko poeta iraultzaileak "euskalduntasunaren aurkako agiri garbiak" izendatuko zukeena sinatu zuten.
Baina utz dezagun Miller eta itzul gaitezen Ameriketako kolonia ingelesen sasoira. Mayflower ontziak eramandako erlijiozale itsuekin batera, jaioterrian ez zituzten aukeren xerka joandako asko zeuden, Ameriketako bertako bizilagunen pentsura egingo zituzten dirutzen xerka joandakoak gehienak. Irabazi horien karietara sortu ziren Ameriketako kolonien independentziaren aldeko iritziak eta oinarriak. Zentsurak, ostera, atoan eraiki zuen ideiotatik babesteko hezia eta lehenengo errepublikaren aitzindarietakoa izan zen Thomas Jeffersonen Amerika britanikoaren eskubideen azterketaren aurkibidea debekatu egin zuen. Zoritxarrez, Ingalaterrak Ameriketara eramandako arau eta pentsaera estu bezain inposatzailearen zantzoak ez dira gaurdaino desagertu. 1798an, John Adamsek, independentzia lortu zuen AEBeko presidenteak, Sedition Act legea ezarri zuen. Lege horren arabera, gobernuaren, kongresuaren eta presidentearen jokaera kritikatzen zuenak kartzela-zigor gogorrak jasoko zituen. Jeffersonek berak gogorazi behar izan zion Adamsi AEBeko konstituzioaren lehen emendakinak adierazpen askatasuna bermatzen zuela eta, horrenbestez, Sedition Act konstituzioaren aurkakoa zela.

Bitartean, Europan, eliza katolikoak ( zentsurak) lau mendetan iraungo zuen zitalkeria egin zuen: liburu debekatuen aurkibidea. Baina horri buruz hurrengo batean berba egingo dugu.

 

Iñaki Berazategi

 

 

 

 

 

 

 



 

 

 




 

bihotz bakartien kluba '03