bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak
Zigarroak eta letra gorriak Zentsuraz jardutea dut asmo. Eta horregatik Gabriel Aresti bera ekarri gura nuke gogora. Orain gogoratzen dugun Aresti hori, orain ahazten dugun Gabriel hori. Bi argazki dituzu eskumatara. Bi argazki ezberdin kamara eta une berean eginak biak. Gabriel Aresti da ezkerrekoa. Izan zen bezalakoa, eskumakoa berriz batzuk izatea gura zuten bezala agertuko zaizu. Zer
dela eta kendu zion eskutik zigarroa Jon Kortazarrek Gabriel Arestiri?
Ze helburu du horrelako ekintza batek? Aresti lehenago ere zentsura
jasotakoa da, letra gorria gaineratu zioten irakurle frankistek bere
idatziei. Baina historia traidorea da, Aresti desitxuratu bat pasatu gura dute historiara. Aresti photoshopen erretokatu bat, formala, boterea zirikatuko ez duena. |
|
|
Sarri kantatzea ez bide da ona Eta Sarri hartzen dut hizpide. Izan ere sarri kantatzea ez da ona. Debekatu gura dute. Sarri irakurtzea ere galarazi dute Iruñean, ezagutzea, bere letra izkiratuari so egitea. Eta horregatik Joseba Sarrionandia ekarri nahi nuke gogora. Horrenbestetan kantatu dugun Sarri Sarri hori, horrenbeste irakurtzen dihardugun Sarrionandia. Espainia aldean aztoratuta dabiltza, Fermin Muguruzak eta Manu Chaok jai alaiak montatzen dituztela eta, preso baten ihesa goraipatzen. Aztoratuta dabiltza, jendea kantatzen sarritan, dantzatzen recuento generalean. Iruñean Pamiela argitaletxeari erakusketa bat debekatzen diote, Sarrik idatzitako berbak inprimatu eta paneletan jartzeagatik. Ez dut editoreen grebarik, manifesturik irakurri. Ez ditut idazleak kateaturik ikusi egunkarietako argazkietan. Bertold Brecht gogorarazten dit honek, ni ez naiz beltza, ni ez naiz judua, ni ez naiz komunista, ni ez naiz abertzalea, ni ez naiz hemengoa... baina nire bila etorri baino lehen isilduko naiz.
|
Janet Jackson edo Xabier Montoia Titi batek begira jarri gaitu mundu osoa. Irudirik bilatuena izan da Interneten. Baina zentsura ekarri du horrek ere! Telebistan 5 minutuko atzerapenagaz emango dituzte aurrerantzean mundu mailako sariok. Janet Jacksonen titi erakutsiak protokolo akatsa dirudien arren, zentsurarako aitzakia bat baino ez da. Kontrolaturik gura dute mundua, eta kontrola ezartzen dute munduan. Telebista zentsu horretan, ez da munduaren adierazpenetatik bat baino. Gurean, ez oso aspaldi, musikari bat zentsuratu zuten -eta jarraitzen du ziurrenik- irrati publikoan, euskal FMan, ez zuen titirik erakutsi, baina titiak ikutu zizkion bere adierazpenekin irratiko zuzendariari. Zentsura nabarmena. Ez zuten bere abestirik jarri irratian. Agindua zegoen, goitik, bilera batean emana. Interneten zalaparta txiki bat sortu zen, gure eremuan, eta gaur egun ere bilatzaileetan "xabier montoia" jarrita ageri da orduko zantzorik. Hor geratu dira. Adibide xumeak dira, egungoak. Gurean idazle eta kantari bati ezarriak, baina mundu guztiak bizi dituenak. |
|
bihotz bakartien kluba '04