Kriptogramak
(I)
01
Linterna gorria deituko da",, harrapazak
hankatik, pentsatu nuen, hasi gaituk bits after-boltxebiketan igerian
berriro ere, edukian ez duguna itxuran jantzi nahian, adjektiboari zikinbrilloa
atera guran, patsa eta abarra bai, txerribodako barrinoak gainez egin
arterainokoa, eta gero, zein itsusia den bits zaharra likidorik ezean,
zein patetikoak izar gorri horiek proletarioentzako galerazitako moda
dendetan. Krakatekoa. Ondo gogoan dut urtea ere. Leninen brontzezko
buruak inork nahi ez zituela, eta non eta Otxarkoagan eman zitzaien
babes politikoa Volodiari eta bere lagun juduari, Karli. Levisak jantziko
ditut, baina Sovietak? Lehenago barbarin! (alegia, dultzainero,
ertzain). Kopon, ez duzue ulertzen zergatik ala?
02
Ederra bota duk, Aranbarri. "Zein itsusia den bits zaharra likidorik
ezean". Zein da soluzioa hortaz? Likido Gorria? Jario, Isuri Gorria?
Libra nadin blaga errazegitik. Era poetikoagoetan irakurria haiz nonbaiten,
gorria estetika hutsa ez zen garaian: "Odolaren mintzoa" izan zitekeen
bata. "Marrubizko ibaiak" bestea. Nola dio Mendigurenek voyeur hutsa
naizen eztabaidagune (?) horretan garai hartako poesiaz?
Estrabaganteak ginen bada.
03
Egia esan, Maiakovskik merezi zuen keinu hori. Guk ez badugu ateratzen
marasma artetik, nork bada? Beti da ederra Otori entzutea. Ederragoa
bere adiskidantzaz gozatzea, baina tira. Onar dezagun "Linterna Gorria"
izena. Ez haiz xelebre, eznatural, mentxebike bakarra izango gazte iraultzaile
hauen artean. Onartu bai, baina zerrenda egiten dut, buruz, bada ez
bada ere: Negu Gorriak, Kale Gorria, Gazteri Gorria... "Beste erara
ere uler daiteke", gaztigatu didate, nire purrustalditik nondik
babestuko.
Baiki.
04
Ez dakit nork, baina Mohamed Xukri marokoar idazlearen nobelarik gordinena
argitaratu beharko genuke. Arabieraz idatzi zuen berak, baina orduan
adiskide zituen Jean Genet-ek frantsesez ("Le pain nu") eta Paul Bowles-ek
ingelesez ("For bread alone") eginiko itzulpenei esker egin da ezagun.
Zabaldu biak kalatxori hilak balira bezala. Errepara ezazue sintaxian.
Bi eleberri diferente direla dirudi. Berria-n, Xukriren heriotzaren
kariaz Mielanjel Elustondo nekaezinak eginiko elkarrizketan, "Ogi biluzia"
legez ematen da. Galdera: gauza bera ulertuko genuke "Ogi gorria" deituko
bagenu? Ezen gorria, benetako gorria, Xukrik (eta oro har idazle arabiar
gehienek) bere haurtzaroaz egindako kronika. Zuzen dezadan: haurtzaroa
bera.
05
Otorekin telefonoz, lasai antzean: "Han huan gorri hotsa!".
Ez zitzaidan iraultzaren emana azaltzen ari. Tabernako beroan, gazteak
maldizioka zebiltzala adierazten ari zitzaidan, alegia, ostiaka, putaka,
mekauendioska eta holako.
Ahoa bai handi gure linterna honek.
06
Gorriak badu bentaja bat, ikusi egiten grisa izanik ere.
Chaplin, Modern Times (1936): Zapia jausi da zamatutako kamioitik. Charlotek
hau behe gainetik hartu eta besoa gora, kamioiaren atzetik doa, eroritakoa
itzuli nahian. Ohartzerako, mundua du atzetik. Munduko langile oro du
zapidunak gibeletik. Iraultza!
Polizia ere zuhur dabil, ordea. Dinki eta danka, eta bat handik, bestea
hemendik, iraultzaile suhar guztiak galdu ditu zapidunak. Bakarrik gelditu
da.
Ederrak dira satirak, jenero gisa diot.
07
Bost txakur dituen ikasle batekin:
- Eta zein koloretakoak dira?
- Zuriak, beltzak,... nola esaten da mixtos?
- Pinttoak. Eta gorririk?
- Gorria?
- Bai, gorria.
- Zelan gorria?
Ezin ulertarazi euskaldunok, kaka ere, gorria dugula gehienetan.
08
Koloreenak gura besterako eman lezake. Ez da hainbeste urte, gustura
irakurri genuen Patziku Perurenaren "Koloreak euskal usadioan". Baita
Joseba Sarrionandiak "Ni ez naiz hemengoa"-n koloreei buruz idatzitakoak
ere. Eta hau guztiau zertarako? Abelgorritik gorringora, koloreena nola,
nahi gabe atera zait espektroa zabaltzearena, ez dakit, hedabideen eraginez
edo. Edo nola politika subkonszientearekin nahasten zaidan.
09
Maite zituzten poeta sinbolistek eta Abisinian arma trafikatzaile ibili
zen poeta hark koloreak erabiltzea euren poemetan. Inkesta bat ere egin
liteke. Zein kolore dagokio bokal bakoitzari?
Rimbauden aburuz, I da gorriarekin lotu beharrekoa: "A noir, E blanc,
I rouge, U vert, O bleu". Eta irudien zaparrada gero:
"I, pourpres, sang craché, rire des lèvres belles
Dans la colère ou les ivresses pénitentes".
Honela, nola ez zuten modernistek, esate baterako, aski kromatismo bezatua
aurkituko.
10
Eta historiak eskaintzen dituen kasualitate bitxi horietakoa, osoro
jolasean hartu beharrekoa. Lauxetaren Bide Barrijak liburuko poemen
artean, badago bat, izenburuari erreparatuta, irribarrea ebasten diguna.
"Mao Gorrija" du izena. Honela hasten da: "Maitasunaren ikurkorra
zan / zure leyoko maoa, / ikusten neban goiz-iluntzetan / poztuten yatan
gogua".
Eta ikusi egiten dugu laukiztarra, liburua argitaratu zioten 1931 hartan,
Euzkadi hartzen eta arduraz irakurtzen, Mao Zedong izeneko bat dela
lehendakari berri Txinan. Ez zuen susto makala hartuko. Bere poeman,
krabelinak ziren gorriak. Txinatik heldu berri den albistean, klasiko
eran olerkiak idazten dituen presidentea da gorria. Mao biak. Zein baino
zein gorriago.
11
1920an, Urriko Iraultzaren ostean, Isaak Babel Armada Gorrian sartu
zen, Zaldizko Gorria kazetako korrespontsal gisa. Horrela joan zen Poloniako
gerrara Gorkiren adiskidea. Ordukoak gogoan zituela idatzi zuen bere
libururik gogoangarriena, Zaldieria Gorria. Bertan, eta Kivil Liutov
soldaduaren urratsei jarraikiz, errealismo handiz kontatzen digu gerraren
gorria. Ezkerreko Oposizioko kide, 1940ko urtarrilaren 27an hil zuten.
Bere azken hitzak ere gorde dira: "Utzidazue nire lana amaitzen". Pelotoiko
fusilak mintzatu ondoren, ondo ikusi zen. Zaldieriaren kolorekoa zuen
odola.
12
Utz dezadan gorria, ordea. Eta abia nadin linternak ematen didan bidetik.
Linterna Gorria deitzen zen Maiakovski-eta elkartzen ziren lokala. Ez
dago Amaia Ezpeldoi izan beharrik zer zen jakiteko. Kabareta, diote
kronikek. Eta irribarre gaiztoa marrazten zaigu guztioi. Guk ere ezagutu
ditugu linterna gorriak bide bazterretako etxeetan. Eta zinez diot,
beti egon da literatura interesgarria egiteko gai onik horrelakoetan.
Nola ez dakidala,
Azpeitiko institutuko garaiez oroitu naiz. Bazen taberna guztiak itxi
ondoren otartekoak ematen zituen linterna gorridun etxe bat Landeta
auzoan. Gure aldean ausart portatu zen Pako Aristi. Egun batean, Brasildik
edo Venezuelatik etorri berri zen puta batekin lortu zuen elkarrizketa
gerora free-lance ausart izango zen idazleak. Miraz irakurri genion
interbiu hura Egin-en. Ez dakit, asko zor diote giro horri Pakoren lanik
miragarrienek, Kcappok-eta.
13
Linterna Gorria kabaretean elkartzen ziren Maiakovski eta bere lagun
futuristak. Zuricheko beste batean, Cabaret Voltaire zeritzanean Tristan
Tzara eta dadaistak. Pailazo oso-osokoak asko, baina ezinbesteko bide
surrealismoaren lilurara heltzeko. Valery, Claudel, Malarmé, Apollinaire,
Tzara, Arp, Breton, Aragon, Eluard... Pribilegiatuak izan ginen. Linterna
gorriei segika irakurri genituen. Eta eskerrak.
14
Linterna Gorria. Linterna, Zhang Yimou-ren filman bezalaxe (argiak estetikaren
mesede hemen ere), linterna ez da eskuargia, kriseilua baizik. Eman
diezaiodan down-ari. Eta Kriselu Gorria jarriko bagenio? Aresti ere
ikustekoak gara Koldo Izagirrerekin. Royaltiak ordaindu beharra Haranburu
Altunari, horratx ultzea. Gainera, orduan bai nostalgia patetikoa gurea.
Ez, hobe bere horretan lagatzea.
15
Idazle galegoen artean, bada gauza sotil ederrik. Koldo Izagirrek itzuli
eta Xabier Mendigurenek 1993an argitaratu zuen "Intxixuen artxibotik"
da horietako bat. Narrazioaz gain, saioa ere landu zuen Rafael Diestek.
Eta antzerkia. Baita poesia ere. Jenero honetan, badu gazteleraz idatzitako
liburu bat, bakarra, "Rojo farol amante" du izena. 1934an eman zioten
argitara. Urtebete lehenago, Euskal Herrian ibili zen hilabete pasatxoan,
Maria Zambranok zuzendutako Misio Pedagogiko haietako batean. Non? Izango
da mitomanorik gure artean, eta polita da datua. Zalduondon, Markitosen
herrian.
16
Patsy, Gotzon: ikusten dozue, intertestualitatea bajagok, arean, dana
jagok alkarregaz lotute, dana asau eta dana paraje, baie gu Goikoelexean
gagozak, Irlandan. Lekutan gagozak urien ederretik. Kakazotz! Zer kabaret
da gure hau?
Zagozie trankilo, lohituko gozak.
(2004-01-15)
iñigo aranbarri
|