bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


unai elorriaga > julen gabiria

 

Zoriaren ipuina dala esan geinke, edo Atzamarrak agindukoak, edo Hiztegiek ez dinoe dakiten guztia. Julen eta Unai ekarri genduzen halango baten Larrabetzure berbaldie emotekotan. Sasoi hartan idatziten egoazan nork bere bigarren eleberrien ganean eginoskuen berba, zer deritzozu espagetiek arkondaratan uzten deurien lohiari eta zer erantzungo zeunkio bizikletia hankarik ez eukiteko arrazoi nahikoa ez dala dinonari. Gero hiztegi bat hartu, edozein orrialde aukeratu, orrialde horretako berba bat hatzamar azpien hartu eta, erreleboka, ipuina osatu zeurien, bat-batean. Eta gusteu ein jakun. Eta hori berori ein deurie LINTERNA GORRIArako. Julen Gabiria eta Unai Elorriaga direz. Edo Julen Elorriaga eta Unai Gabiria. Batek daki. Okerrak eta olgetazaliak be badirenez, zeuk asmatu bikozu nok esan deuen zer.

Idatzieistezu baladatxu bet

 



-Hementxe.

-Bai ba. Eta? Norako asmoagaz ba?

-Edo Pragara edo Ponte a Emara. Edo Dublinera.

-Ez dau emoten oso pertsona koherentea zaranik. Dublinera joateko itsasoa pasau behar da, eta trenez…

-Bardin da. Kontua da han goitik itsasoa ikusten dala. Koherentea? Koherentea izan zara inoiz ala?

-Koherentea zertan? Trena hartzerakoan, liburuak idazterakoan ala bizitzeko momentuan?

-Koherentea lagunakaz, familiagaz… izango zara zu bai, baina literaturan? Literaturan ez zara inoiz koherentea izan. Nork esan dau, ganera, literaturan koherentzia behar danik? Eta esan badau be, kasu egingo deutsagu ala?

-Ezagutzen dot teoriko bat, baina izenik ez deutsut esango, kontau eustana idazle bat ez dala sekula idazle, ez badauka traiektoria bat. Hau da, liburu on bat egin badozu eta gero txar bi segiduan, orduan ez zara idazlea. Barruak eskatu deustana idatzi izan dot orain arte, eta barruari ezin jako eskatu traiektoria literariorik. Nire lehenengo liburua eta bigarrena sano diferenteak dira, baina traiektoria pertsonala egon da, eta igual literarioa be bai. Inkoherentea naz? Koherentea?

-Koherentea zara zeure buruagaz. Kontua da liburuko pasarteetan inkoherentzia lantzea, onenak lez. Hau piropo moduan esaten deutsut.

-Barkatu, despistauta egon naz lehiotik begira.

-Bai, neuk be ikusi dot pasau dan karrerista. Italiarra zan, ezta?

-Sudurra behintzat italiarrarena eukan. Beitu, konturatu naz biok emoten deutsagula inportantzia holako gauzei: sudurrei eta.

-Eta uleari be bai. Zuri begitutea baino ez.

-Zure liburuen izenburuak kuriosoak dira, ule kontuak eta. Niretzat izenburua sufrimentua da, eta zuretzat jolasa. Ahor diferentzia bat.

-Olgetan be ikasi egiten da. Ganera, araueri kasurik egin barik ikastea da gauzarik politena. Edo arauak ikasita apurtzea. Edo tranpak egiteko azpibideak ikastea. Seguru dakit hurrengoan gozatuko dozula izena ipintean. Kontua da irakurleari burla egitea. Apur bat.

-Ez, ez, badakit ez dodana gozauko. Sufridu egiten dot. Niretzat, izenburuak erlazinoa euki behar dau liburuko zeozegaz, zeozer inportanteagaz, ahal bada. Eta hori lortzea, eta gainera titulo erakargarria izatea, liburuaren filosofia biltzea eta doinua eukitea... hori lartxo da niretzat. Sufridu egiten dot, eta ezin deutsat burla egin irakurleari.

-Gauza lar eskatzen deutsazuz izenburu bateri. Nork esan dau hori guztia behar dauela izenburu batek? Eta esan dauenak nogaz enpatau dau? Benetan sinesten dozu hori, Gino?

-Ostantzean ez naz trankil geratzen. Ez irakurleagaitik, ze irakurlea ez dot ezagutzen, ezpada nigaitik. Gustauko jatan kapazidade hori eukitea: edozer ipini titulo lez eta inori esplikazinorik ez emotea zegaitik edo zegaitik ez. Baina, beste alde batetik, izenak eta edukinak erlazinoa eukitea beharrezkoa jata, nik neuk be jakiteko ze letxe nabilen idazten. Eta zuk oin arte probau ez dozun gauza bat probau dot nik: nobelan gauza historikoak sartzea, eta hor fikzinoa tartekatzea. Eta kontua da Historiak badaukazala kausak eta ondorioak, eta batzutan sentsazinoa eukiten dot, Historiaren ondorio bat sartzen badot liburuan, Historia horren kausa be azaldu behar dodala, eta arriskua dago azalpen absurdoetan galtzeko, istorioagaz erlazinorik ez daukienak. Hor zalantza agertzen da: Historiari fidel izan eta dana kontatu, ala Historiari fidel izan eta ezer ez kontatu?

-Baina historia benetakoa da, ala?

-Guzurretakoa behintzat ez da. Ondo dakizu existiduten dana. Nik oso hur ikusten dot nire burua Historiatik, aber hobeto azaltzen dodan: zeozer idatzi behar dodanean, zeozer luzea, nire istorioa eta nire pertsonaiak beti dagoz Historiagaz zelanbait lotuta; zu eta ni be, pertsona garan aldetik, Historiagaz lotuta gagozan moduan. Zuk kapazidadea daukazu (eta miretsi egiten dot kapazidade hori) istorio bat asmatzeko Historiarik ez daukan leku baten eta, ondorioz, zure pertsonaiek eta zure egoerek ez daukie Historiagaz lotzen dituen katerik. Eta Historiaren gainean nabilenean, bardin jat oin dala 70 urteko gerra zein gaurko egoera.

-Gehiago esango neuke: kultura, bizileku eta izenik bako pertsonaiak idazten dodaz. Niri gustaten jatazan gauzak kontateko, historia, kultura-eta zamak baino ez dira. Ahalegina egingo dot azaltzeko: pertsonaia Algortan ipinten badozu, historia jakin bat emoten deutsazu, kultura jakin bat, bakar-bakarrik Algortan jaio eta bizi dala esanda. Eta, ondo dakizu Julen, ni ez nazela lotsatzen Algortakoa nazelako, ezpada guztiz kontrakoa. Baina horrek (historiak, kulturak...) pertsonaia baldintzatuko dau, onerako zein txarrerako. Eta ez pertsonaia bakarrik: irakurlea baldintzatuko dau, batez be. Portugaleteko batek irakurten badau, aurreiritzi batzuk eukiko dauz Algortako kontuen ganean. Bilboko batek irakurten badau, beste batzuk. Gizpuzkoar batek beste batzuk. Beste hizkuntza batzuetara itzultzen bada, zer esanik ez (Argentinan, Polonian, Suedian...). Kontaten dozuna, modu horretan, guztiz diluitu egiten da testuan, eta irakurlea gehiago dago beste kontu batzueri begira, benetan garrantzia daukanari baino (hain zuzen be, gizartean gertatzen dana beste gauza batzuekaz: hainbat informazino eta denbora faltagaz, oinarrizkoari kasu gitxi -baina beste eztabaida baterako kontua da hori-). Ostera, nik historia alde batera itxiten dodanean, horixe lortu gura dot: holango batean, italierazko itzulpena egiten dabilena deitu eta esan eustan SPrako tranbia bere herrian, Ancona partean, imajinetan dauela. Gero Argentinako irakurle batek posta elektronikoz esan eustan Banfielden imajinetan ebala SP. Eta jakingo dozu Julio Cortázarren herria zala Banfield. Horixe lortu gura dot nik: historiaren eta kulturaren zama kendu gura deutsiet pertsonaiei (izen biblikoen kontua be hortik dator, jakina).


-Beste alde batetik, Historia bako lekuak asmatzen dituzunez, libreagoa zara, ze ez dozu inoiz topauko anakronismorik edo muga historikorik. Nire mundu literarioa denbora eta espazioaren koordenadetan kokatzen da, eta zureak ez dauka holakorik: denbora irakurleak gura dauena da, eta espazioa be bai. Hori gauza handia da. Ez dozu ezer azaldu behar, beharrik ez daukazulako. Aldiz, errealidadeagaz olgetan hasten bazara, zure pertsonaiak kokatzen badozuz Italian eta 1943an, muga handiak dagoz hor, eta fidela izan behar zara Historiagaz. Baina lehengo kontua: Historiagaz fidel jokatzeak ez dau esan gura ezin danik Historiagaz olgetan ibili. Historia, azken baten, hari narratibo bat da, hari sendo bat, mila adartxo dituana. Imajinau erreka handi bat, Amazonas, eta erreka horretatik urteten diran adartxoak. Eta danok dakigu zer pasau dan hari sendo horretan, hori dalako liburuetan agertzen dan Historia, baina beste adartxo horreek olgeta literariorako materiala dira, argi eta garbi. Orduan, Historia txiki hori, benetan pasau zan arren eta nonon jasota egongo dan arren, moldatu egin leiteke, eta plastilina lez egokitu zure istoriora. Mussoliniren ahotan ipini daikezu astokeria handi bat, eta hori zilegi da, ze horrek ez dau Historia aldatuko, baina igual bai izan leiteke inportantea zure istoriorako. Egunen baten probau beharko zendun. Ondo dagoz Idus-eta, baina mugatutako esparru baten aukera barriak agertzen jatzuz, esate baterako mugakaz olgetea.

-Interesantea da esaten dozuna: pertsonaiak historiaren mugetan sartu eta mugakaz olgetan ibiltea. Hori irakurri eta bertsoa etorri jat gogora. Bertsoak dira gaur egungo literaturan elementurik mugadunenak. Eta badakizu olgetazalea nazela ni. Eta bertsozalea. Olgetan hasteko ez daukat problemarik. Oraindino, baina, ez dot beharrizanik sentidu nobela batean olgeta horregaz hasteko. Ez nobela oso batean behintzat. Izan be, nobela zati betzuetan egin dodaz holangoak. Eta hor dago niretzako gaurko literaturaren traba handi bat: emoten dau nobela batean ideia bategaz hasten zarenean, nobela osoan eutsi behar deutsazula ideia horreri. Eta beharbada ideiak 40 orri beteteko balio dau, baina ez gehiagorako. Eta, halan eta guzti be, idazleak eutsi behar deutso horreri eta, ganera, ezin dau 150 orriko nobela bat idatzi, 450ekoa idatzi behar dau, hori ei dalako idazle handi bihurtzeko Bide Bakarra (Juan Rulforen etxera joan beharko ginan astean behin beharbada). Esan gura dot konplejuak daukaguzala zortziehun.

-Idazlearen buruan kezka bat agertzen danean eta, ondorioz, kezka horren gainean idatzi gura dauenean, egiten dauena da berez txikikeria bat izan daitekeen hori puztu. Orduan, zure kezka, momentu baten, izan bazan zaharren buruan sartzea, Lucasegaz egin zendun moduan, ba hori puztu egiten dozu, exajerau, ze hori egin ezean gaiak (horrek eta munduko beste gehienek) ez dau emoten askorako. Eta sartzen zara Lucasen buruan eta, derrigor, egin behar dozuna da egoera hori beste elementu batzukaz parekatu, kontrastea sortzeko, txispa sortzeko eta, modu horretan, istorioa sortzeko: Lucasen buruan sartzea alperrik izango zan, alboan ez bazendu Marcos sartu, gaztea. Txispa sortzeko, istorioak aurrera egiteko, kontau gura dozun egoerak beste egoera baten beharra dauka, alkarren artean tirabiratxoa sortu eta aurrera egin daian. Nobela bat idaztean, aukera bi dituzu, gitxienez: bat, ipuina lez idaztea nobelea, hau da, dianaren erdira doan gezia lez (Tabucchik holakoak egiten ditu, maisua da horretan); eta bi, hasierako ideiari beste ideiaren bat gehitzea, ideiak alkarren artean aberastuz.

-Egia da ideiak gehitu egiten doguzela istorioak aurrera egin ahala. Inposiblea izango zan hasikeratik nobela osoa buruan eukitea. Ganera, aberastasuna dakar horrek. Esan gura dot pertsonak egoera diferenteak daukazala egunean zehar, astean zehar (bardina da domeka bat eta eguen bat?; bardinak dira eguen bi?), hilean zehar, urtean zehar, lustroan zehar. Eta jakina da liburu bat buruan daukazunean, ezin dozula inoiz kendu. Eta ondo dago egun batean euki zendun ideiak beste egoera batzuk ezagutzea, pelikula barriak ikustea (eta entzutea), liburu barriak irakurtea, albistegi barriak irunstea. Modu horretan jatorrizko ideian ez egozan elementuak batuko dira.

-Historiaren kontuagaz hasi gara, eta Historiak baliabide literario ederra emoten deusku: elipsia. Kontau beharrekoa hortxe dago, baina geure esku dago zer kontau eta zer ez erabagitea. Gero eta maiteminduago nago elipsiagaz. Elipsia ez da testua borretea. Da narrazinoaren erdian zulo bat egitea, baina baldintza bategaz: informazinoz betetako zuloa izatea. Elipsiagaz lortu behar dozu:
a) Irakurleak ulertzea zer esan gura dozun, edo
b) Irakurleak bere interpretazinoa egitea, zure interpretazinoagaz bat etorri ez arren.
Edozelan be, eta bi horreetako zein lortu gura dozun alde batera itxita, idazleak irakurleagazko konplizidadea lortu gura dau beti elipsiagaz. Eta konplizidadea lortzeko ez da nahikoa zulo sinple bat egitea narrazinoan. Hori, elipsi bat baino, txapuza bat izango zan. Konplizidadea lortzeko informazinoa emon behar dozu zuloa agertu baino aurretik eta (edo) zuloaren ostean.

-Elipsia sí señor: elipsia da aparatu bat itzela. Ahozko tradiziñoan ikusi behar da elipsia, gauza inportantea dala ikusteko. Hartu balada bat. Hartu Prantzie kortekoa balada. Kontaten ez dana, argi dago, kontaten dana baino inportanteagoa da. Kontaten dana, baina, ez da inportantzia gitxikoa. Batez be kontaten dan moduari begira: alde batetik, bazterreko kontuak kontaten dira, baina bestetik (eta meritu handia dauka horrek) elipsian doana ulertuteko pistak banatuten dira, hemen bat eta han bestea. Beti behar diranak, ez bat gehiago ez bat gitxiago, eta danak, ganera, abilidade handiagaz. Holan amaitzen da balada (buruz nabil, parkatu zeozer txarto badago): "Ai, nire amaginarreba / muskerrez betea / subeak egingo al deutsu / arratserako ohea". Gero beste kontu bat be badago elipsiagaz nahiko lotuta: gehiegi kontateko joera ez ete dagoan esaten deutsat askotan neure buruari. Hau da, aurretik esan dogunaren kontrako aldea. Asko kontaten da: lar. Esplikazinoak emoten dira lartxu. Liburu batean gauza guztiak ulertuten doguz; kausa bat badago, ondorioa agertuko da luze barik. Eta, por supuesto, ondorio arraro bat agertzen bada, hori nondik datorren, zergaitik, nork, zelan eta abar azalduko deusku offeko abots batek. Eta zenbat gauza ez ete dago munduan esplikazino barik. Lehengo egunean nik idatzitako zozokeriak irakurtzeko 14 euro ordaindu ebazan tipo bat ezagutu neban. Horrek esplikazinorik dauka? Langile normal batek ordu bi edo gehiago emon behar dauz 14 euro irabazteko. Zertarako eta lau gazbako kontu erosteko gero.

-Elipsiagaz hasi eta puntu bat atera dozu, interesantea ez, fundamentala dana: ahozko tradizinoa. Hor badogu alkartzen gaituen puntu bat: ahozkotasunera jotea, arau batzuk apurtu arren. Izan be, arauak apurtzeko dagoz. Eta ohituegi egon gara, pertsonaiak berbetan ipinterakoan, arauen markoaren barruan ipinten, baina gero eta argiago ikusten dot pertsonaiek ezin dabela holan berba egin. Nik arauen barruko alkarrizketa bat irakurten badot, ez dot sinisten. Beti dago zeozer txirriau egiten dauena, gauza bat dalako narrazinoan idazten dozuna (eta hori bai, arauen barruan joan daiteke), eta beste bat pertsonaia biren arteko alkarrizketea, edo monologoa edo dana dalakoa. Eta idazkeran zeozerk txirriau egiten badau (hiztegian karrankatu ipinten dau, baina horrek be nahiko karrankatzen deust edo, hobeto esanda, ikaragarri txirrietan deust), alkarrizketeak esate baterako, ba orduan hori traba bat da irakurteko momentuan, eta sinesgaitza bihurtzen dana ez da bakarrik alkarrizketea, ezpada istorio osoa. Irakurlea buru-belarri sartu behar da liburuan, sinistu egin behar dau dana: istorioa bera, kokapenak, egoerak eta pertsonaiak. Azken baten, pertsonaiagaz identifikau behar da, edo gorrotoa hartu behar deutso pertsonaiari, edo dana dalakoa, baina pertsonaiagaz euki behar dau holako harreman bat, eta hizkera da horretarako lehenengo baldintza. Pertsonaiak hizkera artifiziala erabilten badau, irakurlea ez da sartuko liburuan, edo momenturen baten sartzen bada, laster urtengo da barriro, belarrira arraroa egiten jakon esaldi-egitura baten erruz. Zergaitik mantendu behar dira arau horreek literaturan eta, aldiz, zineman pertsonaiek kaleko eran egiten dabe berba? Azkenean gauza bera da: zinemak eta literaturak gauza bera egiten dabe, istorio bat kontau. Eta zergaitik idatzizko formatuan pertsonaiak izan behar dira gramatikalki zuzenak, izan beharrean naturalki zuzenak?

-Alkarrizketen ganean dinozuna ez neuke hobeto esango. Hori da gaurko literaturan belarriari min gehien egiten deutsana. Gaurko literaturan dinot: abangoardismo guztiak eta esperimentalismo guztiak pasau ostean. Izan be, Arthur Conan Doyleren nobela bat hartzen badozu eta pertsonaiak tesi doktoralak egiten ibiliko balira lez egiten badabe berba, konforme gelditzen zara. Baina gaur? Eta holangoak egin gura dauenak be (alkarrizketak normaren barruan), itzelezko ahalegina egin behar dau irakurlea nobela barruan sartzeko eta monologo doktoral horreekaz gozatzeko. Hori ez dago danon esku. Hori hiruk egin leike munduan. Baina, graziosoa da: ahozkoari gehiago begiratzen deutsagunori esaten deuskue sinple idazten dogula (eta munduko sinpleena da normaren barruan idaztea), akats gramatikalak egiten doguzela, erderakadak erabilten doguzela... Ez daukazu zuk, Julen, zure euskara-garbizale-aingerua buru ganean? Ez deutsu inork esan euskara garbia erabili behar dala liburuetan? Emoten dau literatura eta euskalgintza gauza bera dirala. Eta badira. Neurri batean. Baina neurri batean bakarrik. Baten batek esango dau literatura euskalgintzaren barruan dagoala. Eta holan da. Baina nik esango neuke aldrebes be badala: euskalgintza literaturaren barruan dagoala, parte bat dala, baina beste parte asko daukazala literaturak. Horren ganean, beharbada, gehiago pentsau beharko geunke.

Beste gauza asko esango neukez literaturan ganean. Esan neinke gure literatura J. Berger dala, eta A. Baricco, eta W. Gombrowicz, eta L. Perutz, eta P. Lizarralde, eta H. Cano, eta S. Beckett, eta Obabakoak, eta Orio, eta Aretxabaleta, eta A. Egaña, eta J. Rulfo, eta futbito zelai bat hormigoizko zoruaz. Hori da batez be gure literatura eta ez gara hortik despistatu behar, eta Kirmen Uribek dinoan lez, eutsi behar deutsagu "hego-haizea usaintzeko moduari". Eta pentsetan dot, Julen, nahikoa dala, lar egin dogula berba eta beste batzuek egin behar dabela berba, esate baterako, Igor Estankonak eta Ramon Saizarbitoriak, ala Anjel Lertxundik eta Joseba Sarrionandiak, ala beste guztiek.



 

 

 




 

bihotz bakartien kluba '04