Walshen bila xake mahaian
Ordeka
zabalean isuritako xake taula da La Plata. Kale zuzenak hemendik,
hortik, handik, edonondik. Etxe sendoak, zumardi zabalak, hiribide
luzeak...XIX. mendeko azkenaldiko giro baikoirraren emaitza da La
Plata, Argentinako hiriburu izateko sortua. Ederra izanagatik, ez
da, alde horretatik, edonora goazela ere, hirietako alde zaharretan
aterpe bilatzen dugunontzat, hiri xamurra. Ehun eta hogei urte ere
ez ditu, ehun eta hogei urte ere ez Pedro Benoiten diseinua jarraikiz,
estatuko funtzionarioek eta italiar jatorriko beharginek planuaren
gaineko arrazionalismoari bizitza ematen hasi zitzaizkionetik.
Datuok gogoan darabiltzadala iritsi naiz geltokira. Eta heldu eta
batera, sabai altuak ebatsi dizkit begiak. Zoragarria esan beharko
nuke, baina isilik begiratzen dut gora, bertakoen aurrean kanpotar
nabarmen agertzea axola ez didala. Eiffel estiloko burdina amaraunak
antigoaleko zera bat ematen dio estalpe zabalari. Eta hain antigoaleko,
hain mende hasierako itxura du, non begiak, sabaitik aske, harriduraz
gelditu zaizkidan zuri-beltzezko panoan: Graz. Berriro irakurtzen
dut: Graz. Bai, Graz dio, ez La Plata. Arratsalde hartan bertan
azaldu didate bidaia birtualaren arrazoia. Geltokia -hain du antigoaleko
taxua-, Brad Pitt sujeta nagusi zuen "Zazpi urte Tibeten" filmatzeko
erabili zuten. Zine lanak burututa, inork ez du lehen bezala utzi.
- Gurekin egotera soilik ez zinen etorriko honaino, ez? -galdetu
dit Mainek.
- Bueno, Walshen kafetegia ere ezagutuko nuke... -erantzun diot,
ume begiz, eskean legez.
Erromesak Jerusalemera, Mecara, Gaztelugatxera nola, neure buruari
jarritako eginbeharra betetzera hartua nuen trena Quilmesen. Leihotik
beha, arin pasatu zaizkit minutuak eta etxeak hegorako bidean. Tartean-tartean,
irribarre estua marraztu zait trenak bere ibilia geltokietan eten
duen askotan: Ezpeleta, Berazategui, Tolosa...
- Hemen da.
Begi ederrak ditu Luciak. Handiak eta tristeak. Bere ahizpa Maine
Garcia eta Clarisa Schwindt-ekin batera, plazaren beste aldean egina
dugu zita. Beren gurasoei buruz hitz egiteko daukagu ordua jarria,
1977an desgertuak denak.
- Hemen?
La Platako xake klubak leiho zabalak ditu, eta kaletik ikus daiteke
jendea mahaietara eseria, eskua okotzean, aurkaria nola eraitsi
pentsakor. Hemendik atera zen korrika Rodolfo Walsh 1956ko ekainean
tiroak entzun eta batera. Valle jenerala estatu kolpea aurrera atera
nahian zabilen. Tropelean hasieran, gero eta bakarrago San Martin
plazatik aurrera, larri heldu zen etxera, 54. karrikan barrena.
"Pertsianaren ondo-ondoan, soldadu bat hiltzen ikusi nuen kalean,
eta gizon horrek ez zuen "Gora Aberria!" esan, "Putakumeak! Ez nazazue
bakarrik utzi!" baizik.
Handik sei hilabetera, hementxe, xake klubean, uda sargoritsu batean,
zerbeza baten aurrean dagoela, norbait hurreratu zaio:
- Afusilaturiko bat bizirik dago.
Hor hasten da "Sarraskia operazioa", Walshen libururik ezagunena
eta bizitza eta idazkera berri bati hasiera eman ziona. Dirudienez,
sei hilabete lehenagoko gau hartan, egunkariek jaso ez zuten fusilaketa
bat ere izan zen, eta baten batek, ilunpean odoletan ihesi, bizirik
ateratzeko ditxa izan zuen. Hala lortu zuen Walshek Jose Leon Suarezko
zabortegian izaniko sarraskitik bizirik atera zen Juan Carlos Livragarekin
hitz egitea.
Gertaera, hitz egiten duen hildako bat, bitxia izanagatik, ez zion
inork argitara eman nahi izan, harik eta inprenta jabe baliente
bat aurkitu zuen arte. Presaka egin zuten lan, eta izenburuak aldatuta
zituela, gaizki diagramatua... eta sinadurarik gabe agertu zen azkenik.
Ondorengo egunetan, eta orriak kalean zirela, Walshek bizirik zegoen
beste gizon bat aurkitu zuen, eta beste bat honen ostean, eta beste
bat... Zazpi izan ziren zabortegitik bizirik atera ziren hildakoak.
Walsh froga zuzentzaile lan egina zen, eta hiru ipuin liburu zituen
kalean, polizia erakoak eta logika jokoak gehien bat.
- Zer, joango gara besteen bila? -diotsot azkenik Luciari.
Presarik gabe gurutzatzen dugu plaza zabala. Xake taulan barrena
goazela, usoek, hegazkera urdurian, buruan jo behar gaituztela dirudi.
Plazaren erdian, letra ederreko esku batek "Ni olvido, ni perdón,
ni amnista" idatzi du monumentoaren gainean. Zer pentsatua eman
dit, baina ez diot Luciari deus esan. Kosta egingo litzaioke zer
adierazi nahi dudan ulertzea.
Azkenik, "Sarraskia operazioa" 1957an kaleratu zen osorik. Walshek,
gobernu militarrek ezkutatzea lortu nahi izan zuten gertaera bat
atera zuen argitara, eta kazetaritza literatura mailara igota, egia
gezurrez ez estaltzea lortu zuen. Fusilaketek arduradunak zituzten
arren, "hiltzaileak agerian baina libre" geratu ziren. Aramburu
eta Rojasen gobernua ez zen Videla eta Masserarenaren atarikoa besterik.
Ondorengo urteetan, polizia-ipuinlaritza utzi gabe, poliziak jolas
logiko ez ziren beste ikerketa liburu batzuei lotu zitzaien. Zain
honek tiratuta idatzi zituen "Nork hil zuen Rosendo?" eta "Satanovsky
kasua", peronismoaren garaiko Argentina ulertzeko ezinbesteko obrak.
Ekonomia Ministeritzaren aurretik pasatu garenean, Ensenadako untzioletako
manifestazioa aurkitu dugu, hemen langileen manifestazioak peronismoaren
garaitik izan diren bezalakoak, zaratatsuak, danbor, dunbel eta
atabalekin. Hala, kalearen bestaldean, zaratapean aurkitu ditugu
Maine eta Clarisa, eta taberna batean, mahai biribil baten inguruan
aterpe.
Hasierako hitzak nekezago doaz abiada hartutakoan baino, eta hala
ere, ikaragarria egiten zait zein naturaltasunez kontatzen didaten
euren haurtzaroa, gurasoez dituzten flash txikiak, hauen lagunen
etxean edota aiton-amonenenean bizi izandako gaztaroa, Perez Esquivelek
eta Sabatok sortutako CONADEP taldearekin izaniko esperientzia mingarria,
Madres-en sorrera 77an, Hijos-ena 94an...
Ume-umeak ziren dena gertatu zenean (15 egun zituen Clarisak, Mainek
lau hilabete eta bi urte Luciak), eta ahozko lekukotzen bidez, argazkien
bitartez berreraiki behar izan dute ia ezagutu ez zutena. Baina
hori oso berandu izan zen. Hasieran, gurasoak beti zeuden kanpoan
edo auto istripu batean hil ziren.
- Bizitza tarratadak baino ez ditugu ahaztura-ibaiaren aurka.
Errejistro aberatseko, esaldi labur eta indartsuko, horrela eman
zuen Walshek bere bizitza, kazetaritza eta literaturaren artean
La Plata den xake taula honetan, errealitatea fikzioa kontatzeko
teknikaz janzten, errazkeriari eta panfletoari ihesian, taulatik
jausitako biktimak inoiz heroi legez aurkeztu gabe. 1977ko martxoaren
25ean, Mainek, Luciak eta Clarisak irribarre tristez mahaira ekarri
dizkidaten Carlos Schwindt, Silvia Juana Mora, Gustavo Garcia eta
Matilde Itzigsohn bezala, betirako desagertu zen.
Ez da desagertuen zerrendetan dagoen idazle bakarra. Paco Urondo
poeta adiskidea eta "Mascaró"-ren egile den Haroldo Conti ditu lagun,
besteak beste.
- Ez didazue sinetsiko -esan nien-, baina han ez dira lur gainetik
soilik desagertu, liburu-dendetatik ere bai. Ezinezkoa da hiruren
ezer topatzea, Artentinan Espainiako argitaletxeak izan arren hauen
editore .
Iluntzen ari du, eta Buenos Airesera itzuli behar nauen azken trena
zain dut Grazeko geltokian.
Iñigo
Aranbarri