Alejandra Pizarnik
Poesia bizitza denean



Alejandra pizarniken egunerokoen argitalpena.

Jenialtasun eta heriotza goiztiarrek areagotu egin zuten idazle argentinarrarekiko interesa.

Poesiak bizi zuen, etsi gaiztoz «Soilik estasian bizi ahal banintz, poemaren gorputza neure gorputzarekin eginez, esaldi bakoitza neure egunekin eta neure asteekin jasoz, poemari neure hatsa emanez, hitz bakoitzeko letra bakoitza bizitzaren zeremonietan sakrifikatu ahala», idatzi zuen Alejandra Pizarnikek (Buenos Aires, 1937- 1972). Sufrimenduz, pasioz, obsesiboki, minez, depresiboki, etengabeko bonbardaketa baten antzera bizi zuen poesia, bizia. Sexua, maitasuna, bakardadea eta heriotza ziren bere bizitzako/poesiako gaiak. Jenialtasun eta heriotza goiztiarrek Pizarniken obrarekiko eta bizitzarekiko interesa areagotu dute. Egarria asetzera dator orain Diarios, idazleak nerabezarotik idatzi zituen egunerokoen argitalpena, Ana Becciuk Lumenentzako eginiko edizioa.

Psikotropikoen gaindosi bat hartuta, bere buruaz beste egin zuen, 1972ko irailaren 25ean. Egun hartan sortu zen Pizarniken obra guztia, eta nerabezarotik idatzi zituen egunerokoak argitaratzeko ideia, baina Argentinako diktadurak, besteak beste, atzeratu egin zuen lana. Aurora Bernardez Pizarniken lagun mina eta Julio Cortazarren lehen emaztea izan zen buru-belarri argitalpenean inplikatu zena, eta egunerokoen aurretik poetaren lan guztia argitaratzeko baldintza jarri zuen. Geroz, Ana Becciu arduratu da edizioaz, Pizarniken ahizpa Miryamen begiradapean. Pizarniken 20 egunerokoetatik alderdi literarioa soilik ezagutaraziko da, «Pizarnikentzako poesia zena», Becciuren hitzetan. Nahiz eta idazleak berak ondorengoa idatzi zuen behin bere eguneroko batean: «Baliteke, ahoz azaltzeko dudan erraztasun urria kontuan izanik, paperera jotzea ito ez nadin, nire angustien sua tu eginez botatzeko. Horrexegatik, agian, maite ditut hainbeste kexen kaieratxo hauek, soilik balio psikologikoa eta inolaz ere ez literarioa duten kaieratxoak».

Obsesioak haurtzarotik
Judu jatorrikoak zituen gurasoak Alejandra Pizarnikek, gaztelaniaz hitz erdirik ez zekitela Argentinaratuak. Hizkuntzarekiko arroztasunak, erbestearen sentimentuak markatu zuen haren haurtzaroa. Bakardade garaia, neskato barnerakoia zen: «Gogoratzen dut nire haurtzaroa /ni atso bat nintzen garaia/ loreak nire eskuetan hiltzen ziren / gogoratzen ditut goiz beltz eguzkitsuak / ume nintzela».

Oraindik Flora Alejandra zela, 19 urterekin argitaratu zuen poesiako bere lehen liburua: La tierra más ajena (1955). Berehala ukatu zuen liburu hori, eta ahanzturara kondenatu. Ordurako hasia zen Filosofia eta Letrak ikasten. Ikasketa horiek baino marrazkigintzakoek gehiago markatu zuten haren ibilbidea, Juan Battlerekin orri zuria lantzen ikasi baitzuen, marrazkiekin nola hitzekin. Leon Ostrov, Pizarniken psikoanalista eta maitasun platonikoari dedikaturiko La última inocencia (1956) poemarioa argitaratzearekin batera bizitza sozial eta literario emankor bat hasi zuen. Ruben Vela, Raul Gustavo Aguirre, Clara Silva eta Olga Orozcoren adiskide min egin zen. Eta desamodio garaiak etorri ziren. Desesperaziozkoak, depresiozkoak, minberak, kontraesan eta ezinulertuzkoak: «Agian gaua izango da bizitza, eta eguzkia heriotza», idatzi zuen.

Parisera joatean ihes egitean, 1960tik 1964ra, helduaroa hasi zen, literaraioa zein pertsonala. Octavio Paz, Aurora Bernardez eta Julio Cortazar ezagutu zituen han. Askatasun garaia izan zuen. Ordukoa da bere obra gorentzat hartu izan den Árbol de Diana (1962). Les Lettres Nouvelles, Mito, Nouvelle Revue Français eta Zona Franca aldizkarietan kolaboratu zuen urte haietan, eta jateko lain dirurik ez zuen arren horrela gogoratzen zuen Paris: «Han, nahiz eta babesik gabe egon, zoriontsuagoa naiz. Esan nahi dut: askatasun handiagoarekin idatz dezaket». Soilik han izkiriatu zituen egunsentia, paradisua, izarra, argia hitzak zentzu positiboan. Jaioterrira itzultzean Los trabajos y las noches (1965) kaleratu zuen. Eta, mitoekin gertatzen denaren kontra, txalotua, saritua eta onartua izan zen bere garaian: Argentinako sari garrantzitsuenak jaso zituen. Ordukoa da prosan argitaratu zuen lan bakarra ere: La condesa sangrienta. Atzetik, Extracción de la piedra de locura (1968) eta El infierno musical (1971) argitaratu zituen.

Endekapen garaiak izan ziren azkenekoak. Bakardadez beteak, malenkoniatsuak eta aldi berean perbertsioz, lizunkeriaz, sadismoz beteriko garaiak. Argia ukatzen zuen eta gaua bizi. 1972an psikiatriko batean egon zen, eta irtenaldi batean, psikotropiko gaindosi batek hil zuen. Ordurako idatzirik utzi zuen: «Nire bizitzako misteriorik handiena: zergatik ez dut neure buruaz beste egiten?»



ainara gorostitzu
2004ko urtarrilaren 4an,