“Jendea ez da Literatura Eskolara titulu bila
etorriko,
literaturaz eztabaidatzera baizik”

Asmo akademizista orotatik urrun, Literatura Eskola martxan jarri dute Bihotz Bakartien Klubak (bbk) eta Arrekikili euskara elkarteak Larrabetzun. bbk-ko kide bik azaldu digutenez, “jakin nahi dugu erakutsi diguten literatura establezitutik haratago ezer idatzi den, nork idatzi duen eta zergatik”. Iñigo Aranbarrik hartu du eskola gidatzeko ardura. Harekin batera hainbat gonbidatu azalduko dira, hala nola Jose Luis Otamendi, Kirmen Uribe, Koldo Izagirre eta Antzerkiola Imaginarioa.

Zelan sortu da Literatura Eskola?

Urte bitik hona eztabaida bat izan da gure artean. Gaztetxe batetik sortu ginen inongo helbururik gabe, irakurle legez sortu ere, literaturzaleak ginelako. Eta, apurka, hasi ginen eztabaidatzen irakurlearen paperaz Euskal Herrian. Argi dago irakurleari ez zaiola eskatzen irakurtzea baino. Idazle askok ez dute inongo ahaleginik egiten irakurlearengana hurbiltzeko. Ematen du badagoela zubi bat, eta idazlea alde batean dago eta irakurlea bestean. Betidanik pentsatu dugu distantzia hori apurtu behar dela, bat egin beharra dagoela. Aspaldidanik kezka batek asaldatzen gaitu: zer egin irakurleari jarrera aktibo bat eskatzeko, hark bere iritzia emateko, idazlea eta biak elkarrengana hurbiltzeko.

Larrabetzun literatura emanaldiak antolatzen dituzue hilean behin, ezta?

Bai, idazleak ekarri eta herriko jendearekin, “irakurle arruntarekin”, batzen ditugu. Idazleak bere lanak azaltzen ditu, hartu-eman bat sortzen da irakurleekin eta eurek iritzia ematen dute. Irakurleak idazlea hurbil daukan heinean, hurbil ere sentitzen du bere burua, gure ustez. Horrela, ez du liburua zerutik jausitako gauza bat balitz bezala irakurtzen. Ikusten du autorea nor den, zelan berba egiten duen, zelan mugitzen den, haren obra hobeto ulertzeko aukera dauka, finean. Eta horrela sortu zen, apur bat, irakurlearen paper aktiboa aldarrikatzeko ideia.

Ezinbestekoa da parte hartze aktiboa?

Ohituta gaude ikusten literatura dela idazleak liburua plazaratzea eta irakurleak irakurtzea. Eta hor amaitzen da bion arteko harremana. Orduan, guk esaten dugu irakurlearen parte hartze aktibo barik literatura agoniara kondenatuta dagoela. Badakigu apur bat tremendistak garela, baina ondo pentsatzen hasten bagara, era batera edo bestera literatura agoniko bat sortuko genuke gure Euskal Herri txiki honetan, hartara mugatzen bada idazlearen eta irakurlearen arteko harremana.

Eta eskola tresna egokia da...

Gu, lehenik eta behin, literaturaren itsasoan sartu eta, uretan gabiltzala, hasiko gara gure literatura eta munduko literatura beste begi batzuetatik ezagutzen. Liburugintzan barik, literaturan sartuko gara. Ez gara inor esateko zer dagoen ondo eta zer txarto, baditugu gustu edo zaletasun literario batzuk. Orain, itsaso horretara sartu eta murgildu gara. Irakurle izatetik irakurle aktibo izatera igarotzeko modua da; kontsumitzaile hutsa izatetik irakurle aktibo izatera (hausnartu, iritzia eman, eztabaidatu...). Eta gero, beharbada, gogoeta kolektiboa etorriko da jardun kolektibo horretatik.

Zein da eskolaren filosofia?

Gure asmoa literaturaren inguruko eskola bati kutsu katedratiko oro kentzea da. Bestela esanda, horizontaltasuna bultzatuko dugu. Hemen ez dago orojakile bat bere jakinduria ordainsari baten truke eskaintzen diona publiko bati. Ez dago bertikaltasunik, ez dago ez irakaslerik ez ikaslerik estricto sensu. Iñigo Aranbarri ibiliko da literatura eskolaren artezle, eta gura duguna da hura talde horren eragile eta akuilu bat izatea. Gura dugu zirikatzea, testuak ekartzea, beste gonbidatu batzuk ekartzea, idazleak ekartzea, hots, hark duen literatura-biltegia zelan edo halan sozializatzea. Bederatzi hilabeteren ostean gogoeta kolektibo bat sortzen ahaleginduko gara.

Hortaz, zerikusi gutxi du unibertsitatearekin edo bestelako literatura-eskolekin...

Askotan geure artean komentatzen dugu heziketa literario eskasa, manipulatua eta estandarizatua dugula. Eskolan eta unibertsitatean literatura estandarra erakutsi digute, oro har. Baina mundu literarioa, gure ustez, ez da hor amaitzen. Pila bat erreferentzia behar ditugu, eta eskolaren funtsetako bat hori ere bada. Ez dugu entzuterik nahi “hau literatura ona da eta hori ez” eta antzekorik. Hori kritika interesatua eta manipulatzailea da guretzat. Beste erreferentzia batzuk dakizkien jendea batu eta hartu-eman bat sortu gura dugu. Literatura Eskola izen hutsa da, azken batean elkar-ezagutze eta elkar-elikatze bat da, jakintza hori sozializatu gerora guk geuk ere sozializatzeko bbk-ko dinamiketan.

Bederatzi saio beste horrenbeste hilabetetan. Eta gaitegian Pernando Amezketarra eta Maiakovski, Aresti eta Silvia Plath. Zeri erreparatu diozue hura osatzeko?

Nahi dugu euskal literaturari errepaso bat eman baina munduko literaturaren barruan beti ere. Gure ustez, gauza batzuk klabeak ziren. Gerra aurreko giro literarioa ekarri dugun moduan, Aresti edo Sarrionandia ere hor daude. Atxaga ez dagoela? Baina Atxaga nahitaez aterako da. Sarrionandia dugu saio baten, baina azken batean metafora da azken hogei urteotako literaturari buruz hausnartzeko. Bost ordu dira saio bakoitzeko. Argi dago denbora horretan ez dugula jardungo espreski gaitegian zehaztutako gaien inguruan. Ideia hipertestuarena da. Eskolak interneteko logika izango du, lotura bidezko eskola bat izango da. Datozenak gonbidatuak dira eta ez ditugu edukiko berbetan bost orduz. Eta saioen arteko loturak ere sortaraziko dira. Seguru gaude azken saioetan Pizkundea agertuko zaigula berriro. Atzera-aurrera ibiliko gara historian. Eta hori da formatu honek eskaini gura duena. Beharbada gatzago da horrela ikastea, esateko, unibertsitatean edo beste eskola batzuetan.

Larrabetzuko jendearen esku hartzea bultzatu duzue. Herri-ekimena dugu, beraz...

Eskola zabalik dago, lehenik eta behin, irakurle xumeari. Gure asmoa hasieratik izan da Larrabetzuko jendea bultzatzea parte hartzera. Baina herriko jendearekin batera, bestelako jendea ere egongo da. Esateko, matrikulatu den lehena EHUko literatura irakasle bat izan da. Literatura irakasle bat edota kazetari batzuk egoteak erakusten digu badagoela beharrizan bat. Bestalde, hemen ez zaio inori kreditu edo homologaziorik emango, ez dago asmo akademizistarik. Eta matrikulazioan egon den arrakasta, guk uste, horregatik da. Jendea ez da titulu baten bila etorriko, literaturaz eztabaidatzera baizik.

Interneta erabiltzeko asmoa ei duzue...

Interneta, batetik, bitartekoa izango da. Han jarriko ditugu gure lanak, gure irakurketak... Bestetik, internet ere bada liburutegi handia. Eta ikasiko dugu liburutegi horretan ibiltzen. Testuak topatu beharko ditugu, Aranbarrik bere artikulu batzuk igo beharko ditu edo berak gordeta dituen liburu batzuen erreferentziak... Interneta erabiliko dugu hiletik hilera lan egiteko, zintzilikatu ditugu gauzak, lanak elkarri trukatuko dizkiogu, egongo da zer egin, testuak irakurri, edo testuak komentatu, edo baten batek grabatutako hitzaldiak pikatuko ditu... Tresna hari esker, eskola barik, laborategi literario bat izango da. Ikusiko dugu horrek zer ematen duen.


nontzeberri.com