barka poxelatzea.
Mila esker,
lasai,
zutik geldituko naiz.
Oso gai mingarria
aipatu nahi nizuke:
zer leku hartu behar duen
poetak
langileen lerroetan.
Dendak eta lurraldeak
dituztenen antzera
nik ere ordaindu egin behar omen ditut
zergak.
Zuk bostehun eskatzen didazu
urterdian
gehi hogeitabost
garaiz ez aitortzeagatik.
Nire lana
beste edonorena
bezalakoa da.
Beha
zenbat galera
zenbat gastu
ezartzen dudan produkzioan.
Zuk badakizu noski
«puntuak»
esaten zaien horietaz.
Lehen lerroaren amaiera
baldin bada «aita»
orduan, hirugarrenean,
silabak berdinduz
«maitamaitamaitaita»
bezalako zerbait
idatzi beharko da.
Zure hizkeran
puntua txeke bat da
bertso lerroak tartekatuz kobratzekoa
eta harrotu behar dituzu
aurrizkiak eta atzizkiak
deklinabidearen kutxa hutsa,
flexioak.
Hartzen duzu hitz bat
eta bertsoan sartu nahi duzu
baina sartzen ez eta
bultza egiten badiozu
apurtu egiten da.
Inspektore tobaritxa:
hitz ematen dizut
poetak garesti ordaintzen dituela
hitzak.
Gure hizkeran
puntua kupela da.
dinamita bete kupela,
eta lerroa metxa da.
Lerroa sutu
eta lehertu egiten da puntua,
eta bertsoak
hegan eragiten dio
hiriari airean.
Non aurki,
eta zer preziotan,
lehertu eta bertan zuri jotzen duten
puntuak?
Menturaz
bost besterik ez dira izanen
entzun eta kantatu gabeko puntuak,
Venezuelaz haratago
galduak.
Abiatzen naiz bila,
hotz ala bero
aurrerapenek, maileguek eta zorrek lotua.
Tobaritx
egizu kontu
bidaia txartela.
Poesia
guztia
ezezagunari buruzko bidaia da.
Poesia
ratioaren estrakzioa duzu.
-Urtebeteko lana
gramo bat ateratzeko.
Hitz bakar bat lortzea
mintzoaren lehengaien
milaka tonatarik.
Baina zein sumingarria
hitz hauen errea
hitz heze
ketsuaren
aldean!
Hitz hauek
milaka urte
mugitzen dituzte
milaka bihotz.
Noski
maila desberdineko
poetak gaude.
Aunitzek,
esku trebeko
prestidigitatzaile,
bertsoak botzen dituzte ahoz
beretik eta bestetik.
Eta zertan aipa
liriko irenduak.
Inoren bertso bat sartu
eta pozik.
Hori
lapurreta
eta xahuketa da
beste bat gure herriak
pairatzen dituenetan.
Okaztatzeraino
laudaturiko
bertso eta ahaire horiek
guk
eginiko
bi edo hiru bertso onen
bestelako gastuetan
sartuko ditu historiak.
Esan ohi denez
gatz kilo ugari
jan beharko dituzu
eta ehun zigarro pipatu
hitz bitxiena
atera artean
humanitatearen
zuztar sakonetarik.
Murritz
itzazu bada zergak,
ken
gurpil zero bat
zergari.
Errublo bat eta laurogeita hamar kopek
egiten dute ehun zigarrok.
Bat eta hirurogei
sukalde gatzak.
Galdera askotxo ditu
zure formularioak:
Bidaiatu duzu
ala ez duzu bidaiatu?
Eta zer gertatuko da erantzunen banizu
azken hamabost urte honetan
hamarren bat Pegaso
lehertu ditudala,
zer?
Har ezazu
neure lekua,
egizu kontu zerbitzariak
eta ondasunak.
Zer erantzunen didazu
esaten badizut
herriaren buruzagia naizela
eta aldiberean
haren morroi?
Langilegoa
geure hitzetan harrotzen da,
lumaren motore
gara proletarioak.
Arimaren
makina
higatu egiten da urteen buruan.
Orduan diote:
hoa hemendik
artxibora.
Gero eta gutiago maitatzen duk,
gutiago arriskatzen haiz
eta denborak
abiadura hartuta
talka egiten ziok hire kopetari.
Orduan heltzen da
amortizazio handiena,
arimaren, bihotzaren
amortizazioa.
Eta eguzkia
apo gizen hori
elbarririk eta eskalerik gabeko
etorkizunean altxako denean
usteldua
egonen naiz
ezpondaren batean hila
dozenaka lagunen
ondoan.
Egizu
nire
azken batezbestekoa:
Diotsut,
ez dut gezurrik esanen:
oraingo bizizaleen
eta koipezaleen artean
bakarra
izanen naiz
ordainezineko zorretan.
Gure zorra
kobrezko eztarri baten tututzea bezala da
xuhurkeriazko lainope honetan
ekaitzak irakiten.
Poeta
beti zaio unibertsoari zordun
bere oinazearekin
ordaintzen ditu
sarigainak
zergak.
Zordun natzaie
Broadway-ko neonargiei
Bagdadi-ko zeruei
Armada Gorriari
Japoniako ginga-ondo lorategiei
oraino
idatzi
ezin izan dudan orori.
Azken batean
zertarako kapelu bat jantzi
Sena ibaiari?
Tira ezazu puntuaz
eta trumoika ezazu erritmoaz.
Poetaren hitza
zuen berpiztea da,
zuen hilezkortasuna,
inspektore tobaritxa.
Ehundaka urte barru
paperezko marko batean
bertso bat hartu
eta denbora hau berpiztuko dute.
Eta egun horretan
sortuko da
harrigarrizko distiraz
eta tinta usain garratzez
bere lurrunean bilduko zaitu,
inspektore jauna.
Zuk, gaur egunekoaren biztanle
amorratua zarenez
lor ezazu Garraio Batzordean
eternitaterako txartela,
kalkula ezazu
nire bertsoon eragina,
zati ezazu
nire soldata
hirurehun urtetan.
Haatik etorkizunean
norbaitek zotin eginen du
zutaz oroiturik.
Ez.
Egun
poetaren puntua
fereka ere bada,
konsigna,
baioneta,
zartagailu.
Inspektore tobaritxa!
bosta ordainduko dut
atzean dituen zeroak gurutzatuta.
Legez
nik
leku bat eskatzen dut
langile
eta nekazari txiroen
lerroetan.
Eta uste baldin baduzu hau
besteren hitzak
erabiltzen jakitea
besterik ez dela,
orduan, tobaritxok,
hemen daukazue nire luma
eta idatz ezazue
zeuek
nahi duzuena.