MAIAKOVSKIREN
AGERIKO GUTUNA ERRUSIAKO ALDERDI KOMUNISTAKO (BOLTXEBIKE) B.Z.RI ERAKUTSIZ AIPATU
MAIAKOVSKI HORREN PORTAERA ZENBAIT
Bazegoen ogi zuriz.
Izarrez
baino gehiago.
Ogi txipiak
eta librakoak haatik.
Baina zuek,
zuek sasikoak zineten
gosearen matxinada antolatzen.
Bizi ginen, jaten genuen, jolasten ginen.
Mundua
hotelak zeruaren erasoan,
igangailuak jende dotorez beteak,
solairu lasaietara lotuak.
Baina zuek
sasikoak, gordekoak,
etorkizuneko gerrak antolatzen zenituzten.
Denboraren besaulkian
kapitalismoaren ipurdia
mugiezina zen.
Bizitza hozten ari zen
tea bezala platertxoan.
Baina zuek
ordurako
begiz begi zeundeten
iraultzaren jazar egunekin.
Atzekoz aurrera jantziak,
bizarra tintaturik,
hiriz hiri
sasikoak.
Arimen koliseoetan
buruen kiroldegietan
Pariseko ganbara zokoetan
multzoak aztertu
biluzik zegoena erakundetu,
honela
alorretarik, lantegietarik
zetorren
giza ahia
langile brigaden
jarraigo bortitza
bihurtu zen.
Dialektikaren autoak
urteetan barrena luzatzen zuen
Marx markako argia.
Etorkizunak suntsitu egin zituen bere lanbroak.
Eta
Urria
oldartu zenean
su trostan
ke guztiak
baino indartsuago,
zuen burdinazko eskuek
su eta ke
hartu zituzten
iraultzaren bridak.
Trostan zuzen
eta alboka
eta zehar.
Kromstadteko zaldia
asaldatua
Nevaren gainetik.
Jaroslaven adats supizlea.
Tsaritsin bere gar eraztunetan.
Mendi batetik
bestera
erroitz batetik
bestera
jauzika,
lepoari helduta,
behatzalak odoletan
etengabe aitzina zaldizkoa.
Karraxiraino kartsu,
akitzeraino hunkitua,
nik ere,
trostaren abiada zoroan
hitzen mihinaz jo dut ezkila brontzearen kontra,
bertsoen ahurraz, bozkariotan, jo dut txaloa.
Lasterra amaitu da
sua moteldu.
Izpiritu burges-koxkorrak kerua botzen du.
Pipatzen baitu oraino.
Baina gu ongi zelan jarriak gaude
trostari unatuaren gorputzean,
saihetsak belaunekin estutzen dizkiogula.
Aldatu egin digute.
Orain
lanerako zamaria da.
Garraiatu gabe
aitzinatzen ditugu hondakinak.
Ilintiak eta ilintiak amatatzen ditugu.
Ke berriak goratzen dira.
Gauean
biderik gabe
hondakinetan
ikaran duzu zaldia
behaztopaka zaldia.
Baina laster:
Xatura-ko elektrikak
bide distiratsuak zehaztuko ditu
ehunbegiko.
Egun,
ezin da Errusiaren itzulia egin zaldi gizen honetan!
Baina helduko da,
segur,
laster
gurean
lokomotoren Amerika oso bat altxako den denbora.
Mendiak eta zelaiak
balaz bezala zulatuko dira.
Volgak
ikara ematen du orain.
Hezurrak nonahi.
Dena kiskalia,
eri.
Baina helduko da
bizitza arrasortzeko ordua,
ogiz
eta gozoz.
Orduan
mundu puntuaren gainean
galdera ikur gaitza sortzen da.
Etorkizunera
kanoitzen dut
neure bertsoen atzamarra,
etorkizunean landatzen dut
neure irudien behakoa.
Komunismoa!
Nork edanen du bere ibaien esnea?
Nork dastatuko du bere bazterretako izotza?
Nolako ideiak izanen dituzte?
Nolako amodioak?
Nolako sentimenduak?
Nolako gurariak?
Egundotik
txit uluka zibilizatuan
zaharkeriak emana dio komunismoari patentea:
Zer izanen den?
Lo,
jan,
horra giza artaldearen jolasak.
Zer izanen den?
Karrikak makadamatuak egonen dira.
Bi urte emanen dira sobieten egoitza txukuntzen.
Eta festa egunetan
plazaren batean
Proletkult-eko partaideak
cricketean ariko dira
sobietaren aitzinean.
Zartagailuaren fistua egiten du txartel bakoitzak:
- Hireak egin dik, Urria!
Urriak ez dik osorik hartu su! -
Komunistak
samaldan doaz
operan txunditzera.
Onegin
Sylvia
Igor.
Goriletara itzultzea!
Izpiritu txokora!
Aberetu egin nahi duzue!
Mendeek
landuriko
lirikokeria horietarik
ez da besterik geldituko:
- Gizona, lotara!
Monarkian izan
edo komunismoan izan
edo zuen datxen lili-hirian
burges koxkorrak
ez du burua nekatuko
ez baldin bada
txanponen alde.
Gertatua da.
Beha!
Atzoko
zuen kafetegiko esperantzen ordez
hortxe daude burges koxkorrak
komunismoa laudatzen
gozokiz okitzeraino puztutzen.
Nolako maitasuna
segurtatuko du Segurtasun Sozialak?
Zer egiten ahal du Semaxkok arimako elbarriokin?
Aski!
Geuk ekin beharko
gu
gabe
inork ez badu pentsatzen.
Gazte zaitezte guztiok!
Biluz ezazue
zeuen arima urdindua.
Komunariok!
Presta ezazue beste iraultza bat
etorkizuneko
asetasun komunistarako!
Horregatik
ezin eginen nauzue akademiko
edo etxejabe,
inolaz ere,
dohan ere,
ez naiz inoiz izanen
ez zuzendari
ez ordeko
ez bigarren
ez hazkurrien komisaria ere.
Ihes egiten dut.
Atzean,
atzerrian,
luzea da ehizan datozkidan
jendeen eta lekuen lerroa.
Badakit:
helduko zait,
danborra bezala firrilkatuko naiz
eta kito...
Baina orain
neure buruaren
ganbaran
gotortua,
etorkizuneko iraultzak laudatzen ditut.
Marxen dialektikari
ehun zaldiko motorra
atxiki diot.
Beha
datozen urteen lerroak ixurtzen.
Pentsamenduen leherketaz buruak kordokaturik
bihotzeko kanoien burrunban
denboraren hondotik
beste iraultza bat dator,
hirugarren iraultza,
izpirituarena.
- Zorrotza eta garratza hire baioneta mihin hori!
Helburura begia!
Erne belarria!
Zut!
Ez diezazuetela ustegabean arima irents!
Ez diezazuetela burua atzekoz aurrera!
Ea!
Hats!
Bikoiz lerroak,
pentsa-zaintza gorria!
Zatozte guztiok,
Marxetik Lenineraino
mendeetan izarniatzen duzuen
zuek guztiok.
Zuek irakatsita
mundu zoragarriak somatzen ditut.
Datozela guztiok ikastera!