Ordubete barru hemendik karrika garbiraino

Gantza belakatan ixuriko zarete,

Eta nik hainbeste bertso kutxatila zabaldu dizuet

Ni preziorik gabeko hitzen xahutzailea naiz.

 

Aizu, gizon, aza puska bat daukazu mustaxan

Hor nonbait amaitzeke utzi duzun zoparena.

Aizu, andere, ugari daramazu eder-ukendua,

Gauzei behatzen diezu zuk ostra maskorretik.

 

Zuek guztiok heltzen diozue, zikin,

Eskalaproindunek eta eskalaproinbakoek

Poetaren bihotz tximeletari.

Jendetza sutu eginen da, bultzaka hasiko da,

Hankapunttetan jarriko da ehun buruko zorria.

 

Eta nik egun, huno zakarra,

Ez dut tximinokatu nahi zuen aitzinean, eta beraz

Karkailaka eginen dut irri

Eta bozkarioz eginen dut tu.

Tu eginen dut zeuen begitartean.

Nik, preziorik gabeko hitzen xahutzaile honek.