-2-

Eta zerua,
ke artean urdin izaten ahantzia
eta hodeiak, pildetan errefuxiatuak iduri
nire azken maitasunaz argituko ditut
tisikoaren gorridura bezala lehertuta.

Alaitasunez estaliko dut
patxada eta sutondoa zer den ahantzi duten
samalden
orrua.
Entzun,
gizonok!
Irten zaitezte trintxeretarik
amaituko duzue gerra geroago.

Eta, odolez hordirik
eta Bacus bezala zabuka
borrokak jarraitzen badu ere
ez dira atsokeriak izaten maitasun hitzak.
Aleman maiteok!
Badakit
ezpainetan daramazuela
Goetheren Margarita.

Frantsesa
barreka hiltzen da baionetapean,
abiadore eratsia irri batean suntsitzen da
zure ahoaren musua
gogoan badute,
Traviata.

Baina nik ez dut zer egiterik
mendeek murtxikatu duten
ogi arroxa horren mamiarekin.
Egun, beste oinetara makur!
Zuri dizut kantatzen,
ilegorri
apain horri.

Menturaz
baioneta muturrak bezalako egun izugarri hauetarik
mendeak bizarrak urdindutakoan
ez da besterik geldituko
zu
eta ni
hiriz hiri jarraitzen natzaizula.

Itsasoaz bestaldean emaztetzat emana zaude,
gauaren leizean ezkutatzen zara.
Nik musu josiko dizut Londreseko lanbroan barrena
ezpainak kriseilu garretan.

Badaramatzazu zeure karabanak
basamortu kiskalgarrian
lehoiak zain dauden hartan,
eta nik, Saharak,
haizeak harroturiko hautsaren azpian
nire masail erregarria zabalduko nizuke.

Datorkizula irria ezpainetara
torero batere zatar bat
ikusita.
Neu naiz
tendidoak tximista jeloskorrez jotzen dituena
zezenaren begi hilaginarekin.

Ibili aspertuak zubira eramaten zaitu
eta zeure artean:
goxo egonen dela azpi horretan...
Zubipetik ixurian doan Sena
neu naiz,
dei egiten dizut
hortz ustelok ageri.

Inorekin, zaldiak sutuko dituzu
Strielkako edo Skolnikiko parkean,
eta neu naiz, goienean igana,
zure zain paraturiko ilargi txipi biluzia.

Kementsua naiz
menturaz behartuko zaizkit,
agintzen badidate:
"Hil hadi gerran!"
Azkenekoa zure izena
izanen da
obusak leherturiko ezpainotan gatzatua.

Koroatua amaituko ote dudan
ala Santa Elenan,
bizitza ekaiztu baten uhinak zamalkatuz,
berdin nago hautagai
unibertsoaren tronurako
eta
griluetarako.

Enperadore izatea egokitzen bazait
zure begitarteñoa
nire txanponaren eguzki urrean
aginduko nioke populuari
lantzea.
Eta han
mundua tundran difuminatzen den hartan
ibaia ifar haizearekin salerosketan ari den hartan
Lilí izena sarraskatuko nuke katean azkazalaz
eta presondegiko ilunpeetan musukatuko nuke.

Zerua urdina dela ahantzi duzuenok, entzun bada
piztiak iduri
ileak laztuta.
Menturaz
munduko azken maitasuna da
tisikoaren gorridurak sutzen duen hau.

 

(.../...)

A,
gau hori!
Gero eta tinkoago estutu nuen etsipena.
Nire negarrek eta nire algarek
ikaraz okertu zuten gelaren muturra.
Ikustate baten antzera altxa zen
zure begitarte eramana,
eta zure begiek bere oihala dirdiratu zuten
Bialik berri batek irtenarazi bailuan
bere ametsetik
juduen Siongo erregina izarniatsu bat.

Minduraz
itzuli nuenaren aitzinean
belauna eta burua makurtu nituen.
Bere hiri guztiak
errenditu behar izan zituen
Alberto erregeak
urtebetetzeko opariz gain egina dirudi
neure aldean.

Urrezta zaitezte eguzkipean, belar-liliok!
Udaberri zaitezte, bizitzaren indarrok!
Ez dut pozoin hau besterik behar:
bertsoen zurruta, orain eta beti.

Bihotza hustu
guztiaz gabetu
eta arima eldarniotan oinazetu didazun horrek,
onar ezazu eskaintza hau, maitea,
menturaz ez dut inoiz besterik asmatuko.

Orraz ezazu festaz egungo data.
Sor hadi,
gurutziltzaketa bezalako magia.
Ikustazue
paperean nago josia
hitzen iltzez.