Kazetaritzatik literaturara, joan etorriko bidean
KAZETARITZATIK LITERATURARA, JOAN-ETORRIKO BIDEAN titulua eman diot jardunaldion sarrera den txosten honi, eta titulutik bertatik markatu nahi da gaur egun bi arlo hauen artean dagoen harremana baina, eraberean harreman horrek oraindik ere sortzen duen ezinegona, bai idazleen, bai kazetarien artean, eta batez ere, plazaratzen dituen erantzun argirik gabeko galderak.
Galdera hauetatik
bideratu dut txostenaren egitura, bost puntutan:
1. puntuan:Zergatik eta zertarako dator literatura kazetaritzaren eremura?.Erantzun
bila, komunikazioa hobetzearen beharrari eta horretan literaturak eskaini dezakeenari
begiratuko diogu.
2. puntuan: kazetaritza-literatura kontaktu horretan gertatzen den graduazioa
aztertuko da, hizkuntzaren erabilera-moduak tartean direla.
3. puntuan: graduazio
horrek nola eragiten duen literaturaren eta kazetaritzaren genero tradizionaletan,
eta nola bideratzen den konbergentzia gisa bi arloetatik:
· literaturatik, sentsibilitate errealista berria piztu eta errealitatea-fikzioa
loturaren bidez, genero hibridoak sortuz
· kazetaritzatik: kazetaritza tradizionalaren bihotz-bihotzean dauden genero
informatibo nagusien aldaketa ekarriz: albistea, erreportajea,
· bien lotura horretatik: postfikzioa deitu genero berria abiatuz.
4. puntuan:Kazetaritza berri honek dakartzan aukera berriak baita arazoak.
5. puntuan; ondorio batzuk edo, zehatzago, galdera irekiak, sarrerako txosten
bati dagokionez.
Literatura kazetaritzan, zertarako?:
Gertatuaren berri objektibotasun osoz ematea izan ohi da kazetaritzaren lehen
helburua: argi, zehatz, labur, errealitatearen ispilu. Arau horietan oinarritu
da luzaroan kazetarien idazkera edo estiloa.
Baina lege hau kolokan jarri da azkenaldian, besteak beste literaturak informazioaren
munduan agertzen duen eragin zuzenaren ondorioz. Garai bateko printzipio argi
eta zehatzen ordez, hainbat zalantza eta galdera plazaratu da:
· non kokatu behar da kazetaritza objektiboaren eta literatura subjektiboaren
arteko muga ?
· zein da errealitatearen eta fikzioaren arteko zubi posiblea, ze harreman mota
gertatzen da bi arloen artean ?
· non kokatu kazetaritzaren eta literaturaren mugatan sortu diren genero hibridoak
?
· eta batez ere, zer dela eta eman dio kazetaritzak sarrera bere eremu propioan
literaturari ?
Ikus dezagun, bada, zer gertatzen den kazetaritza eta literatura bidaia komunikatibo
berean elkartzen direnean. Tren bera hartzen dutenean:
· Gaur bezalako egun batez, duela 3 urte, 1999, urriaren 5a, asteartea zen,
eta goizeko 8ak eta 11 minutu zirela, Londresen, Paddington tren-geltokiaren
inguruan pasaiariz beteriko tren batek eta lokomotora batek txoke egin dute
aurre-aurre. Istripu oso larria gertatu da.
Urgentziazko kronikak idazten dira, gertatua zehaztuz: Cheltenham-Londres bidea
egiten ari zen "First Great Western" konpainia pribatuko trenak, bidaiariz bete-betea
ordu-punta horretan Paddingtoneko geltokira sartzeko zela, "Thames Trains" konpainiako
lokomotora batekin txokea izan du aurre-aurre. Lehen datuen arabera, 70 hildako
egon daiteke, eta 100etik gora zauritu.
Istripuan tren bien gidariak hil dira, eta ezin beraien azalpenik jaso, baina
istripuaren motiboaz dauden hipotesiak eskaintzen dira: lokomotoraren gidariak
ez ei du semaforo gorria gorde, eta beste trenaren bidean sartzean gertatu da
talka; bagoi ugari altzairuzko kartzela bihurtu dira barruan harrapaturiko pasaiarientzat,
eta sua hartzean, 1.000 gradutik gorako tenperatura hartu dute burdina okertuek,
ukitzen zuten guztia kiskaliz .
Ondoren, agintarien eta tren-entrepresa arduradunen zenbait deklarazio biltzen
dira: Tony Blair lehen ministroa; "First Great Western" tren-konpainia pribatuaren
zuzendari Mike Mitchel; "Thames Trains" hurbileko trenen zuzendari Terry Worrall.,
baita Garraio-poliziaren buru den superintendente Tony Thompson.
Eta bukatzeko, istripuaren atzean egon daitezkeen motibazio politikoak ere sujeritzen
dira lehen begirada informatibo honetan: Blair-en gobernuak pribatizatu- berri
dituen tren-konpainien utzikeria,etab.
Bukatzeko?. Ez oraindik. Kontua da zoritxarreko tren hartako bidaiari bat, ,
Jilly Cooper idazle britainiar ezaguna dugula, istripu latzetik zauriturik baina
bizirik atera dena. Bizirik eta gertatuaren kronika egiteko prest:
"Gurutzegrama betetzen ari nintzen, lehen klaseko bagoiaren nire butakan lasai.
Zortzi t´ erdiak aldera nintzen iristeko Londresa, eta bertako Strand Arts Institutura
joan behar nuen segidan, hitzaldi bat eskaintzera. Orduan gertatu zen guztia.
Txoke bortitza, eta bagoia airen joan zen, eta berehala neure burua harrapaturik
sentitu nuen, sandwich baten erdian bezala baina inguruan jendea hilda edo larri
zaurituta, deika. "Akabo, amaiera da hau" , pentsatu nuen. Min sakon, sarkorra
neukan bular aldean."Hilko naiz" pentsatu nuen. Baina une hartan ez zetorkidan
burura halako trantzetan etorri ohi direnak, seme-alabak, edo senarra, edo txakurra...Aldiz,
aldamenean larriki zauriturik nuen gizon bat entzuten nuen etengabe esaten zuela:
"Helen, maite zaitut, eta ez bazaitut berriro ikusten, jakin ezazu zenbat maite
zaitudan."..Ez nekien haren emaztea bertan zen, ala urruntasunean mintzatzen
zitzaion gizon hura.
Talkak sortutako burrunba handiaren segidan sutea sortu zen goraka, inguru guztia
bereganatuz. Norbaitek oratu ninduen besotik: "Etorri, Jilly, hemendik alde
egiteko ordua da". Leiho apurtutik irten ginen.
Une hartantxe ikusi nuen zeru urdin eder eta perfektua, baina inguruan dena
zen izua. "Izorra infernua, bizirik nago !"esan nuen pozez. Burua itzuli eta
jendea negarrez ikusten nuen nonahi. Nigandik hurbil, besoa galdutako gizon
bat. Orduan gogoratu nuen trenean neraman nire azken nobelaren esku-izkribu
bakarra .Testua berreskuratzeko laguntza eskatu nion inguruko polizia bati :"Oso
lehentasun gutxiko gauza da hori, andere", erantzun zidan. Eta arrazoi osoa
zuen, bai.
Honaino tren-istriputik libraturiko Jilly Cooper idazlearen kronika. (1)
Baina zer gehitzen dio kontakizun subjektibo honek aurrean laburtu dugun kronika
periodistikoari ?.
Idazle britainiarrak erabilitako ikuspuntu eta teknika literarioak ez dio soilik
balio estetikoa gehitu istripu latzaren kontakizun dramatikoari: baita ezagutza
berri bat ere: gizabanakoaren esperientzia-kalitatea, une hain tragikoan, modu
estetikoan narratua.
Kazetaritzaren eremua zabalagotu egin du, modu horretan, literaturaren laguntzaz
eta arlo bion mesedetan.
Kazetaritza-Literatura harremanen gertatzen den graduazioa:
Baina kazetaritzaren eta literaturaren arteko elkarlana bultzatu nahian , ez
ditugu geure idazle arituak trenetan edota hegazkinetan sartu eta istripu larrien
protagonista bihurtuko. Ez horixe.
Hobe izango da, beraz, gaia urruntasun zientifiko eta hotzetik aztertzea, aktibitate
biak diren komunikazio-ekintzaren ikuspuntutik, alegia.
Komunikazioaren Zientziak gaur honetaz guztiaz dioskuna zera da: kazetaritza
eta literatura ez direla lehen uste genuen bezain atal desberdin eta urrunak:
1. Hasteko, eta goiko adibidean ikusi dugun moduan, gauzak hobeto, sakonago,
beteago komunikatu nahiak bultzatzen du kazetaritza literaturaren eremura.
2. Kazetaritzan zein literaturan, komunikazioa, hizkuntzaren bitartez burutzen
da.
3. Gainera, hizkuntzaren erabileraz eta funtzioez, kazetaritza ortodoxoak zuen
ikuspuntu objetibista hura aldatu egin da gaur egun. Ez dago, gaurko ikuspuntutik,
objektua eta subjektua modu absolutuan bereizterik, eta hizkuntzak ezin du balizko
"errealitate"aren berri objektibo eta guztiz neutrala eman, hizkuntza ez baita
inoiz denotatibo hutsa, bere alde konotatiboa ere baduelako.
Hizkuntza ez da soilik deskribapena; burutapena ere bada, zerbait burutzera
bideratua,. Esatea egitea ere bada. Zerbait esateagatik,beste pertsona batengan
eragin dezakegu, zerbait egitera bultzatu. (2)
Horrez gain, bai literaturak bai kazetaritzak komunikazioa burutzeko hizkuntza
bera darabilte, eta komunikatu nahi duten esperientzia hitz bihurtu edo "hitzartu"
egin behar dute . Hori egin ahal izateko, nahi ala ez, esperientzia hori "fabulatu"
egin behar dute, hitz aukeratuen bitartez irudi mentalak probokatuz eta modu
horretan komunikazioa lortuz.
Hizkuntzaren erabilera oro kontsideratzen da gaur egun estilo-markaz lagundua,
eta ez dago, beraz, hizkuntza neutro-objektiborik.(3)
4.Kazetaritzaren eta literaturaren arteko bereizketa, beraz, gradukoa da: hizkuntzak,
baten kasuan erreferentzialtasun handiagoa du, bestearenean fabulazio handiagoa.
Graduazio horren arabera generoak desberdintzen dira :
· kazetaritza informatiboa izango da erreferentzialtasunik handiena agertzen
duen generoa.
Baina, esan daiteke, hala ere, genero informatibo hauek asetzen dutenik hartzailearen
komunikazio-beharra?.
Azter dezagun gure arteko kasu bat, denbora urruntasunak ematen duen balkoitik
begiratuaz, badaezpada ere:
1. 1975 urtearen irailaren 27an, goizetik eman zuten albistea, irratiz:
2.
"Gaur izan dira exekutatuak Anjel Otaegi, Juan Paredes Manot, Jose Humberto
Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz prozesatuak."
Albiste oso laburra gertakari oso dramatikoak adierazteko. Anjel Otaegi lekukorik
gabe hil zuten, Burgosko espetxean, iraileko goiz hartan. Informazioak oso urriak
zirenez, airean gelditu ziren hainbat galdera, batez ere nola gertatu zen, nola
egin zion aurre heriotza ikaragarriari Nuarbeko gazteak...
3. Urteak joan, urteak etorri eta kazetaritzak urrats berria eman zuen hutsune
hura bete nahian: Iban Arregi kazetariak Anjel Otaegiren biografia moldatu zuen,
haren senide eta lagunak elkarrizketatu eta dokumentazio ugari bildu ondoren:
"Heriotzera zigortu zutenean, isolatu egin zuten Angel, ziega aparte batean
jarri zuten azkenengo hilabetean. Eta patioan ere ez zioten uzten besteekin
ibiltzen.
"Burgosko espetxeko patioa ezaguna zen:Patio de las Acacias. Espainiako Gerra
Zibilean patio horretan jendea exekutatu zutelako zen ezaguna. Han egin zituen
azken egunak Angelek...
"Angelek bukaera-bukaera arte ez zuen sinetsi hil egingo zutela.Egun txarrak
ere izan zituen, ordea, Burgosko patioan.."
"Egun batean, ´hiltzen banaute, zer jarrera hartu behar diat azkeneko unean´
galdetu zion Bizenteri Angel Otaegik.
"Irailaren 26ko iluntze hartan...ziegatik gela aparte batera eraman zuten...desioren
bat ba al zuen galdetu zioten militarrek. Angelek pattar botila bat eta zigarroak
eskatu omen zituen. Bizente Gurrutxagak, Burgosko kideak, dio Angel beldurrez
hil zela, normala den bezala. Beharbada horregatik, pattar botila eskatu zuen
Angelek. Eta goizeko zortziak aldera , hormara eraman zuten".(4)
4. Bigarren urrats honek ere ezin zezakeen bete, ordea, komunikazio-hutsune
ikaragarri hura, eta literaturaren eremua hartu zuen Anjel Otaegiren figura
denboraren eta datuen urritasunaren ondorioz ezabatuak, eta hor dimentsionatu
zen, fikzioaren bitartez, erailketaren une trajikoa:
"Oraindik ere bezperan pattarrari esker lorturiko lo laburra asaldatu duen amets
morbosoa onartzeko adina denbora...
"Jadanik ez du hiltzeko beldur abstraktua sentitzen, agoniari dagokiona baizik,
heriotzak berak ere sofrimenduaren angustia ezin menderatuko ote duen kezka
ikaragarria"
"Oso urrunetik bezala entzuten ditu tiroak, eta are urrunagotik,jadanik ezin
ikus ditzakeen txoriek habietatik alde egiten dutenean, bere atzean, kanposantuko
harresi goroldiotsuak itzultzen duen atabal hots geldoa"(5)
5. Oraintsu, berriz, laugarren urrats bat ezagutu dugu Anjel Otaegiren azken
esperientzia latzaren aurkezpen komunikatiboan, eta gainera kazetaritza-literatura
mugan bertan kokatu behar dugu testu hibrido hain berezi hau:"lau akazien patioa"
izenburuaz argitaratu zen "Euskaldunon Egunkarian" 2002ko irailaren 27an, Joseba
Sarrionandiaren sinaduraz:
"Hiltzen banaute, zer jarrera hartu behar diat azken unean?...batbatean, negarrez
ere hasi omen zen"
"Han agertu zen apeza, sotana beltzean goitik behera botoi ilara bertikala,
peregrinazio modukoa..Ez dut bedeinkaziorik nahi, esan zuen Anjelek, apeza frankista
delako eta konfesatzeko ezer ez dudalako"
"Gau hartan ama ere ikusi zuen.."
"Ea nahiren bat zuen galdetu zioten orduan militarrek. Pattar apur bat eta zigarroa,
esan zuen Anjelek. Gero zigarroa ezpainetan eta pattarra edanez esan zuen: Eska
dezaket besterik?. Militar batek erantzun zion: Eskatu. Anjelek jolasean bota
zuen: Ez hiltzea gaur. Noiz nahi duzu ba hil ?. Hogeita zazpi urte barru".
....
"2002ko irailaren 27an, ostirala. Lekukorik gabe hil dute. Gerra zibileko fusilamentuen
markak ikusteko astia izan du apur batean, hormara ailegatu orduko egin diote
deiadar:
Otaegi!
Eta tiroak jaso ditu Anjelek buelta eman duenerako, bihotzaren alturan denak.
Eta azken unean ezelako jarrerarik hartzeko astirik gabe hil da." (6)
Lau urrats progresibo horiek ez dira bideratu soilik hasierako informazioaren
hutsunea betetzera;
komunikazio "bertikala zein horizontala" eskaintzen digute Anjel Otaegiren kasuaz.
Nola bereiz daiteke graduazio hori, nola zehaztu hor generoak?:
· Bi multzo nagusi bereizten dira:
1).- Komunikazio faktizioa: errealitatea,konbentzio linguistikoen bitartez ordezkatzen
du; fikzio-gradurik minimoena du, inplizitua, eta ez intentzionatua. Egia-ituna
eskatzen du bidaltzaile eta hartzailearen artean.
Bi maila daude:
a):Faktizio dokumentala: egiazta daitekeena
b): Faktizio testimoniala.
2).- Komunikazio fiktizioa: fikzio intentzionatua da. Sinesgarritasun-ituna
eskatzen du, eta 3 mota daude:
a):fikzio errealista
b)fikzio fabulatzaile mitopoetikoa
c)fikzio gezurrezkoa
Baina nola zehaztu komunikazio-era desberdin horien arteko mugak ?:
sailkapena ez da beti erraza, eta hau ilustratzeko, adibide bat ekarriko dugu
hona:
1980 urtean, Janet Cooke kazetariak irabazi zuen Amerikako Estatu Batuetan entzute
handia duen Pulitzer kazetaritza-saria, "Jimmy-ren mundua "("Jimmy´s World")
izeneko erreportajeaz.
Bertan, 8 urteko ume baten istorio ikaragarria kontatzen zuen: Jimmy heroinomanoa
zen bere adin txiki horretan, ama trafikatzaileak horretara bultzatuta; 5 urte
zituenetik bizi da Jimmy heroinan eta kokainan murgilduta; amak eta Ron izeneko
honen amoranteak sartzen diote egunero dosia, xiringaz.
Kazetariak zehaztasun osoz kontatzen du etxe barruan umeak bizi duen giroa,
baita eskolan dituen harremanak, droga beti tartean.
Erreportajea "The Washington Post" egunkari prestigiotsuan argitaratu zenetik,
izugarrizko oihartzuna lortu zuen iritzi publikoan, baita eztabaida piztu ere.
Baina Janet Cooke kazetariak ukatu egin zien bai poliziari bai egunkariaren
zuzendariari umearen nortasunaren ezagutza, sekretu profesionala aldarrikatuz.
Erreportajeak Pulitzer saria jaso ondoren eta eztabaida graduz igo zenean, Janet
Cooke kazetariak ezin izan zituen presioak denbora gehiagoz jasan: Jimmyren
pertsonaia asmatua zela aitortu behar izan zuen. (7)
Bistan da kasu honetan muga gainditu egin zela, eta balorazioa komunikazioaren
teoriko batek egiten digu:
"Pertsonaia bat asmatzea, berau sinesgarria eta tipikoa izan arren, prozedura
arriskutsuegia da, berez, kazetaritzaren tradizioan oinarrizkoa den dogma bat
hausten duelako, kazetariari gertakariekiko egiatasun osoa exijitzen diona,
hain zuzen...Hori eginez gero, narrazio faktizioa eta fiktizioa ondo bereiztu
behar dituen eremu anbiguoan sartzen gara." (8)
Generoen bilakaeraz:
Arazoak gora-behera, 60 hamarkadan kazetaritza-literatura harreman estua hasi
zenetik, konbergentzia-prozesua gertatzen ari da batetik bestera. Konbergentzia
hori bi zentzuetan gertatzen da:
A): Literaturatik kazetaritzara:
Literaturaren eremuan, aurreko ikuspegi hedatuak fikzioarekin lotzen zuen esklusiboan
literatura sormena, eta ondorioz literaturaren erresumatik desterratu egin zituen
kronika, erreportajea eta biografia ; literatura, bestalde, idazle sortzailearen
irudimenaren fruitutzat aurkezten zitzaigun. Horrela, literaturtasuna eta fikzioa
pareko agertzen ziren.
Gaur egun aldiz, ez da ikuspegi hori onartzen, alde batetik ez baitzaio literaturari
konnotazioaren monopolioa onartzen, eta definizio berri zehatzagoak proposatzen
dira literaturaz:
"izaera estetikoa duen ezagutza bidea, esperientziaren kalitatea hizkuntzaren
bitartez bereganatu eta adierazi nahi duena" (9). .
Literatura, beraz, fikzioaren eremu hutsetik esperientziaren kalitatea zehaztera
etorri zaigu, eta ezagutza-bide berezi moduan agertu.
"Gero eta zentzu gehiago du fikzioa errealitatean txertatzeak" esan zigun Harkaitz
Cano idazleak "Piano gainean gosaltzen" kronika-liburuaren aurkezpenean , eta
genero hibrido honen inguruko hainbat burutazio interesgarri eskaini zizkigun:
"liburuko pertsonaiak benetakoak izan arren, denek ondo funtzionatzen dute fikzio
bezala", zioen orduan Canok , eta horren zergatia argitu nahian, gehitu zuen
New Yorkek, kronika horien guneak, "irrealitate" batean bizitzeko aukera ematen
duela.
"Inork ez du fikzio baten parte izan nahi, eta are gutxiago oraindik, fikzio
hori benetako denean".
Gerora, 2001eko irailaren 11an New York-en bertan gertatuak dimentsio berezia
eskaini diote Harkaitz Canok 2000ko azaroan esandako hitz mamitsuoi eta, ondorioz,
kronika literarioen genero hibrido honen posibilitateei.(*10).
Bizitzako hainbat egoera ezingo genituzke ulertu edota adierazi, hizkuntzaren
erabilera estetiko hori gabe, literaturarik gabe.
Badirudi, gainera, etorkizunera begira ere, literaturari helburu komunikatibo-kognitibo
berezi hori gorde nahi zaiola:
"Aurrera begira, guk ezagutzen eta praktikatzen dugun literaturak, seguruenik
ere, bi bide nagusiren artean hautua egin beharko du: barnelilura edo komunikazioa"
(11)
Modu horretan hurbildu da literatura kazetaritzaren eremura, sentsibilitate
errealista berria garatu den prozesu horretan.
· lehengo fantasiazko ipuinetik, kondakera labur errealistarako bidea egin da,
eta "short-stories" edo kondakera "labur-laburrak" idatzi dira, maiz egunkarietan
argitaratuak.
· *Kirmen Uribe eta Labur-laburrak dira adibide argia:
"Ipuinean aukeratzen den pasadizoak bizitzaren alderdi bat argitu behar du"
diosku Kirmen Uribek, bere kondakera labur-laburren aurkezpena egitean.
"Azpigenero honek gaurkotasun handia du. Hain azkar bizi garen mundu honetan,
holako testuak aproposak dira. Teknologia berriek testu horien zabaltzeko aukera
handiagoak ematen dituzte". (12)
· Prosa literarioak lekukotasuna eta niaren literatura garatu du: oroimena oinarri,
bidaia liburuetan, etab; bidaia baten inguruko kronika literarioak ugaldu egin
dira, eta hauen artean ere gradu desberdinak ikusten dugu. Adibidez:
.Pako Aristi idazle eta kazetariak, agian bere ibilbide bikoitz horri segika,
"Venezuela, iraultza isilaren hitzak" kronika lehen pertsonan egin du, testu
faktizio baten eran, erreferentzialtasun objektiboaren gainean bere hausnarketak
burutuz eta balizko prozesu iraultzaile bolibartarraren irudi poliedrikoa eskainiz.(13)
.Iñigo Aranbarri narratzaile eta poetak, bere aldetik, kronika subjektibizatu
batean Euskal Herria eta Txiapasen arteko lotura diakroniko eta sinkronikoak
aurkeztu dizkigu, konposizio berezi batean, mundu globalizatu baten errealitatea
ere printza ugariren bitartez azalduz.(14)
.Koldo Izagirre idazleak "Ez dut erraza, konpai!" liburuan bidaia-kronika subjektiboa
edo nobela-erreportaia moduko bat eskaini digu Kubara abiatu den "Hemingway
txipi bat"en antzera.(15)
· Gaur egungo euskaldunon begietara arreta deitzen duten gatazka eta prozesu
guzti-guztien kronikak egitera abiatu dira gure kazetari eta idazleak: Irlanda
(Uria-Unzueta), Palestina (Uria), Mandelaren Afrika (Olasagarre), Mexiko Zapatista
(Aranbarri), Kuba (Elexpuru, Izagirre)...
· Muga-mugan kokatu dira bi arloen artean beste zenbait esperientzia: biografiak
edota dokudramak
· Aipamen bat egin behar da baita literaturaren eta, zehatzago esanda, nobelaren
eremutik burutu diren saioak kazetaritza bera edo-modu zabalagoan, komunikazio
mediatikoa-gai edo sugerentzia nagusitzat hartuta: Juan Luis Zabala idazle eta
kazetariaren "Agur Euzkadi" eta oraintsuago, Lutxo Egia idazlearen "Paperezko
hegazkinak".(16)
B):Konbergentzia-bide horretan, bigarren norabidea: Kazetaritzatik literaturara
doana:
Kazetaritza informatibotik bertatik, eta genero tradizionaletatik agertu da
literaturaren eragina:
· a):Albistea:
Kazetaritzak bere-berea duen albisteak bilakaera markatua izan du.
· lehenik, gertatzen zena azkar kontatzetik,
"I make news" hartara urratsa eman zen, albistearen bila abiatu edota hau sortzera.
· ondoren, albistearen kudeaketa eta interpretazioa landu: noiz eman argitara,
ze testuinguru sortu..
· Gero eta gehiago, kazetaritzaren mugek fikzio askatzailearen bila bultzatu
dute kazetaria.
· Habermas irakasleak esan duenez,
"albisteak , formatuan bai eta estiloan, narrazio bezala aurkezten dira ; gero
eta maizago, gertatuaren eta fikzioaren arteko muga ezabatu egiten da".(17).
Habermasek esandakoa baieztatzeko, kazetarien maisu aritu baten hitzak ditugu
hurrengo hauek:
"Sarreratxo informatiboek ez dute zergatik hotz eta urrunak izan behar, kazetariaren
esku literario edo deskriptiborik gabeak....beti onartu behar dira kontakizuna
aberasten duten autorearen ekarpenak". (18)
· b): Erreportajea: kazetaritzak ez du nahiko gertatu dena kontatzearekin; hortik
harantzago, motibazioak eta ondorioak eskaini nahi ditu. Gertakariei kolorea
gehitu nahi zaie, errealitatea egitura estetikoetan antolatu.Hauxe da kazetarien
maisuak dioena:
"Erreportajea informazio-testua da bai, baina albisteak, pertsonaia desberdinen
deklarazioak, giroa, kolorea, eta batez ere deskribapena eskatzen duena. Albistea
bera baino gehiago egokitzen da erreportajea estilo literariora (lehenago esan
dugun arren albisteekin ere literatura ona egin daitekeela)."(19).
Protagonisten ahotsak txertatzen dira, teknika berriak hartuaz
· Rashomon teknika deitua, zinematik.
· Fondo objektiboa gehi idazkera landua: horrela definitzen da erreportajea,
eta bi lerro garatzen ditu:
-bata, subjektibista
-bestea, objektiboa, Truman Capoteren bidetik
Kazetaritza berriaren esperientziatik, baieztapen erradikalak egiten dira: "Kazetaritza
literatura da...eguneroko literatura" (20).
Giro horretan sortu zen Postfikzioa: lan dokumentala eta literaturaren prozedurak
elkarlotuz, fikzio-ez fikzio muga lehen oso markatua, aldatu egiten da.
· Genero hibridoak sortzen dira horrela: "tranche de vie", sinesgarritasun efektua
sortuz.
· Literatura-kazetaritza hibrido horiek, egunkarietan argitaratu eta bertan
toki finkoa lortzen badute ere, literaturaren baliabide espezifikoak nabarmentzen
dituzte, hala nola konparazio eta metafora ausartak . Har ditzagun adibidez
"Euskaldunon Egunkaria"tik bi erreferentzia:
Nazioarteko politika orrialdeetan aktualitate handia duen pertsonaia baten erretratua
horrela egin izan da gure artean:
"bere ile zuriaz, panda hartz zahar eta setatia, rabbi beleen artean oinez"
(21)
Nor dugu aktualitatezko pertsonaia erretratatua?: Ariel Sharon Deitoreen Harresira
hurbiltzen.
Edota beste hau:
"Beti gogora ekarri izan didana Hannibal izan a. Ez elefanteena, Hannibal Lecter
baizik".(22)
Kasu honetan erretratukoa Jaime Mayor Oreja dugularik.
Metaforaren erabilera gomendatu egiten dute kazetaritza berriaren maisu arituek:
"Metafora da estiloa. Inork ezingo du artikulugile gradua lortu metaforaren
erabileran lizentziatu bihurtzen ez bada.
Kazetariak, esaldi arrunt xamarra jarri duela susmatzen duen bakoitzean, metaforari
eskua luzatu behar dio, eta esaldi hori irudi literario batez ordezkatu". (23)
· Prentsa idatziak informazio arinaren monopolioa galtzen duen heinean, irrati-telebistaren
mesedetan, posibilitate berriak landu behar ditu: errealitatearen azterketan
sakondu nahi
Truman Capoteren ildotik: kazetaritza maila horizontalean mugitzen da; narratiba,
aldiz, maila bertikalean, pertsonaian eta gertakarian sakonduz
Ildo horretan segituz, kazetaritza- genero eta modu berriak garatu dira:
· kazetaritza parte-hartzailea
· interpretatzailea
· ikertzailea
Prozedurak ere berritu egin dira, Tom Wolfek eta New Journalism eskolak hasitako
bidetik : eszena, elkarrizketa osoa, ikuspuntua, erretratu globala,...(24)
Alde batetik, saturazio-erreportaje deitua landu izan da, gai baten inguruan
dokumentazio eta lekukotasun ugaria pilatuz, horretan oinarritu ahal izateko
"kazetari orojakile" baten idazkera (garai bateko idazle orojakilearen aldakia,
hain zuzen).
Zutabe edo komentarioaren gainetik, erreportajeak lortu du prestigioa; iritziak
ez du mugimendurik, erreportajeak aldiz bizitza du, errealitatea interpretatu
eta birsortuz.
Elkarrizketa eta erretratuaren generoa ere, literaturatik hartu eta bete-betean
sartu da kazetaritzan, eta subjektibitate gradu handia onartzen zaio kazetariari,
egotismoan erori ezean behintzat.
Gure prentsan, elkarrizketa-girotu estilo berrikoak saiatu izan dira azken urteotan,
bai idazleen bai kazetarien aldetik, eta egunkari eta aldizkari formatuan argitaratu,
batzutan sail finkoa ere osatuz. Aipagarria da elkarrizketa-liburuaren formatua:
oraintsu Hasier Etxeberriaren "Bost idazle"
Kazetaritza-literatura hurbilketaren ondorioz sortzen diren aukera eta arazo
berriak:
· Kazetaritzaren zein literaturaren eremuan eragin zuzena duen aldaketa sakona
bizitzen ari gara: kultura idatzi batetik ikus-entzunezkora goazen garaian omen
gaude. Gure arlo biek ere komunikazioa oinarrian dutelarik, zertan alda dezake
gertaera honek komunikazioaren beraren muina?
· Badirudi aldaketa honek kazetaritzaren zein literaturaren eta bion arteko
harremanaren intentsifikazioa dakarrela, baina ez sakoneko aldaketa.
Zentzu horretan, adibide interesgarri bat aztertu ahal dugu azkenaldian : Ameriketako
Estatu Batuetan entzute handia lortu duen euskal artzain baten inguruko telebista-erreportaje
bikaina:" Azken artzaina", Iñaki Bizkarra kazetariarena. Dionisio Txoperena
goizuetarra, duela 30 urte Estatu Batuetara artzain joandakoa, eta oraintsu
ATT komunikazio-enpresa handiak spot famatu batzuen protagonista egin duena.
Telebista-erreportaje horretan kazetaritza berriaren edo Literatura-Kazetaritzaren
baliabide guzti-guztiak aurki ditzakegu: sinboloak, metafora eta metonimiak,
narrazioaren egituratze literarioa, pertsonaien karakterizazioa...Oro har, ikus-entzunezko
eremua oso emankor agertzen da kazetaritza-literatura elkarlanean.
Zentzu berean lasaitu gaituzte zenbait adituk:
"Hitzaren heriotza adierazi ordez, .. ikus-entzunezkoen unibertsoan gertatzen
den honen birkokapena ulertu behar... Garai prometeikoak bizi izan ditu eta
bizi ditu literaturak, liburutegietako jaikoei kendu eta gizakiei emana izan
beharko deneko garaiak"...."Benetan existitzen den irakurlearen izaera mutantea
onartu behar dela, besterik ez da." (25)
· Euskal komunikabideen azken aldiko garapena, mugatua izanda ere, eraginkorra
gertatu da, besteak beste euskal literaturaren arlorako. Gogora ditzagun duela
urte gutxi J.M. Torrealdairen datu soziologikoak eta ondoriozko hipotesiak :
euskal idazleen adin-piramidean, gazte-gazteen artean gertatzen den hutsune
nabarmena, agian literaturaren eremutik euskal kazetaritza berpiztu berrira
izandako gazte-ihesaldiagatik esplikatzen zuena(26)
Kazetaritza bilakatu da, ezbairik gabe, euskal idazle anitzen lanbide nagusia,
eta horrek gure artean oinarri materiala jartzen dio arlo bien arteko harremanari.
· Komunikazioa, bestalde, ez da inola ere eremu neutralean gertatzen. Aitzitik,
gizarte globalizatu eta tentsionatu honetan, gaien agenda ,interpretazioa,hizkuntza
bera ere markaturik agertzen zaizkigu maizegi, goitik beherako dinamika astunen
bidez. Eragin hori literaturara ere luzatzen ari dela esan daiteke gaur.Horrela
dio idazle batek:
"Unibertsaltasunak ez dakar gau tolerantzia edo errezepzio balorerik. Bere dogma
propioa darama.Supermerkatuan ez dute tokiko produkturik nahi....best seller
angloamerikarrak erakusten dituzte, eta bazter batera ezkutatzen dituzte toki
bereko hizkuntzan idatziriko jatorrizko lanak, nahiz hizkuntza propioa izan
ondasun berekoa".(27).
· Literaturaren ezaugarri izan den obraren pertsonalizazioa kazetaritzara zabaldu
da,batez ere kronika generoan, honek egilearen ikuspegi pertsonala gahitzen
duelako, eta kazetaritza "autore-lana" bilakatzen ari da, bai ikus-entzunezkoetan
baita idatzian.Horrek suposa dezakeen arriskuaz abisatu du kazetaritza arloko
teoriko batek:
"Kronikaren arriskua: albiste diren osagarriak ditu, baina baita analisia ere,
eta bigarren alde horretan arriskua da kazetariak ez izatea esperientzia nahikorik
eredu horretan eta ondorioz eskua kargatu dezan.." (28)
· Generoen alorrean bizi dugu egunotan nahasmendurik nabarmenena, aldaketa arin
eta ugariak gertatu direlako hain zuzen; hibridazioaren ondorioz, helburu estetikoak
eta informatiboak elkarlotu egin dira, eta irakurle-entzulea mezua deskodetzeko
orduan harritu egiten da sarri, ez baitaki ze ikuspegitik hartu behar duen mezu
konkretua.
· Hau hala gertatzen ari da komunikabide guztietan, baina azkarrago ikus-entzunezkoetan:
"mazedonia-programa" deituetan genero desberdinetako atalak nahasten dira, formatu
desberdinak tartekatuz...Dokudramaren kasuan, adibidez, gero eta maizago ikusten
dugu zenbait telebista kateetako albistegietan genero informatibo "berri" honen
erabilera bitxia: gertakari baten irudirik ezean, aktoreen bitartez birsortu
egiten dute gertatua, eta huraxe eskaini informatiboan, eta ez da beti markatzen
dramatizazioa denik.
Zentzu horretan, eta kazetaritza-literatura muga horren zehaztea zein zaila
den argitzeko,har dezagun adibide esperientzia komunikatibo berri batean: Kirmen
Uribek eta beste batzuk antzeztu duten "Bar Puerto: bazterreko ahotsak" ikustaldian.
egiazko pertsonaien gainean egiten den dramatizazio eta narrazio literario horrek
komunikatzen duena, zer neurritan ez da gertatzen aipaturiko "dokudrama" horiek
baino egiatiago?.
· Testu komunikatiboen sekuentzialtasuna aldatzen ari da, eta narrazio interaktiboak
irakurketa-ohituren aldaketa eskatzen digute.
· Oro har, kazetaritzaren jite komunikatibo-interpretatiboa garapen fase arinean
aurkitzen da, beste zenbait arlotatik eta bereziki literaturatik baliabideak,
metodoak...eta autoreak fagozitatuz.
Ondorio gisa, zenbait burutazio:
1. Azkenaldian ezagutzen dugun kazetaritza-literatura harremana ez da motibazio
estetiko hutsez gertatzen.Gertakarien berri ematerako orduan, horietan sakondu
beharrak eta albistearen testuingurua, zergatia eta nolatasuna eskaini nahiak
bultzatzen du kazetaritza literaturaren metodo eta moduetara.
2. Edonola ere, modu gradualean gertatzen da kazetaritza-literatura harremana,
eta graduazio hori hizkuntzaren erabilera berezituak neurtzen du.
3. Hurbilketa hori posiblea baldin bada, kazetaritzaren eta literaturaren berezkotasuna
bortxatu gabe,hizkuntza beraren erabilerari esker da eta, batez ere, sakonean
biek ere komunikazioa dutelako helburu.
Bat egiten dute, beraz, informazioa eskaini edota esperientziari antolaketa
estetikoa eman baino harantzago, kazetaritzak zein literaturak biak ezagutza-
bide direlako, eta biek ere, batera denotatiboa zein konotatiboa den hizkuntza
bera darabiltelako .
4. Hurbilketa zentzu bietan gertatzen ari da:
· alde batetik, literaturan sentsibilitate errealista berria indartu da, eta
genero berriak ezagutu dira komunikazio-nahiari segika: "short-stories edo "labur-laburrak",
eta aspaldiko beste batzuk gaurkotu eta berrindartu: bidaiak, erreportaia-nobelak,
etab.
· bestalde, kazetaritzan albistearen "kudeaketa", erreportajearen dimentsio
berria, elkarrizketa eta erretratu subjektibizatua, eta oro har, hibrido berrien
agerpena nabarmendu egin da.
5. Harreman horren ondorio: kazetaritza arauemailetik beste irizpide zabalagora
bidean aurkitzen gara, komunikazioa eta interpretazioa helburutzat hartuta.
6.Euskal literaturaren eta kazetaritzaren gaurko praktikan,badirudi literaturaren
eremutik datozela batez ere saiakera berritzaileak, eta egunkarietako orrialdeetan
txertatu badira ere, esan daiteke ez dutela oraindik zentraltasunik lortu. Iritzian
eta zutabe berezietan eman zaie sarrera, periferian beraz, baina genero hibrido
eta saio berriek ez dute oraindik informazio-komunikazioaren korpusa ukitu.
Oraindik orain, euskal komunikabideetan literaturari "hesi sanitarioa" egiten
zaiola esan daiteke,eta koadernotxo berezietara edo kultura-iritzi orrialdeetara
bideratua dela, informazioa "kutsa" ez dezan edo. Kazetaritza-literatura harremana
ez da, beraz eta itxura baten, gurean oraindik egonkortu, agian arlo biek ere
gaur egun nozitzen duten barne-zirrararen seinale.
OHARRAK:
1).- "The Guardian",1999-10-5,"Reactions to the crash", www.guardian.co.uk;
"The Washington Post", 1999-10-6, "Death Toll Rises To at Least 70 In London
Crash", www.washingtonpost.com; Jilly Cooper: Biography, www.sbillington.com.
2).-MATTELART,Armand;MATTELART,Michèle: Histoire des théories de la comunication",
La Découverte, Paris 1995, 95 orr.
3).-VAN DIJK,Teun A.: "La noticia como discurso", Paidos 1996, Bartzelona, 109
orr.
4).-ARREGI, Iban: "Angel Otaegi", Uztarria 2001, Azpeitia, 134 orr. eta hurren.
5).- SAIZARBITORIA, Ramon: "Hamaika pauso", Erein, Donostia 1995, 373 orr. eta
hurr.
6).-SARRIONANDIA,Joseba, "Euskaldunon Egunkaria", 2002-09-27
7).-GONZALEZ,Norberto: "La interpretación y la narración periodisticas", EUNSA,
Iruñea, 1997
8).-CHILLON,Albert: "Literatura y periodismo", Universitat Autònoma de Barcelona,
1999, 262 orr.
9).- CHILLON, Albert: aipaturiko liburua, 69-70 orr.
10).- CANO, Harkaitz: "Euskaldunon Egunkaria", 2000-11-24
11).- VAZQUEZ MONTALBAN, Manuel: "La literatura en la construcción de la ciudad
democratica", Mondadori, Bartzelona 1998, 212 orr.
12).- URIBE, Kirmen: "Euskaldunon Egunkaria", 2000-01-12
13).- ARISTI,Pako: "Venezuela, iraultza isilaren hitzak", Txalaparta, Tafalla,
2000
14).- ARANBARRI,Iñigo: "Zapata-ren oihana",Susa, Zarautz1997
15).-IZAGIRRE, Koldo: "Ez duk erraza, konpai!", Susa, Zarautz, 1995
16).- ZABALA,Juan Luis: "Agur, Euzkadi"; EGIA, Lutxo: "Paperezko hegazkinak",
Susa, Zarautz ,2002.10.17
17).-HABERMAS, Jurgen: "Historia y crítica de la opinión pública", Gustavo Gili,
Bartzelona, 1986, 197 orr.
18).-GRIJELMO, Alex: "El estilo del periodista", Taurus, Madrid, 2000, 35 orr.
19).- GRIJELMO,Alex: aip. lib, 58 orr.
20).-HARO TECGLEN, Eduardo: aipamena CHILLON, Albert lib. aip., 183 orr.
21).- CANO,Harkaitz: "Euskaldunon Egunkaria", 2001-02-11
22).- CANO,Harkaitz: Idem, 2001-03-04
23 ).- GRIJELMO, Alex:aip. lib., 329 orr.
24).- RAMIREZ DE LA PISZINA,Txema: "Kazetari-lana Euskal Herrian", UEU, Bilbo
1998, ikus 77 orr. eta hurren.
25).- VAZQUEZ MONTALBAN, Manuel: aip. lib., 192 eta 214 orr.
26).-TORREALDAI, Joan Mari: "Euskal Kultura gaur", Jakin, 1997, 396 orr. eta
hurr.
27).-VAZQUEZ MONTALBAN, MANUEL: aip. lib., 215 orr.
28).- GRIJELMO, Alex: aip. lib., 82. orr.
LEIOA, 2002ko urriaren
21a Karmelo LANDA MENDIBE