Zuei
Zuei, orgiaz orgia
zabiltzatenoi,
Komuna epeldua daukazuenoi!
Nolatan ez zarete lotsatzen Jorgeri aurkeztuez?
Beha egunkarietako zerrendetan!
Zuek ez al dakizue,
koldarrok,
Sabela nola bete beste ardurarik ez duzuenok,
Orain bertan menturaz Petrov lietenantari
Bonbak zangoak erauzi dizkiola?...
Bera, hiltegira
eramana,
Ustegabean azalduko balitz, zauritua,
Ezpainak zikin kroketaz
Severianinenak likits kantukatuz!
Merezi ote du bizitza
galtzea zuengatik,
Lilitxoak eta ongi jatea maite duzuenongatik?
Nahiago dut piņa zukua zerbitzatu
Tabernetan putei!
Vladimir Maiakovski
Zuek, lore paper
ederreko logelan
lo egiten duzuenok, zer senditzen duzue
gosalduala egunkaria leitzean?
Goardia zibilek hil dute mutil hura,
ihes zebilena, zuen atea jo zuena,
zuen etxera sartzeko lar arriskua zena.
Bart afaria egin zenuten kuadrilan
eta iraultzaren aldeko kantuak tomate
saltsaz zikinduriko zuen ezpainetan
zer erretolika penagarria!
Goizeko egunkari horrek nori ez dio
larritasuna sabelean lotu
halaere mundua ez da hor gelditzen,
entrepresa ez dabil ondo,
prolema partikular ugari duzue,
egunkaria odola dariola beti diozue
eta gaizki gosaldurik zoazte bulegora.
Bizitza zuen moduko jendeagatik eman!
Hobe gau egunak edozein putaetxetan
limonada zerbitzen pasatzea.
Joseba Sarrionandia