Vladimir Maiakovski

 



Ahotsa betean (1930)

LEHEN SARRERA

Etorkizuneko
tobaritx maiteok!
Egungo
k... mokortuan
miatzen duzuenean
gaurko egunotako ilunpeak aztertzeko,
menturaz
zuek ere galdetuko duzue
nor nintzen ni.
Eta menturaz zuen jakintsuek
esanen dizuete,
galdeen erlabioa
erudizioz estaliz
bizi zela orduan
ur irakinaren mezakantari bat
ur gordinaren etsai amorratua.
Irakasle,
ken itzazu zeure bizikleta-betaurrekoak!
Ni neu mintzatuko naiz
garaiaz
eta nitaz.
Ni, komun garbitzaile
eta urketaria,
iraultzak mobilizatua eta deitua,
frontera joana naiz
poesiaren,
emazteki kapritxoso horren
lilitegi nobleak utzita

Egia izanik ere egile bati buruz garbiena mintzo dena bere lana dela, guk, hala ere, bere aldiaren galbahean pasa nahi izaten dugu. Artistaren lana besteren gogoa erasotzera datorren arma baita, eta arma hori nork, nola, zergatik montatu ote duen jakiten ahalegintzeak asko argi dezake, asko doitu poesiaren neurria. Vladimir Maiakovski, bere niaren handitasunetik mintzagura zaigu, bere aldiari horren estu lotuta egina da unibertsala bere mezua. Gerta ez dadin honen gisako edozein eskola edota ikastarotan nahi beste bahitu dezan inork haren hitzaren tamaina, haren poesiaren misterioaren giltza. Poesia hori gu guztiontzat hortxe baitago eskuragarri. Beti gertatzen da gaitza, bestalde, poesia eta bizitza bereizten. Gu, horrela, nahasian ematen saiatuko gara bi alderdien berri.
Bagdadi herrian sortu zen (Georgia) 1893ko uztailaren 7an. Aita basozaina hil eta 1906an Moskura joko du familiak, 13 urtetan. Lehenago aitarekin lehen elektrika ikusi zueneko zirrararen antzekoa edo eragingo omen dio hiri handiak. Diotenez, halako batean aita-semeak zaldi gainean indar-etxe baten aurrera inguratu ziren eta zeruak baino argi indartsuagoa sumatu zuten gandu artean. Elektrika aurkitu ondoren naturak interesa galdu omen zuen beretzat, ez zitzaion aski landua edo perfektua irudituko aurrerantzean eta berri zaletasuna ez zaio sendatuko sekula.


Jauzi egin dezagun baina tarte batez beste auzi batera. Zerk jarri zuen poetaren figura eztabaidaren begian? Ahots handi bat izateak? Iraultzaile jokatu nahi izateak beti, beti nor izan, hizkera pertsonalaren xerka? Poesian iraultza ezartzeak? Bertso librea goi gradura ekarri, poesiari beste arnasa modu bat eman eta prosodia, poemak esateko era ere, aldatu izanak? Poesiaren gako eta funts bihurtu izana poemak ozen esatea? Ezinezko borroka horretatik nahikoa onik ateratzeak? Indarrean jarraitzeak bere poesiak? Edo beste modu batez galdetuta, lehia horretatik onik ez ateratzeak egiten du horren hizpidera ekartzeko apropos? Poeta eta artista askoren subjektibotasunak talka egingo du "errealitate objektiboarekin). Hortik balizko porrota eta bere garaian desatsegin gertatzearen lorra. Edertasun kiskalgarri horretatik minbera eta mingarri izaten segitzeak egun dakargu eztabaidara?


Artista handi bat zedarritzeko, bere izenaren itzal handiaren azpian itotzeko edo desitxuratzeko ahaleginetan ibiliko da mundua. Zergatik lotzen dugu horren estu egile batzuen lana eta euren bizitza zibila eta, aldiz, beste batzuena ez horrenbeste? Agian batzuk ozen erantzun ziotelako garaian plazaratu ziren galdera nagusi askori. Edo bere garaiko eta geroko handinahi, goranahi eta alderdi-goseentzat, handi-jendearentzat deseroso gertatu-gertatzen direlako. Maiakovskik leher egiten zuen antza bere gizatasun larrian.Inor neurtzeko neurri bakarrik ez dagoela uste dut; testua eta testuingurua, bizitza eta obra, bata eta bestea ezin dira arras bereizi, biak kontutan hartuta kasu bakoitzari dagokion konbinazio doia bilatu beharra dago.


Literatura engaiatuaz mintzatze soilak aurre iritzien uharka irekitzen du zabal-zabal. Eta horren itzalean estali ahal da artista handi baten obra, kritiko zein irakasle askori zirkinik eragin gabe ia. Irtenbiderik ba al du korapilo honek?
Maiz, ordea, Poeta Iraultzailearen itzalpean estali nahiko da bere talentua, albain estuan lotuz horrela. Askoren iritziz XX.mendeko errusierazko poetarik handiena izan zena, pertsonaia literario bilakatuko du historiak ia-ia, eta mitoaren abiaburua Urriko Iraultza da, Iraultza boltxebikearen poeta dugu.
Militantziaren larderiak zailduko du Vladimir oso gazterik: hamabost urtetan eman zuen izena alderdian, hamazazpi bete orduko kartzelara bidaliko dute eta han irakur zaletasun ase ezinak hartuko du, 1910ean kartzelatik irtengo da.


Asko irakurria, klasikoak ere purrustaka, molde zaharkituak erabiltzeari, klasizismoari eta akademizismoari gaitzerizkoa emango dion artistak, ongi beretuak zituen haatik tradizioaren ahotsak. Espetxean idatzi bide zituen lehen poemak. Hasiera hartan eliza ortodoxoko kantuen eta hizkeraren eragina nabarmena behar zuen bere poesian. Aurrerago aitortuko duenez bere lanetako bat "trobadoreen tradizioari jarraitzea" izango da. Poesiak haizea bezalakoa behar luke, entzun eta sentitzen dena:"Hiritik hirira nabil neure bertsoak esaten".


Militantzia eta formazio urteak dira. Arte Ederretako eskolan sartuko da, beste hainbat futurista legez arte plastikoak lantzen hasiko da; "Erregimenari atxikimenduaren agiririk gabe onartu ninduten leku bakarra".
Han dabilela David Burliuk ezagutuko du, estrainako mezenasa eta gidaria izango da, laguntasun ekonomikoa eman eta irakurketen nondik norakoak erakutsiko dizkiona da. Horrela idatzi zuen:"Burliuk gogora ekarrita gainak hartzen dizkidan adiskidetasuna sentitzen dut. Benetako maisua izan nuen. Frantsesak eta alemaniarrak irakurtzen zizkidan. Ez zidan pauso bakar bat atzera egiten utzi. Egunero 50 kopek ematen zizkidan goserik pasa gabe idazteko modua izan nezan".
Iraultzak, maiakovskirenean bizitzako alor guztiak hartuko dituen borroka berritzaile bati ekitea esan nahiko du.


Poeta iraultzaileaz dihardugula ezin alde batera utzi XX.mende hasierako iritzi sendo errotu batzuk: aurrerapena tradizioarekin baino klasikotasunarekin eta ederkeria folklorikoarekin erabateko haustura moduan ulertzearena, ekintzaren goratzea eta gizakiak ezarritako zuzentasunarena eta ezkerraren nolabaiteko determinismo historikorako joera, besteak beste.
Gaurkotasuna eta historia behin eta berriz ageri dira. Indar bi horiek usu somatuko ditugu poemetatik aurrera tiraka.


1915ean Elsa Triolet ezagutuko du Maiakovskik eta haren bitartez bere ahizpa Lili, Ossip Brikekin ezkonduta zegoena. Triangelu trinkoa eta berezia osatuko zuten hiruek Vladimir bizi izan zen artean.
Ossip Brik lagun handia, editore eta mezenas izango du poetak. Maiakovskik bere bizitzako unerik gozoenak Liliren alboan bizi izan zituen. Dasta dezagun maitasun horrek ondutako lirikotasunaren lagin bat:

Bizkarrezurreko xirula (1915)
2-
Menturaz
baioneta muturrak bezalako egun izugarri hauetarik
mendeak bizarrak urdindutakoan
ez da besterik geldituko
zu
eta ni
hiriz hiri jarraitzen natzaizula.

Itsasoaz bestaldean emaztetzat emana zaude,
gauaren leizean ezkutatzen zara.
Nik musu josiko dizut Londreseko lanbroan barrena
ezpainak kriseilu garretan.

Badaramatzazu zeure karabanak
basamortu kiskalgarrian
lehoiak zain dauden hartan,
eta nik, Saharak,
haizeak harroturiko hautsaren azpian
nire masail erregarria zabalduko nizuke.

Datorkizula irria ezpainetara
torero batere zatar bat
ikusita.
Neu naiz
tendidoak tximista jeloskorrez jotzen dituena
zezenaren begi hilaginarekin.

Ibili aspertuak zubira ermaten zaitu
eta zeure artean:
goxo egonen dela azpi horretan...
Zubupetik ixurian doan Sena
neu naiz,
dei egiten dizut
hortz ustelok ageri.

Inorekin, zaldiak sutuko dituzu
Strielkako eta Skolnikiko parkean,
eta neu naiz, goienean igana,
zure zain paraturiko ilargi txipi biluzia.

Kementsua naiz
menturaz behartuko zaizkit,
agintzen badidate:
"Hil hadi gerraz!"
Azkenekoa zure izena
izanen da
obusak lehertutako ezpainotan gatzatua

Maitasun poema handi horretan Lili Brik ageri da Gerra Handiaren oihala atzean duela. Historia handiak eta norkberaren egunerokotasunak bat egiten dute. Konstantea da hori, mundua poetarengan dago eta poeta munduan, dena bildu nahi du hitzak denera iritsi nahi du subjektuaren ikuskerak eta hiperbolea tresna aproposa du nahiz horrek onik egin ez askori. Gerora gehiegizko joko diote indibidualismoa, dekadentea eta burgesa. Baina nor sendo bat gabe nola esan ezer? Harroa ematen du bere bozak, aginduz bezala mintzo da, buila batean (To!,Entzun!...), harridura ikurrak zeinu kuttun ditu, subjuntiboak erabiltzen ditu parrastaka. Egunerokotasunez zikindutako poesia egin nahi da edo ezin du besterik egin, ez dio bere zintzotasun poetikoak uzten. Baina epika objektiboa ere ezin du egin, ezin du bere ahotsa ito balizko masekiko komunio sasimistiko batean.


Irudi, metafora eta konparazio meneragaitzak jaulkiko ditu sormen-metrailadora baten jabe. Prometeoren lanak berritzera datoz poetaren lanak. Dena dago egiteko, esatea bera ekintza bilakatzen da. Ezinezkoa ematen du eginkizun dagoen horrek, bueltarik ez duena eta onik ateratzeko aukerarik uzten ez duena ia, baina aldi berean utziezinezkoa da eginkizun hori. Plazer handi bat. Sakrifizio handi bat. Hautu bat.
Trotskik laudoriozko aipu kritikoen artean horrelakoak ere idatzi zituen: "...gure poeta maiakomorfikoa da, bere izaerarekin betetzen ditu iraultzaren plazak, kaleak eta soroak. Bere egoeraren unibertsaltzeak nolabait nortasunaren mugak ezabatzen ditu eta gizakia kolektibitatearengana hurbilarazten du." (...)"Bere buruaz dihardu etengabe, batzuetan lehen pertsonan eta bestetan hirugarrenean, batzuetan gizabanako den aldetik eta bestetan gizateriarekin nahastuz."(...)"Harritzerik ba al dago historia etxeko balu bezala tratatzea eta iraultzari etxekotasunez hitz egiten badio? Hor dago arriskua, horren neurri handiak hartzean gauza eta gai guztien aurrean, horren ozen eta gora mintzatzean, gure gorabehera lurtarren neurriak lausotu egiten dira, eta txikia dena eta handia dena ezin dira bereizi. Bere maitasunaz ari dela, hots, bere sentimendurik minenez, herri osoen emigrazioaz ari balitz bezala hitz egiten du".
Eta aurrerago;"Badakigu jakin hiperbolismoak neurri batean bizi garen aldiaren suhartasuna adierazten duena. Baina hori horrela izateak ez du zuritzen arte lanetan arintasunez erabiltzea. Poesia futuristaren akatsik handiena neurriaren tamainarik ez izatetik datorkio".
Dena ematera dator Maiakovski eta Iraultza dakar bere hitzetan. Berria nahi du izan eta giza aurrerapenaren zerbitzuko jarri bere dohainak.


Hodei prakaduna (1915)
HITZAURREA

(...)
Ez dut ile urdin bat bera ere ariman
ez xamurtasun senilik nire adinean.
Ahots honen ederrak mundua gortzen duela
banator, eder eta harro,
neure hogeitabigarrenean.

Zuek minberok!
Bioloien gainean eratzaten duzue maitasuna.
Zabarrek tinbalen gainean eratzaten dute.
Baina zuek ezin duzue, nik bezala,
barnez kanpora egin ezpain huts izateraino!

Zatoz ikastera,
aingeruen elkarteko funtzionari zintzo hori,
zeure batista berria jantzirik.

Eta zu, ezpainei lasai eragiten diezuna
sukaldari batek errezeta liburuko orriei bezala.

Nahi baduzue
haragi hutsa izanen naiz,
edo bestela, eguraldia bezain aldakor,
nahi baduzue
ezin xamurragoa izanen naiz:
gizonezkoa ez baina hodei prakadun bat!

Nik ez dut sinesten Niza lilitsurik dagoenik.
Nik, loriatuko ditut orain eta beti
ospitaleko oheak beste akituriko gizonak
eta errefrau bat adina erabilitako andrak.

Zorrotz eta sakon aztertuko duen Trotskik, azken buruan, proletargoaren askapen prozesua inoiz bere egin ez zuen burgestzat jotzen zuen Maiakovski( gauza gehienetan proletkulturalistengandik oso urrun ibili zen arren horretan bat dator eurekin). Ez zion barkatuko bakarrik ibiltzea. Artistaren bakartasun behartua eta beharrezkoa nekez zaio ulertzeko gudarosteak gidatzen ohitua den estrategari.
Biek ala biek emango zuten dena Iraultzaren alde hala ere.


Leon Trotskik ekarri digu hizpidera futurismoa eta bere tokia eskatzen ari zaigu gure gaurko ihardunean, nahitaezkoa da-eta Maiakovskiren poesia eta jarrera estetikoak azaltzeko.
1909koa da Marinettiren lehen manifestu futurista. Gauza gustagarri asko ditu dotrina estetiko berriak, batez ere gazteentzat:
1) Arriskuari diogun maitasuna aldarrikatu nahi dugu, energiarako joera eta ausardiarena.
2) Gure poesiaren elementu nagusiak hauek dira: ausardia, ozartasuna eta errebeldia
3) Literatura estatikoa eta erreflesiorakoa izan da, estasiari eta goi-arnasari emana, horren aurrean guk mugimendu bortitza, sukarrerainoko insomnioa nahi dugu, belarrondokoa eta muturrekoa.
4) Edertasun berri batek apaintzen du munduaren ederra: abiaduraren edertasunak, bizkortasunarenak. Karreretako automobil burrunbatsu bat Samotraziako Garaipena baino ederragoa da hagitzez.
Errusian ere dena ez zen kezka politikoa baina, edo dena ez zela adierazpide politikoz espresatzen esan beharko genuke. Horrekin harremanetan baziren kezka artistikoak eta literarioak. Sormen irakinaldi biziak hartuko ditu Iraultzako eta inguruko urteak. Ohiko joera estetikoekin amaitzeko goseak sortu zituen, besteak beste, Stanislavski eta Némirovitch-Dantchenkoren Artearen Teatroa 1898an; Dighilev eta Benois-ek "Artearen Mundua" fundazioa sortu zuten eta hortik etorri ziren gero Ballet Errusiarrak.
Maiakovskik hemeretzi urterekin sinatu zuen "Zaflada gustu nagusiari" manifestu futurista. Berritasunaren nagusigoa adieraziko du beretzat hitzaren apurtzeak, formaren hausturak, gizartearenak, kultur mailako iraultzak. Poesia, maitasuna eta iraultza oihal berean josita daude mugimendu oldarkor horretan, poesia iraultza egiten da eta iraultza maitasun bihurtuko da.


Futurismoa bitan banatu zen Errusian: egofuturistak alde batetik eta kubofuturistak bestetik. Egofuturismoak Severianin zuen buru eta ohiko gaiei (eder-minez landutako operetako maitasunak, dama ederren gelen deskribapenak edo automobiletan egindako txango lausoak besteak beste) tratamendu arin eta belaxka ematen zien. Beste aldean kubofuturistak edo futurismo proletarioa osatzen zutenak zeuden, David Burliuk ageri dela eragile nagusi.


Kubofuturistak 1910ean aldizkari baten inguruan bilduko dira David Burliuk; Nikolas Burliuk, Klebnikov eta Kamenski tartean direla. Euren asmoa Marinettiren teoriak azken muturrera eramatea izango da, ezker aldetik jota pasa egitea.
Geroago Chagall, Eisenstein, Boris Pasternak, eta Usévolov Meyerhold batuko zaizkie aurrekoei. Burliukek emango dio sarbidea taldean "Maiakovski poeta handiari" eta berehala nabarmenduko da taldean. "Poeta handi" txartelarekin aurkeztu zuen Burliukek eta poeta bihurtu beste erremediorik ez du izango Maiakovskik.
Etorkizuna da esperantzaren izena. Maiakovskik bultzatuta kubofuturistak 1913an jendaurrean aurkeztea erabakiko dute. Maiakovskik egurra emango dio iragankortasunari, egurra kapitalari: Gizaki berria dator!
Klebnikov-ek "futuriano" izena hobetsiko du Marinettiren mugimendutik bereiztearren.
Marinetti Errusian izango da 1914an, eta kubofuristek ez dute onartu nahi haren aitapontegoa, burgesa eta dekadentea iruditzen baitzaie. Burliukek eta Maiakovskik Marinettiren bigarren hitzaldia lehertu zuten sesio handi samarra sortuz Petrograden.


Zertan da , ordea, futurismoaren modernotasuna? Poesia eta artea eguneroko bizitzara ekarri nahi izatetik datorkio ezaugarri hori. Errezitaldi kalapitatsuak dira uztarketa hori modu problematikoan bizi eta konfliktoan bazka hartzen dutelako seinale garbi.
Ekintza, mugimendua...Guillaume Apollinairek esango du irakurtzea begira egotea eta areago begiz ibiltzea ere badela. Hala ere, ez ziren futuristak ez bakarrak eta ez aurrenak izan kezka horiek beretzen, Blok eta sinbolistek oinarrastoak utziak zituzten lehenago, nondik jo ikusteko.
Gerra Handiak, duda izpirik gabe, futurismoa berrikusten lagunduko du: makina goraipatu haiek (elektro-romantizismo kontzeptua darabil Joxe Azurmendik lilura hori azaltzeko) eta euren kumeek heriotza zekarten eskubeteka, eta gizakirik gabe etorkizuna blouf bat da, boutade merke bat baino ez.
Marinettiren manifestuek baino harago egin zuen Sobiet Batasuneko futurismoak Iraultza ostean ere. Makinarekin batera egiten du gizakiak aurrera.


Maiakovski 1917tik aurrera plaza poetiko errusiarraren nagusi bihurtuko da, bere eztabaidak eta hitzaldiak bere arerio literarioen aurkako mitin bihurtzen ziren. Proletkulturalistek futuristen eta formalisten joera estetikoak gogor esetsi zituzten. Barka sinplifikatze baldarra baina, Proletkultak sormena masen gustuen arabera egokitzea eskatzen zuen nolabait. Areago, proletarioek egindako kultura behar zuen iraultza proletario batean paradigma, masa kultura objektiboa. (Gai honetan sakondu nahi lukeenak aukera aparta Joxe Azurmendiren "Kultura Proletarioaz" (Jakin, 1973) eta "Iraultza eta literatura" (Gero 1973) liburuetan dauka).
Iraultza poetikoa Iraultza politikoaren bidetik dabil. Futuristek Iraultza galdatuko dute Iraultzaren baitan.
"Ni neu. Bertsoak nola egin" lanetik hartutako Maiakovskiren printzipio poetiko batzuk dira honakoak:
1) Poesia lanbide bat da, gaitzenetakoa, baina lanbide bat azken finean. Hitza da idazlearen jomuga.
2) Sorkuntzan, lana egiteko moduari begira, aukeratutako gai eta materialen originaltasuna nahitaezkoak dira. Komunikatzea funtsezko egitekoa da.
3) Poetak gauzen muinean eta gizarteko gertaeren muinean egon behar du beti. Teoria ekonomikoa ezagutu behar du, eguneroko bizitza, historia zientifikoa. Bere ihardun poetikoaren funtsezko zatia da.
4) Poetak bere klasearen interesak ordezkatu behar ditu.
5) Arte apolitikoaren tesiekin hautsi beharra dago.
Poesia "sozialismora iristeko bide gisa" defendituko dute. Dena dela, urteen ingude pean bilakatu egingo da Maiakovskiren poesia ikusteko era ere.
Poetak futurismo aurreko joera literarioak baztertuko ditu eta baita poesia zerutiko langintza moduan agertzearen ideia ere:"Poesigintza ez da goi-arnas sukarraldi batean burua zerura jasotzea eta handik gutxira poesia zerutiarra poetaren buru soilduaren gainera uso, ostruka edo pauma eran jaistea".

Hodei prakaduna (1915)

2-

Loria nazazue!
Ez naiz handien pareko.

Baina orain artean sorturiko guztiari
nire "nihil"a ezartzen diot.

Ez naiz inoiz
irakurzalea izan.
Liburuak?
Zer, liburuak!

Inoiz uste izan nuen
liburuak honela egiten zirela:
bazetorren poeta,
ahoa ahozabaldu
eta bapateko, etorri handiko zozo,
kantari hasten zen.
Eta kito!
Benetan,
kantua datorkizun baino lehen
luze ibili behar da, zangoak joan-jinetan egosi,
bihotzaren istilan xapalaka ari zaizula
irudimenaren sardinzahar inozoa.
Irakiten jartzen den bitartean,
puntuari kirrinkaraziz
halako amodio eta erresinola saltsa bat,
karrika uzkurtu egiten da, mihinik ezaz:
ez du zerekin oihukatu zerekin hitz egin.

Berriro jasotzen ditugu harro
gure hirien Babel dorre tenteak,
baina jainkoak
sakabanatu egiten ditu herriak kanpañetan
hizkuntzak nahasiz.


Horra beste funtsezko gaietarik bat: poesiaren eta poetaren egiteko soziala. Hasiera beretik Maiakovskirengan eraman gaitza gertatuko den borroka sortuko da: kubofuturismoarekin adierazpen modu abangardazaleak eta intelektualak nola uztartu herriaren oldearekin bat egiteko, herriaren poeta izateko nahiarekin. Hortik kontzientzian harra . Marinetti burgesak ez bezala (Marinetti faxismoaren abarora laketuko da 20ko hamarkadan) kubofuturismoak Iraultza artearen eta literaturaren esparrura eraman nahi zuen. Dena bilakatzen da eduki esanguratsu eta probokazio. Poesia ekintza moduan hartuz gero inor harritzekoa ere ez da.

TO! (1913)

Ordubete barru hemendik karrika garbiraino
Gantza belakatan ixuriko zarete,
Eta nik hainbeste bertso kutxatila zabaldu dizuet
Ni preziorik gabeko hitzen xahutzailea naiz.

Aizu, gizon, aza puska bat daukazu mustaxan
Hor nonbait amaitzeke utzi duzun zoparena.
Aizu, andere, ugari daramazu eder-ukendua,
Gauzei behatzen diezu zuk ostra maskorretik.

Zuek guztiok heltzen diozue, zikin,
Eskalaproindunek eta eskalaproinbakoek
Poetaren bihotz tximeletari.
Jendetza sutu eginen da, bultzaka hasiko da,
Hankapunttetan jarriko da ehun buruko zorria.

Eta nik egun, huno zakarra,
Ez dut tximinokatu nahi zuen aitzinean, eta beraz
Karkailaka eginen dut irri
Eta bozkarioz eginen dut tu.
Tu eginen dut zeuen begitartean.
Nik, preziorik gabeko hitzen xahutzaile honek.

Epatante samarra dela? Bada ez da hori helburu bakarra. Janzkera bitxiak erabili ohi zituzten kubofuturistek euren agerpenetan. Maiakovskik Georgiako baserritarren atorra horia jantziko du. Aurrena korbata horia izango dena, azkenerako handitu eta atorra horia bihurtuko da: "Horia izan da beti gure kolore kuttuna, Georgia eguzkitsuaren sinbolo bat bezalakoa zen guretzat". Atorra estetika eta etika baten bandera bilakatuko da.


Hasiera beretik, lehen poemetatik nabarmenduko dira hainbat ezaugarri: metafora distiratsuak, kontsigna lehergarrien tankerako definizio indartsuak, hitz jokoak, indar magiko baten menpean haustera datozen hitzak. Handizka topatuko ditugu bere poema gehienetan.
Kubofuturistek 1913tik aurrera biltoki bat izango dute emanaldiak eta agerpenak eskaintzeko, "Linterna gorria" kabareta. Jendearekin nahasten ziren futuristak baina euren eiteak salatuko zituen noski.

Maiakovski agertzen omen zen jende aurrera eta kubofuturisten ereserkiari ekiten omen zion burrunda batean:
"Jan ditzagun ananak
Bufoi ergelok
Azken burgesa
Bizirik den artean"

1913an bertan kubofuturismoa antzerkira ematen saiatuko dira, ikuskari oldarkor eta tentsio handikoak plazaratuz. Maiakovskik ere antzerkia idatzi eta antzeztuko du; Pasternak-ek hala ikusten zuen orduan: "Haren erraldoi itxurak eta bere ahots burrunbatsuak besterik gabe ikuskizun handia osatzen zuten". Jendeak aurrena barre egiten omen zuen, baina azkenerako poetaren ironia eta zirien kausaz kexu ozen batean amaitu ohi zituen ikuskizunak, orroaka alegia, kalapita ederrean.


Hodei prakaduna (1915)

2-


(...)
Horra zergatik igan nintzen
Peterburg, Mosku, Odesa eta Kieveko
anfiteatroen Golgotara.
Eta ez zen egon
oihu egin ez zuenik:
"Gurutzefika,
gurutzefika ezazue!"

Baina niretzako,
zuek, jendea,
baita iraindu egin nauzuenok ere,
ezer baino maiteagoak eta hurkoagoak zatzaizkidate.

Ikusi duzue
nola milikatzen duen zakurrak jo egiten dion eskua?

Nik,
egungo gizakiek iraindua
ipuin luze
eta gordin bat bezala,
ikusten dut denboraren mendien gainetik datorrena
eta inork ikusten ez duena.

Gizakien behako laburregia iristen ez den hartan,
samalda gosetuen gidari,
iraultzaren arantzek koroatua,
badator
mila bederatziehun eta hamazazpigarren urtea.

Eta ni haren profeta naiz zuen artean
oinazea dagoen lekuan nago,
malko uhin tanta bakoitzean
gurutzefikatu naiz.
Ezin da jadanik ezer barkatu.
Kauterizatu ditut xamurtasuna hazitzen zuten arimak.
Eta gogorragoa da
milaka mila Bastille hartzea baino!

Eta
bere etorrera gaztigatzen duelarik
matxinaden zalapartan,
salbatzailearen aitzinera joanen zarete,
eta zuentzat, nik
arima erauziko dut
oinkatu eginen dut handiago egiteko,
eta, odoletan, banderatzat emanen dizuet.

Handitasun itxura gorabehera, beti dago poesia ohiko ihardun bihurtzeko gogo sakona."Poesia orain arte baino modu zuzenagoan hartua izan dadin nahi baldin bada, etorkizunean lora dadin nahi baldin bada, behin betikoz langintza horren eta bestelako giza langintzen arteko ohiko bereizketarekin amaitu beharra dago".
Futurismoak bertso lerroa ordura arte ez bezala libre ibiltzea ekarriko du eta irudiak sakon eraberritzea, seguruenera inoiz lehenago ez bezalako neurri ausartean. Horrek ere kritikak ekarri zizkien, bertso libreak erritmo eta konbinazio irrealetarako bidea ematen duelakoan, poesia intelektuala iritziko diote zenbaitzuk joera horri, ez objektiboa eta pertsonalista.


1912ko manifestuan aldarrikatzen zituztenen artean zeuden, hiztegia goitik behera berritzeko eskubidea, hitz eratorriekin eta nahiera osatutakoekin jokatzeko eskubidea duela, eta bere garaia arte iraun duen hizkera alboratzeko eskubidea ere behar duela poetak. "Hitzak ez du ezer deskribatu behar, berez behar du adierazteko indarra".


Gorago adierazi moduan garrantzitsua da, ordea, horrekin batera herritarrengana hurbiltzeko estrategiak baliatzea: errezitaldiak, hitzaldiak, irrati saioak. Eskolatu gabeko masek bazuten ahozkotasunaren tradizioa beretua, hortik eraiki zitezkeen zubiak. Hori du Maiakovskiren giltzarrietako bat forma berritzearekin batera. "Poesiak begiekin ikusten den hori izate hutsari utzi dio. Irratia da bidea (bideetako bat). Iraultzak entzuten den hitza ekarri du, entzun daitekeen poesia".Esan dugu aurreraxeago, hitza dela idazlearen helburua, teknika berriek eskaintzen dituzten aukerak medio, irratia dela, zinea dela, idazleak gaia eta materiala bat eginik eman ditzake, konstruktibistek gustuko zuten bezala.
Egunerokotik poesiara ekarriko ditu Maiakovskik ere hainbat elementu: egunkarietako berriak, panfletoetako konsignak... Errealitate historikoen aurrean artistak jarrera politikoa hartu behar du eta forma estetiko berriarekin adierazi. Eguneroko gauzek agertu behar dute poesian, baina beste alde batetik "egunerokotasunak", ohikeriak, burgesteak hil egin ditzake bai gizakia eta bai poesia.

SERGEI ESENIN (1926)


(...)
Lan asko dago,
denbora behar.
Aurrena
bizitza
aldatu behar da
gero
aldatutakoan
eginen diogu bertsorik.
Gogorra zaio sasoi hau
lumari,
baina esaidazue
zuek
elbarri eta ezinduok
non
noiz
zein handik hautatu zuen
biderik lauena eta leunena.
Hitza,
giza indarraren
komandante buruzagia,
aitzina!
Denbora gure atzean leher dadin
kanoiaren bolak bezala.
Denborak herrestan eraman dezan
egun zaharren kalparra.
Planeta
ez dago gertu
alaitasunerako.
Etorkizunari
kendu behar zaio
alaitasuna.
(...)

Onomatopeiak, esklamazioen eta erritmo libreen erabilerarekin batera agindu tonua, lagunartekoa eta sarkastikoa nagusitzen dira. Azpimarratzeko moduko beste alderdi bat elementu eta objektu berriek hartzen duten indarra da. Galtzairua, irratia, aeroplanaok, argindarra, trena, turbinak, bielak, automobilen motorrak dira erritmoari eragiten laguntzen diotenak.
Arau futuristak, Maiakovskik beretuta, betiko gaiak darabiltza, noski. Maitasuna, gizonezko-emakumezko hartu emanak, eta tonu ozar batekin konbinatzen ditu tonu epikoarekin baino areago. Ozen, goraki egiten du hitz, iraultza gose da hitza, baina erabateko epikotasuna ezin bat etorri poetaren zainak agintzen duenarekin. Nola esan, bere zintzotasunak eragozten dio, bizitakoa edo bizitzekoa ez bada ez da guztiz egia, poetak ere ez du berez dena libre, ez du edozein hitz eta ez zeinahi tonu erabiltzeko bulda.

HODEI PRAKADUNA (1915)
4-
(...)
Zure gorputza
zaindu eta maitatuko dut
gerrak etxeratutako
gudari
elbarriak,
inor gabe,
bere zango bakarra zaintzen duen bezala.
(...)


"Maiakovski -Jacobsonen hitzak ditugu- liriko pertsonal eta are pertsonalista handia ere izan dugu."
Horretan hartzen du iraultzaile izateko oinarri. Lekuko gisa, 1914an bere izen bereko drama futurista idatzi zuen eta poeta, dohakabeen babesle moduan ageri da. Nor izan inor izateko.
Hortik garaian nagusi izan ziren joera kultural eta politikoen mesfidantza eta gaitzerizkoa Maiakovskiren lanaren aitzinean. Alderdiaren ikuspegitik eta areago proletkultarentzat ezinezkoa da proletargoaren neurriko artea indibidualismotik (burgesa behar duen indibilualismoak derrigor ?) egitea.
Hori aurkia bazen ifrentzua , aldiz, "150.000.000" poemak dakar, sinatu gabe eta jendeari aldatzeko aukera emanez argitaratu zuena.


Gai guztiei ezartzen die berritasuna, bai bertsokeran, bai bertso lerroen taxuan eta bai metaforen erabileran . "Hodei prakaduna" horren guztiaren erakusgarri bikaina da. Bere adierazi beharrak ezin du poesiaren ordura arteko ohiko moldeetan errenditu.

Bizitzara eta artera, hots adieraz modu guztietara zabaldu nahi ditu berrikuntzak, estetika berri baten xerka lehiatuko da suak hartuta. Lazarenko pailazo handia ezagutuko du poetak 1914an. Elefante zuri baten gainean zirkoko pistan poemak errezitatu eta Lazarenkoren laguntzaile moduan ere lan egingo du haren tarte komikoetan. Zirkoa abangarda literarioen ikuskari kutun bihurtuko da iraultza osteko Errusian, eta Maiakovskik Lazarenkorekin lankidetza berrituko du aurrerago ere. 1927an biek eman zuten zirkoko ikuskari bat, "Mosku sutan", poetak idatzi eta zuzendu zuena.
Beste alde batetik, amets futuristen gauzatzea izango da zinea Maiakovskirentzat. Makina gizakiaren zerbitzuko, denbora menpean hartzen.


Aurrena errezeloz hartu eta gutxiestera joko badu ere, laster bihurtuko da zinearen defendatzaile sutsu:"Zinea mugimenduaren adieraz modua da. Literaturaren berritzailea da. Estetika zaharraren suntsitzailea da zinea. Zinea ausardia da. Zinea kirola da. Zinea ideien hedabide nagusia da". Antzezle lana burutu zuen hainbat filmetan eta 1918 eta 1922 artean gidoi asko idatzi ere bai.
1917ko iraultza garaian Petrograden da. Garaipearen ondoren Alexander Blok, Briusov sinbolista lirikoarekin, Jasinski eta Meyerholdekin batera aurreneko intelektualetakoa da Lunatcharski-ren, kultura komisarioaren, deiari erantzuten. Maiakovskirentzat Iraultza akademizismo artistiko eta literarioari azkena ekarri behar zion erauntsia zen. Malevich eta beste batzuekin suprematismoaren manifestua ere idatzi zuen: "suprematismoak sentiberatasun hutsaren nagusigoa, supremazia esan nahi du". Malevichen kezka nagusiak ez du zerikusirik Iraultzaren goraipamena eta propagandarekin, baizik eta sozialismoa eraiki beharko zuten belaunaldien heziketa zorrotzarekin; Tatlin-en eta konstruktibisten kezka, berriz, artea ekintza politikotik gertu ibiltzea zen, materialak zuen garrantzia, pintura eta eskultura eraiki (konstruitu) egin behar dira arkitektura balitz bezala.


Bere poesian ageri den buruhauste nagusietako bat ( "Honetaz" poeman (1923)), bere antzerkian eta zinean ere ageriko da behin eta berriz: langileriaren burgestea eta artean klasikotasunak Iraultza ostean ere duen indarra, Iraultzak bizi duen perlesi gaitza.
1918an, artean futuristena zen Iraultzarekin bat egin zuen intelektual talde bakanetakoa. Gerora ordea, proletkulturalismoak aurrena eta ondoren errealismoak indar handia hartuko du artisten artean. Stablishmena gero eta nagusiago jarriko da estatu berrian ere literaturari ere gagozkiola.
Moskura itzulirik 1922an, Gerra Zibila amaituko den urtean "IV. Nazioartekotza" idatziko du. Gizateria aspertzen ari da, susperraldia behar du, "izpirituaren iraultza", bizigintza berritzailearen, beste zientzia baten alde. Errealismo geldoa eraistera etorritako futurismoaren garrek zabalera egiten zuten artean. Rigan polizia letoniarrak galaraziko dizkio bertan eman behar zituen errezitalak.
"IV. Nazioartekotza"n Iraultza zaldi bikain bezala irudikatzen da poemaren hasieran, gerora bestela azalduko da:


IV NAZIOARTEKOTZA (1922)

MAIAKOVSKIREN AGERIKO GUTUNA ERRUSIAKO ALDERDI KOMUNISTAKO (BOLTXEBIKE) B.Z.RI ERAKUTSIZ AIPATU MAIAKOVSKI HORREN PORTAERA ZENBAIT

(...)
Eta
Urria
oldartu zenean
su trostan
ke guztiak
baino indartsuago,
zuen burdinazko eskuek
su eta ke
hartu zituzten
iraultzaren bridak.
Trostan zuzen
eta alboka
eta zehar.
(...)

Lasterra amaitu da
sua moteldu.
Izpiritu burges-koxkorrak kerua botzen du.
Pipatzen baitu oraino.
Baina gu ongi zelan jarriak gaude
trostari unatuaren gorputzean,
saihetsak belaunekin estutzen dizkiogula.

Aldatu egin digute.
Orain
lanerako zamaria da.
Garraiatu gabe
aitzinatzen ditugu hondakinak.
Ilintiak eta ilintiak amatatzen ditugu.
Ke berriak goratzen dira.

Gauean
biderik gabe
hondakinetan
ikaran duzu zaldia
behaztopaka zaldia.
Baina laster:
Xatura-ko elektrikak
bide distiratsuak zehaztuko ditu
ehunbegiko.
Egun,
ezin da Errusiaren itzulia egin zaldi gizen honetan!

Baina helduko da,
segur,
laster
gurean
lokomotoren Amerika oso bat altxako den denbora.
Mendiak eta zelaiak
balaz bezala zulatuko dira.
Volgak
ikara ematen du orain.
Hezurrak nonahi.
Dena kiskalia,
eri.
Baina helduko da
bizitza arrasortzeko ordua,
ogiz
eta gozoz.

Orduan
mundu puntuaren gainean
galdera ikur gaitza sortzen da.
Etorkizunera
kanoitzen dut
neure bertsoen atzamarra,
etorkizunean landatzen dut
neure irudien behakoa.

Komunismoa!
Nork edanen du bere ibaien esnea?
Nork dastatuko du bere bazterretako izotza?
Nolako ideiak izanen dituzte?
Nolako amodioak?
Nolako sentimenduak?
Nolako gurariak?
Egundotik
txit uluka zibilizatuan
zaharkeriak emana dio komunismoari patentea:
Zer izanen den?
Lo,
jan,
horra giza artaldearen jolasak.
Zer izanen den?
Karrikak makadamatuak egonen dira.
Bi urte emanen dira sobieten egoitza txukuntzen.
Eta festa egunetan
plazaren batean
Proletkult-eko partaideak
cricketean ariko dira
sobietaren aitzinean.
Zartagailuaren fistua egiten du txartel bakoitzak:
- Hireak egin dik, Urria!
Urriak ez dik osorik hartu su! -


Gorago adierazi dugun bezala Maiakovskiren drama poetiko handienetakoa bat hau izango da: berak idazten zien langileek, ikasleek, soldaduek ez zuten Maiakovskiren hizkera berdina erabiltzen. Ez zioten ulertzen.
Beste joera batzuk zituzten gustuko poesian Iraultzaren subjektuek. Eta gustu hori hezi beharra dago.
Moskun "Poeten kafea" izango du gustuko txokoa, bertan poesiak errezitatuko ditu. Kulturako komisarioaren menpeko 1918an, Arte Plastikoen atala zabalduko da eta poetak Iraultzaren etorkizunaren inguruan itxaropen handia izango du. Burliuk eta Kemenskirekin batera deia egingo dute Errusiako pareta grisak margoz eta poesiak betetzeko. Iraultza da!


Askok itsu-itsuan hartu haiek esandakoak eta eraikin askotako hormak Chagallen, Alexander Exter-en, Chteremberg-en eta Malevitchen margoz beteko dira. Mosku eta beste hainbat hiri nagusi arte adierazpide desberdinen erakustoki bizi izan ziren. Guk ere ezagutu genuen horren nolabaiteko bertsioa, txipian noski, XX.mendeko 70-80ko hamarkadetako hainbat herri eta auzotan.


Poema sutsu eta sukoi bat eman zuen argitara garai horretan, "Alaitzeko azkarregi da", arte lan klasizistak apurtzea eskatzen zuena, akademizismoarekin zerikusia zuen guztia txikitzea. Vladimirren jarrera estetikoan ere aldaketak somatuko ditugu, bizitzea egokituko zaionaren lekuko seguru asko.
Kirillov proletkulturalistarren esakunea da "erre dezagun Rafael". Harenean kultur bandalismoaren apologiatzat har daitekeena, Maikovskirenean izpirituak inarrosteko grina ikus daiteke.
"Goardia zuriaren kontra egin duzue tiro,/baina Rafael?/ Zergatik ahaztu duzue Rafael?/Bada garaia gure kainoien balek/ museoetako hormak bota ditzaten/ Sua ikonoen pare gurtzen diren zaharkinen kontra/ Heriotza erein ezazue etsaiaren lerroetan (...)/Goardia zuriaren kontra tiro egin duzue/ Eta zergatik ez duzuen egin Pushkinen kontra eta beste jeneral klasikoen kontra?"


Hitzok, Maiakovskiren jarrera punkiak, zalaparta sortu zuten eta Lunatcharski berak sartu behar izan zuen bakea jartzeko: "Errazago da beti ere kultura zaharra desegitea berria sortzea baino. Obreroek ez dute kultura klasikoa ezagutzeko aukerarik izan. Desegiten badugu, egunen batean kargu hartuko digute". Ildo beretik mintzoko zen Lenin eta boltxebismoa oro har. Iraultza proletario garainpentsua, ordura arte jende gutxirentzat bakarrik eskuragarri zen kultura burgesarekin, zientzia burgesarekin osatzeko eskatzen zuten. Ezin da kultura berri bat erdietsi aurreko kulturaren ezagutza eta presupuestoak erdietsi gabe.
Artearen ideia iraultzailea eta iraultza politikoaren arteko borroka biziko du Maiakovskik; hizkera aldatzen ez bada ideiak ez dira inoiz aldatuko. Artea eta politikaren arteko oreka horretan kolokan ibiliko da, iruditeria eta arrazoiaren artean, guztizko iraultzaren eta burokraten iraultzaren artean azken batean.
Artea aldatu eta bizitza aldatu, borroka berbera da, sintaxi berbera.


Meyerholdekin batera antzerkian egin zituen saioetan ere, Malevichen dekoratuekin, maiz gertatuko zaio langileentzako pentsatutako lanak, langilegoak ez ulertzea.
Moskun ROSTArentzat (Errusiako telegrafo konpainia) lanean hasiko da, gerra zibilari (1918-1922) buruzko eta herrialdearen egoerari buruzko berriak zabalduz. Paper falta dela eta prentsa ezingo da atera eta Moskuko erakusleihoetan marrazki eta kontsigna bidez berri nagusienak zabaltzeko bidea hedatuko du. "Egunkari-biziak" jarriko dira martxan, berriak antzeztuz kalean...Kultur agitazio lan itzela burutu zuen; hitzaldiak eman zituen estatu berriko bazter anitzetan, irakurraldiak eman zituen SESBeko fabrika askotan, langileekin eztabaidatuz. Poesia eta antzerki liburuak idatzi zituen, haurrentzako liburu arrakasta handikoak, zineko gidoiak, Gudaroste Gorriarentzat abestiak egin zituen eta propagandako konsignak langileen estatuarentzat. Lagunek lan horietan talentua alferrik galtzen ari dela adieraziko diote. Lunatcharski komisarioak berriro antzerkira bideratuko du Maiakovski. Garaiko, garaikide izateko erak dira. Antzerkia gizartean eragiteko tresna ere bada, komunikazio helburua eskura jartzen duena.


Prentsan idatzian ere gero eta sarriago ageriko dira bere lanak. Horrela mintzo zen 1926an: "Gero eta jaiera handiagoa dut kazetaritzarako. Artikuluak, kontsignak. Poetak aztoratu egiten dira, baina ez dira gauza horrela idazteko, eta literatur gehigarrietako euren kolaborazioak euren emazteentzat baino ez dira interesgarri, gero eta arduragabeagoak dira".
Kronikaren alde, kalitatezko kazetaritzaren alde joko dute futuristek estetizismoaren eta psikologismoaren aurka hogeiko hamarkada aurrera doan bezala. Arte aplikatuen desestetizazioaren alde jokatuko dute, konstruktibismoaren alde.


Beste muturrean Proletkult-a zegoen, proletargoaren alfabetizazioan lan gaitza egin zuen mugimendua baina literaturari batere mesederik egingo ez ziona.
Maiakovskik langileriaren gustuak aldatzea bilatzen zuen, formen muturreko iraultzan hezi nahi zituen masak. Sentiberatasun berri bat garatu nahi du. Baina ezkerreko artearen esperimentalismoak, gustu proletarioaren klasikotasunarekin topo egingo du. "Arteari gagozkiola, komunistak atzerakoiak dira" esango du.


Maiakovskik "idazle kontserbadore" joko dituenen eraginari kontrakarra egite aldera sortu zuen 1923an LEF (Ezkerreko artearen frontea) aldizkaria. Helburua errealitatea eta masen iraultza nahia erakustea zen, baina estiloak ere iraultzailea izan behar zuen. Ortodoxiak etorri antzua du.
Maiakovskiren lanaren berritasuna neurri handi batean futurismoa eta Iraultza uztartzetik etorriko da, hala ere, Sozialismoa Errusian estatu egituran indartu ahala poetaren bakardadea handitu egingo da. 1918koak dira hitzok: "Errusiko Errepublika Sozialista Sobietiko eta Federatiboan arteak ardura gutxi sortzen du eta niri berriz, benetan ardura didana, artea da".


Iñigo Aranbarrik idatzia duen bezala, Maiakovskik etsai ugari zuen. Idazle proletarioak besterik maite ez zituztenak, haren poema lirikoak proletargoari ezertarako balio ez ziotelakoan. Alderdiarekiko lotuegi ikusten zutenak eta alderdian ez egotea leporatzen ziotenak. Aldizkaria argitaratzeko arazo bat baino gehiago izango du zentsurarekin. Kostunbrismo berria zabaltzen hasia zen. Oraindik fabriketan emandako errezitaldietan jasotako iritziak alde ditu: "Lenin", akaso bere lan handietatik puntualena, ondo hartua izan zen. Saiatuko da oparo zabaldua izan dadin, estatuaren argitaletxeari merke ateratzeko eskatuz besteak beste.


Atzerriera joko du sarri, Berlinera eta Parisera batez ere. Mendebal munduan zer kritikatua aurkituko du franko, baina horien artean ez zeuden lorpen teknikoak.
1925ean Parisera et AEBra bidaiak egin zituen, azken horretan idatzi zuen "Brooklyngo Zubia" ospetsua. Ameriketatik itzulita, han makinak zoriontsuak direla esango du, baina pertsonak ez. Ea futurismoa eta LEF zalantzan jartzen dituen galdetuta, ezetz dio, "baina gauza asko berrikusi beharra dugu. Batez ere teknikari nola heldu...". Futurismoaren sorreran makinismoagatik sentitu zuen xoramena epeltzen hasia da. Gizakiaren libertatea ez dago ezinbestean teknikari lotua. Ez du makinak liberatuko.
Bere ideiek gizakiaren zerbitzuko egongo den arte berri bat galdatu izan dute. Abangarda artistikoa eta konpromezu politikoa uztartzen saiatu zen, modernotasuna eta herritasuna lotuko zituen hizkera bilatu zuen.


Hala ere...:"Nik nire herriak uler nazan nahi dut, baina ulertzen ez banau, zer egingo diot bada, nire sorlekutik pasako naiz euria okerka pasatzen den bezala".
Hitzarenganako fedea eta utopiaren bilaketa, horra bere ihardunaren eta bizitzaren bi zutabe. Poesia lanbide bat izateaz gainera ekintza da Maiakovskirentzat. Aldaketaren aukerak liluratu egiten du eta horrek konformismoaren beste muturrean jarriko du. Maiakovski gaztea da, betigaztea.
Poesia transformazioaren tresna da, izpirituen iraultza hori burutzeko beharrezkoa den arma. Eta "ni" iraultzaile hori deblauki gu bilakatzen da. Gu subjektiboa hala ere, proletkulturalisten guarekin zerikusirik ez duena. Aitor diezaiogun Trotskiri berea horretan, baiki, poesia hau maiakomorfikoa da, nortasun handi horrek dena hartzen du. Bere garaian tximistak udako gaueko arbelean bezala idatzi nahi du poetak, historian txertatutako artea ez bada, geroari begiratu behar ez badio, doala zakrretara!


Balore berrietan jaso nahi da estetika berria, proletargoaren zerbitzuko jarri, bestelako gizaki baten txerka dabilena da baina ez laborategiko ezein esperimenturen menpeko. Hondarreko testuetako batean honela idatzi zuen: "Bateonbat hil behar den ala ez galdetzen didatenean beti esaten dut ezetz. Biziek, galgarrienak eta basatienak izanda ere, hildakoek baino gehiago balio dute. Guk, historia aldatu dugunok; guk, guztien onerako Antzinako Erregimena suntsitu dugunok; guk, komunista eta gizaki garenok ezin dugu odol-gose jokatu".
Edertasunak eta egiak historiari lotuak behar dute. Adornok poesiari buruz egindako gogoeta baino lehenago idatzitako poesia ez al da hau? Bai, baina etorkizunari begira idatzita ere badago. Gogora dezagun: "Etorkizuneko/ tobaritx maiteok!" Gaur egunerako ez dute balio hemen sortzen ari diren galderek? Baiezkoan gaudelako ekarri dugu plaza honetara.


Horrek dakarren arazoetako bat da poesia hori ez dela posea edo burgesak epatatzea edo atsegitea bilatzen duena, estetizismotik haratago doa batetik, baina ez da aratza. Poeta ez da guztiz autonomoa, -hemen egoki izan liteke "Berria"ren publizitate kanpainari itauna lapurtuz galdetzea "Zein edo zer bezain autonomo?"- artea eta politika batera bizi ditu. Horregatik esan daiteke oreka ezegonkor batean bizi duela Maiakovskik poesia, kolokan bezala, era hauskorrean. Modernoa denez, ezin zuen bestera izan. Ez du mausoleorik eraiki nahi, etorkizunerako bideak ireki baizik. Transformazio tresna nahi da egin poesiarekin, esan dugu, ihardun garaikidea da poesia, alde askotarikoa, problematikoa.


Auzi ugari sortzen ditu iraultzan eta poesian muturreraino jokatu nahiak. Ezintasun bat baino gehiago ernatzen du. Buruneke asko. Nola uztartu iraultza politikoa eta soziala eta arte ikuspegi kontserbadorea . Lehengora nator: estetika berri bat behar da gizarte berri batentzat, hortik masak nola eta zein oinarriren gainean hezitzeko galdera.
"Artea ez da masen-artea bere sorreratik, masen-arte bilakatzen da hainbat ahaleginek bat egiten dutenean: batetik, bere baliagarritasunaz analisi kritikoa da beharrezkoa,(...) bestetik, alderdiaren eta boterearen aparatuaren aldetik arte horren zabaltze antolatua, gainera une egokia bilatu behar da liburua masen artean zabaltzeko, bat etorri araziz liburuak mahai gainean jartzen duen auzia auzi horrekiko masen heldutasunarekin. Zenbat eta handiagoa den liburu baten kalitatea, orduan eta gertaeren aurreragotik ibiliko da.(...) Ulergaiztasunaren mitoa interesatua da".
Poetaren egitekoaz argi mintzo zen 1926an "Poesiari buruzko solasa zerga inspektorearekin" poeman.

POESIARI BURUZKO SOLASA ZERGA-INSPEKTOREAREKIN (1926)


Inspektore tobaritxa!
barka poxelatzea.
Mila esker,
lasai,
zutik geldituko naiz.
Oso gai mingarria
aipatu nahi nizuke:
zer leku hartu behar duen
poetak
langileen lerroetan.
(...)

Poesia
guztia
ezezagunari buruzko bidaia da.
Poesia
ratioaren estrakzioa duzu.
-Urtebeteko lana
gramo bat ateratzeko.
Hitz bakar bat lortzea
mintzoaren lehengaien
milaka tonatarik.
(...)

Esan ohi denez
gatz kilo ugari
jan beharko dituzu
eta ehun zigarro pipatu
hitz bitxiena
atera artean
humanitatearen
zuztar sakonetarik.
(...)
Zer erantzunen didazu
esaten badizut
herriaren buruzagia naizela
eta aldiberean
haren morroi?
Langilegoa
geure hitzetan harrotzen da,
lumaren motore
gara proletarioak.
(...)
Poeta
beti zaio unibertsoari zordun
bere oinazearekin
ordaintzen ditu
sarigainak
zergak.
Zordun natzaie
Broadway-ko neonargiei
Bagdadi-ko zeruei
Armada Gorriari
Japoniako ginga-ondo lorategiei
oraino
idatzi
ezin izan dudan orori.
(...)

Poetaren hitza
zuen berpiztea da,
zuen hilezkortasuna,
inspektore tobaritxa.
Ehundaka urte barru
paperezko marko batean
bertso bat hartu
eta denbora hau berpiztuko dute.
Eta egun horretan
sortuko da
harrigarrizko distiraz
eta tinta usain garratzez
bere lurrunean bilduko zaitu,
inspektore jauna.
Zuk, gaur egunekoaren biztanle
amorratua zarenez
lor ezazu Garraio Batzordean
eternitaterako txartela,
kalkula ezazu
nire bertsoon eragina,
zati ezazu
nire soldata
hirurehun urtetan.
Haatik etorkizunean
norbaitek zotin eginen du
zutaz oroiturik.
Ez.
Egun
poetaren puntua
fereka ere bada,
konsigna,
baioneta,
zartagailu.
Inspektore tobaritxa!
bosta ordainduko dut
atzean dituen zeroak gurutzatuta.
Legez
nik
leku bat eskatzen dut
langile
eta nekazari txiroen
lerroetan.
Eta uste baldin baduzu hau
besteren hitzak
erabiltzen jakitea
besterik ez dela,
orduan, tobaritxok,
hemen daukazue nire luma
eta idatz ezazue
zeuek
nahi duzuena.


"Artearen gudarosteari 2.agindua" poeman dio, dagoneko ez dagoela gizajorik "maisuak" zer esango dagoenik, eta ka
maradei, burkideei, arte berri bat sortzeko eskatzen die, Errepublika lokatzetatik aterako duen arte bat.


Iragana eta etorkizuna gatazkan dira. 1928an literatur arloan alderdiak izan beharreko jokamoldeaz emandako hitzaldian, ordura arte ez bezala hurreratuko da VAPPera (Sobiet Batasuneko idazle proletarioen elkartea) eta kostruktibistei erasan: "Ahazturik dute iraultzaz gain badagoela hori zuzentzen duen klase bat. Aurretik erabilitako irudi esfera bera darabilte eta futuristen akats berberak errepikatzen: teknikarekiko lilura hutsa hartu dute berriro ere poesia arloan". Ezin du eraman futurismoak daraman manierismorako bidea.


Bakardadearen lorrak astuna behar du. Gero eta isolatuago dago, 1929aren hondarrean "Hogei urteko lana" erakusketa egiteko materiala biltzen ariko da. Bideak leuntze aldera Idazle Proletarioen Elkarte Errusiarrean (VAPP) sartuko da. Hori dela eta hainbat lagun galduko ditu. Bakardadea handitzen ari da. Erakusketara ez da agertuko ordezkari ofizialik, prentsa ere ez.
"Bainuak" antzerki obra antzeztu zen 1930an ,burokratei eta iraganeko garaien liluraz bizi direnei egindako kritika zorrotza zen. Oso harrera hotza izango du jende aldetik (herritarrek ez dute ulertzen!?) eta kritikak gaizki hartuko du.


Esan daiteke lasai asko Maiakovskiren kontrako boikota egon zela.
1930eko martxoaren 30ean azken hitzaldia eman zuen, barrua urratzen zioten zauriak nabariak ziren :"Estetek oihu egiten didate: `Hain bertso onak idazten zenituen, Hodei prakaduna eta, eta bat batean gauza hauek egiten hasten zara!. Nik beti idatzi izan dut badela ingeniarien poesia bat, teknikoki hornitua, baina badela bestela jantzitako masa poesia bat, langileen ekipoaz jantzia".
Handik hamabost egunera suidizatu zen. Egunerokotasunaren kontra egitea gero eta nekezagoa da bakarrean ari denarentzat.


Iñigo Aranbarrik esango digunez - hauek bezala aurreko hainbat burutapen ere berak, Poemak, Koldo Izagirrek euskaratutako Maiakovskiren poemen antologiarako, egindako hitzaurretik hartuak dira- Maiakovskik Errusiara ekarri zuen Apollinaireren bizitza iziotzeko poesia , edozein izanik ere honek har lezakeen forma. Horregatik, poesiak, ordurarte ez bezalako subjektuak ezagutuko ditu: sifilia, makinak, langilegoa, argindarra, alderdia. Gu. Ni. Epikarako bidea galaraziko dion ni horixe bera.
Veronica Polonskaya antzezleari 1930eko apirilaren 14an eskatu zion Lubianski karrikako etxean bakarrik ez uzteko. Goizeko 10.15 ziren, Veronicak antzokira joateko mandatu zeukan eta Vladimir bakarrik geratu zen.
Poeta askoren ohiko lana ere bada aitzindari izatea mundu etsai batean, politikoki eta ideologiari gagozkiola arrotza zaion munduan aritu beharra. Baina "garaile" suertatu den mundu batean aitzindari izan, Iraultza nagusi den abagunean. Egia da bat egin zuela Iraultzarekin, harra alderdiarekikoak sortuko zion, burokraziak, aparatuak, egiturak.


Egia da poesiak izugarriak (prodigioak) egin ditzakeela, baina batez ere poeta beraren baitan, eta beste pertsona batzuen sentieran. Bakarrean eramateko lana da funtsean poetarena.
Poeta giza kontzientziaren iratzartzailea al da, igarlea? Batzuetan baino ez seguru asko. Baina poesia araua ere bada, eta Maiakovski izango da XX.mendeko poesiaren oinarriak, kanonak sendo ezarriko dituenetako poeta gailenetarik. Iraultzaren poeta jo izan da, eta hala izan da, poesiaren iraultza bizitzako alor guztietara zabaltzen ahalegindu zen pertsona. Horretan da bere poesiaren handitasuna, ezinezkoa dirudien oreka kraskagarri horretan hain justu.
Amaitu baino lehen bere buruari tiro eman aurretik idatzi zituen hitzak bildu nahi nituzke.

Ez du inork nire heriotzaren errurik eta, mesedez, esamesik ez. Hildakoak ez zituen maite. Ama, arrebok, lagunok, barka nazazue: ez da hau bidea (ez diot inori jarri nahi burutuan), baina ez dut beste irtenbiderik.

Lilí, maita nazazu.

Lagun gobernua: Lilí Brik, ama, arrebak eta Veronika Vitodovna Polonskaia dira nire familia.

Mesedez, egiezue eramankor haien bizitza.

Bukatu gabeko poemak emaizkiezue Briktarrei.
Beraiek deszifratuko dituzte.

Esan ohi denez:
istilua amaitu da,
maitasunaren txalupa
eguneroko bizimoduaren kontra lehertu da.
Bakean nago bizitzarekin. Alferrik oroitu elkar
oinazeak
malurak
eta mindurak.
Vladimir Maiakovski.
Izan zaitezte zoriontsu.
30-4-12

VAPPeko lagunok: ez nazazue ahultzat hartu.
Benetan ez dago zereginik.
Goraintziak.
Esan Iermilovi* damu dudala papera kentzea,
azkeneraino burrukatu behar nukeen.

V.M.


Mahaian 2.000 errublo daude, zergak ordaintzeko.
Ostantzekoak Giz-etik kobratu.


(*"Bainua" antzezlana martxoaren 16an eman zen, eta estrenu egunean Maiakovskik kartel bat jarri zuen Iermilov-i, kritiko eta elkarteko buru zenari, hark egindako kritika gogorrei erantzunez. VAPPek kentzeko aginduta papera erretiratu egin zuen azkenean Maiakovskik. Honela zioen: "Bainualdi batez ezinezkoa da burokrata aldra bat garbitzea: ez legoke ez bainu ez xaboi nahikorik. Bestalde, burokratek Iermilov bezalako kritikoen laguntza dute")

Joan den batean, telebistako dokumental bati begira ginela -Lonely Planet sailekoa oker ez banago- mendebaltar eta mendebalzaletu maiseatzaile askojakin batek Mosku aurkeztu zigun ikusleoi. Bertako metroan Maikovskaia geltokira iristean burlaizez honela esan zuen: "Maiakovski zeritzan poeta bati eskainia dago geltoki hau. Ez nuen izen hori sekula entzun baina ezaguna omen da".
Maikovskiren hiletan milaka heritarrek lagundu zioten poetari baina isiltasun ofiziala erabatekoa izan zen. Hil eta hurrengo urteetan ere boikot giroa izan zuen nagusi SESBean.
Burokrazia kulturalak 1940ko apirilaren 13an Bagdadi poetaren jaioterriari izena aldatu zion, Maiakovski jarri zioten, eta Maiakovski eskualdeko hiriburu bihurtu zen Georgiako Errepubika Sobietarrean.
Poesiaren zerei irtenbide bilatzen darraigu: estetika eta politika, banguardiak eta masak nola batera etorri... Maiakovskik argitasun handia jarri zuen bide horietan aurrera egiteko. Egunotan arazo estetikoak bere horretan dirau, barrunbeak nola adierazi modu ulergarrian eta era berritzailean aldi berean. Etengabe galdetzen ari gara poesiaren egitekoaz, poetaren arduraz. Maiakovskiren poesia gure artera ekarriz egunerokotasunaren atzapar hilgarrietatik askatuko dugu, eta pentsatu nahi dut, bide batez, geure burua ere apur bat libreago egiten ote dugun.


BIBLIOGRAFIA

-Vladimir Maiakovski: Poemak. Susa 1993 (www.susa-literatura.eus)
-Joxe Azurmendi: Iraultza sobietikoa eta literatura. Gero 1973
-Joxe Azurmendi: Kultura proletarioaz. Jakin 1973
-Elsa Triolet:Recuerdos sobre Maiakovski. Kairos, Bartzelona 1976
-Poemas 1913-1916. Visor libros, Madrid 1976 (3)
-Poemas 1917-1930. Visor libros, 1973
-J. Khardjiev eta N. Ténine: La culture poétique de Maiakovski. L'Age de l'Homme, Laussane, 1982



 

Jose Luis Otamendi, Larrabetzun 2003ko azaroaren 15ean

 

 

 www.armiarma.eus/bbk/eskola