Kazetaritzatik literaturara, lekukotasun historikoa eta bidaia kronikak



Nik idatzi ditudan Ez zaigu ahaztu (Susa, 1998) eta Gaizkileen Faktoria (Euskaldunon Egunkaria, 2000) liburuen jatorria eta bidea, eta bertan, kazetari gisa, izan ditudan arazoak eta korapiloak nola askatu ditudan azaldu nahi dut hitzaldi honen bidez.
Bi liburu hauek kazetaritzatik sortu dira. Erreportajeak izan dira sorreran. Liburu bihurtu ziren gero norbaitek esan zidalako luzatu zitezkeela, merezi zuela artikulu bat baino gehiago, baina baita, nik ikusi nuelako bazegoela istorio bat kontatzeko. Bazeudela zuloak bete zitezkeenak.

Zer da literatura, eta zer da kazetaritza?

Behin galdetu zidaten, elkarrizketa batean, ea niretzat zer ziren, kazetaritza edo literatura, eta nik argi eta garbi erantzun nuen literatura zela hori. Gogoan dut beste kazetari batzuei ere galdetu zietela, eta horiek desberdintzen zituztela, dudarik gabe, bi generoak, baina niretzat ukitu egiten diren arloak dira biak.

Zer da kazetaritza? Ni ez naiz kazetaria, ez dut fakultatean karrera ikasi eta ez naiz eroso sentitzen eguneroko lanean, erreakzio, esan eta balorazioen mundu horretan. Izugarri tranpati iruditzen zait, eta gezurti. Prentsaurrekoak dira dagoen zentsurarik handiena: prentsaurrekoa antolatu duenaren esanak errepikatzea, hori baino ezin da egin. Askotan, ezta galderak ere ez dira onartzen. Kasurik onenean, erantzunak aldez aurretik erabakita daude.
Prentsa oharrekin, edo berri agentzietakoen notiziekin, zer esanik ez. Toki askotan, kopiatu eta itsatsi egiten da. Guk, sikiera itzuli behar izaten ditugu.
Elkarrizketak? Gabriel Garcia Marquezek, bere burua, askotan, kazetaritzat jo izan duenak, esaten zuen galdera-erantzuna betiko bikoteak ez zuela funtzionatzen, ez zuela gustuko. Beti ahaleginak izaten zirela, elkarrizketatuaren eta elkarrizketatzailearen aldetik, berez diren baino interesanteagoak agertzeko.

Zer gelditzen da? erreportajea. Erreportajeak askatasuna ematen du nahi denaz nahi den bezala idazteko. Sinistu ezin daitekeena kontatzeko. Alegia, sortzeko.
Eta literatura sormen idatzia da, ezta? Zergatik dago horrenbeste erreparorik egun egiten diren hainbat lani literaturaren abizena emateko? Zer da, paperarengatik? Egunkarian ateratzen direlako? Zer alde dago egun batean agertzen den kritika edo erreportaje baten eta ipuin baten artean? Bruce Chatwinek, Gabriel Garcia Marquez berak, Hemingwayk, Truman Capotek edo Pako Aristik prentsan argitaratutako artikuluak -erreportajeaz ari naiz- ez dira literatura? Batzuenak argitaratu dira gero liburu bezala. Batzuk bai eta beste batzuk ez? Zeinek erabakitzen du? Idazten duenak, edo irakurtzen duenak?
Euskal Idazleen Elkarteak onartzen ditu kazetariak bere baitan, baldin eta 50 artikulu argitaratzen baditu. Non da muga?

Har dezagun Capote. Odol hotzean bere lanik ezagunena fikziorik gabeko nobelaren arlo berrian sartu zuen. Hau da, errealitatean oinarritutako -kazetaritza bezala- nobela. Hots, literatura. Kazetaritzan oinarritutako literatura. Berak zioenez, Perry Smith eta Richard Hickockek Kansas Mendebaldeko Clutter familiaren etxean egin hilketak argitzeko, sei urte behar izan zituen. Elkarrizketak eta elkarrizketak, txostenak begiratu eta begiratu. Gero onartuko zuen bere burua kontaeratik erabat kanpoan uztea, hori izan zela zailena. "Normalean erreportariak bere burua pertsonai bezala erabili behar du, lekuko bezala, sinesgarritasuna ziurtatzeko. Baina liburu horren itxurazko tonu urrunekoentzat sentitu nuen funtsezkoa zela egilea erabat kanpoan geratzea. Eta praktikan, erreportaje osoan, nire burua ahalik eta ezkutuen uzten ahaleginak egin nituen".

Erreportaria, gogoratu, erreportaria. Kazetaria, beraz. Odol hotzean zer da, ordea, joan den mendeko libururik onenetakoa ez bada?
Kazetari batek idatzita? Kazetari batek idatzitako nobelarik onena? Idazle batek idatzitako kazetaritza lanik onena? Non da muga, bada? Mugak jarri behar ditugu? Bai, jarri behar ditugu. Muga inplikazioa da, desioa. Muga intentzioa da.

Niretzat, pasioa funtsezkoa da kazetaritzan. Lanbide honetan, beste guztietan bezala seguru aski, baina lanbide honetan, funtzionarizatzeko arrisku ikaragarria dago. Egun, dena emanda etor daiteke, adierazpenekin hasi eta hilketa baten detaile guztiak izan arte. (Guardia Zibilak bidaltzen dituen teletipoak egun dauden zehatzenak dira). Baina notiziak hartu eta hartu bezala ematen badira, erositako prezioan, belarritik sartu, eta sartu bezala ateratzen den txorizoa da hori. Eta, kontuz! Erosoa da oso, esker onekoa. Eguneroko txorizoa egin, eta etxera. Hurrengo egunean, denak kontent. Zu, ikusten duzulako hain zuzen ere beste egunkarietan atera duten notizia bera atera duzula -piper pixka bat hor, eta gatza hemen, baina notizia bera-; zure zuzendaria ere pozik, ikusirik egunkaria gero eta estandarizatuagoa dela, besteen parean jartzen garela; eta irakurlea, bezperan telebistan entzundako notiziari argazkia ikusten diolako, eta sinadura. Nola liteke bezperan telebistan emandako notizia gero egunkariak ez ekartzea? Ez liteke.

Pasioa da hortik ateratzeko modu bakarra. Batzuek esango diote profesionaltasuna, beste batzuek sena, beste batzuek abilezia, edo nabarmentzeko gogoa edo grina. Niretzat pasioa da. Pasioa beti artikulu bikain hori ateratzeko; erreportaje txundigarria lortzeko. Pasioa adjektibo egokiak lortu, esaldiak bere tokian jarri eta ordena dena natural eta era berean iradokitzaile lortzeko. Ahalegina egin behar da. Bizpahiru edo sei edo zazpi aldiz bueltak ematea idatzitakoari, eta azkenean gustura gelditzea goitik behera hasi eta bukaeraraino berriro irakurtzen duzunean.

Ez da dena, noski. Kazetaritzatik haratago joateko gogorik gabe ez dago kazetaritzatik haratago joaterik, baina intentzioa bakarrik ez da nahikoa.

Erreportajea ipuina bezalakoa da, zioen Gabriel Garcia Marquezek. Antzeman egiten dira lumak, eskuak. Buruak. Antzematen dira tonuak. Calvinorenak, edo Quim Monzorenak edo Sarrionandiarenak sumatzen diren bezala. Kazetariak badu aukera, hor, bere tonua lortzen saiatzeko. Badu aukera estilo bat bilatzeko, kazetaritzak markatzen dituen mugak -nor, non, noiz…- hausteko. Noiz bat ez dugunean, asmatzeko. Zuloak betetzeko. Hau da, literatura egiteko.

Argentinako desagertutakoen liburua idazten hasi nintzenean, berehala akordatu nintzen Garcia Marquezekin. Historia berreraiki beharra zegoen. Zulo askotxo ziren senideen familien akorduan, txosten ofizialetan, edo prentsan agertutako notizietan. Nola ez, militarren aitorpenetan. Hari asko suelto zeuden. Josteko orratza falta askotan. Baina hariak baziren, gutxienez.

Esperantza pixka bat banuen. Bi urte edo lehenago, Higinia Luz Gońi Aiestaranekin egindako erreportajearekin, erronka antzeratsu aurkitu nuen. Higiniaren berri Charlotte Delbo idazle frantsesaren bidez izan nuen. Delborekin batera 230 emakume gehienak komunistak, Auschwitzera deportatu zituzten alemaniarrek 1943ko urtarrilean, Parisetik, tren batean.
Haien artean zen ere Higinia Luz Martos izeneko emakumea, oso jende gutxik ezagutzen zuena. Lutx esaten zioten. Espainola zela, komunista, eta ahots eta gorputz ederra zuela. Ezkondu aurretik, Gońi abizena zuela, eta Ziraukin jaioa zela. Askoz gehiago ez. Hasteko ez zen gutxi. Gutxi, bai, notizia baterako. Baina asko erreportaje baterako.
Izen nafar haren arrastoan hasi eta hariak elkarren artean txirikordatu ziren. Urtebeteko ikerketa eta gero, emakumearen historia osatzea lortu nuen. Baina horretarako literatura izan zitzaidan ezinbesteko.
Askotan, zuloak handiegiak ziren, lekukotasunak galtzen ziren, kontakizunaren ibaia lur azpian ezkutatzen zen. Literaturak balio izan zidan berriro hariak kanpora ateratzeko. Balio izan zidan irudikatzeko, izan zitekeen bezala kontatzeko. Hori ezingo nukeen egin kazetari huts batek bezala jokatuta, datuak ez bainituen denak. Ipuina egiten ari nintzela sentitu behar nuen.
Ez zegoen bere senarraren arrastorik. Ezin osatu iritsi eta lehen astean, akituta, kontzentrazio gunearen elur zikinean erori eta bertan hil zenaren arrastoa. Senarraren izena genuen: Avestapan delako gerlari komunista, erresistentziakoa, Parisen eta Marsellan ibilitakoa. Anaďs Ninen etxean zerbitzatzen ibili zela, hori ere jakin genuen. Baina non zegoen senarra? Frantzia osoan ez zegoen inor izen hori zeramanik. Azkenean, irudikatzen hasi, eta horra: Aiestaranek eman zion izena Avestapani, erresistentziako goitizen moduan baliatzeko. Avestapan honen bila Gestapoa zebilerarik, elkarrekin zuten hitzordu batera senarra agertu ez eta emakumea atxilotu zuten alemaniarrek. Lutxek inoiz ez zuen pasadizoa kontatu -Auschwitzen izanik ere, gerra ez zen amaitu, Frantzia artean okupatuta zegoen-, eta trenekoei ere alargun zela esango zien beti. Emakumea hilko zen senarra salbatzeko, beraz. Hainbat testigantzak baleko egin zuten teoria. Askatasunez jokatu genuen, situazioak asmatuz, irudikatuz. Hori debekatuta du kazetaritzak. Hori literatura da.

Argentinan desagertutakoekin antzera gertatu zitzaidan. Zeuden datuekin jokatu beharra zegoen. Baina datuak horren gordin, horren latz ziren, azkenean ni ere historiaren barnean gelditu nintzela.
Gogoan dut hango gobernuz kanpoko erakunde batean egin nuen elkarrizketa. Iritsi nintzenean, poltsa bati atxikita zegoen andre txiki bat ikusi nuen, beldur antzean, mesfidati. Bere anaia nagusia hiriburuko poliziak hartu zuen, torturatu eta, ondorioz, hil. Zentrotik aparte samar zegoen auzo bat zeharkatzen zuen bide bazterrean gorputza bota, eta su eman zioten. Hanka batean zuen orbanarengatik ezagutu zuen arrebak, desagertzea salatu eta gorpua erakutsi ziotenean.
Kontatzen zidan bitartean negar egiten zuen. Hogeita bost urte zeraman horixe, nire grabagailuaren aurrean esaten ari zena, inori kontatu gabe. Ezta gurasoek ere ez zekiten, ez zutelako jakin nahi izan. Hantxe bertan besarkatzeko sekulako gogoak izan nituen. Ez nuen egin, lotsagatik edo. Oraindik gaur egun idazten diogu elkarri, eta Iruńera urtero etortzen denean, hitzordua egiten dugu. Egunkaria itxi eta hala ere Berriaren telefonoa lortu zuen, Buenos Airesetik.
Capoteren gomendioari guztiz entzungor, jota itzuli nintzen Argentinatik, eta hainbeste inplikatu nintzen liburuaren erredakzioan, oraindik ikarak ematen dizkidatela irakurtzen dudanean. Nintzen zerbait utzi nuen han, eta orain naizen zerbait ekarri. Hori guztia kontatu nahi izan nuen liburuan. Nola aldatu nintzen ni ere, zer eragin zidan historiak. Ez al da literatura gugatik zerbait uztea liburu bakoitzean? Bizi duguna transmititu nahi izatea?

Hemingwayren eta euskaldunen arteko harremanei buruz liburua azkena izan da. Beste erronka batzuk ziren. Hemen, Higiniaren erreportajearen kasuan bezala, abiatzeko haria mehea zen. Aipu bat, Manuel Leginetxerena: "Hemingwayk Kuban ziren euskal pilotariekin izan zuen harremanaz zerbait egin beharko litzateke. Hor badago erreportajea".
"Hor", alegia, Kuban.
Bigarren arazoa: lekuko gehienak hilda zeuden. Gelditzen zirenek arazoak zituzten gauzak behar bezala gogoratzeko: Memoriaren traizioa. Aipuak oso txikiak ziren. Zuloak kraterrak ziren ia. Haria hartu eta, zuzenean, irudimena berriro.
Saltoak egiten nituen hor eta hemen, hurrengo haria heldu eta jarraitzeko. Eta konturatu nintzen hariak erakargarriagoak zirela horrela. Abentura bat kontatzen ari nintzen, eta abentura bat bezala kontatu beharra zegoen. Bere suspensea, bere heroia, bere gaiztoa… horrela hasi nuen. Eta horrela jarraitu. Datu asko zeudenean, kontakizunak kazeta kutsua hartzen zuen, zehaztapen guztiekin. Ez zeudenean, askatasuna. Abentura liburua.
Gerora jakin nuen Hemingwayk berak horixe egin zuela, hau da, nazien peskizan dabiltzan alproja taldearen istorioa aprobetxatu zuela Irlak Golfoan bere nobela osatzeko. Hau da, berak ere egin zuela abentura liburu bat, bere bizipen eta oroitzapenekin. Eta bazegoela beste liburu bat Estatu Batuetan The Crook Factory izena zuena. Artxiboetatik ateratako materialarekin, irudimena berriro.

Estiloaz gutxi hitz egin dugu. Zehatza da kazetariena, ahalik eta zehatzena. Aipatu ditugun autoreen estiloa ere ezin esan barrokoa denik: Hemingway, Capote, Garcia Marquez… kazetaritzatik edaten duen literaturak derrigor behar du zehatza. Azken finean, fikzioan bezainbat, begi bat, hanka bat du errealitatean. Eta errealitateak datuak ditu.

Niretzat hauxe litzateke definiziorik onena: errealitatearen korapiloak irakurtzen jakitea, gero hegan egiteko. Nobela eta erreportajea iturburu beretik edaten duten ibaiak dira. Biak ondo egiteko, begiratu behar da, entzun, eta gogoa eduki behar da. Mugak hausteko intentzioa eduki behar da, tonuarekin asmatzekoa. Askatasuna bilatu behar da. Horregatik, erreportajea genero literarioa da dudarik gabe. Urgentziazko literatura, alegia.



 

Alberto Barandiaran, Larrabetzun 2004ko urtarrilaren 17an

 

 

 www.armiarma.eus/bbk/eskola