Aimé Césaire
Cahier d`un retour au pays natal ( Sorterriratze baten koadernoa 1939), Cadastre
(1961) poema lanak, La tragèdie du ori Christophe ( Christophe erregearen
tragedia 1964), Une saison au Congo ( Egonaldi bat Kongon), 1965) eta Une
tempète ( Ekaitza) antzezlanak idatzi zituen.
Pariseko
lizeoan ikasi zuen beka bat dela medio. Bertan ezagutu zituen gerora Afrikako
hainbat estatutako buru izango ziren elite-beltzeko hainbat lagun: Senghor,
Birago, Diop… Bertan hasten da beltz izatearen kontzientzia hartzen. Etienne
Lerroren inguruan biltzen den taldean parte hartuko du. Talde horrek surrealismoa
eta komunismoa jorratu zituen eta aldizkari bat argitaratu zuen, ale bakarra
izan zuena: " L`egitime du France". Gerora beste literatur aldizkari bat aterako
dute:
" L`etudiant noir".
Aldizkari horretan negroaren sormen kreatiboa bultzatu nahi dute eta era berean
asimilazio frantsesetik askatzea lortu gura dute. Ordura arte frantziako aginteak
begi onez ikusten duen beltzen arteko tribalizazioarekin apurtu nahi dute,
mafien antza gehiago zuen mugimendua gainditu. Artea egiteko momentuan Afrikaren
sustraien bila joan behar dela uste dute.
Zergatik
negro eta ez beltza? Frantsesez bi era daude koloreko jendea izendatzeko:
noir eta negre, ingelesez black eta nigger dauden lez.
Negre berbak, ostera, zentzu peioratiboa zuen, baztertzailea. Eta zentzu peioratibo
hori desagerrarazteko banderatzat hartzea pentsatzen dute. Horregatik aldarrikatzen
dute negrotasuna, beltzak izatearen harrotasuna zentzu baztertzaileari gailentzeko.
Horrela definitzen du Cesairek berak negrotasuna: " Hasteko ukatzea esan nahi
du. Kultura asimilazioa ez onartzea. Zibilizazioa eraikitzeko ez-gauza den
halako beltz otzanaren irudia ez onartzea. Kultura politikaren gainetik dago.
Kulturaren eta balio-ispiritualen balioan ezagutzen da negrotasuna. Bide kulturalak
zein politikoak egiteko daude, aurkitzeko daude eta aurkikuntza hori egitea
guri dagokigu". Esan beharra dago Afrikak presentzia handia zuen Parisko kultur
giroan eta ez bakarrik beltzen artean. Orduko abanguardia zuriaren lanetan
ere Afrikako arte herrikoiaren eragina oso nabaria da, esaterako, Picasso
lako artistengan.
Batez ere poesia eta saiakera lantzen dituzte. Saiakeran asko landutako teoriak
plazaratzen zituzten eta poesia nitasunaren aldarrikapena zen, teorian aldarrikatzen
zutenaren sentimendua. Eleberrigintzak apenas du lekurik.
Beltz
izatearen kontzientzia sakona harturik itzultzen da Martinikara, Parisen
ikasi duen guztia bertako mundu beltzean gauzatu gura du. 1935ean Cahier d`un
return au pays natal idazten hasten da.Izenburua erabat esanguratsua da, dena
esaten du: Sorterriratzen baten koadernoa da. Bere lanik garrantzitsuenatzat
dugun horretan, negrotasuna aldarrikatzen duten poetengan antzeman daitezkeen
hiru alderdi bereiz ditzakegu: Semantikoa, erritmikoa eta tematikoa. Naturarekin
identifikazio itzela agertzen du, sintaxia oso korapilatsua da, lexikoa ikaragarria
eta behin eta berriz errepikatzen diren irudiak eta sinboloak daude:
- Esklabutza: zuri zapaltzailea, gatibutza, erbestea…
- Naturak garbituko du gizon zuriak utzitako kaka guztia. Zentzu horretan,
ekaitzek, haize erauntsiek, zuritasuna garbitzea dute helburu.
- Erritmoa dantza afrikarrekin lotzen da. Aliterazioen bitartez, metaforen
bitartez…
- Elkar dependentzia kosmikoa azaltzen du indarrak eta izaerak, gizakiak eta
natura eta hitzaren magia, dena bat egiten du.
- Nik hitz egiten dut mendeetan gizon zuriak zapaldu dituen beltz guztien
izenean.
- Txikitasunak handitasuna estaliko du.
Europar
baloreekiko distantzia
markatu gura du. Hor hasten da frankofonoak ziren beltzen munduan iraultza.
Paradojikoki, frantsesez idazten du, inperioaren hizkuntzan, eta creollera
etxerako hizkuntzatzat hartzen du.
Bera da Martinikako elitea, bertan ez baitago ezer. Era batera, kolonialismo
berri bat egiten ari dela esan genezake.
Surrealismoak eragin handia izan zuen Cesairèrengan: " Nik ez nuen ondo ezagutzen
surrealismoa baina nire bilaketak hortik zihoazen bestela ere. Surrealismoaren
berri izan nuenean ez zen benetako aurkikuntza izan niretzat, gehiago izan
zen justifikazioa. Bilaketa surrealista eta nirea toki berera zihoazen". Beraz,
bere afrikartasunean sakonduta aurkitu zuen surrealismoa.
1950ean PCF, frantziako alderdi komunistatik aldentzen da Martinikako arazo
nazionalari konponbiderik ematen ez ziolako ( Aresti) eta bere alderdia PPM
sortu eta bizitza politikoan buru belarri sartu zen.
" Negrotasuna ez da beltza izatea onartzea baino, egitate hori onartzea, gure
beltzen etorkizuna onartzea, gure historia eta gure kultura onartzea".
Hor badira bi arlo nagusi:
1- Zibilizazio fenomenoa: Levi Straussek zion ez dagoela kulturarik gabeko
herririk eta Cesairèrentzat Afrikak bazuen kultura hori. Frobenius antropologoak
ohartarazten du badela afrikako herri beltz guztien agerpenetan beltz izatea;
badagoela mitoetan,legendetan, erlijioan eta dantzetan izateko eran beltz
izatearen esentzia ( Aitzol). Bitxia den arren, hizkuntzari ez zaio erreferentziarik
egiten. Frobeniusek dio afrikar basatien irudia europarren asmakeria dela.
Hori da negrotasunaren oinarria: badago zibilizazio bat eta beronek sortutako
psikologia partikularra.
2- Historia fenomenoa: Fanon pisikiatrak psikologikoki azaltzen du beltzen
trauma, alegia, gutxitasun konplejua: Azal kolorearen lotsa, etsipen sozial
horrek sortzen duen pasibotasuna, zuriaren imitazioa, fisikoki ere zuriaren
antza izateko nahia, izen txarra zuten ohitura afrikarrak baztertzea eta negrotasunari
ihes egin nahia. Cesairèk ere antzeko zerbait egin eta uste du: " Beltzen
historia hiru ekitaldiko drama da: lehenengo esklaboa izango da beltza, gero
errukiz bezala begiratuko zaio eta azkenenean zuria beltza formatzen hasiko
da, asimilatu egin nahi izango du. Ostera, egungo negroek ez dute asimilaziorik
nahi, askatasuna baizen".
Beraz, negrotasuna sintesia da, antzinako zibilizazioaren eta kanpoko ekarpenen
sintesia, beltzari mundu modernoa moldatzen lagunduko dion izateko era bat
da.
Ildo horretan, Sorterriratze baten koadernoa beltzen himno bihurtu zen, Cesairè
beltzen kontzientzia bilakatu zen, beltzen sufrimenduaren poeta.Hemen NIa
bozgorailua da, hitz egin ezin duten beltzen bozgorailua.
"Animaliak bezala saltzen gintuzten, hortzak zenbatzen zizkiguten, gure barrabilak
ukitzen, gure azalak dir-dir egiten zuen ala matea zen ikusten zuten, ukitu
egiten gintuzten, pisatu egiten gintuzten, gero gure piztia etxekotuen eztarriak
ezizenaren eta esklabutzaren lepokoaz hartzen zituzten".
Hau da, zibilizazioa ez da neurri bakarra. Horra Senghorrek zer dioen: "Gure
hormetan benetako mozorro primitiboak hain urrun eta hain gertu". Eta Cesairèk
berriro: "Eta hain gogoan nuenez Kongo, ohian txistukarizko eta ibaizko
Kongo bihurtu nintzen.
Oinarrian badago batasun bat, poetaren arazoak bere herriarenak eta bere arrazarenak
dira. Giza lekukotza da askatasun oinarri.
Iñigo Aranbarri, Larrabetzun 2003ko azaroaren 15ean