Gure ibilbide arestiarraren diseinuan kalez kale eta Bilboko toki ezagunak ezagutzearekin bat, orain orri honetara batu ditugu, toki bakoitzean egin beharreko irakurketak. Gabriel Arestiren poema eta testuak hautatu ditugu, leku bakoitzean irakurtzeko.

 

 

Hemen oro da garbitasuna
Gabriel Arestiren Bilbao

Gabriel Aresti ez zen , besterik gabe, Bilbon bizi; bizi egin izan zuen Bilbao Arestik, pozez eta minez, bete-betean. Bilbon zehar burutzen dugun ibilaldi arestiar honetan, beraz, bizipen horien agerpen zuzena eman nahi dugu, ahal den neurrian Gabriel Aresti beraren hitz eta idatzietan. Esan eta idatziok bere lekuan ipini egingo ditugu guk, Bilbon lekutu, haien oihartzuna gugana hel dadin.
Hauxe da, beraz, Gabriel Arestiren Bilbao , gaur aditu dezakegun moduan aurkeztua:

BARROETA ALDAMAR KALEAN JAIO:


1933 urteko urriaren 14an jaio zen Gabriel Aresti, Abandon, Barroeta Aldamar kaleko 2 zenbakian, 6. solairu-txapitxulan; Ibai ondoko etxea da berau, parean portuko Aduana zaharraren egoitza duena; ibaiaren bestaldean, berriz, Bilboko udaletxea du parez-pare, eta bertako zinegotzi monarkizalea izan zen Gabino Aresti aita, "euskaldun galdua" semearen hitzetan (umetan euskara jakin arren, gero galdu zuena). Ama, Asun Segurola, Karrantzakoa zen jatorriz.


"Nik hiru urte kunplitu nituenean, Espainian gerra zen. Ni orduan erdalduna ninzen. Ez beste arrazoirengatik ezpada nire gurasoek, naiz eta euskal apellidukoak izan, euskeraz ez zekitelako, erdal herri batean jaio ninzelako, Bilbaon, Bizkaiko hiriburu berrian.
Gizonak asko sufricen du. Baina are gehiago sufricen du haurrak... Gerra batean bizi den haurrak. Naikoa alimenturik, naikoa elikaturarik ez duen haurrak... Eta hala genbilzan gu, haur flakoak, lur zihorkatu haretan; ikaca lapurcen genuen; garia eta ogia ohostucen genuen; tabakoa eta ardoa ebaxten genuen... Lortu genuen kultura apurra ere, aginka eta ukabilka hartu genuen liburu debekatuetatik. "
(1)


Gerra garaian eta gerraondoan, nortasun bila ari da Gabriel Aresti Bilboko inguru erdaldunean:

"Euskalerria itsasoaren kontra amiltzen da, jausiera zoro batean, Gipuzkoako eta Bizkaiko mendietako magaletan billatzen dau abaroa, babesa eta ezkutua. Itsasoaren olatuetako soñuagaz bertso barriak konpondu gura dituala dirudi. Eta emen bere, bein batean pobreak eta basatiak izan zirean lur oneitan, atzera doa. Gure erri euskaldun jatorrak bere, erdalduntzen asi dira, Mungiako kalean, Durangoko plazan, Gernikako arbolearen pean euskeraz baño erderaz egiten da sarriago. Eta batez bere BiIbo, uri andi orretan, euskal erriaren etsairik eta areriorik andienean. Bertan jaio nintzan orain ogetamar urte, aberriaren berbakuntzea galduta edukan familia batean. Euskalerriaren eriotzearen ezagugarri eta señale argi eta garbi bat nintzan ni nire ume-denporan. Eta egun batean, amabi urte nitualarik, nire buruaz lotsatu nintzan, euskaldun motz bat nintzala konturatu nintzan eta nire buruaz egin nintzan lotsatu. Eta andik liburu-denda batera joan nintzan, euskal ikaspide edo gramatika on bat erostera.
Beraz oraingo nire berbetea fundamentu andirik bagako gauzea iduritzen bajatzue, barkatuko nauzue, seguru nago, ez ikusi egingo dozue, orrelan ez dadin ortik niretzat kalte andirik atera. Euskal erri batean jaio dan personearentzat ezta euskeraz jakitea oso merezimentu andia, euskeraz jakiteko aleginik bapere egin ez daualako; geienetan euskeraz dakitelako lotsatu egiten dira, gure berbakuntza maitagarria gauza itsusi eta motz bat balitz legez, eta ezin-bestean berba egiten dabe euskeraz, beste erremediorik ez daukatelako. Baña Bilboko erdal errian jaio dan batentzat ez da ain gauza erraza. Nire etxean inork ez daki euskeraz, nire gurasoak ez eustien irakatsi .
(2)

Azken hitz hauek Ondarroan eskaini zuen hitzaldi batekoak dira; han-hemenka, hainbat hitzaldi eskaini zuen, zein baino interesgarriago , aurretik oso landuak, eta oso-osorik idatziak zeramatzanak, eta sarritan, eztabaida bizia sortzen zutenak; zenbaitetan entzuleetariko batzuk saiatu ziren Aresti isilarazten, hitzaldiok boikotatuz ; hala gertatu zen, adibidez, Bilboko Santiago Apostol kolegioko aretoan, edota Baionan eskainian. Arestik modu honetan aldarrikatu zuen adierazteko askatasuna:


GIZONAREN AHOA

Ez zazue tapa gizonaren ahoa.
Defendi dadin.
Hainbeste bidegabe egin zaio azken ehun mila urte honetan...
Orain, besoak indar-gabeturik ditu,
burua erdi-bitan;
ez diozue kopetan adarrik ernacen uci;
ebaki dizkiozue eskuak, ez dezan ezpatarik astin.
Hor daca.
Ezin defendi diteke indarrez.
Bakar-bakar-bakarrikan geracen zaio hica.
Baina ez zazue,
baina ez zazue,
baina ez zazue, ez zazue tapa gizonaren ahoa.
Hicaz balia dadin,
hicaz zerbica dadin.
Honela konpreni dezazuen zertarako jaiocen den mundura.
Ez, ez zazue tapa gizonaren ahoa.(3)

 



ALBIA, ABANDOREN BIHOTZEAN:


Gabriel Arestiren jaiotetxetik hurbil Albiako plaza dugu, Abandoren bihotzean; Abandoko errepublika Bilbotik bereizia eta oposatua izan zen historian zehar, harik eta XX. mendearen hasieran batu ziren arte.

Albiako plazan zeuden Berastegiko Eskolak (orain Justizia-Jauregia egin duten leku berean); han egin zituen lehen ikasketak, mutil eta neskentzako sarrera ondo bereziak zituen eskola-etxe handi hartan.

Albian jaioak ziren, halaber, bai Sabino Arana baita Txabi Etxebarrieta, Arestik berak gogora dakarren legez:

I come to bury Caesar, not to praise him.
The evil that men do lives after them.
The good is oft enterred with their bones.

Hauk Shakespearen hitzak dira, Julio Zesarren ehorzketan Marko Antonioren ezpainetan jarri zizkionak

Zesar enterratzera nator, ez alabatzera.
Gizonek egindako gaizkia haik hilez gero bizi da.
Ongia maizegi haien hezurrekin ehorzten da.

Euskal?Herriko Zesar handia, aita?lehen eta guraso lehena, gure Albia zaharrean jaiotakoa, (ai, Albia, Albia, dohakabe guztion kabia, bertan jaio ginen Sabino eta Txabi, eta ni ere, guztirik dohakabeena), orain, Sabino, askok Abandoko arranoa deitzen haute, zuek biok, Sabino eta Txabi, zuek arranoak, ni usakumea, oraino hegazi ikasi ez dudana, zuek haitz?artean, ahuntz saltolariak harrapatzen zenituzten, ni berriz, akerrek bere adar okerren artean hartzen naute.
Sabino Polikarpo Arana Goiri, hi ehortzera etorri gaituk.

Sabinoren ondoan haren gaizkia bizi izan da, haren razialismoa, euskararen kontzepzio faltsoa, haren teokratizismoa. Baina haren ongia enterraturik dago. Zeren beste Sabino bat dago, guri, populu zeheari ezkutatu eta ebatsi zaiguna (4)




Sabino Aranaren jaiotetxea, beraz, auzoan zuen Gabriel Arestik. Aranatarren etxea 1857 urtean eraiki zuen Sabinoren aitak, Santiago Arana untzigile ezagunak, Ibañez de Bilbao kalearen orduko 10ean, Albia plazaren albo batean, eta etxe hartan jaio zen 1865ean Sabino Arana, familia karlista ezagunean; gerora, baina, Sabin Etxea bezala ezagutuko zena, abertzaletasun jelkidearen sinbolo bilakatu zen, eta 1898ko urte seinalatuan, manifestazio espainolista bateko partaideek harrikatu egin zuten Aranatarren etxea; beranduago, Aresti auzoan bizi zelarik, buruzagi frankistek Sabin Etxea suntsitzea erabaki zuten: etxea birrindu eta arrasto guztiak gabarra batean sartu eta Kantauri itsasoan desagertatazteko plana egin zuen Genaro Riestra,Bizkaiko gobernadore zibil falangistak; haren hurrengoak, Jose Macian Perez gobernadoreak agindu zuen 1960ko abenduan etxearen suntsipena, eta itsasora ez baina Larraskituko zabortegira jaurti zituen hondakinak .1960ko urte hartan Meli Estebanekin ezkondu berria zen Gabriel Aresti, eta bikotea Barroeta Aldamar kalean bizi zen oraindik, gurasoen etxean; auzotik bizi izan zuen, beraz, Arestik Sabin Etxearen suntsiketa, eta honako poema moldatu zuen:

 

DESAGRAVIO ANTE LAS RUINAS DE SABINETXE EN ALBIA

I come to bury Caesar, not to praise him.
The evil that men do lives after them;
The good is oft enterred with their bones.
Y yo, Gabriel Aresti, en este día,
en que ya la piqueta ha terminado
su labor destructora, en que la casa
durante tantos años deshonrada
por la presencia vil de un babeante
gusano corrompido, vieja casa
de la que fue república de Abando
en el alfoz de Uribe, tierra llana
en este señorío de Vizcaya,
donde nació y vivió su corta vida,
donde parió su gran locura el hombre
de corazón más grande que haya sido
bautizado en iglesia de católicos
no protestantes nunca, de Vasconia,
el hombre que en su vida y en su gloria,
en su paso fugaz, en su honda huella,
recuerda el hombre aquí, como recuerda
su demencia tan cuerda, y fue llamado
Sabino Policarpo Arana y Goiri,
en este día, digo yo, primero
o treinta y tres de un mes cualquiera, día
fuera de toda cuenta, triste fecha
en que la casa número catorce
(o acaso veinticuatro) de la calle
del viejo alcalde Ibáñez de Bilbao,
fue demolida por el odio, teja
a teja, piedra a piedra, lentamente,
saboreadamente, yo lo vi,
mientras la fuerza pública guardaba
las espaldas de los ultrajadores,
acariciando con las metralletas
el paso del hombre indifirente
que bebe mucho y suda un rato largo,
en este día yo, Gabriel Aresti,
poeta sido en lengua vascongada,
y ahora patriota vasco sólamente
desde las niñas de mis ojos hasta
lo más interno de mis arredaños,
(aunque les pese a muchos, tanto como
un hijo tonto, o un padre demasiado
listo, y aunque me anatemicen
porque
me atrevo a hablar de Euskari y de Sabino,
yo, que no quiero comulgar con ruedas
de molino, más me valiera atarme
una del cuello y arrojar al río
mi cabeza pletórica de ideas),
contemplando la tarde que en los altos
castaños y palmeras bajas viene
apagándose al fin detrás del día,
delante de la noche venidera,
de este jardín del barrio nuestro de Albia,
(.../..)
el capitán, aunque dormido, manda,
los oficiales lucen sus insignias,
y el pueblo trinca jarcias, esforzados
marineros tapando vías de agua,
pero la nave sigue, sigue navegando,
aunque sin gobernalle (Sabinetxe:
te prometo serás la misma cuando
lleguemos a buen puerto), con los mástiles
desmantelados, sigue navegando
en esta mala mar, mal día, mala
fortuna, mala estrella, mala parte,
en la que yo, Gabriel Aresti, cojo
en mis manos callosas pico y pala,
cavo la tumba de Sabino Arana,
recabo de sus huesos todo el bien

que fue con ellos enterrado, y alzo
por cima de los montes de Vasconia la ardiente antorcha de la lucha patria,
(la lucha es comprensión de lo que somos,
de todo lo que han hecho con nosotros),
Sabino Policarpo Arana y Goiri,
quisiera estar hablando todo el día,
quisiera estar hablando todo el año,
para decir quién eres, quién has sido,
y que lo sepan todos, capitán,
Sabino Policarpo Arana y Goiri,
no enmudezca jamás la voz que el pueblo
me pusiera en los labios, por cantar
la ruinedad del gobernalle roto,
la mudedad de los castaños altos,
la solidez de piedra del palacio
y la antena (no cruz) del viejo templo... Sabino Policarpo Arana y Goiri.. . padre mío... me escuchas...? óyeme...! (5)



MAZARREDO ZUMARKALEA:

Arestik Bilbo bizi egiten duela esan dugu lehen, eta horren adierazgarri nabarmena da hiriaren geografiaren irakurketa pertsonalizatua, "Bilbaoko kaleak" poema honetan eskaintzen diguna:

BILBAOKO KALEAK

Bilbaoko kaleak,
gora eta behera,
errekatik mendira,
bazuk artezak,
gehienak zeiharrak,
lurra estali da
exez eta gizonez,
gizonak leku batetik bestera
eramateko
makinez,
bizioz eta bekatuz,
'karitatez eta kriminez,
plaza biribilak,
zumardi zabalak,
zuek
niri
gogora
ekarcen didazue
nire asmo zaharra,
behin egin nahi izan nuen
eta
inoiz egin ez dudana
Autonomia,
Adiskidetasuna,
Bakea,
Libertatea,
Foruak,
maitatu ditudan gauzak
Urkijo ministroa,
Gardoki kardinalea,
Mazarredo almirantea,
Egia jenerala,
Arrikibar ekonomista,
higuindu ditudan gizonak,
kaleak,
kale mocak,
kaleak hemendik, hortik,
handik,
edonundik,

Gor beiara joateko gutizia sorcen zait barrenean,
bertan organizaceko
euskeraren salbazioa,
baina hemen geracen naiz,
kale arte hone tan,
milagro baten zai,
egunero bizarra kenceari ucteko
naikoa kurajerik
ez baitdut.'" (6)








BILBOKO PINTURAREN MUSEOAREN ONDOAN
behin Arestik bisitatu zuen Museo bera:


C): SOUVENIR D'ESPAGNE POUR
_ MESDEMOISELLES SOLANJE ET HELENA
GEREZIAGA



Hau da Bilbo, esan zuen gizonak.
Kapela zuria zeraman gizonak, eta
Hau da Bilbo, esan zuen. Hau da
Pinturaren Museoa, esan zenuten.
Peut?étre, esan nuen, eztakit
Eznenkien. Ta zer? Eznaiz lotsatzen.
Zergatik burjesa egonen da
museo honetan izenez, laudorioz,
(Halako konteak eman zuen pintura hau),
pilotuaren eta marineruaren
izenak
hilobi baten gainean eztaudenean?

Zer da hori? Seinalatu zenuten leihotik.
Deustuko Eskola. Jesuitena.
Ez, hangoa. Egurrezko etxe haek.
Ijitoak, esan nuen lotsaturik.
Hurrutian entzuten zen trumoia.
Grekoa. Goia. (7)



HARITZA BILBO ERDIAN:

Gizalegekoa zen, beraz, Bilbok ere Gabriel Arestiren ibiliaren arrastoa bere baitan gordetzea; gazte hil zen poeta bilbotarra,1975ean, 41 urte zituela, Basurtoko ospitalean; ez zuen berak kale-izenik nahi; bere heriotzaren 10. urtemugan, haritza eta harria landatu zituen lagun-taldeak betirako oroimenez; haritza, Gorbeiatik ekarria, eta harrian, poetaren autodefinizio hau:

Irrintzi gorri batekin
estaldu nituen
egunaren eta gauaren
ate meharrak.
Sega zorrotz batekin
ebaki nituen
pagadiaren
azken lukurreriak.
Teneza gogor batekin
atera nituen
debekazaleen
aginak.
Gero hil
nintzen. (8)



EUSKALDUNA, IBAIARI ETA PORTUARI BEGIRA:

Portu-giroan jaioa Aresti, portu-giroan lortu zuen bere lehen lana, Zorrotzako Compañia Vasco -Africana deituan, 1956 urtean; Afrikatik ekarritako zuhaitz-enborren kontrolatzailea zen portuan:

D): ZORROTZAKO PORTUAN ALDARRIKA

Aleman barkua atrakatu da Zorrotzan.
Zimentua dakar, ehun kiloko sakoetan.
Bien bitartean
Anton eta Gilen zeuden
zerrarekin
tronko hura erdibitzen.
Sokarekin...
Eztago kablerik...
Bestela...
Tira eta tira,
Orain Anton,
gero Gilen,
eznaiz hilen,
Gilen.
Hemen euskeraz
ta han erderaz.
Birao egiten zuten.
Okerbideak ezpaitaki mintzaerarik,
berdin tratatzen baitu
erdalduna
eta
euskalduna.
Arbolaren neurriak hartu nituen.
Antiojuak bustitzen zitzaizkidan.
(Amak gauean pentsatu zuen errekara
erori nintzela).Eta esan nuen:
Beti paratuko naiz
gizonaren alde.
Gilen.
Anton. (9)


Portua,Nerbioi ibaiezkerra dira Arestiren eguneroko paisaia orduan, eta begirada liriko hau luzatzen die:

Mundua ederra da,
errusinolaren kantua baino
ederragoa;
Nerbioneko ibarrean
udazkeneko arratsetan
pinudiek
arimari ematen diote
mosutxu luze bat;
negar egin nahi balukete bezala
iluntasun argi batez
betetzen dira,
badirudi nire alaba nagusiaren aurpegia
kopiatzen dutela,
hari
Nerea,
deiadar egiten diodanean,
tristeziaz betetzen baita,
eta
Guria izan da,
ihardesten badit,
eta gero
Etor hadi honera,
esaten diodanean,
hik eztun ezer egin,
eta hire inuzentziaren errua
eztadukan zergatik
hire ahizparen gainean
bota,
haurtxoari alaitasuna baitatorkio
begitartera.
Horrelakoa da gure lur maitea
Nerbion hibaiaren ondoan,
udaren eta neguaren arteko egun nabarretan,
gau iluna hurbiltzen zaigunean,
ilunabarra erori baino lehen.
Nik eztakit, bada, zer dudan, ez, maiteago,
gure lurra
edo
nire alabak.
Haek dira niretzat
lurreko gatza,
itsasoko usaia
eta aireko soinua. (10)


Edo, bestela, begirada ingurutik bere barrura bideratzen du.

Hibaiek
erabaki bat harcen dute:
Hemendik.
Eta handik
ez dira mugituko.
Edo handik
mugicen dira
geldi,
edo noizean behin,
hasarraturik,
azkar,
ixasora.
Ni,
ixaso bat banenduka,
nora noan
banenki,
hibaia
baninz...
Ai, ene tristea ¡
Nora eta nundik
noan
ez dakidana...! (11)


1957 urteko maiatzaren lehenean (franquismoaren pean, San Jose Obrero jaieguna) ezagutu zuen Gabrielek Melitxu Basurtuko. Ezkondu eta gutxira elkarrekin Basurtora joan ziren bizitzera:

Iretargi barriak
Eztauko argirik
Ez gauberdiko
Eguski otzak
Berorik
Ezta egongo
Bizkai maitea
Iños penadu
Bagarik.
Alan diragutsue
Gabriel Arestik.


Melitxu Basurtuko
Piko meladua
Mesperu ustel gozoa.
Sagar eztitsua
Laster izango zaraz
Neugaz ezkondua
Neure bizi lekua
Ezta komentua

Orienteko perlea
Nobia neurea
Biotzeko puskea
Melitxu maitea
Non da zure legea
Ta karidadea
Eukizu piedadea
Egin mesedea. (12)


Elejabarritik Basurtura, zeru gorria da euskararen ilunabarraren irudi bilbotarra:

Gizonak asko sufricen du. Esan dut lehen. Baina bere amexek konsolacen dute. Ni ez. Ez naute konsolacen; atormentacen naute.
Egunak oso laburrak dira exera behar den ogi haina ekarceko, eta gauak oso luzeak deskantsa ez dezakean gizonarencat.
Komentuetako kanpaiak eta zakur ibiltarien zaunkak datoz Elexabarritik Basurtura. Bilboko zeru gorrian izar bacuk edo hodei pare bat dibujacen dira. Zigarro?punta batetik berria piztu. Azkenean, gizona ohearen gainean ecaten da, eta milagro batez lokarcen baldin bada, amex ixusiak ditu. Euskera bere ama dela, eta besartean duelarik, hil egiten zaiola. Bere anaiak deicen ditu bere lagunzan, eta ez datoz.
(Bateon batek enzuten badu, barre?algara zipriztin batekin eranzuten dio.)
Eta orduan, olerkaria lurretik zuticen da, eta penaz eta ezinbestean, kantacen ditu berso batzuk, gero, hurrengo biharamunean, ogiaren eta egiaren alde burrukacen duen bitartean, taigabe kolpeacen dutenak bere kopetan. Lehenengo biak euskeraz, mundu guztiari adieraziceko ama hilcen zaiola; baina inork ez dio adicen, inork ez baitaki euskeraz, eta erderaz kantatu behar du; eta hau da, ene lagunak azken euskaldunaren heriocea, berekin euskeraren izen poetikoak dakarzkiena:


AZKEN EUSKALDUNAREN HERIOCEA
(Euzkadi año 2.000):

Bi mila urte eta
gehiago dira
Jesukristok zuela
kreatu ludia.
Ordutikan negarrez
dager Euzkadia,
bernean daramala
dolore haundia.

Zurekin minzaceko
nahi dut euskera;
galdu zicaigunetik
arras galdu gera.
Inork ez du adicen
neure minzaera;
euskal bersotan hartu
behar dut erdera.

Euzkadi, madre mía,
no puedo quererte,
pues sólo me prometes
sufrimiento y muerte.
Mas sufriendo y muriendo,
he de defenderte,
a golpes de un martillo
vigoroso y fuerte.

Mi voz es un martillo,
negra poesía,
palabra firme y llena
de feroz hombría,
que golpea en tus clavos,
dulce madre mía,
y, mientras te golpea,
sufre tu agonía.

Tras de, sobre tu cuerpo
extender mi manto,
no puedo, por tu muerte,
derramar mi llanto.
Madre mía, querida,
te he querido tanto,
que, huérfano, aun con todo,
te golpea y canto.

Aquellos que juraron
darte hacienda y vida,
después ocasionaron
tu profunda herida,
esa que ahora te tiene
toda ensangrecida,
por donde, a borbotones,
se te va la vida.

Juraron darte vida,
y te dieron muerte;
no llores, madre mía,
sólo yace inerte.
El poeta maldito
no puede quererte,
y sí aceptar tu misma
desdichada suerte.

Un aire gris se lleva
estos cuatro puntos,
y suena como un triste
toque de difuntos.
En las alas del viento
dejo mis asuntos.
Quiero yacer contigo.
moriremos juntos.

Honeik baitira euskeraren izen poetikoak: sufrikario eta heriocea, edo erderaz kantatu dudan bezala, sufrimiento y muerte.
Besterik ez. Barkatu. (13)


"Q POEMA LUZEA JURGI OTEIZA ESKULTOREARI" :

Eskaintza hori egin zion Gabriel Arestik 1962an Harri eta Herri liburu gogoangarriaren barruan , eta Oteitzaren eskulturei begira, horrela zioen Q poemak:

Egia da Oteitzaren eskultura eztudala
nik konprenitzen,
baina ni eskolarik gabeko gizon bat naiz,
eta hori ezta harritzekoa.
Baina Jurgi Oteitzak nire poesia konprenituko du,
dudarik gabe,
gauza errezagorik ezpaita inoiz
gizonaren eskutikan
atera.
Jurgi Oteitzaren eskultura konprenitzeko
bista luzearen behar da,
baina nire poesia konprenitzeko
ezta behar
belarri zorrotzen,
agian
harek listoentzat eskulpitzen zuelako,
eta nik
tontoentzat
eskribitzen dudalako.
Nire poesia oso merkea da,
herriaren ahotik hartu nuen
debalde,
eta debalde ematen diot
herriaren belarriari. (14)



Baina Oteitza Arantzazun zegoen, eta Aresti Bilbon, poema luze hartan horrela erretratatzen zuen hirian:

Hemen oro da garbitasuna,
langileen andreek
beren gizonen izerdiak
kentzen baitituzte
banko?etxeetako patioetatikan.
Egunkari katolikoak ere egiaztiak dira.
Hemen eztu inork gezurrikan esaten.
Hemen oro da zilegi,
baita euzkotar abertzaleen erotasuna ere.
Hemen inor ezta konturatzen
ekaitz haundia
hurbil dagoela... (15)




PLAZA BERRIA: EUSKALTZAINDIAN :

1957 urteko irailaren 26an, Euskaltzaindiko kide onartu zuten Gabriel Aresti, 23 urte zituela (Erribera kaleko 6an zegoen orduan Euskal Akademiaren egoitza); deskantsurik gabe ekin zion euskararen alde, baita euskara batua sortzeko ahaleginean. Atsedenik gabe, baina mugak argi zituen:

MUGAK

Ene euskalduntasunak
bere mugak ditu:
Kontuan har ezazue,
zuek,
Traukoko eta Oiartzungo Xabier biok,
Josepe Luis,
Serafin,
Joanito.
Ene euskalduntasunaren mugak hauk
dira:
Ifarrean:Justizia.
Hegoan:Libertatea.
Oestean:Gizonak bizitze noble bat edukitzea (astean bi egunetan jai eta urtean behin sabbotnik).
Lestean:Mutilkoek (eta neskatxek) estudiatzeagatik alokairu
sufizient bat irabaztea.
Eta muga hauk ez dituen euskalduna
ez da euskaldun,
gizon ez delako.
Blasfemio hau
neure odolaz firmatzen dut
aurtengo lan?jaian Trapaga haranean. (16)


Eta noizean behin, atsedena hartuz:

ARCHANDARI BEGIRA
(Odoloste frijitua eta tomate freskoa/ afalcen nuen artean).

Archanda ikusten dut leihotik
eta pensacen dut
hilek ez dutela ajola.
Biziek bai, haundia.
Gure hilak dira eta
haien biziak, baina
ez dio ajola.
Hilei Lurra eman baitdiete,
eta biziei kendu.
Hogetalau urte honetan egon natzaio mendi
horri begira, eta lehen baino carkiago gaude. (17)




KALE ARTEAN:

KALE ARTEAN

askaotik sendejara
bilbaon
esperanza
oso mehar, ilun eta laburra
da. (18)


AREATZA:

Hemen amaitzen dugu ibilaldi arestiarra, Bilbao barrura, zentro-zentrora, erdira doan bidea da, agora publikoan amaitzen dena. Gabriel Arestik hiriaren eta hiritarron intrahistoria aurkezten digulako, geure barrura begira egindakoa.
Nor zen Bilbaok plaza erdian urkatu zuen Aiorabide hura?
Nor zen, nor da Ciudad Realeko dukea?. (19)

Azkenean, Bilbaoko plazan urkatu zuten Aiorabide; urkatuarazi zionaren izena duque de Ciudad Real da, Ciudad Realeko dukea. Zuen artean, modu zaharreko erromantiko batek pensatuko du: " eta nola diren acerritarrak gurekin aldrebesak eta gorrotagarriak! Ikusten duzue?, nundik etorri diren gure gaic guztiak? Ciudad Realetik!".

Eta ez. Halakoa ez dadila engana. Halakoa ez dadila tontua izan, zeren Ciudad Realekoa ez zen Ciudad Realekoa, dukea baizik. Deitura euskotarra zedukan; jaiotetxea Bizkaian; hickunza naturaltzat, gure euskera; eta akax haundi bat: dirua. Diruagatik trahizionatu zuen herria. Eta honela hasi zen bipera?kasta hori, suge klase hori, euskaldun burjes edo aberaxen kasta higuingarria.

Gure leinua galcen doa. Euskera util bat ez dute nahi. Deskomekacen gaituzte. Agoni-puntu batean gaude.
Euskera harri bat da. Asko maitacen dut euskal harria. Baina euskaldun klase hori itoginaren parekoa da, eta urteen buruan, mendeen eta mendeen buruan, ur tantak harria jaten du.

Zerutik erori gabeko
harria,
ongi labratua
maisu trebe cit trebe
eta habil batek
landua,
oinarri,
gilzarri, zimentarria,
(adoracen zaitugu),
(ez zara eroriko),
(mila urte inguru da),
(euskaldunen artean),
arbolaren ixura emandako
harria,
ajola gabean landatu hindugun
itoginaren azpian,
eta ur tantak
jan hau.
Hi,
arbola,
euskal harria.


Herri hau apurtuko nuke, hea horrela itoginaren azpitik salbacen dudan, irudicen baicait askotan beira fin bat dela, kristal mehe bat, bibolin baten bibrazioak apurtuko lukeena. Askotan ez dakit zer den nire poesia: mailu bat ala biola bat. (20)


Bilbo, 2004 otsaila Karmelo Landa


:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::


Erreferentzia guztiak "Gabriel Arestiren Literatur Lanak", SUSA, 1986, 10 liburukineko bildumatik hartuak dira; beraz, horrela laburtuko da aipamena: SUSA-(liburu-zenbakia), titulua, orrialdea:

1. SUSA-10, "Artikuluak,hitzaldiak,gutunak", 86 orr.
2. SUSA-10, idem, 42 orr.
3. SUSA-10, idem, 87 orr.
4. SUSA-10,idem, 116 orr.
5. SUSA-5, "Poesia argitaragabea, azken poesia", 136 orr.
6. SUSA-3, "Euskal Harria", 59. orr.
7. SUSA-2, "Harri eta Herri", 15 orr.
8. SUSA-2, idem, 61 orr.
9. SUSA-2, idem, 15 orr.
10. SUSA-2, idem, 143 orr.
11. SUSA-10, "Artikuluak, hitzaldiak, gutunak", 87 orr.
12. SUSA-1, "Lehen Poesia", 50 orr.
13. SUSA-10, "Artikuluak...", 92 orr.
14. SUSA-2, "Harri eta Herri", 109 orr.
15. SUSA-2, idem, 135 orr.
16. SUSA-5, "Poesia argitaragabea..", 14 orr.
17. SUSA-3, "Euskal Harria", 31 orr.
18. SUSA-3, idem, 203 orr.
19. Aiorabide nor zen: 1630-1634 bitartean herri-errebolta indartsuak gertatu ziren bai Bilbon baita Bizkaiko kostaldeko hainbat herritan, gerora "Gatzaren errebolta" deitua. Garai hartan, Felipe IV zen Espainian errege, eta Olivares-eko konde-dukea haren kontseilari nagusia, eta koroa espainiarrak Europan zituen gerrak medio, zergak igotzeko agindua eman zuten 1630ean, tartean gatzaren gaineko zerga. Gatza ezinbesteko kontserbatzailea zen orduan, arraina eta okela gorde ahal izateko, eta beraz, herriko jendearen elikadurarako.Herri-altxamenduak gertatu ziren, bai nekazarien artean baita hirietako biztanleen artean; Bizkaiko jauntxoek horretaz baliatuz, Batzar Nagusien kontrola eskuratu nahi izan zuten, bertako partaideei gaztelera irakurri eta idazteko gauza izatea erreklamatuz, besteak beste. Herritarrak Gernikako Batzar Nagusien aurrean manifestatu ziren 1631eko irailaren 24an, baita aretoa okupatu ere. Errebolta Bilbora hedatu zenean, bertako merkatari dirudunak, gertaeren beldurrez, bando-aldaketa egin zuten, eta "Koroarekin Ituna" proposatuz txostena idatzi zuten Bilboko udaletik, eta azkenik, 1633 urtean, Bilboko agintariek Koroarekiko obedientzia negoziatu egin zuten. Hortik aurrera, Madrilgo gorteak errepresio latza bideratu zuen, Ciudad Realeko dukea erregearen armada-buru bidaliz Bilboko matxinatuen aurka; Juan Alonso Idiakez zen Ciudad Realeko duke tituluduna, gipuzkoarra, Idiakeztarren dorre-etxea Zestoan baitzegoen. Bilboko "notableen milizia" antolatu zuten errege-armadaren laguntzaile, eta 1634ko maiatzaren 23an aguas buruzagi matxinatuak atxilotu eta urkatu egin zituzten, tartean zirela Aiorabide, Muga, Puente, Lasagabaster eta Bikaigana hiritarrak.
Orduti hirurehun urte bete zirenean, Bilbok matxinatu erailen aldeko oroikarria eskatu zion Lucarini eskultore ezagunari eta San Anton elizaren horman jarri zuten erliebez egindako lana.
20. SUSA-10, "Artikuluak,...", 91.orr.

 

::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::


 

www.armiarma.eus/bbk/eskola