Arestiren mailuma

Maizegi ematen diogu negarrari
Umezurtz gaudela umezurtz utzi gintuzula
Poeta beti umezurtz ez balego bezala eta bakar
Orain Barcelonako euskaldun unibertsitate mutil haiek
Beleak bilakatu dira eta mokoa gure bihotzean odoldurik

Nevermore

Errepikatzen digute ankerki
Etxekotu egin baitira kanpoko errainu beltzak
Eta ilunpearen eremua zabaltzen dute luma zuriko
Ohatze xamur bat eskainzen digute
Kontestazio korrektoan
Mokoan dute gure galde guztien erantzuna

Nevermore

Hegan nahi ezik zuhurtziaren patxadan
Eta erantzuna bera dute izena

Nevermore

Inoiz sekula gehiago poemarik biluzi poema biluzirik
Inoiz sekula gehiago urak bide egin dezan utzi
Urari bidea egin behar zaio mea culpa mea culpa

Nevermore

Ez dute sinetsi nahi hondarrean bizi garela
Itsas hondarrean Bizi hondarrean
Uhinik heltzen ez den hilondartzara
Eta mokotan hartzen zaituzte eta laudatzen
Ez dakizu zenbateraino behar dituzten zure harriak
Luma damutuek

Nevermore

Mea culparik abestu ezak salbatuko zaitu gure kondenatik
Mea culparik abestu ezak salbatuko zaitu gure kondenatik
Urre orritan oparitzen da zure poesia
Eta merke saltzen da Arestik maitatu zuen puta hau
Ez dizkiote aberriari bihotzaren mugak aitortu nahi

Nevermore

Poeta zikiratua etzan zaituzte luma lehortzan
Ez gaituzu irakurriko baina konjuratzen zaitugu
Badaukagu zurekin solas biren zorra
Zaurietatik hartzen dugula arnas galdua dela zure askazia
Kabia egina dutela gure zaurietan ez dute irten nahi

Nevermore

Lagun iezaguzu beleak eta errentariak harrika uxatzen
Ala ez duzu nahi zure aitaren etxea gure balizko errota
Haizatuko ditugu eta ez dira jazarrera bilduko
Ez dituzte lantzak atxikiko ez dira kixoteak
Itxura hutsekoa dute zure zoramena
Orru eginen digute barrikadarik argazkigarrienetik
Edo Gernikako Arbolan eginen dute kabia
Herri madarikatu honen umerik jatorrenak urkaturik dauden adarretan
Eta ez diegu itzultzen utziko

Nevermore

Eta datozela ur debekatu guztiak zure aitaren etxeari lur jo egitera
Eta azpian harrapa gaitzala
Utzi zenigun poesia mailu bilakatzen ez badugu
Utzi zenigun mailua poesia bilakatzen ez badugu
Adorerik gabeko poe

Nevermore


Koldo Izagirre

 


www.armiarma.eus/bbk/eskola