Ibilbide Arestiarra egin behar dugunez, Iñaki Berazategik testu hau pasatu digu, Bilbaoko kaleetan gora eta behera ibiltzerako orduan, aurretik ondo ulertzeko moduan izan gaitezen.
Aresti eta Joyce elkaren ondoan jarriz Dublinen bezala, Bilbon Aresti egun bat aldarrikatuz.

 

 

Aresti eta Joyce

Aipatua dugu Arestik idazle askoren lanak itzuli zituela. Ni, ostera, James Joyceren lanik itzuli ez izana harritzen nau. Jakin badakigu, gutunetan eta elkarrizketetan esanekoetatik, Arestik Joycen obra ezagutzen zuela. Are gehiago, Joycen lanik ezezagun eta gatxenetarikoa den Finnegans wake ere ezagutzen zuela esan genezake. Españako Triunfo aldizkariak egin zion Arestiri azken elkarrizketa. Bertan, gaztelaniaren aldean, euskarak Ulises obra itzultzeko dituen abantailez mintzatu zen. Zantzo horien arabera, hilurren zegoela Joycen lanen bat itzultzeko asmoa zuela pentsa genezake.

Izan ere, literaturari dagozkion eta literaturatik kanpoko hainbat antzekotasun izan zituzten Arestik eta Joycek. Biak zapaldutako herrien seme izan ziren, biak zapaltzaileen aurkako nola herrikide nazionalista zikoitzen aurkako izan ziren. Horregatik ilundu zituzten. Joycek bere burua erbesteratu zuen, Arestik bere barrua. Biek literatur genero bat baino gehiago jorratu zituzten.
Musikak ere batu zituen bi idazleak. Joyce oso abeslari liriko ona ei zen eta operen kantari aritzekotan izan zen. Ulises lanean musika ugari dago, batez ere hamaikagarren atalean; Ormond Hotel tabernako pasarteak kantuaren eta musikaren doinura kontatu zituen.

Arestiren lanean ere, musikak garrantzia handia du. Horra hor bere lehen bi poemak Dance dans la priere eta Godalet dantza, Bitina bat arratsaldean eta Zezenak egunsentian, Iparragirreren doinura sortu zituenak, bertso eta koplen neurrira sorturiko Astepeko Sekretarioaren Bertsoak eta Egun da Santi Mamiña, Harri eta Herriren hirugarren zatia, Eugene Poittierrek idatzitako eta ETAko kideek gerra kontseiluaren aurrean kanta zezaten itzulitako Internazionala, Atahualpa Yupanki eusko-argentinarraren Arri eta Bide eta Behin batez, Natxo de Felipe-Oskorrirentzako egindako kantuak…

Baina, akaso, Aresti eta Joycen lanak horren antzeko egiten dituena zera da: Hiria eta harenganako maitasunezko eta gorrotozko hartu emana. Joycerentzat Dublin " zaharra, zikina eta porrotaren, herraren eta zorigaitzaren hiria" izan bazen, Arestirentzat Bilbo " putzu iluna, infernua eta Euskal Herri osora hedatu diren zorriz beteriko hiria" zen. Bilboko kaleen itsusiak, Gorbeiara igo eta bertan euskararen salbazioa antolatzeko gogoa pizten zion.

Joycek Dublingo kaleak, bizilagunak eta jateko ohiturak ere zehatz eta aberats deskribatu zituen. Gogoratu ostantzean, Uliseseko protagonista den Leopold Bloom bere lagun Paddy Dignamen hiletara joan orduko, txerriaren gibel errea jatera doala horrenbeste estimatzen duen Dublingo barrukien denda batera. Arestik ere, odolosteak eta tomatea jaten ari zela, leihotik Artxandara begiratu eta " Archandari begira" bertsoak idatzi zituen. Arestik behin eta berriro hartuko ditu kantagai Bilboko kaleak, Askaotik Sendejara/ Bilbaon/ Esperanza/ oso mehar, ilun eta laburra da, inguruko mendiak, bizilagunak… Arestik eskaini ziona eskainita eta Dublinen Bloomsday ospatzen dutela jakinik, Bilbok ere Arestialdia antola dezakeela bururatzen zait, eta herritarrek Arestiren lanaz goza dezaketela txakolin eta musikaren konpainian, beti ere, pipiak jandako eta sasi-katedratikoz beteriko kadiretatik eta oportunista bezain aspergarri diren politikoengandik urrun.




Iñaki Berazategi

 

www.armiarma.eus/bbk/eskola