Gabriel
Aresti
soka bako poeta
Ibilbide Arestiarra egin behar dugunez, Iñaki Berazategik testu hau prestatu digu, Bilbaoko kaleetan azalpen batzuk aldez aurretik ondo ulertzeko moduan izan gaitezen. Biografia txiki bat prestatu du gure lagunak.
Gabriel Aresti egundoko
poeta izan zela esatea, gure artean eman zituen 42 urteetan egindako ekarpen
literarioa eta sustapen kulturala gutxiestea da. Poeta oso emankorra izateaz
aparte, editorea, itzultzailea eta antzerki lanen egilea izan zen. Euskara batuaren
bultzatzaile sutsuenetakoa izan zelarik, orduko euskaltzale inmobilista batzuek
ez zuten Arestiren batuaren aldeko jarrera begi onez ikusi, batez ere ez zutelako
Arestiren helburua ulertu.
Poemetan, berak bizi zuen Euskadi irudikatu zuen; nortasun kulturalik gabekoa,
hizkuntzari lotutako nortasunik gabekoa, euren ezintasuna tabernetako ardietan
itotzen zuten langileena, Bilboko mendi altzoetako etxola hauskorretako biztanleena,
herri-minez bizi ziren galegoena, odolaren zerga ordaintzen eta jasotzen hasi
ziren ETAko bolondresena.
Gabriel Aresti Segurola ( 1933-1975) , bere belaunaldiko beste askoren
antzera, euskara galdua zuen familia baten etxean jaio zen. Hamabi urterekin
hasi zen euskara ikasten. Ez zuen irakaslerik izan, ez zuen metodorik erabili.
Han eta hemen eskuratutako gramatika liburuez baliatu zen euskara ikasteko.
Ziurrenera, eskuindarra, erregezalea eta nazionalista espainola zuen aitak ez
zuen begi onez ikusi Gabrielek euskara ikasteko agertu zuen gogo bizia. Dena
den, Gabrielek berak aitortu zuenez, ez zen aitaren kontrako jarreran izan euskara
ikasteko oztopo nagusia, liburuetan ikasitakoa erabiltzeko ezintasuna baino.
Luis Haranburu Altunak egin eta hil ostean Triunfo aldizkari españolak argitaratutako
elkarrizketa batean, euskara hizkuntza hila zelakoan ikasi zuela esan zuen eta
herritarrekin harremanetan jarri ostean, bizirik zegoela konturatu zela. Euskara
familiako lagunengandik eta Bilboko portuko langileengadik ikasi zuela esan
zuen Arestik.
Merkataritza ikasketak egin eta Maderaz Reunidasen hasi zen kontulari beharretan.
1954ean Guatemalan egiten zen Eusko Gogoak Aresti gaztearen lehen lanak argitaratu
zituen. Gerora, Egan, Karmel, Anaitasuna, Olerti eta Zeruko Argia aldizkarietan
ere publikatu zuen.
1957an, euskaltzain urgazle izendatu zuten. Ordurako ezaguna zen euskarazko
literatur giroan, lan poetikoetatik ez eze, egin zituen itzulpenetatik . Shakespeare,
Baudelaire, Verlainem Juan Ramon Jimenez, Goethe, Gabriela Mistral, Cervantes,
Boccaccio, Valle Inclan, Dante eta Nazim Hikmeten lanak euskaratu zituen, baita
horren ezagunak ez ziren Internazionala idatzi zuen Eugene Pottier eta Rene
Gscinnyrenak ere. Azken honen Asterix komikiaren euskarazko lehen itzulpenak
Arestik egin zituen.
1960an Maldan Behera argitaratu zuen. Bere lehen poema liburua izan zen. Askok
T.S Elioten eragina nabarmendu zuten. Izan ere, urte batzuk beranduago, Arestik
Elioten Four Quartets itzuli zuen. Lau Quartetto izendatu zuen liburu horretan,
Leizarragak bere Testamentu Berria idazteko erabilitako ortografia aukeratu
zuen.
Euskarazko zein
ostantzeko klasikoena bezain erabakigarria izan zen anaia Juan Mariren eragina.
Juan Mari Aresti urte batzuk zaharragoa zen, komunista, eta bera izan zen Gabriel
La Concordia kafetegiko tertulia literario ezagunetara eraman zuena. Bertan
ezagutu zituen Ibarrola, Otero, Rincon eta garai hartan alderdi komunistan zeuden
hainbat intelektual. Horien eraginez hurreratu omen zen Aresti poesia soziala
zeritzonera. Izan ere, orduan poesia soziala zeritzon poesiagintzaren bi eredu
aipagarrienek tertulia horietan parte hartzen duten, hain zuzen ere, Blas de
Oterok eta Gabriel Celayak.
1964ean Harri eta Herri argitaratu zuen, Gabrielek berak harriaren poesia deituko
zuen herrenkadaren abiapuntua izan zena. Gero etorri ziren Euskal Harria 1967an,
Harrizko herri hau 1970ean eta hil osteko Azken harria 1976an. Harri eta Herriren
eragina berehalakoa izan zen. 1963an Orixe saria irabazi zuen eta ikusmin handia
zegoen argitaratu aurretik ere. Liburuak aldekoen zein kontrakoen aurreikuspenak
ase zituen. Biek ala biek arrazoi berberak izan zituzten ahotan liburua goratu
edo infernuratzeko: gerra aurreko poeta euskaldunekiko haustura, bai formari
zegokionean bai gaiei zegokienean ere. Lauaxeta eta Lizardik lirikotasuna eta
metrika neurtua zaindu zituztelarik, Aresti giro urbanoa eta bertso librea izan
zituen langai. Ostera, haustura ez zen hutsetik abiarazitako aldaketa zoroa.
Arestik asko ikasi zuen ahozko herri literaturaz nola Etxepare, Axular, Leizarraga
eta gainontzeko klasikoen lanaz, eta bion gaineko ezagutza baliatu zuen bere
poesia gorpuzteko. Sasoi hartan, bertsolaritza bigarren mailako literatur generotzat
zuten, baserritar kaiku eta alfabetatu gabeek zerabilten adierazpide baldartzat.
Arestik gogor borrokatu zuen bertsolaritzak merezi zuen izen ona eta estimua
izan zitzan. Horretan ere aitzindaria izan zen eta makina bat eztabaida eta
kalapita bizi behar izan zituen bere usteak tinko defendatzeagatik.
Poesiaz gain, beste genero batzuk jorratu zituen. 1973an Arestiren lau antzerki-lan
batzen zituen Lau Teatro Arestiar argitaratu zen. Antzerkian ere ordura artekoekin
hautsi nahi izan zuen. Hizkera errez, herrikoi eta sinesgarria lortzea zuen
kezka nagusi. Beste autore batzuek ez bezala, askatasun osoa ematen zien aktore
eta zuzendariei berak idatzitako testuak nahieran erabil zitzaten.
Narrazio lan gutxi utzi zizkigun. Obrarik aipagarriena Mundu-Munduan da. Eleberri
horren oinarria Oilarganeko etxola batean antzerki-lana izan zen. Toribio Altzaga
sariketara aurkeztu zuen Jon Basurtu ezizenpean. Arestik ordura arte ezizenarekin
sinatzeko ohiturarekin hautsi bazuen ere ( Kirikiño, Lizardi, Lauaxeta, Orixe,
Txillardegi…), ezizenak erabili zituen Toribio Altzaga sariketara aurkeztean
( 1961ean irabazi zuen Mugaldeko herrian eginikako tobera lanarekin). Aipatu
Jon Basurtu horrez gain, Gallarzagoitia eta Karamelope erabili zituen.
Harreman Arriskutsuak
Behin baino gehiagotan erabili izan da Arestik Agustin Ibarrolarekin, Blas de
Oterorekin eta orduan Españako alderdi komunistakok ziren beste intelektual
batzuekin izandako adiskidetasuna, bere ustezko españoltasuna azaltzeko.Ostera,
Arestiren lanak irakurriz gero berehala ondoriozta daiteke Aresti politikak
inposatzen zituen sigla eta etiketen gainetik zegoela. Gabi del Moral lagunari
gau eta egun politikaz aritzea baztertzen ez zuen bitartean heldutasunik ez
zuela lortuko aurpegiratu zion. Arestiren kezka politika hutsetik haratagokoak
ziren. Horrek ez du esan nahi politikaz idatzi ez zuenik. Horra bestela Desagravio
ante las ruinas de Sabinetxe en Albia bertsoetan dioena:
…yo, Gabriel Aresti, cojo
en mis manos callosas pico y pala,
cavo la tumba de Sabino Arana,
recabo de sus huesos todo el bien
que fue con ellos enterrado, y alzo
por cima de los montes de Vasconia
la ardiente antorcha de la lucha patria,
( la lucah es comprension de lo que somos,
de todo lo que han hecho con nosotros)…
Ostantzean, Gabriel Arestik adiskide asko zituen. Gehienak euskara eta euskal
kultura berreskuratzeko lanetan ari ziren, hala nola Txomin Peillen, Oteiza,
Krutwig, Joxe Azurmendi, Koldo Mitxelena eta Txillardegi. Batzuekin tirabirak
izan zituen. Hala, Oteizari euskara behar bezala ikasi ez izana egotzi zion
eta Txillardegirekin ika-mikak izan zituen gramatika zela eta ez zela.
Hogeita zortzi urte beteko dira datorren ekainaren 3an Gabriel Aresti hil zenetik.
Egun izan zukeen jarrera asmatzea ezinezkoa bada ere, nekez imajina dezaket
aspaldiko lagun eta gaur egun euskararen eta euskal kulturaren defendatzaile
ezagun diren Ibarrola eta Vidal de Nicolas unionisten pankarta lagun.
Iñaki Berazategi