L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ustela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Panpina Ustela (1975-urtarrila) —<stel0116>




 

 

Ez dezagula konposturarik gal, halare

 

 

BERNARDO ATXAGA

KOLDO IZAGIRRE URREAGA

1975. Urtarrila

 

Literatura bait da herriaren boza: gizarte-aldaketan lagungarri denez, beste Euskal Herri baten lorketa lagundu behar du euskaldunon literaturak.

        Laguntza hau exkaxa ta ahula izanen da noski, literaturak, zerbait aldatzekotz sentsibilitatea aldatzen bait du, ta ez besterik.

        Bere zeregina betetzearren, lehen lehenik literaturak plazara dezaten eskatzen du: ezkutu ta isileko poemek poemak izaten diraute, bainan aiderik gabe, arnasarik gabe, panpina ustelak bilakatzen dira.

        Bozarik gabeko herriak, hots, beren kutiziak, ametsak, heriotza, amodioa ta hainbat eta hainbat eta hainbat gauza adierazten ez dutenak. aiderik gabe, arnasarik gabe, panpina ustelak bilakatzen dira.

        Boza hau ixilerazten duten guztien aurka aurka aurka gaude:

        Sariketa literarioen aurka, beren zentzugabekeriaz idazleak ito ta zapuztu egiten dituztelako.

        Non ditugu presentatutako lanak?

        Noraino daude epai-mahaikoak jantziak lanak juzgatzearren?

        Sariketa literarioen aurka, liburuak, aldizkariak, poema, bertso ta teatro saioak proposatzen ditugu. Zenbait erakunderen fama ez da euskal literatoen hauzia, beraiena baino. Geurea, euskal literaturari astinaldi bortitzak ematea da.

        Bainan, halare gaur eguneko argitara-etxe, aldizkari ta saioekin ez gatoz bat: hertsiak eta literaturaz kanpoko (xtraliterarioak, beraz) xederen morroi direlarik, marrantatu ta baztertu (nazkatu ere bai) egiten dituzte eztarri berriak.

        Zeren literaturak bai bait du bere dinamika propioa ta berezia.

        Gure poemagintza Europan egiten direnen parekoa omen da: guk ez dakigu zer esan nahi duen honek, eta oraindik ez digu inork erakutsi (Agian geu garelako egun-egungo poesia europearra ezagutzen ez dugun bi tonto bakarrak).

        Literatura ez da, ez, deporte bat. Ez du klasifikaziorik onartzen. Literatura espresabide da lehen lehenik, eta ondorioz, komunikabide.

        Nobelagintza urria da, ez da girorik.

        Ezin liteke teatrorik sor: aberrazio batzuetatik (Alzagaren kaiku ta pilokerietatik) beste batzuetara etorri gara (tesi-teatrora...). Alferrikako lana da antzerki-lanak izkribatzea, teatroa taldearen emaitza bait da, ez idazlearena.

        Azkenik, agur dezagun geure gizon jator eta moderno hori: bertsolaria. Bertsolaritzak dukeen garrantziaz ez gara jabetu. Gu hartan sinestaturik gaude, hartan eta bere etorkizunean.

        Eta inork besterik badio, gurekin behintzat, adio!

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.