L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 
 


                   - Hasierako orrialdea
                   - Ibinagabeitia Proiektuari buruz
                   - Zuzenketak eta iradokizunak
                   - Bilaketa

A u r k i b i d e   e t a
d o k u m e n t u
g e h i g a r r i a k







 


 

 

Literatura fotokopietan

 

Jon Benito

 

(Gara, 2001-03-30)

 

        «Idazlea izateko imajinazioa behar da. Esan nahi dut: imajinazioa behar dela norbere burua "idazletzat" hartzeko». Ez dugu hori guk esan, Joseba Sarrionandiak esan du, eta, esan badu, zerbaitengatik izango da. Gurean, literaturan, gauzarik interesgarrienak eta ausartenak fotokopietan egin dira. Idazle gazte eta ez hain gazteen eskutik idatziak. Horien berri ematera gatoz oraingoan.

        Fanzineek, fotokopia hutsa izatearekin bat, badute azpitik erakarmen berezi bat. Gertutasun eta errebeldia sentsazio bat. Fotokopietan perla ederrak aurkitu ditugu, liburutegi edo banatzaile iraultzaileetan batez ere. Anarkistek eta ezker iraultzaileko talde anitzek kaleratu baitituzte pentsaera eta literatur lan anitz bertsio herritar eta merke honetan, irudimena erabiliz, ez testuak idazteko garaian soilik, baizik eta argitaratzeko eta banatzeko maneretan ere. Manifestu komunista, Maoren testuak, Enrico Malatesta eta Rudolf Rocker-en testuak hala ezagutu ditugu. Bai eta Dostoievski edo Salvador Puig Antichen lanak ere. Zer esanik ez, "Libropueblo" izeneko proiektu gogoangarri hura, zeinetan bertako egileek euren lanak fotokopietan kaleratu eta Euskal Herria lantegiz lantegi zeharkatu zuten, euren lanen milaka ale salduz, betiere gasto-prezioan. Lan autoproduzituak bada: Merkantilismo basatiaren garaietarako, merkatu legeez kanpo eta borondatez gauzek funtzionatzen dutelako oraindik ere frogatzeko. Idealen eta balioen gainbehera dakusagun garaietan, musu truk eta diru-galeran bada ere, euren lanak azaleratzeko gai den jendea badela erakusten duenik bada oraindik.

        Sarritan, lan aberats eta ederren bertsio laburtuak eta, besteetan, inon topatuko ez genituzkeen bildumak edo agortutako liburuen berrargitalpen klandestinoak aurkitu ditugu halako egituretan. Beste inon topatuko ez genituzkeen egileak. Fotokopiek nolabaiteko ausardia dakarte eurekin, anonimotasuna, arriskatzea eta prezioen beheratzea, euren gastuak bezalaxe. Irakurle eta egileentzat, bientzat aldi berean, hobe beraz. Herriari, irakurleari, pentsaera eta literaturaren gerturatzea dakar horrek. Atzerrian hain ezagunak ditugun "Aina Andalussa" edo "Miradas" oroitarazten ditugu. Sorleku espainiar Estatuan eta Uruguain dutenak alegia. Horren adibide anitz ezagutzen ditugu gurean ere: Santutxuko gazte sortzaileak edo Sirimiri elkartekoak Bermeo aldean, batzuk aipatzearren. Edo guzien buruan egongo diren "Ostiela" edo "Putz" bezalako aldizkari ziztatzaileak, jada egonkortu diren egitura gisa.

        Gazteen idazte hori muturreko ederra da, gazteek irakurtzen ez duten garaietarako, horien artean irakurri ez eta idazten dutenak ere badirela erakusten duelako. Ohiko liburu katalogoetan aurkituko ez ditugun taldeak, ohiko liburutegietan aurkituko ez ditugun idazleak. Inongo unibertsitatetan eta liburu denda ofizialetan aurkitu ez ditugun testuak. Inguruak salatzen, edertzen eta konposatzen dituztenak. Eskolan erakutsi literaturari ihes egin eta, etxean edo bazterretan landu lanei tokia emateko esparru bat sortu dutenak. Eta banatu. Geroko eta oraingo idazle diren gazteentzat, sorleku izandako lanak ditugu honakoak.

        Azpialdekoak, bada, liburutegi ez-ofiziala antolatzeko lehen urratsak. Taberna eta denda alternatiboetan aurkitu beharreko testuen zerrenda.

 

 

 

VLADIMIR

Zarauztik. Portuko umeak. Literatura gorriaren berpiztea. Noizbehinkari bilakatu den egitura. Literatur aldizkari bat kaleratzeaz gain, hainbat emanaldi, literatur hitzaldi eta ekitaldi kultural antolatu dituzte. Hitzak eta ekintzak bateratu dituzte. Egoeraren errepaso bat eta Euskal Herriko eta inguruko idazleen poemak. 14. alea. Irakurri eta askatu beharreko idazleen zerrenda. Isiltasuna azken denboran, beste uholde baten zain... Vladimir. 391 Posta Kutxa 20800 Zarautz.

 

 

 

 

 

ZANTZOA

Arratiatik. Klasikoenak eta delikatuenak. Espezial estimatzen dira haien aleak. Jada desagertutako proiektua. Baina, ba omen dute proiekturik aurrera begira. Azken alean, sorpresa bikain bat utzi ziguten, bi hizkuntzatan: katalunieraz eta euskaraz. Poesia lezioak eta kontu gehiago. Paperezko altxorra. Gauzarik galgarrienen apologia eta geroko barne haizeak neurtzeko lehen urratsak.

 

EZTAKIPA

Ale bakarra. BaIna fotokopietan irakurri ahal izan den alerik txukunena. 98an Durangoko Azokarako aitzakian kaleratutakoa. Joxe Azurmendi, Txillardegi eta Jose Luis Otamendirekin elkarrizketak. Gazte idazleen bibliografiaren errepaso bat eta Xabier Izagaren liburuaren iruzkin bat. Ederra baina bakarra. 16 orri.

 

 

 

 

 

 

KATIUSKA

Leku anitzetatik, baina Donostiako Filosofia eta Hezkuntza zientzien fakultatetik bideratutako proiektua. Filosofia gutxi eta jolasa, eguneroko errealitateari astuna kentzeko. Tarteka-tarteka, perlaren bat ere bai. Parodiak eta artea kapritxoaren aldarrikapena dela frogatzen duten hamar arrazoi. Fotokopietatik haranzko beste proiektu bat. Bi ale. 68 orri. Egile anitz eta proiektu zabala. Irizpide asko.

 

 

 

 

 

 

 

MAO TSE PUNK

Txantreatik. Mezua eta aldarrikapena oroz gain. Maoren ideietatik abiatuta, punkomunismoaren erraiak aztertzeko. Literaturaz gain, egoeraren errepaso eta iritzi artikulu bikainak. Egiteke geratzen den iraultza handiaren prestakuntza. Kontzeptu berrietarako bidaia, elkartasuna eta ideal anitz. Lau ale kaleratu dituzte. Zortzi orri. Hau ere bi hizkuntzatan, euskaraz eta espainolez nahasian.

 

 

 

HITZALETIK

Hernanitik. Proiekturik berriena. 0. alea. Herritik abiatutako poesia. Herritarrek egina. Herrirako. Itzaleko egileak. Tiraderetatik ateratako testuak, kaleratzeko ahalegina. Narratiba eta poesia lanak nahasian. Lehen urratsa eta jarraitu beharrekoa: Hiztegi eta asmakizunak formato txikian. Bigarren emanaldia labean da jada.

 

 

 

 

 

 

 

 

HAMAIKA LITERA

Urruzuno literatur taldeko partaideek osatutako egitasmoa: Mikel Artola, Iñigo Otaño, Jasone Osoro, Jon Eugi, Jon Garate, Unai Villena eta Amaia Urzelaik parte hartzen dutelarik, Abezedario literario bat bultzatzeko gogo eta asmoak. Obsesio eta irrika ugari. Aurkezpen ahalegin ederra. 12 orri eta hiru ale. Elgoibartik. Hamaika Litera-Barren Astekaria-Nafarroa Plaza, 2-20870 Elgoibar. E-maila: barren@topagunea.com

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuak diruz lagundua.
Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailek ere parte hartu dute
gordailu honen finantziazioan.