L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 
 


                   - Hasierako orrialdea
                   - Ibinagabeitia Proiektuari buruz
                   - Zuzenketak eta iradokizunak
                   - Bilaketa

A u r k i b i d e   e t a
d o k u m e n t u
g e h i g a r r i a k







 


Literaturgintzarako plataformak

 

Migel Angel Elkoroberezibar Larrañaga

 

(Jakin, 49. zbka. 1988ko urria-abendua)

 

                                                «Leer, como todas las demás ocupaciones
                                                propiamente humanas, es una faena utópica».

                                                                        José Ortega y Gasset (1)

 

        «Literaturgintzarako plataformak» izenburupean hainbat lerro idazteko eskatu zidatenean, berehala, bi imajina etorri zitzaizkidan burura. Alde batetik petrolio-plataformak, hau da, petrolioa ateratzeko erabiltzen diren horiek; eta bestetik, lantzapenerako plataformak, espaziora koheteak bidaltzeko plataformak, hain zuzen. Eta, nola diren gauzak, okurrentzia honek badu nolabaiteko zerikusirik tratatu behar dudanarekin.

        «Literaturgintza» eta «plataformak», printzipioz, bi kontzeptu diferente dira, baina bat egin daitezkeenak, elkartu.

        Literaturgintzan bi alderdi bereiz ditzakegu:

                1. Literatura egin edo sortu aurreko prozesua.

                2. Literatura behin egina eta sortua.

        Plataformetan beste bi:

                1. Literatura sortzeko plataformak. Honelakoak lirateke petrolio-plataformak.

                2. Sortutakoa plazaratzeko plataformak. Lantzapenerako plataformak.

        Puntu hauek kontutan hartuta, bi batuketa-mota egin dezakegu, ene eritziz, literaturgintza eta plataformen artean: A eta B.

                A. Literatura egin edo sortu aurreko prozesua gehi literatura sortzeko plataformak (1 gehi 1).

                B. Literatura behin egina eta sortua gehi sortutakoa plazaratzeko plataformak (2 gehi 2).

 

        A. Literatura egin edo sortu aurreko prozesua gehi literatura sortzeko plataformak

        Sortu aurreko prozesu horretan, literatura sortzeko ideia eta asmoak dira pauso beharrezkoak. Horrela, badugu asmo indibiduala (gehienetan), eta asmo kolektiboa (gutxitan). Bestalde, literatura sortzeko plataforma ezberdinak ditugu: a) Indibiduoaren plataforma eta a') Instituzioen plataforma.

a) Indibiduoaren plataforma: Indibiduoak bere asmoak gauzatzen ditu. Kolektibitate batek produktu edota obra literario bat sortzea ez da ohizkoa; normalean, gure euskal kultura eta gizartean kreazio-lanak bakoitzak bakarka egin izan ohi ditu, eta ez taldeka, nahiz eta «Taller Literario»ak egon izan diren.

        Sortze-nahi horren arrazoia edo medioa «Ocio»a izan daiteke, eta baita «Obsesioa» ere zenbait kasutan. Obsesioari buruz, honakoa zioen Francisco Solanok Reseña aldizkarian, Héctor Bianciotti-ren Sin la misericordia de Cristo obra aztertzerakoan: «Cierta taxonomía literaria propone dos clases de escritores: los que eligen sus temas y aquellos que son frecuentados por sus obsesiones. De los primeros es razonable esperar, en cada nuevo libro, una sorpresa; en cambio, de los segundos, desertizada la expectativa, sólo cabe al decir de Borges, «El manejo consabido de unas destrezas, una que otra ligera variación y hartas repeticiones» (2).

        Hortxe dago gakoa, berrikuntza ala betikoa.

a') Instituzioen plataforma: Zenbait instituzio eta entitatek eskatzen dio idazleari bere produktua sor dezan. Hau izan daiteke: Diru truke: «Nec-Ocio»a. Ezer-ezen truke: Konpromisoagatik, laguntzagatik, kolaborazio gisa... Interes «kultural» batez subentzionatuz: Diru-laguntzak. Askotan entitate batzuek derrigorrez zuzendu behar diote diru-kopuru bat «fondo kultural» bati. Irtenbide bat, adibidez, literatur lehiaketak izan daitezke. Hauek «Nec-Ocioa» bihur zitezkeen, Espainian gerta daitekeen bezala, baina Euskal Herrian ezin dezakegu horrelakorik espero.

        Hau argitu ondoren, bigarren puntura pasatuko gara, guri kasu honetan gehien interesatzen zaigunera, alegia.

 

        B. Literatura behin egina eta sortua gehi sortutakoa plazaratzeko plataformak

        Nobelagintza, ipuingintza, antzerkigintza, poesigintza, bertsogintza eta abarrek badituzte, bakoitzak bere neurrian eta posibilitateen arabera, hainbat plataforma fisiko edota euskarri: hala nola liburuetan, aldizkarietan, fanzinetan, egunkarietan, eszenarioetan, irratietan, musikan (letra bezala), eta hainbat eta hainbat abarretan ager daitezke zintzilika. Eta zer esanik ez, gaur egun ditugun aurrerapenei esker, telebista, bideo eta zinean ere; komikiak eta pintura ere izan daitezke aitzakia.

        Buruan ditut oraintxe hiru exenplu: bata komikiari buruzkoa, bestea pintura, eta hirugarrena zinearena.

        Antxeta argitaletxe berriak banatu zuen propaganda-orrian irakur genezakeen: «Irudiari hitza eman zaionetik arte izatera iritsi da espresamolde hori. Izan ere, komikia irakurt-arin eta errexa bada ere, guztiz atsegina irudiari esker, ez da horregatik funtsgabea. Textoak marrazkiari mamia ekarri dio, funtsa eta sakontasuna. Gisa berean irudiak hitzari kolorea, eremua eta arintasuna. Komikigintza berriarekin irudizko literatura sortu egin da!» (3) Ez dut uste esanak inongo azalpenik behar duenik.

        Hurrengo adibidea, pinturarena genuen. Iazko abuztuan (1987) Zumeta pintoreak erakusketa bat zabaldu zuenean Zarautzen, ekintza horren esku-programan Bernardo Atxagak ipuin bat eskaini zion bere lagun pintoreari, eta bide batez gu guztioi. Honelakoak sarritan gertatu izan dira; Enseiucarrean aldizkaria ere pinturaz baliatu zen bere 3. alea aurkezteko, Roscubas anaien obra filminetan azalduz (1988ko apirilean, Bilbon eta Donostian). Ez al dira horiek literatura aurkezteko beste era batzuk?

        Zinearena berdina izan daiteke, «baina modu desberdinetan», «paperetik zeluloidera pasatzerakoan», Anjel Lertxundik aitortzen duen bezala. Honela dio: «Narrazioa eta deskribapena irudietan daude. Elkarrizketak entzun egiten dira. Sujerentziak elipsia eta isilunetan daude» (4).

        Plataforma fisiko edo euskarrien benetako pisua bizkarretan eramaten dutenak pertsonak dira; hobe, pertsona-taldeak. Hiru talde-mota bereizi nahi nituzke: nolabait deitzearren X, Y eta Z bezala kontsideratuko ditut.

        X taldea-ren barruan editorialak (batzuk), egunkariak, etab. sar daitezke. Hauek, gehienetan gertatzen den bezala, egon badaudelako salbuespenak, printzipioz ez dute produkzio literarioa lehen interesa; negozioa, bai, merkatua: diru-interesa. Jende edo langilego «mugatua» dutenak: profesionalak, gehienez.

        Y taldea-ren barruan antzerki-taldeak, musika-taldeak, espektakulu-taldeak, zenbait aldizkari, etab. sar daitezke. Interes kulturala, alde batetik, eta ekonomikoa bestetik eduki dezakete abiapuntutzat. X eta Z taldeen ezaugarriak dituzte askotan, bere nortasuna inoiz ere galdu gabe, noski. Jende edo langilego «mugatu/mugagabea» dutenak: profesionalak/amateurrak.

        Z taldea-ren barruan aldizkariak, elkarte kultural batzuk, kultur mintegiak, mugidak, etab. sar daitezke. Interes kulturala dute printzipioz abiapuntutzat. Jende edo langilego «mugagabea» (teorian) dutenak dira: amateurrak.

        Emeki-emeki, bagoaz aztergai izango dugun puntura, Z taldea edo talde informalak deituko ditugun horietara. Talde hauen artean, aldizkariak izango dira azterketaren gunea, berak bait dira ordezkari nagusiak.

        Hamar urte hamar urte dira, gehiegitxo beharbada, ondorengo lerro urri hauetan hitz bihurtzeko; baina saiatuko naiz sintesi ahalik eta osoena egiten. Badakit hainbat aldizkari eta ekintza-bide bazterretan utziko ditudala; baina hala eta guztiz ere, ene ustez garrantzitsuenak, ezagunenak eta eragin handiena sortu duten horiek aztertuko ditut.

        Hamar bider hamar, ehun dira. Begira orain dela 100 urte justu, neri efemerideak arras gustatzen bait zaizkit, R.M. de Azkuek zuzentzen zuen astekari elebidun haren lehenengo alearen editorialean zioena. 1888. urteko urtarrila zen, eta Apis astekariaren izena.

        Honela hasten zen: «Apis, la abeja. Será una escentricidad, será lo que se quiera, pero creemos que a nuestra hoja, compendio y resumen no de tonterías y bagatelas, sino de cuanto útil e importante convenga publicar y conservar, podemos llamarla así: Apis». (...) Eta bukatzen du: «Ayúdenos los buenos vascongados que son muchos: ayúdenos todos los católicos, y todos contribuiremos a dar interés a estas páginas con el fin enunciado, con el fin de instruir, amenizar y, sobre todo, de moralizar la lectura, que cuando es liberal, libre-pensadora ó masónica es desastrosa é infausta en alto grato» (5).

        Bestelako garaia zen hura, baina hor aipaturiko zenbait printzipiok eta ideiak luzaroan jarraitu zuten, orain dela ez hainbeste urte arte, erle langileak erreginaren aurka altxatu ziren arte.

        Ehun zati hamar, hamar. Gera gaitezen, beraz, azken hamarkada honetan, 1975etik 1988a artekoan.

        Historia hau 1975. urtean hasten zaigu, makina bat berrikuntza eta zenbait libertate ekarriko dizkigun urtean. Newton zientzilaria Donostiako arbolaperen batetik paseatzen balebil, orduan ere, sagar bat eroriko litzaioke burura, baina Ustela. Sagarra arretaz begiratuko luke, arbola ere bai, eta Panpina bat bailitzan eskuetan laztanduz, Zorion-ekoa luke hala ere espresioa bere aurpegiak. Etxera heldu bezain laster, kutxa ezkutu batean sartu sagar Ustela, hamar minututara atera, ez ondokoei erakusteko, ez horixe, baizik Mermelada egin eta bapo-bapo ase arte jateko. Esaten dutenez, indigestioz hil eginen litzateke; Ustela izatea, noski, arrazoia.

        Baina hau ez zaie gertatuko Koldo Izagirre eta Bernardo Atxagari beren Ustel-ekin (Panpina, Zorion eta Mermelada), nahiz eta lehen aldizkariaren lehen orrialdean heriotza biren eskelak agertu («Newton» hipotetiko horren akaboaren proposamena azken finean).

        1975. urteko urtarrilean K. Izagirre eta B. Atxagak Panpina Ustela «aldizkari marjinal, sujerikor eta eraberritzailea» (6) kaleratzen dute. Aldizkari hau benetan marjinala eta alternatiboa izango da; Ibon Sarasolaren hitzetan, «Underground» literaturaren hasiera markatuko duena Euskal Herrian (7). Ondoren, Zorion Ustela eta Mermelada Ustela aleek jarraituko diote, 1976. urtean biak. Benetan aipatzekoa da gertaera bat: Zorion Ustela-n, aipaturiko bi horietaz aparte, idazle berri bat azaltzen zaigu: Ramon Saizarbitoria. Honek zera ondorioztatuko du: Bernardo Atxagak Mermelada Ustela-ren ondoren alde egitea, eta akabo orduan Ustela asuntua. Esan behar, Mermelada Ustela-n Joxan Elosegik ere parte hartuko duela.

        Hiru ale hauek ateratzea izugarrizko probokazioa izan zen garai hartan; inongo diru-laguntzarik gabe aldizkari bat sortu eta etengabe literatura bera errebindikatu zuten. Hori da underground-a, ia mediorik gabe eta sistemak oinak lotuta eduki arren, bi besoak luzatu eta maiuskulazko Literatura eskaintzea.

        Literatur ekintza autonomoa izatea nahi zuten, eta agerikoa, gainera. Biziki ukatzen zuten literatura isila (ezkutua, kajoi barrukoa, herabetiki gordea...) eta isilerazitakoa (literatur lehiaketen bidez, argitaletxe eta hainbat aldizkariren bidez idazlanak «hertsiak eta literaturaz kanpoko —estraliterarioak, beraz— xederen morroi direlako» (8). «Isileko poemek poemak izaten diraute, bainan aiderik gabe, arnasarik gabe, panpina ustelak bilakatzen dira» (9).

        Beren ustez literatura herriaren boza zen, gizartean gertatzen ziren aldaketen lagungarri eta dinamika propioa zuena. Baina literaturak ez luke gizartea bera aldatuko, ezta ere, printzipioz, barne-gertakizunak; zerbait aldatzekotan, sentsibilitatea izango litzateke. Hitz hauek indartsu oihukatzen zituzten Ustela-koek. Benetan jarrera kritikoa azalduko dute garaiko euskal kulturaren panoramaren aurrean, eszeptizismoa nagusituz literatura konprometituaren aurrean. Dogma guztien aurka agertu ziren beti, bai gizarte, politika eta erlijioarekiko «halabeharrezkoen» aurka; argi eta garbi esaten zutenez, «erlijio guztietatik deskomekatuak izan direnen alde gaude, eta batez ere beren iritzien kontra komekatzen dituztenen alde» (10).

        Garaiko eskemak apurtu zituzten, eta jabetzen ziren horretaz: «Geurea, euskal literaturari astinaldi bortitzak ematea da» (11).

        Ideia guzti hauek hainbat eta hainbat poema, narrazio, prosa literario eta editorial-antzekotan azaltzen dira. Idazlanek, ale batetik bestera, badute aniztasunaren aldetik aldakuntza edo garapenik. Panpina Ustela-n, bestelakoen artean, 7 narrazio, 6 poema, eta antzerki-lan bat aurkitzen ditugu. Zorion Ustela-n 3 narrazio, poema bat, antzerki-lanik ez, eta 5 prosa literario/kritika-lan. Azkenik, Mermelada Ustela-n 5 bat narrazio, 2 poema, antzerki-lanik ez, eta 12 prosa literario/kritika-lan. Ene ustez, neurri handi batean, bariazio hauen zergatia hasieran aipatutako idazleen sartu-irtenetan datza. Baina hala eta guztiz ere, idazlanek seriotasunaren eta ofizialtasunaren kontrako jarrera bat agertzen dute, informalismoa izanik beren bandera formala.

        1976. urtean akabo da hautakizun hirukoitz hori, baina ez dira hiru ale horiek helduko zaigun herentzia bakarra izango: enbor gogor horrek bi adar aterako ditu, bata Bilbon eta bestea Donostian. Bernardo Atxaga Bilbora joango da, eta, beste batzuekin batera, Pott banda eta aldizkaria sortuko du. Donostian, berriz, Koldo lzagirre eta Ramon Saizarbitoriak Oh! Euzkadi.

        Bi aldizkari hauekin literatura heterodoxoan sartuko gara buru-belarri. Bi aldizkari diferente izango dira, baina literatura marjinal batean kokatuak biak. Patri Urkizuk honela ikusten zuen giro hura: «Literatur marjinal batetan, gurean adibidez, guk ez dugu pentsatzen marjinatuak gu garenik, gu geure buruaren zentroa baikara. Madrilekoentzat berriz gu kasu marjinal batzu gara, baina guretzat haiek dira marjinalak, geu geure zentroa gara. Eta geure zentro honetan linea ortodoxa agintzen duten pertsona horietatik baztertzen den endea izango litzateke nolabait zentro heterodoxoa. Beste modu batez esateko, literatur heterodoxoa batzuk ortodoxotzat jotzen duten bidetik ateratzen den literatura izango litzateke. Gure kasoan, adibidez, Pott eta Oh! Euzkadi gure arteko elemendu heterodoxoak izango lirateke» (12).

        1978. urtean «Pott banda» sortzen da Bilbon. Hasierako partaideak, Manu Ertzila, Joan Juaristi, Jimi (Joxe Mari Iturralde), Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandia ziren. Banda honek Pott aldizkaria kaleratuko du, sei aletan oinarritua eta hiru urteko iraupenez (1978-1980). Aldizkariaren ale bakoitzak izen bat darama: Pott bandaren berriemailea, Pott bandaren blaga, Pott bandaren braga, Pott bandaren praka, Pott bandaren plaga, eta, azkenik, ale munstroa izan zena, kalitatezkoa eta itxura ezin hobeagokoa: Pott tropikala.

        Patri Urkizuk zioen bezala, «Pott banda»koek ez dituzte inoiz beren buruak marjinaltzat jotzen, nahiz eta kanpotik ikusita horrelakoak diren. Beren hiru urtetako martxa ikusi ondoren, zera argitzen dute Pott tropikala-n: «Ez gara, sarritan leporatu diguten arren, talde arraro bat, joera eta irizpide marjinalak defendatzeko jaio dena, eta izatekotan zer, munduko beste edozein lekutan edozein pertsonak lan literarioa aurrera ateratzeko egingo lukeena eginez ari den talde bat gara. Behin eta berriro diogu: kazeta hau literaturgintza normalaren dinamikan dago. Eta berau marjinala eta anormala bada Pello Kirten baratzan, ez da inola ere gure kulpa, edo gure errua, horixe bakarrik falta litzateke, ez jaunak, baratza da anormala eta ez gu» (13). Pott-ekoak beren buruen zentrua direnez, ez dituzte beren buruak anormal eta marjinaltzat jotzen; perspektiba-kontua.

        Argi dago: «Pott banda»koek literaturaren kontzepzio eta estilo literario berri bat estreinatuko dute.

Literaturaren kontzepzioaren aldetik, zera azpimarratu beharko genuke: Ustela-ren ideiari jarraituz, literatura ekintza autonomo bezala ulertuko dute, autonomia hori azken puntuetaraino indartuz: «Ez gaude inori serbitzeko, geure buruak argitzeko baino» (14). Bide horretatik, editoreak kritikatuko dituzte: «Eskritoreak editoreak behar ditu, baina gozotasun batekin, eta ez odolkiak bailiren, inongo kriteriorik gabe» (15). Beste zeregin bat ere beharrezkoa iruditzen zaie: «Gure lana ezik, beharra atzematen dugun falazia oro desmentitzea eta egia oro baieztatzea da» (16).

        Horien ustez, literaturak presio politikoetatik libre egon behar du. Ideologia politiko guztiak baztertu egiten dituzte literaturan aritzerakoan; konpromiso politikorik gabeko literatura sortzen dute, beraz: «Pott banda»koen lau deklaraziok planteamendu hau argituko digute: 1) «Ideologiatik eskemetara, hauetatik hitz pare soil batzuetara, hara hor askoren desarroilo mentala» (17). 2) «Guk badakigu zenbait alderdi politikok baino jende gehiago bilduko genukeela inoiz mitinen bat egingo bagenu, baina frogak ematen ibiltzea ahuleziaren seinale denez, patxadaz gelditzen gara etxean» (18). 3) «Eskubikoek zein ezkerrekoek ez digute hazkurerik ere egiten» (19). 4) «Politika subnormalitatearen formatzat hartzen dugunez gero, boikota egiten digute herri honetako iraultzaileek (eta dakizuenez, herri honetan ia denak dira iraultzaile)» (20).

        Estilo literarioaren aldetik, areagotu egiten dute Ustela-ren joera informala, sasi-editorialez josirik lehenengo bost aleak. Literatura ironikoa eta kritikoa lantzen dute, baina era zuzen batean, egia osoa agertuz. Askotan irakurleak ridikulu sentitzen du bere burua, cul-de-sac batean aurkitzen da atrapaturik. Une batez hausnartzen du, eta egiak begirik ez duela konturatzen da: bidea libre du orain. Euskarak ere badu garrantzirik aldizkari honetan, bi arrazoirengatik: alde batetik, beren helburua ez delako euskara hutsean egitea, erdal literaturari ateak zabalik uzten dizkiote. Eta bestetik, erabiltzen duten euskara espresabide benetan bitxia delako: Pott-en euskara «Txukera» da, «beste euskara guztien entsalada» (21). Beste euskara horiek euzkera (batzokietako euzkera), bizkaiera (bizkaitar amorratuena), euskara bantua (euskaldun berriena), gipuzkera (gipuzkoarrena) eta euskara batusia ("etor zenizkidakete" bezalako erak erabiltzen dituzten horiena —Euskaltzaindia) lirateke.

        Pott tropikala-rekin marka guztiak hautsi zituzten. Sari pare batean irabazitako diruak hartu, eta izugarrizko abentura: formato berria, paper ona, grafiko ugari eta ondo aukeratuak, eta idazle-mordoa 84 orrialdetan. Ene eritziz, Euskal Herrian orain arte egin izan den alerik onenetarikoa, bai formaren eta bai edukinaren aldetik. Hau 1980. urteko ekainean gertatu zen; baina udaberriarekin batera, adio Pott. Bukatu zen betiko benetako proiektu literarioa zeraman aldizkaria; honek ere hiru urte ondoren, akabo. Baina ez. «Pott liburutegia»k argitaratutako Bernardo Atxagaren Etiopia (1978) liburua, bakarra pottargitaldari modura, eta sei aleez aparte, fantasia utzi digu Pott-ek, errealitatearen fantasia. Mito bihurtu da Pott, gehienbat entzunez bakarrik ezagutzen dutenentzat; baina besteontzat ere bai, gauza askotan pottakume batzuk besterik ez bait gara.

        Aurrerago esan bezala, Ustela enborrak badu bigarren adar bat, hau Donostian: Oh! Euzkadi aldizkaria. Baina 1980an aldizkari bezala finkatzen den «suspirio» horrek lehenago badu historiarik. 1977. urtean K. Izagirre eta R. Saizarbitoria Zeruko Argia-n kolaboratzen hasten dira, nolabaiteko kazetaritza literario batean murgilduak. Urte berean Ustela Saila sortuko da argitaletxe gisa. Urtebete iraungo dute kazetaritza-lanetan, eta 1978. urtean Oh! Euzkadi izeneko manifestu-tankerako orri handi bat kaleratuko dute. Forma aldetik triptiko bat zen, erdian orrialde solte batekin, neurri oso handietakoa. «Beren harmak estrainatzen dituzten firma gazteak zenbait abenturero zaharren artean» (22) agertzen dira manifestu honetan: Jokin Ansorena, Josetxo Lizartza, Maripi Solbes, Erramun Etxezarreta, Lurdes Oinaederra, R. Saizarbitoria, Pello Lizarralde, Izaskun Egia, Jon Casenave, Juan Martin Alegria, Gotzon Egia, B. Atxaga, J.A. Arrieta, Joxan Muñoz, K. Izagirre, Joxan Elosegi, Periko Balerdi, Iñaki Bidegain, Juan Jose Lasa, Joseba Sarrionandia, Pitu, J.M. Lasagabaster, Koldo Zufiria, Juanba Berasategi (maketa). Bi dozena izen idatzi ditut, eta zer-nolako abenturero hasieran eta konkistadore gaur egun! Ideia bat egin dezakegu mugida honetaz: benetan plataforma izan zen; begira, bestela, urteotako literaturgintzako «Top»ak.

        Bi arrazoirengatik argitaratu zuten Oh! Euzkadi hau: Lehenengoa, «...atzeko partean Kaja Ahorrosen anuntziorik azaldu gabe paperik argitaratzea posible ote den ikustearren» (23); eta bigarrena, «idazle berrientzat plataforma bat lortzeko, zeren gauzak diren bezala edo ikusten ditugun bezala esateko oraindainoko aparatoek ez baitute horrelakorik lortu...».

        K. Izagirre eta R. Saizarbitoria, saio horren ondoren, 1979. urtean, Zeruko Argia-ra bueltatuko dira, eta aldizkari horretan sail berri bat sortuko dute, eta, nola ez, «Oh! Euzkadi» izena eramango duena. Baina honek hiru hilabeteko iraupena izango du soilik. Horrela gauzak, idazle-talde zabal batekin kultur kritikarako plataforma sendo bati ekingo diote. Ideia honekin, 1980an benetako Oh! Euzkadi aldizkaria aterako dute. Aldizkari honek lau urtetako bizitza izango du: 1980-1983.

        Oh! Euzkadi-k, Ustela-k bezala, euskara hutsean idazteko joera hartuko du (Pott-ekoengandik diferente). Bi dozenetatik dozena batera pasako da idazlegoa, eta kultur eta literatur kritika serioa egingo dute. Berek diotenez, «zahartu garelako agian, deskatxondotu terminoa permititzen zaigu» (24). Egia esan, garai hartan kritikarako leku bakarretarikoa genuen aldizkari hau; baita, esan ohi zen bezala, serioegia eta askotan ulergaitza. Serioak dira, katxondeoa seriotasun-falta kontsideratzen dutelako.

        Oh! Euzkadi-ren asmoa gertatzen ari zenari lotua zegoen, eta gertatzen zenari buruz kritika eta gogoeta egin nahi zuten. Gertaerak kalibratzeko bazuten ideologia konkretu bat, ideologia politiko bat, Pott-en gertatzen ez zena. Ezker abertzalearen ikuspuntu batetik, kritika eta debate kulturalerako aldizkaria zela esan genezake.

        Kanal marjinaletatik sortu zen aldizkari honek, kritika-lanez aparte, argitaratu zituen zenbait poema eta ipuin labur; baina alderdi hori ez zen indartsuena bertan. Salmenta ona izan zuen aldizkariak, eta aurrera jarraitu zuen; baina jaso zituen kanpotik kritikak ere. Intelektualegitzat jotzen zuten zenbaitek aldizkaria, eta errealitate eta problematika sozialarekiko loturak galtzen ari zirela esaten, pil-pilean zeuden gaiak ukitzen ez zituztelarik. Baina baditu alde onak ere, Kandela-koek geroago azalduko zuten bezala: «Gure ustez kritika-aldizkari hau galdurik euskal aldizkarigintzak eta literaturgintzak zerbait onik galdu du, batetik Lur-tarren korporatibismotik atera zirelako eta bestetik genuen aldizkari kritiko bakarra izan zelako» (25).

        1983. urtean Oh! Euzkadi-k «Kaput, bukatu da, ez dugu ale bat gehiago aterako...» (26) batekin amaitzen du bere hainbat urtetako ibilaldi heterodoxoa (15.ean akabo abentura).

        Oraindik ere atzera bota behar dugu begirada, eta konkretuki, helburu argia duen aldizkari bat begiztatuko dugu: Zurgai (Euskal herriko olerkiaren aldizkaria).

        Zurgai aldizkaria 1979. urtean jaio zen Bilbo inguruetan. Poesia eta poetak dira aztergai, baina hori baino gehiago, poesia hutsaren plaza da. Nork egingo luke apustu garai hartan poesia hutsez betetako aldizkari baten alde? Gutxik, seguru asko; horietako batzuk Zurgai-koak ditugu. Elebiduna da aldizkaria; beharbada, bizirik dirauen hamar urte hauetan (1988ko apirilean 19. alea atera du) ez du euskal (euskarazko) literaturgintzarako plataforma bezala balio handirik izan, ehuneko hamarra bait da soilik euskaraz idatzitakoa. Baina bada kontutan hartzeko aldizkari bat.

        Esperimentatzeagatik atera zuten aldizkaria, ikasteko, eta nabari zuten hutsunea betetzeko, poesiarena alegia. Yambo aldizkaritik zetozen idazle hauek, gaur egun Pablo Glez. de Langarikaren zuzendaritzapean daudelarik, eta hasiera batean esan ohi zuten bezala, «ez dugu helbururik aldatu. Euskal Herri mailako poesiarentzat aldizkari ireki bat sortu nahi dugu, informapen eta sortze lanari ekinik, ondoren elkarrizketa batzu sor-araziz. Gure Herriko hizkuntzaz ere konsekuenteak izan nahi dugu. Bakar bakarrik poesiari dagokion tokia eskaini nahi diogu: egunerokoan. Hortarako sortu genuen Yambo eta hortarako, baita Zurgai» (27).

        1980. urtean jarraituko dugu gure analisia. Urte honek neurri handi batean undergroundtasunaren bukaera suposatuko du. Aldizkari alternatiboak sortuko dira, baina marjinaltasuna galtzen joango direnak. Beraz, salbuespenak izan ezik, Pott-en bukaera eta Oh! Euzkadi-ren lehen urratsekin batera, «bisagra» edota erdiko garaia hasiko da, gaur arte doana. Literatura lur azpitik aterako da zenbait erakunderen laguntzaz: editorialak eta beste batzuk. Salbuespenak aipatu ditut gorago: ene ustez, linea benetan marjinala eta undergrounda Susa-k lehen hiru aleetan eta Azkoitiko Txortan aldizkariak eramango lukete. Badaude, seguru, aldizkari edo fanzine gehiago linea hau jarraituko dutenak, baina ez dira, zoritxarrez, Euskal Herri mailan oso ezagunak eta eragin handia sortu dutenak izan.

        1980. urtetik 1988ra, kronologikoki, honela banatuko ditut ondoren aztertuko ditugun aldizkariok (Oharra: «...» markak gaur egun ere jarraitzen duela esan nahi du):

        Susa (1980-...), Xaguxarra (1980-1981), Idatz & Mintz (1981-...), Maiatz (1982-...), Stultifera Navis (1982-1983), Kandela (1983-1984), Pamiela (1983-...), Korrok (1984-...), Ttu-Ttua (1984-1985), Txistu y Tamboliñ (1984-1986), Txortan (1984-1985), Porrot (1985-...)... eta aipatu beharreko beste zenbait.

        Ikusten dugun bezala, 1975etik 1980ra pisuzko lau aldizkari sortu baziren, 1980tik 1988ra hiru edo lau bider haundituko da, gutxienez, kopuru hori. Arrazoia, lehen aipatu duguna: dirua eta laguntza lortzeko biderik jadanik badagoela, kasu gehienetan behintzat. Zenbait erakunde publikok diru-laguntzak luzatuko dituzte, editorialek babesak eskainiko dituzte, eta unibertsitateak zenbait aldizkaritan interesatuko dira. Garai diferentea da hau, dudarik gabe, aldizkarigintzaren Booma ondorioztatuko duena.

        Bi fase daude, beraz: 1975-1980 eta 1980-... . Bigarren fase honetako plataforma edo aldizkari zenbaitez aipamen batzuk besterik ez dut egingo, beste zenbaitetan gehiago sakonduz. Horrela bedi, eta has gaitezen 1980. urtearekin.

        Urte honetan (1980) Susa aldizkaria sortzen da. Aldizkaria sortu baino lehen, EUTGko behi erreboltosoak 1978-1979 urteetan bilerak egiten hasi ziren. Literaturak elkartu zituen gazte haiek. Tertuliak egiten zituzten literaturari buruz mintzatzeko; tertulikideen artean, lehenagokoak edo geroagokoak, Josu Landa, Mikel Hz. Abaitua, Xabier Aizpurua, Itziar Gillenea, Bittor Fernandez, Lide Arana, Lurdes Otegi, Pablo Sastre, Iñaki Uria, Tere Irastorza, etab. aurkitzen ditugu. Bilera informal haiek edozein tokitan gerta zitezkeen, X. Aizpuruaren garajean, adibidez. Literaturarekiko axolarik ez zegoen garai hartan unibertsitatean, ez ikasleen ez unibertsitatearen beraren aldetik.

        Tertulia horien ondorioz, Tertulia izeneko orri-sorta bat muntatu zuten, anonimatotik atera gabe. Josu Landa zen behirik buru-gogorrena, eta orri-sorta marjinal haietatik aldizkari bat sortzeko pausoa eman beharra iruditu zitzaion. Azken finean, helburua ikasleen artean literatur giro bat sortzea zen, eta taldeak, bere dinamika literarioa jarraituz, ez batek edo bestek, baizik denek, aldizkari bat sortzearen ideia jeneralari ekin zioten. Ez "aldizkari bat" ateratzearren, giro literarioa nolabait finkatzearren baizik.

        1979. urteko abenduan eta 1980an, baliabide txarrekin eginiko aldizkari multikopiatua eta letra oso txikikoa agertu zen Donostian, Mundaizko zelaietan belarra jaten. Errektoreak dirua ukatu zien, eta poltsikoak garbituz, susara zeuden haiek muuka hasi ziren.

        Jakin aldizkariko ale batean agertu zen behin Nemesio Etxanizen poema autozentsuratu bat, bera hil eta gero argitaratu zena, eta "Susara" edo zeritzana. Heldu zen aldizkari hari izena jartzeko eguna, eta izen-pilo bat eraman zituzten taberna batera. Era guztietakoak zeuden; B. Atxagak gutun baten bidez "Avanti Poxpollo" proposatzen zien, baina azkenean X. Aizpuruak, aurrez Mikel Hz.k berari erakutsitakoa, Jakin hartako "susara" eskaini zien. Behiak susara, susaa, susa. Bedi, "susa"n geratu zen dena.

        1979ko abendua/1980. urtean sortutako Susa-k gaur egun arte dirau, Kandela-koen hitzetan "jende gaztearen eskutan dagoen aldizkaririk beteranoena", 28.eraino iritsi izanik. Baina izan du Susa-k garapen eta aldaketa dexenterik orain arteko bederatzi urte hauetan. Hala eta guztiz ere, bere funtzioari fin segitu dio, hau da: idazleentzat plataforma izatea, liburuak idazten hasi aurreko antesala; eta kritika eta informaziorako zerbitzua. Susa ez da kasu gehienetan aldizkari amenoa izango, ez du Pott-ek zuen informalitate bitxi hura edukiko.

        Lehenengo aletik bigarrenera ia urte bat pasako da, ez bait zuten inongo aldikotasun finkorik zehaztu hasieran. Norberaren zaletasunak gauzatzeko modu bat zen hura, eta lasai zebiltzan. 3. alerako I. Uria eta Josu Landa Argia-n sartzen dira, Mikel Antzarekin batera, gero Susa-n ere lan egingo duena. Momentu horretan EUTGko zelaietatik alde egiten hasten dira, haustura bat sumatzen da, eta Argia-rekiko harremanak eta loturak sendotzen. 3. ale honek hasierako aldizkariaren formatua ere hautsiko du, Argia-rena bezalakoa suertatuz. Ale horretatik aurrera, beti, jatorrizko formatua erabiliko dute. Nahiz eta Argia-k dirurik ez dien emango, infraestruktura, inprenta, papera, eta jestioetan erraztasunak eskainiko dizkie. Une honetan Susa-n dabilen jendearen artean sartu-irtenak egongo dira; batzuk Argia-n dabiltzanak, eta izpirituz behintzat ikasle diren beste batzuek aurrera eramango dute Susa "erdibideko prozesu" honetan. Oraindik Argia barruan definitu gabe daude, heterodoxo.

        4. aletik aurrera (1982ko urtarrila) Argia-ren garaian sartzen da Susa, eta horrela marjinaltasunaren trapu zaharrak zakarrontzian geratuko dira. Fase honetan J. Landa, I. Uria, M. Antza, Eneko Olasagasti, Xabier Montoia... aurkitzen ditugu. 1983. urteko azaroa data oso garrantzitsua izango da: liburuak ateratzen hasten dira, argitaratzen. Ordurako erabakita zuten aldikotasuna: aldizkari hiruhilabetekaria.

        Liburuak argitaratzearena halabeharrezko pausoa izan zen: X. Montoiak poema-liburu bat zuen; batetik bestera ibili zen non publikatuko, eta inposible. Arrazoi bibentzial horregatik, Susa-k, Argia-ren laguntzarekin, argitarapenaren ardura bere gain hartu zuen. Ez zuten inongo asmo edo proiektu transzendentalik, liburu hura kaleratzea baizik. Baina asuntua konplikatu egin zen, bazegoelako beste jende gehiago arazo berarekin. Horrela, liburuak etorri ahala, Susa-koek argitarapenei ekin zieten.

        Liburuen argitarapenak sendotzen eta handitzen doazen neurrian,eman dezake aldizkaria bere garrantzian jaisten doala. Lehen Susa-n aldizkaria zen gehiena, eta orain proportzioan beherantz doa. Baina egia da liburuek ematen ez duten dinamikotasuna aldizkariak ematen duela, zeren aldizkaria izango bait da liburuetara heldu baino lehenagoko esperimentatzeko lekua, plataforma. Konpromiso gutxiagoko plataforma izango da, lehenago ausartzen bait da idazlea aldizkarian ipuintxo bat ateratzen, liburu bat publikatzen baino.

        Orain dela hiruren bat urte arte Susa trebatze-plataforma izan zen, barruko jendeari begira eta baita kanpokoari ere. Lehen guztiz indiskriminatuak ziren. Dena ateratzen zuten, ona zein txarra. Orduko giroa kontutan hartu behar da: poesiak, adibidez, ez zuen piperrik balio, eta horren aurrean Susa-k erreakzionatu egiten du, eta lan horien plaza bihurtzen da. Argitaratutako liburuekin gauza bera gertazen zen: lehen 30ak arte ez zen bat ere atera gabe gelditu. Ateratzea zen inportanteena, gero kantitatea eta, azkenik, kalitatea.

        Gaur egun, seriotu egin dira Susa-koak, eta kalitateari gehiago begiratzen diote. Serio ala ez serio, bizi bedi luzaroan, zeren eman dituzten 21 ale eta 47 baino gehiago liburuek merezi izan bait dute. Benetako plataforma izan da zalantzarik gabe, beti euskara hutsa erabili izan duena.

        1980. urtean beste aldizkari bat aterako da kalera, itxura ederrekoa eta liburu bat bailitzan: Xaguxarra. Donostian ateratzen den aldizkari honek bi urteko iraupena izango du (1980-1981), urte bakoitzean ale bana aterako duelarik. Literatur aldizkari honek badu bereizkuntzarik: Hordago argitaletxea da bere aita eta aita pontekoa. Lehenengo alea osatzen duten idazleak: Txomin Peillen, J. Sarrionandia, J. Landa, Andolin Eguzkitza, I. Uria, Batxiller Zalakain eta M. Anza ditugu. Ale biak autore "madarikatu"ei daude eskainiak, Edward Spencer Dodgson-i (1.a) eta Jon Miranderi (2.a). Ene ustez kalitate izugarri oneko idazlanak agertzen dira bertan, baina sortu zen bezala desagertu zen olatua, Hordagoren itsas bazterrean alegia.

        Donostiatik Bilbora: 1981. urtea. Labayru Ikastegiak aldizkari bat plazaratu zuen urte horretan: Idatz & Mintz. Labayru Ikastegiaren barruan sortu zen literatur aldizkari hau. Ikastegi horrek lantzen zituen arloetarik bat hizkuntzalaritza zen; horren barruan hizkuntza eta literatura sartzen ziren. Hasieran irakaskuntzan aritzen ziren bakarrik, eta orduan argitarapenei ere leku uztea komenigarri iruditu zitzaien. Horrela sortzen da Idatz & Mintz. Era ezberdinetako lanak barne nahi zituzten, batez ere kantera erakarriz, nahiz eta ospedun izenak agertuko diren. Adolfo Arejita, J.A. Etxezarraga eta Jon Kortazar-ek jarri zuten lokomotora martxan.

        Aldizkari honen helburua, idazle berrien plaza izatea da; eta Bizkaiko irakurleei gaur egun idatzitakoa irakurtzeko aukera ematea, era horretan ikasleek eta edonork eredu horien ezagupena izan dezaten.

        Bizkaieraz idatzia egongo da gehienbat aldizkaria, nahiz eta batuaz idaztea posible den. Lehenengo alean bai, baina hurrengoetan ez dugu editorialik aurkituko; hasierako editorial hori Mikel Zarateren alegia bat izango da, "Idatz eta Mintz" tituluduna, eta hortik etorriko zaio, beraz, aldizkariari izena.

        Idatz & Mintz aldizkari eklektikoa da: gaurkoa da, baina lehengoari lekua utzita. Aspaldiko autoreak aurkituko ditugu, Azkue bezala, eta ez hain aspaldikoak, Agustin Zubikarai eta Eusebio Erkiaga bertan izango bait dira. Horiekin batera, martxa hartuta duten idazleekin egingo dugu topo, J. Sarrionandiarekin adibidez, eta ez hain ezagunak direnekin, plataforma honek dagoeneko "espaziora" lantzatu dituenak, Miren Agur Meabe eta Laura Uruburu, norbait aipatzearren.

        Zirkulu txiki batean mugitzen da aldizkaria, Bizkaian batez ere, baina ez zaie inporta, dituzten helburuak ezin hobeki betetzen bait dituzte: "Helburu komertzialik ez, mesedez, zerbitzu bat gara", komentatzen zidan aldizkariko batek, atera dituzten 15 aleak mahai gainean, ordena osoan, jartzen zizkidan bitartean.

        1982. urteko otsailean, oraindik iparra galdu ez duen aldizkari berri bat ezagutu genuen, Iparraldeko idazleentzat plataforma baliotsu eta beharrezko bihurtu dena: Baionako Maiatz.

        1981ean bilerak egiten hasi ziren dozenerdi gazte; konturatu ziren, Iparraldean, idazle "klasiko"ez aparte, bazeudela hainbat eta hainbat idazle ezkutuan, ezezagunak zirenak eta beren lanak erakusteko aukerarik ez zutenak. Horrela 1982. urtean Maiatz kaleratuko dute "gure sendimenduak ez diten bakarrik pasa bainan bizi ditzagun. Maitasuna, lana, tristezia eta mendiak, esperantza eta gau baten zoriona, euskaraz" (29). Literatura bizirik ta bizia oihukatzen dute lehen aletik. Ildo honetatik jarraituko dute, baina topatzen dute kontrasterik bidean. Iparraldean bi belaunaldi dira, "klasikoak" alde batetik, eta "berrizaleak" bestetik. Biak bat egiten saiatuko dira, euskara zaharra baina hilzorikoa, eta kaletarra, berria; barnealdekoa eta kostakoa.

        Euskara hutsean ateratzen da hasieran seihilabetekaria zena, eta orain hiruhilabetekaria. 15 ale plazaratu dituzte dagoeneko. Maiatz ez da Iparraldean bakarrik gelditu, eta bere armadarako hegoaldeko soldaduak ere onartzen dituzte, herrialde bien artean loturak eta zabalkundea indartuz. Iparraldekoentzat egina izan arren, besteontzat ateak zabalik dauzka. Maiatz batasunak, aldizkariarekin batera, 1986. urtetik aurrera liburuak ere argitaratuko ditu, eta Argia-ren urtekariak zioen bezala, "gaurregungo korronteak plazaratuz gain, euskaraz eginiko literaturan sortzen ari den oinarri hortan zimentazio lana egiten dihardu" (30).

        Baionan "zoroen itsasontzia" hartu eta Gasteizko Portus Facultatis-era abiatuko gara. Kamarote hautseztatu honetako kalendarioak 1982. urtea seinalatzen digu. Berehala grumeteak panflo batzuk erakusten dizkit, guztiz subertsiboak, filologiako ikasleek eginikoak. Komunetan banatzen dituzte, eta ez daude izenpeturik, nola egongo dira, bada. Giro honen inguruan Jon Juaristik eta Carlos Blanco Aguinagak "Taller Literario" bat sortuko dute euskal filologiakoen artean (1981-1982). Ondoren Itziar Laka, Xabier Etxaniz, Jose Antonio Blanco eta abarrek itsasontzia abordatuko dute. Kronikek diotenez, 1982. urteko otsailean gertatu zen hau. Itsasontziari, hots, sortuko duten aldizkariari, Stultifera Navis deituko diote: Literaturtegiak kreatuko duen literatur sormenezko aldizkari elebiduna. Bizitza laburra izango du, eta 1983. urteko apirilean hondoratuko da, bi ale eta naufrago literaturzale batzuk salbatuko direlarik. Horrela, Gasteizen bertan eta fakultate berean, Kandela, aldizkaria sortuko da. Kandela-rioak —X. Etxaniz, Yulen Arriolabengoa, Jon Iñaki Lasa, eta Tere Irastorza (J.A. Blanco-ren laguntzarekin; Manu Lopez hiru hilabete beranduago sartuko da taldean)— ez ziren biltzen hasi printzipioz aldizkaria ateratzeko; egiten zituzten lanak hartu, eta denon artean aztertzea nahi zuten, besterik ez. Ez zuten helburu berezirik, lagunarteko giroa zen garrantzitsuena. 1983. urteko abenduan ateratzen dute 1. alea. Argia-ren laguntza izango dute inprenta kontutan, eta euskara hutsean literaturaz arituko dira. Kreazio-lana izango da gehienbat egingo dutena. 2. alean, aldiz, (1984eko maiatza) euskal literaturari buruzko eztabaidak mantenduko dituzte, eta garai hartan zeuden mugimendu literarioak tratatuko.

        Beren buruei eta euskal kulturari barre egiten diote; kultura literarioa dudatan jartzen dute. Baina kontutan hartu behar dena zera da: ez zuten aldizkaria sortu beren lanak bertan argitaratzeko helburu bakarrarekin —bazuten aukera edonon hori egiteko—, talde-lanean esperimentatzeko baizik. Elkarrekin egin ohi zituzten zenbait artikulu, eta 1984aren bukaeran liburu bat argitaratu ere bai: Euskal Letren Dantza 1983an (Literatur produkzioaren kritika-urte horretan).

        Argi dagoena zera da: nahiz eta berek aldizkariak sortzea literaturgintzarako plataforma bezala guztiz ez kontsideratu, beren proiektua aldizkaria, plataforma, bihurtu zen gerora.

        Ikusten dugun bezala, aldizkariak alde guztietatik azaltzen zaizkigu, perretxikoen gisara. Neurri handi batean denak dira literaturgintzarako plataforma. Ondoren aipatuko ditudan aldizkariak bigarren faseko azken aldikoak lirateke. Eta horixe bera egingo dut batzuekin, aipainen soila besterik ez, zeren bizirik dirauten horiek analisi sakon bat behar bait dute eta horien garapena aurrerantzean segitu (Pamiela eta Korrok). Hildakoei (Ttu-ttuá, Txortan), bedeinkazio luzeagoa emango diet, buruak ez dituztelako altxatuko; eta hor hola-hola (Txistu y Tamboliñ) dabilenari, bi hitz. Eta urteroko horri (Porrot), lau hitz. Arrazoia: etika eta mugak, ezin bait naiz azterketa honetan askoz gehiago luzatu; aginduak agindu.

        Nafarroa aldetik, Iruñetik konkretuki, bi aldizkari aberats, eraberritzaile, nafar eta euskaldun, eta nafartarrentzat, batez ere, plataforma bortitza, sendoa. Alde batetik Pamiela (1983-...), eta bestetik Korrok (1984-...).

        Hilda dago Bilboko Ttu-ttuá (1984-1985, edonon bego), baina hortik zehar zenbait mamuk erritmo konstante hori noizbehinka markatzen dute, joan zitzaigulako, baina ez dirudielako joana denik.

        Ttu-ttuá literatur aldizkaria iniziatiba pertsonal baten ondorio bezala jaio zen, Joanes Urkijo eta Laura Mintegik nahi izan zutelako. Kasualitatearen kasualitatez, egun batean Joanes eta Laurak hitzaldi batean topo egin zuten, eta "Hombre!, cuánto tiempo sin verte" batekin hasi zen globoa handitzen. 16 urterekin Gurutze Gorrian elkarrekin ibiltzen ziren, eta euskaraz tutik ere ez zekiten (horregatik erdarazko agur hori). Batak bestea entzule bezala zetorrela uste zuen, eta azkenean biak hizlari. Euskaraz bazekiten ordurako, noski. Hitzaldiaren ondoren berriketari eman zioten, eta aldizkari bat sortzearen ideia makinatu zuten. Pentsa eta egin. 1984eko udaberrian atera zuten lehen alea. Pott desagertua zenez, Bizkaiko idazleentzat plataforma bat sortu nahi zuten, jende berriak idatz zezan.

        Sei ale atera zituzten urtebetean, baina bi arazorengatik ez zuen aldizkariak aurrera jarraitu. Alde batetik, ez zuten beren artean talderik osatu, biak zeuden bakarrik. Eta bestetik, beren artean izugarrizko koordinazio-falta zegoen, ideia guztiz diferenteak zituzten. Horregatik, neurriren bat hartu beharrean, 2/3. aletik aurrera zera erabaki zuten: inkonpatible zirenez, batek ale bat prestatuko zuen, gaiak, egileak, etab. aukeratuz, eta besteak hurrengoa. Horrela ez zegoen jarraitzerik, eta akabo.

        Aldizkari horretan idazten zutenen aldetik, eskualde bateko aldizkaria izan zela esan genezake, Bizkaikoa alegia, baina ez zuten inoiz printzipiozko mugarik jarri. Hala eta guztiz ere, Bilborekin identifikatua izan zedin nahi zuten, Euskal Herri osoan zabaldu izan zen arren. Beste eskualdeetako jendeak parte hartu zuen bertan, literaturgintzarako plataforma ireki bat suertatuz.

        Iraun zuen bitartean atsegina izan zen.

        Oraingo honetan Durangotik dator soinua. Ez zaituztete txistu eta danboliñaren doinuek parranda osteko goizean ohetik altxaraziko. "Imagina ohe bigun batetan gustoko emakume batekin zaudela. Biluz biluzik. Zuk entzun nahi duzuna esaten dizula, bere kontra estuturik, musukatzen zaituela. Bere titi puntetan borobil bat errepasatzen duzula zure hatzamarrarekin etengabe eta zakila gehiago ezinean daukazula (...)" (31); ametsa beti amets eta txepetxa beti txepetx. Gonbite erakargarri horrekin azaldu zitzaigun Txistu y Tamboliñ aldizkariaren aleetariko baten editoriala.

        1984. urtean lagun-koadrila bi elkartu ziren Durangon eta, betiko mugida aspergarriez kokoteraino zeudenez, herriari martxa pixka bat sartzea erabaki zuten. Hori zen beren asmoetariko bat, zeren "pertsona bakoitzak pretentsio piloa dauka. Talde bezala da ondo pasatzea, gauzak gustora irakurtzea eta harreman roilo bat, harreman sinple baina majo bat gure artean. Gero beste parte batetik euskara arriskutan ikusten dugula eta hutsune bat dagoela Durango maian" (32). Talde-lan horretatik lau ale atera ziren, bakoitza subtitulu ezberdinarekin: T. y T. y otras cosas de las Vascongadas (1. alea), T. y T. y va, le mata, vuelve (2.a), T. y T. y Manolo hazte la cena solo (3.a) eta azkenik T. y T. y Euskadi el país menos movido: el que no está parado está detenido (4.a). Azken alea 1986an atera zen, eta ordutik ez du gehiagorik kaleratu. Askok diotenez, aldizkaria hilik dago, baina bertako partaide den Andoni Mujikak komentatzen zidan bezala, jarraipen baten esperantzarik badago. Taldeko jendea sakabanatu egin da, ete horrek iraupena zailtzen du (Honegatik "hola-hola" zebilen aldizkari kontsideratu dut aurrerago, eta "(1986)" batez bere amaiera markatu).

        Aldizkari elebidun honek, nolabait, literaturaren aldetik —hizkuntzaren arloan sartu gabe— Pott-en eredua jarraitzen du. Koadrila honek aldizkari literario oso gustagarria egiten du bitxikeria modura.

        Herri batetik beste batera: Durangotik Azkoitira. Herri bi hauek izango dira aipatuko ditudan bakarrak, nahiz eta badakidan hainbat herritan beste hainbat aldizkari dagoela. Ez ditut alde batera gelditzen zaizkidan horiek diskriminatu nahi, baina ezin ditugu, salbuespenak beti, benetako literaturgintzarako plataforma bezala kontsideratu, oso-osoan behintzat. Aipagarrienak, neure ezagupenaren arabera, Legazpiko Hots, Zornotzako Lanbroa, Lekeitioko Sustrai, Ondarroako Globo, eta abar luzea lirateke.

        Ondoren tratatuko dudan aldizkaria literaturgintzarako plataforma marjinal eta underground bakarretako bezala aurkez genezake, 1984. urtetik honanzko bidean, noski. Imajina, imajina... etengabe... gehiago ezinean... ezinean... eta azkenean Txortan. Azkoitiko literaturzale gazteek aldizkari literario bat sortu nahi zuten. Izugarrizko gogoa zuten horretarako, baina dirurik ez. Nork emango lioke dirurik Txortan deituko den aldizkari bati? Udaletxeak ez behintzat. Buru-gogor horiek, Juan Luis Zabala, Pako Aristi, Iñigo Aranbarri, Felipe juaristi, Jose Luis Otamendi, etab. beren medio urriekin aurrera ekin zioten. Hiru ale atera zituzten (1984-1985), ezizenez sinaturik eta kalitatezko literatura eginik. Probokazio galanta izan zen hura, eta herriko ente gutxi salbatu ziren. Azken finean, herri guztiaren aldizkaria zen, eta etorkizunean euskal kulturarena. Nork esango gazte haiek! Begira orain non dauden. Undergroundtasunak astinaldi batzuk ematen ditu oraindik ere.

        Aldizkari hartatik zetorren batek, Felipe Juaristik alegia, Esteban Antxustegik eta Koldo Etxabek La Voz diario independentean 16 orrialdeko gehigarri bat ateratzeko asmoa zuten; ondorengo urteetan gertatuko da hau. Euskara hutsezkoa izango zen, baina porrot egin zuen saiatze hark. Hortik datorkio izena hurrengo aldizkariari: Porrot. Felipe Juaristi eta Koldo Etxaberen aldizkaria. Inork ukitzen ez zituen gaiak tratatu nahi zituzten. Ez bakarrik euskaraz, erdaraz ere tratatzen ez zirenak. Ez dira gai marjinalak izango, azeptazio handirik ez dutenak baizik, ez eskuinetik eta ez ezkerraldetik ere. Jendeari gai horiek burutik pasatzen zaizkio, baina ez dute onarpen sozialik: suizidioak, perezak, umeak literaturan... Urtean behin ateratzen dute aldizkaria, gai monografiko batekin, entseiuak eta literatur lanak bertan sarturik. Orain arteko gaiak lehen aipaturikoak lirateke, hiru ale bakarrik atera bait dituzte (1985-...).

        Baina Felipe Juaristi & Cia.ri seriotasun apur bat ere komenigarria zela iruditu zitzaien, eta planteamendu horretatik Literatur Gazeta sortuko da, dagoeneko 8 ale atera dituena. Ene ustez Literatur Gazeta ez da momentuz literaturgintzarako plataforma bat, eta alde batean utziko dut beraz (Biak Donostiarrak, baina bat bakarrik plataforma).

        Makina bat aldizkari/plataforma komentatu ditugu orain arte; Pamiela eta Korrok ez behar bezala, baina uste dut horiek lau hitz solte baino gehiago merezi dutela. Azterketa oso bat beharbada; baina jakin ezazue hor daudela, fuerte, oso fuerte, hemen egonik. Unibertsitateko ikasleek ere sortu dituzte aldizkariak azken urteotan: Enseiucarrean (1985-...), Deustuko Unibertsitatean, eta Kezkak (1986-...) EUTGn, baina horiek beste baterako.

        Hainbeste plataforma eta plataforma, eta ez dugu oraindik petroliorik aurkitu. Nola aberastu horrela? Koheteak ere erdi-bidean lehertu dira. Baina zera jakin izan dugu: euskaldunok badugula literaturarekiko interesik, ardura eta kezkarik.

        Hamar, bederatzi, zortzi, zazpi, sei, bost, lau, hiru, bi, bat... gaur. Hurrengoan gehiago eta hobeto.

 

        (1) ORTEGA Y GASSET, José: «Comentario al "Banquete" de Platón», in: Historia como sistema y otros ensayos de filosofía, Alianza Editorial, 1981, 125. or.

        (2) SOLANO, Francisco: "Sin la misericordia de Cristo", in Reseña, 181. zk.

        (3) "Komikia: Irudizko literatura", Antxeta argitaletxea, Baiona, 1988.

        (4) LERTXUNDI, Anjel: "Paperetik zeluloidera" (Galiziar, Kataluniar eta Euskaldun Idazleen II. Ihardunaldiak), in: Hegats, Donostia, 1985, 148. or.

        (5) OLEA, Enrique de: "Apis", in: Apis, I. alea, 1 zk., (1888.01.05), Bilbo, 1. or.

        (6) LANDA, Josu: «"Panpina Ustela" edo literaturaren errebeindikazioa», gerraondoko poesiaren historia, Elkar-AEK, Donostia, 1983, 69. or.

        (7) SARASOLA, Ibon: "Autores de última hora", in: Historia social de la Literatura Vasca, Akal, Madrid, 1982, 176. or.

        (8) ATXAGA, Bernardo eta IZAGIRRE, Koldo: "Ez dezagula konposturarik gal, halare", in: Panpina Ustela, Donostia, 1975, 31 or.

        (9) Ibidem.

        (10) ATXAGA, Bernardo, IZAGIRRE, Koldo eta SAIZARBITORIA, Ramon: "Oso haserre baikaude", in: Zorion Ustela, Donostia, 1976, 54 or.

        (11) ATXAGA, Bernardo eta IZAGIRRE, Koldo: Op. cit.

        (12) URKIZU, Patri: "Patri Urkizu: literatur heterodoxoa eskaintzen" (Elkarrizketa), in: Argia. 892. zk. (80.11.02), 18. or.

        (13) "Hain da triste la vie de Partiste (1)", in: Pott Tropikala, Bilbo, 1980, 2. or.

        (14) "Pott Bandako lau eguzkitan", in: Pott Bardaren Berriemailea, Bilbo, 1978.

        (15) "Hain da triste la vie de Partiste (II)", in: Pott Tropikala, Bilbo, 1980, 6. or.

        (16) "Berriak", in: Pott Bandaren Berriemailea, Bilbo, 1978, 1. or.

        (17) "Kazetatxoak", in: Pott Bandaren Blaga, Bilbo, 1978, 3. or.

        (18) "Pott", in: Pott Bandaren Braga, Bilbo, 1979. 2. or.

        (19) Ibid.

        (20) "Kazetatxoak", in: Pott Bandaren Plaga, Bilbo, 1980. 1. or.

        (21) «Hain da triste la vie de Partiste (II)", in: Pott Tropikala, Bilbo, 1980, 4. or.

        (22) Oh! Euzkadi manifestuan, Donostia, 1978.

        (23) Ibid.

        (24) Ibid.

        (25) KANDELA: "Oh! Euzkadi", in: Euskal Letren Dantza 1983an, Hordago, Donostia, 1984, 13. or.

        (26) "Nous dormirons ensemble", in: Oh! Euzkadi, 15. zk. (1983.03), 1. or.

        (27) "Jaiotzeko jaio naiz", in: Zurgai, 1. zk. (79.03.04), 2. or.

        (28) KANDELA: "Susa", in: op. cit., 13. or.

        (29) "Aldizkari bat...", in: Maiatz, 1. zk. (82.02), 1. or.

        (30) "Literatura: erreferentzia berriak urteroko lerrotik", in: Euskal Kulturaren Urtekaria. Argia, 1986, 150. or.

        (31) "Editoriala", in: Txistu y Tamboliñ, 2. zk. (1984).

        (32)"Durangon martxa sartzeko literatur aldizkaria" (Argia-ko T. Manterolarekin elkarrizketa), in: Argia, 1.018. zk. (84.06.03), 34. or.

 

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuak diruz lagundua.
Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailek ere parte hartu dute
gordailu honen finantziazioan.