Itz Lauz
Aita Añibarro, euskal-idazlea
(1748-1830)
Aita Villasante
A. Añibarro, Zarauzko Mixiolari ta euskal idazleaz degu gaur solas. Baiña beronezaz mintza orduko, esan ditzagun lenbizi itz bi, ataurre bezala, bai aldi artako giroaz ta bai Zarauzko Mixiolariez ere; eta jarraian azalduko degu Añibarrori berari dagokiona (bizitz-xehetasunak, idazlanak t. a.).
MENDE-GIROA.
Versailles-ko jauregian axal apaiñetan bizi omen ziran odol urdindunak. Bitartean berriz, gizarteko errai ta kolko ezkutuetan odeia sortzen ari zun. Ekaitz bildurgarriaren otsa aisa aditu zitekeen, orruka ta marrumaz, gero ta azkarrago. Enziklopediak ereindako gogai berriak ernemindu ziran: askoren buru-biotzetan irakiten ta erdi-bearrez zeuden. Ekaitza urbil zela edonor suma zezakean. Luis Amabosgarrenak noizbait esana omen da: Nere ondoren, ugoldea. Ta alaxe gertatu ere. 1789 gn. urtean askatu ziran, geiago ezin lotzeko eran, ordurarte katigu zeuden ur aundiak. Luis Amaseigarrenak ta bere emazteak urkamendian pagatu zituzten, ez beren erruak, aunitzen iguiñean zegoan erregimen zaarraren ageriko buru ta irudi izatea baizik. Beren buruetan mamiturik bezala baitzegoan bein betiko kendu ta aldatu nai zan gauzen egoera ura. Odolak bazterrak gorritu zitun.
Europa-ko Estadu ia dana, Frantziako errege-erregiña gaixoen eriotzaz izutu ta asaldaturik, erabat Frantziari gerra deklaratu zioten. Republika jaio-berriaren mutillek, ordea, Enziklope diaren ardo berriaz orditurik-edo, Marsellesa gudu-kantaren soiñuak gar biurturik-edo, etsai denak ezi zituzten, eta azkenik gaillen gelditu ziran.
Espainiak ere, une ontan, gudukatu zun Frantziarekin, bere kalterako ordea. Frantzitarrak mugako bi ertz edo muturretatik Espainian sartu baitziran, eta Gipuzkoa osoa ta beste lur-zati batzuk artu ta menderatu zituzten (1794). Orduan Espainia frantzesokin pakezkoa egitera etorri zan, eta Basileako Pakea 1795 gnean, firmatu ondoren, gauzak lengora biurtu ziran.
Andik amairu urtera, Napoleon Frantziako agintaritzaz altxa zan, eta Frantzia ezezik, Europa osoa ere bere esanera ekarri nai izan zun. Orretarako bere senitarteko erregek jartzen zitun or-emen; orok dakigunez, bere anal Jose bialdu zigun Espainira. Onekin lengoa baiño gudu luze ta odoltsuago bat sartu zan Espaini osoan frantzesen aurka (1808-1814).
Gora-bera negargarri asko ikusi bearrean aurkitu zan une ontan gure erria. Aipatu dezagun Donostiko uri onen erreketa lotsagarria. Inglesak espaiñolakin elkarturik zebiltzan Napoleon en aurka, eta 1813 ko agostuaren 31-an uri onetan sartu ziran, frantzesak emendik alde egindakoan. Donostiar gaixoek «atsegin aundiarekin, ongi etorri pozkidatsu» egin omen zieten. Tuntunakin atera omen ziran otso odolzale aei agur egitera, askatasuna zekarrenari zegokionez; baiña legegabeko jende biurri ark egundoko odol-isurtze, kiskaltze ta lotsagabekeri egin zitun emengo biztanleekin. Iztuetak bere Gipuzkoako Dantzaen itzaurrean utzi digu gertaera beltz onen oroigarri. Bein edo bein gerra ura ere bukatu, eta paketu ziran gauzak, Napoleon-en izarra betiko itzalitakoan.
Baiño frantzitarrek ereindako azia aurki asi zan Espainikn bertan ernetzen ta erroak egiten. Fernando Zazpigarrenak Cádiz-ko Konstituzioa artu bear izan zun. Orduko, berriz, Frantzian erregetza restauraturik zegoan, eta Espainiko erregea liberalen mendetik ateratzeko, 1823-an berriro etorri zitzaizkigun frantzesak, ots, San Luis-en eun milla seme izendaturiko aiek.
Gertaera aundi oen txipristin eta astinaldiak mende artako idazleetan oiartzun uztea, ezta batere arritzekoa. Añibarro euskal idazlea ere gorabera oien erdian bizi ta loretu zitzaigun, eta berak idatzitako Zarauzko komentuko kronikan luze ta edatsuki mintzo da gertaera auezaz. Bidezko zan, beraz, aren bizitzaz ta idazlanez jardun aurretik, orduko mundu-giroari gain-begiratu au ematea. Gero esango degunez, Añibarro bera ere Baionara eramen zuten preso frantzesek.
Gure praille au Revoluzioko idea berritarako ertsia genun, tradizio zaarrari sendo atxikia. Begi okerrez ikusten zitun ark frantzesok, eta batez ere beroin asmo ta uste berriak, kristau fedearen ukamenaz naste zetoztelako, nunbait. Napoleon-ek jarritako sasi-erregeri etzion, berak dionez, Zarauzko prailleetatik iñortxok burua makurtu ez balakurik egin. 1823-ko frantzesen sarrera ura, ordea, begi onez ikusi zun; jakiña, oraingo onetan erligioari, erregeri ta Nazio osoari laguntzera baitzetozten... (1).
Orra, zertzelada bitan adierazita, munduak gure idazle onen bizi-denporan ikusitako astinaldi gogoangarriak.
ETXE-GIROA.
Etxe-giroa Euskalerri-barrukoa esan nai det nolakoa genun jakiteko, arrotz bati eskatuko dizkiogu albisteak. Izan ere, aldi artako Euskalerriaz xehetasun gogoangarri asko jakiteko, ba ditugu argitasun bikaiñak Guillermo Humboldt-ek idatzitako oroigarrietan. Ain zuzen, urte oetantxe degu Humboldt Jaun ori Euskalerrira etorria. Ziñez, gaurko euskaldunari biotz-ukigarri zaio aren aitorrera eta oarpen sarkor-zeatzak irakurtzea. «Peu d'hommes ont su voyager comme Guillaume d'Humboldt» esan izan da, eta egitan, begi bizkorrak izan zitun atzerritar onek gure erriaren berezitasun arrigarri eta bikaintasunak atzemateko. Bi ostera egin zitun Humboldt-ek Euskalerrira. Aurrenekoan bere emazte Karoline, iru seme-alaba koxkor Karoline, Wilhelm, Theodor, neskame Emilie ta adiskide Christian Gropius lagun zituala. Bigarrengoan Bockelmann adiskidea bakarrik ekarri zun berakin. Aurrenengo ostera 1799 gnean. izan zan, ta bigarrena 1801-an, au da, lenbiziko gerratetik bigarrenera bitartean.
Schiller-i egindako eskutitzean orra Humbold jaunak gure erriaz zer dion: «Txoko tipi, baiño ikusgarri, alare, Euskalerri. Berau degu bederen, jatorrizko izkuntza berezia gorde izan duen Europa-ko lurralde bakarra. Ele berriok baiño mintzo zarragoduna, iñongo izkuntzakin senidetasun urko ta alkar antzik nabari eztun izkuntzadun erria, alegia» (8 orr.).
Eta Goethe-ri: «Eztut egundaino izakera bereziagorik ikusi, esan nai det: jatorrizko izaera-legea euskaldunak aiñako neurrian gorde duan erririk, bere aurpegiera jatorra agiri-agirian, ta are aurrenengo kolpean ere, oni bezala nabari zaionik» (45 orr.).
Euskal frantzes ta euskal espainolen artean nabari dan alde aundia ere zeatz-asko deskribitzen digu. Biak erri bakar bat osatzen dizute, ori ukatzerik eztago; ala ere, mugaz onaindikoak mende askotan zear Espainiko erriekin izan dute ar-eman ta biziera, eta ortik espainitarren seriotasuna itsatsi zaie; mugaz araindikoak, aldiz, frantzitarren gogo ariña agiri dute. Ori dala-ta, oar sakon au egiten du Humboldt-ek: izan ere, gorabera moralek, sarri-askotan, fisikoak baiño indar aundiago ta zerikusi geiago lortu daroe errialdeen kondaira eta biziaroan (51 orr.).
Erri menditarra agiri zaio gure erria Humbold Jaunari. Ots, asierako maillatik urbil gelditu dan erria, abenda landugabea, basati-itxurakoa; baiño garbi ta naastugabea. Besterik dio Cataluña-z: Cataluña-k tratulari-erri baten ezaugarriak ditu; sal-erosietarako jende aukerakoa, merkataritzan txapeldun izateko jaioa. Cataluña Frantziaren luzapen bat bezala irudi zaio. Euskalerriak, aldiz, eztu kidekorik, ez Frantzian, ta ez Espainian ere, erri oso berezi-berezia baita (31, 54-55 orr.).
«Euskaldunengan aurkitu izan dut aurrera ere berak, beren buruaz ta areago beren sorterriaz, txit pozik ta arrosko daudela. Beren sorterri orren ondoan eztute deus ere estimagarritzat jotzen. Orrelako sentipenak ditun erria, ezta dudik, erri osasuntu ta azkarra izan bear, derriorrean. Alakoen zaiñetan odol bikain-zindoa dabillela ezagun da» (60-61 orr.).
Gaztela-n barrena sartzerakoan, lurrak egiten dun itxura-aldatze ikaragarria ere zeatz kontatzen digu bere oroigarriotan (29 orr.).
Humboldt-ek bere bi ostera oik egin zituanean, Zarautz-en genun gure A. Añibarro. Gaiñera, bigarren osteran Gipuzkoa-ko itxas-ertzea batetik bestera igaro zuan, eta Zarauztik ere pasatuko zan, noski; baiña elkar ezagutu zutenik eztakigu. Alemanitar buru-jantzia erabe izango zan, bearbada, praille latz, ertsi, ta goibel-itxurako aien atera ots egiteko, gero Markina-n Mogelekin, ta Durango-n Astarloa apaizekin, adiskidetasun miña egin bazun ere (2).
ZARAUTZ-KO MIXIOLARIAK.
Orixe Jaunak, Zarautzko gure komentuaz, gorasarre-itzak idatzi zitun: «Zarautz-en badugu Komentu bat Euskalerriaren eta euskeraren alde lan poliki egin diguna» (3).
Aita Añibarro ta ango beste euskal idazleak loretu orduko, Larramendik ere aipamen laudoriozko bat utzi zigun Zarautzko Mixiolariez. Bere denporan predikuetan euskera txar, trakets ta batere landugabea erabiltzen zala esan ondoren, exzepzio bat egiten digu, alare. Ona emen bere itzak
«Ya es tiempo de hacer la excepción que tengo ofrecida. No se puede dudar que de pocos años a esta parte se predica en vascuence menos mal que antes, y que hay predicadores que en sermones morales predican abolutamente bien y con limpieza, y con gusto y fruto de los oyentes. Así por lo común los misioneros en sus sermones, y con especialidad los franciscanos misioneros de Zarauz, que a su mucha virtud y observancia, y al celo de las almas, han añadido el cuidado y trabajo de predicar un vascuence claro, inteligible, limpio y bien ordenado, según el carácter y sintaxis de la lengua, y desmienten con su práctica las quejas mal fundadas de los vascongados holgazanes» (4).
Beraz, A. Larramendiren denporan Zarautzko Mixiolariak nabarmentzen ziran, euskera egoki eta tajuzkoan predikatzen zekitelako. Dudik gabe, beren zeregin santua bide dan bezala betetzeko ardurak ekarri zitun prailleok euskera lantzera, eta pixkaka-pixkaka beren komentua euskaltzaletasunaren kabi bero eta mintegi trebea izatera iritxi zitzaigun. Bertakoak dituzute Añibarro, Zabala, Jose Kruz Etxeberria ta Jose Antonio Uriarte, denak euskal idazleak; lenbiziko irurak kideko; atzenengoa, berriz, geroxeago bizi izana.
Tamalez (Añibarroren lanezaz itz egitean esango danez) gizon prestu oen lanetatik laurdena ere etzan eguzkitaratu; eta an gelditu izan dira, Zarautzko komentuko artxibuan, ardura ta arreta aundiz gorderik, ori bai, baiño argia ikusi gabe. Eta artxibu orretan, etxekoen euskal lanak ezezik, baita kanpotik ekarritako esku-idatzi euskerazkoak ere gorde, eta betiko galtzetik begiratu izan dira: ala, 1881 gn. urtean, Durango-n Mogel-en Peru Abarca argitara zanean, Zarauzko frantziskotarrek zeukaten jatorrizko idazkitik argitara zan; eta Urkixo jaunak, «Obras vascongadas del doctor labortano Joannes d'Etcheberri», bere edizio eder ori, Zarauzko frantziskotarretan aurkitu zitun esku-idatziei eskerrak, egin al izan zuen. Eusebio Azkue-ren olerki-mordoa ere an dago gorderik, eta antxe ezagutu ta irakurri zitun bere seme euskaltzainburu argiak.
Azkue jaunak maiz aipatzen eta aotan artzen ditu Zarautzko esku-idatziok. Esan dezagun, bada, zerbait komentu onezaz noizkoa dan, eta aren berezitasuna, ezpaitzan gaiñerako frantzis kotarren antzekoa, biziera ta xede berezia zeukana baizik. Komentu au 1610 gn. urtean sortua degu. Juan de Manzisidor jauna, Zarautzko seme argi, eta Flandes-en erregeren Zadorlari izandakoak sorrarazi zun. Kantauriko frantziskotarrek zeukaten komentuetan beartsuenetakoa izan omen zan beti; Añibarroren beraren itza erabiltzeko, goseak illena, ots, «el más famélico». Meza-sariaz ta eskean jasotakoaz bizi bear, eta eskean ibiltzeko zabalgune estuegia izan komentu onek (Zarautz, Getaria, Orio, Usurbil eta Aya erriak bakar-bakarrik). Añibarrok digunez, beti zorrez josirik egoten omen zan bere komentu gaixo au. Eta Mixiolariok etorri baiño leenagoko Aita Observanteak, sarri-askotan, erriko elizara joaten omen ziran Meza ematera, etxean argizaritarako izan ez-ta.
Erromako Aita Santu Inozenzio Amaikagarrenak (1676-1689) emandako Bulden indarrez eraiki ziran Espainiko toki askotan Mixiolari-Aztetxeak (Colegios de Misioneros Apostólicos). Etxe auek eskola edo mintegi batzuk bezala ziran, mixiotako praille trebe-aukerakoak azi eta ateratzeko.
1746 gn. urtean Kantauriko Provintziak Zarautzko komentu au izendatu zun Aita Santuaren agindu ura betetzeko. Urte onetan, bada, Zarautzko komentua Mixiolari-Aztetxe biurtu zitzai gun. Mixiolari-Aztetxe berri onek, bere asieran, Sahagun-go aztetxeko lau Mixiolari ospetsu izan zitun, bide-erakusle edo maisu bezala onera ekarriak. Ondo laister asi ziran Zarauzko Mixiolariok euskal errietan oso ezagunak eta estimatuak izaten.
Añibarrok berak esanda dakigu, gaiñera, Kantauriko Provintzia eta Mixiolari-Aztetxe ori etzirala beti ondo konpondu. Lenbiziko 70 urtetan, bere berezitasuna gora-bera. Provintziaren menpean iraun zuan, baiña gero, 1817 gn. urtean, Kantauriko Provintziburuaren menpetik askatu, eta bere eskuko biurtu zan, edo obeki esateko, zuzenean Aita Generalaren eskumendean jarri zan.
Mixiolari-Aztetxeok ba-zituzten beren arau jakiñak edo lege bereziak. Biziera latza zeramaten, ixiltasunik aundienean, eta beren egikizuna bete al izateko, maiz izaten zituzten elkarrekiko solasaldi eta erakusaldiak Moral eta Aszetika gaiezaz. Zarauzko etxe au, Euskal-errian lan egiteko sortua zanez, etzan bere xede onezaz aaztu; orregatik, beste iñongoak baiño leenago, praille euskaldunak nai izaten zitun. Ara zer dion ontaz etxeko araudiak
«Y porque el principal fin que se tuvo en su erección fué el cultivar el País vascongado se manda que en concurrencia de Predicadores pretendientes sean preferidos los prácticos en su lengua particular a los que no lo fueren; pero en caso de hallarse el Seminario suficientemente provisto de semejantes Predicadores, podrán admitirse aún los puramente castellanos» (5).
Gure prailleon mixioak etziran beti ondo artuak izaten. Aita Añibarrok idatzitako kronikan ba-dira ortaz ere xehetasun jakingarriak. Obispo Jaun batzuk etzituzten Mixiolariok maite. Calahorra-ko Fco. Mateo de Aguiriano Obispo Jauna, beiñola etsai izandakoen artean aipatzen du, baiño gero, mixio auen frutuak bere begiz ikusi ondoren, oso aldeko jarri omen zitzaien. Mixio oen kontra jartzen ziran aitzakizko sostor edo korapilloak ere adirazten ditu: pekatuak argiroegi, xehetasun geiegirekin azaltzen eta zeatzen zituztela, eta batez ere Seigarrengo Mandamentuan bear baiño geiago luzatzen zirala, eta ortik, jakiña, askon begiak zabaldu eta pekatu egiten erakusteko arriskua zetorkela...
Dantza ta erri-jolasok dirala ta eztirala ere, izan zituzten istilluak gure Mixiolariak. Batez ere, Valmaseda-ko urian egindako mixio batean. Pekaturako bideak errotikan kentzearren, dantza ta jolasok ere eragotzi bear zirala-edo esan bide zuten Mixiolari ertsiok, ta erriko agintariek, ori geiegikeri zala-ta, agerkai bat eman zuten moldera, Mixiolarion aurka. Orduan Zarauzkoek Aita Palacios Mixiolariari agindu zioten Valmaseda-koei errantzutea. Palacios-ek erantzun luze-edatu bat egin zuen: «Respuesta satisfactoria del Colegio de Zarauz a la villa de Valmaseda sobre la cuestión de los bailes». (Iruñan argitaratu zan, 1791 gn. urtean.)
Orrelako auzi-mauzi batzuk kenduezkero, Zarauzko Mixiolariak jaso ta estimu aunditan zeuden non-nai. Eta dakigunez, Bidasoz onaindiko Euskalerriaren edadura guztia zan aien baratz edo lantoki autatua. Erriz-erri ibiltzen ziran Jainkoaren itza euskaldunei euskeraz irakasten.
Añibarrok idatzitako Zarauzko kronika aipatu ortan, gibelaldeko orrietan, Gipuzkoa, Bizkai, eta Naparroako erri euskaldun guztien zerrenda dator, Mixiolarien jakingarritzat egiña, noski. Euskeraren mugak aldi artan (XIX gn. mende-asieran) noraiño eltzen ziran jakiteko, garrantzi aundikoa. Etxeko Mixiolariek emandako Mixioen kontu ere ba-dago kronika onetan: zein urtetan, zein erritan ta zein Mixiolarik eman zitun jartzen du, alegia; baiño tamalez, ezta kontu osoa, urte-mordo aundia igaro baitzitzaien paperean ezer jarri gabe; guztiarekin ere, dagoena asko da Mixiolarion zabalgunea jakiteko.
Bere bizkaierazko Geroko Gero-ren itzaurrean, Mixiolariok Euskalerri osoan barrena ibiltzen zirala aitortzen digu A. Añibarrok; orregatik, bere bizkaiera eztala bearbada beti-beti guztiz jatorra izango-ta, bildurrez dago
«Euskeran egin dot alegiña Bizkaikoari jarraitzeko; baiña zelan Kolegio onetakoak ain laster gabiltzan Bizkaian, zein Gipuzkoan, Araban ta Nafarroko berba egikuna ta itzkuntzetan, utsen batzuk idoroko dozuz, ta orduan ito egizuz ixilik...» (6).
A. Añibarrok konzienzia ta sentipen bizi-bizia agertzen digu Zarautzko mintegi onen balioaz, erriari zekarkion mesedeagatik. Provintzialak eman oi zien laguntza gutziaz ziardula, orra nola mintzo dan: «...acreedor del mayor aprecio y predilección por su Apostólico Instituto y más útil a los pueblos que muchos conventos» (7). Euskaltzaletasunean ere besteak baiño geiago nabarmendu zan. Ala ere, besteetan be izan ziran euskal idazleak. Ain zuzen, Añibarroren denporakoa degu A. Astarloa, Kantauriko Provintzial, bizkaierazko euskal idazle eta beste Astarloa aundiaren anai; Aita Ubillos euskal idazle argia ere etzan Kolegio onetakoa izan.
Espainiko Askatasun-gudua bukatu, eta Mixiolariok beren sakabanatzetik berriz etxeratu ziranean, nolako maite-agiriak eta laguntza aundia erriak egin zien kontatzen zaigu Kronika onetan. Zoritxarrez, pake-unea etzan luzaroko izan. 1835 gn. urtean (Añibarro il eta bost urte igaro orduko) Mendizabal-ek Desamortización izendun lege ura atera zun, praille guztiak beren komentuetatik aterazi, eta aien ondasunak lapurtuz; gero berak ondasun oiek iñori saltzeko, jakiña. Orduan amaitu zan betiko gure Mixiolari-aztetxea.
Etxea ta baratza, ordea, Txopitea ta Altuna Jaunek baituran emandako diruaz erosi, ta leialkiro gorde zituzten, eta gero 1867 gn. urtean, frantziskotarrek komentu au berpiztu zutenean, Jaun oiek etxe-baratzak doarik biurtu eta gaiñera komentuan bertan sartu ziran praille. Orri eskerrak, Zarauzko Mixiolarien paper zaarrak egun arte iraun al izan dute, exklaustrazioko tarte orretan galdu gabe. Gaur eguneon Kantauriko Provintziak praille sartu-berrien azierarako (Noviziadurako, alegia) izendaturik dauka etxe zaar-beneragarri ori.
AITA AÑIBARRO
BIZITZ-XEHETASUNAK
Zarauzko Mixiolarien kronikan A. Añibarrok idatzirik utzi zizkigun bere aurretik ildakoen albisteak. Bera iltzean, ordea, beste esku batek eman zigun beronen biziaroa, laburki adiera zita. Ona emen, oso-osorik ta itzez aldaturik, Añibarrori buruz dakarren gorapena
«El P. Predicador Apostólico Fr. Pedro Antonio de Añibarro, natural de Villaro, en el Señorío de Vizcaya y Merindad de Arratia, autor de los elogios anteriores y de las demás noticias que contiene este libro escritas de su puño. Fué un religioso muy ajustado, abstraído del siglo, amante de la seráfica pobreza y de la disciplina regular y director infatigable de conciencias. Enemigo perpetuo del ocio, todos los ratos que le sobraban después de los actos de Comunidad y otras devociones, los empleaba en el confesonario, en lectura especialmente espiritual, en escribir y en otras ocupaciones con que llenaba bien el tiempo. Frutos de esta su laboriosidad son 17 tomos en 4° de doctrinas, sermones, colección de materiales para su composición, vidas de personas piadosas, cosas notables de este Colegio, traducciones al bascuence de los Ejercicios de S. Ignacio y los cuatro evangelios concordados por Lamy, y otros; entre los cuales son los más notables la traducción del Ramillete de Flores del P. Palacios y la composición del Esculiburu, que salieron a luz impresos en Tolosa por D. Francisco de Lama, la colección de Conjugaciones de regulares e irregulares del bascuence en sus tres dialectos y un pequeño diccionario con las voces diferenciales de dichos dialectos. Observó constantemente la devoción de oír la misa de ocho, la de visitar después de media tarde al Santísimo y la de la esclavitud que consiste en visita de altares y otras oraciones después de comer.
Había sido Guardián de Frías antes de venir al Colegio, y fué Vicario de éste. Murió a los 82 años de su edad, recibidos los Santos Sacramentos y portándose con edificación en su última enfermedad, que consistió en una calentura con congestión al pecho. Yace en la segunda sepultura del presbiterio desde la sacristía para la iglesia, habiendo sido el primero que fué enterrado en dicha iglesia después de la concesión que hizo al Colegio el Sr. D. Fernando VII. Su muerte fué domingo 7 de marzo de 1830, a las siete menos cuarto de la mañana. Conservó firme y clara la vista y bastante entera la cavelladura, aunque cana ni adoleció de más ajes de la vejez que de tos y alguna debilidad de fuerzas» (8).
Aitorrera baliotsu au izango degu gidari, eta arrastorik ziurrena, Añibarroren idazlan-kopurua borobiltzeko. Albiste oezaz gaiñera, liburu-azalari barrutik erantsitako txartel batean beste auek dakarzki: 1748 gn. urteko Abenduaren 5-ean jaioa zala; 1754-ko Azaroaren 26-an konfirmazioko sakramentua artua; 1764-ko Dagonillaren 22-an praille sartua; 1772-ko Abenduaren 19-an mezako egiña. 42 urte zituala (1790 gnean., alegia), Zarauzko Mixiolari-Aztetxerako eskatu zuan, Mixiolaritzan lan egin gogoz, eta arrezkero emen iraun zuan 82 urtekin il zan arte.
Emen, Zarauzko Aztetxe onetan eman zitun, bada, 40 urte. Bakartadeko bizitza ixilla, latza, beartsua, lanari lotua. Izan ere, ezta uste bear etengabeko ibillaldi, prediku ta mixioetan ariko zanik. Bai zera, urteko sasoi jakin eta une autatuetan izango zitun Mixioetako ateraldiok, baiño osterantzean, ortaz kanpora, urterik geiena komentuan emango zuan. Etxetik kanporako ibilli oiezaz baliatzen zan gure A. Añibarro, entzundako itz jator, esaera egoki eta tajuzkoak apuntatzeko. Berak, bere iztegi ederraren itzaurrean aitortuta dakigu au. Gero, komentuko egonaldi luze aietan egosten eta eiotzen zitun astiro eta iraupen aundiko lanaz, kanpotik ekarritako gaiok. Añibarroren lanak urbildik aztertu ditunak, ba-daki ondo lan oiek eztirala arinki ta gutxigoraberako ajolaz tajutuak, zeaztasun ta arreta aundiz landuak baizik. Idazteko ta estudiatzeko lanari oituta dagoan gizonaren frutu umoak dira, dudik gabe, aren liburuak.
1794-ko urtean (A. Añibarrok Zarautzen lau urte soilki zeramala), Espaini ta Frantziren arteko gudua sortu zan. Frantzitarrek, esan degunez, Gipuzkoa osoa menderatu zuten. Zarauzko komentuan sartu eta gure A. Añibarro ta beste bi praille katibu eraman zituzten Baionara. Arrapa zenitzaketen guztiak eramaten omen zituzten. Zarauzko Monjatxoak Bilbora egin zuten iges. Kolegioan lapurtuala lapurtu, eta elizan irudi-aitortegiak erre ondoren, eliza bera ardantegi ta bildegitzat (almacén) artu omen zuten. Jainkoari eskerrak, laister egin zan Frantziarekin pakea, eta katibu eramandakoak berriz itzuli ziran, an bi illabeteko katibutasuna pasa ondoren.
1808 urtetik 1814 garrenera, lengoa baiño gudu milla aldiz gogor, luze ta bortitzagoa izan zan Frantziarekin, Espainiko Askatasun-gudua, alegia. Frantzitar Gobernuak praille guztiak komentuetatik egotzi, eta predikatzeko ta aitortzeko baimenak kenarazi zizkien. «Se persuadían a que no podían conseguir sus intentos, si no tapaban las bocas a los Religiosos», dio gure Añibarrok (9). 1809 gn, urteko urrillean izan zan Zarauzko prailleon barreiatze ta sakabanatzea: bakoitza al izan zun tokira joan zan: Valencia, Gaztela, edo ta senitartera. Zarauzko Monjak, prailleak utzitako komentuaren zati bat artu bear izan zuten bizitegitzat, beste zatia frantzitar gudarien kaserna edo kuartela zalarik. Oraingoan A. Añibarrok nora jo ote zun, eztakigu; bearbada ingurumarian ibilliko zan, 1811 gn. urteko Martxoan M. Corazón de María Monja il zanean, Zarautzen izandu baitzan. 1814 gngo. Maiatzean, Askatasun-gudua bukatutakoan, berriz bildu ziran Zarautzen praille sakabanatuok.
Lenengo gerratetik bigarrenera bitartean argitaratu zitun. A. Añibarrok bere Esku-liburua (1802), Lora-Sorta Espirituala (1803) eta Misioko kanta santuak (1803). Nafarroko kristau-ikasbidea zein urtetan atera zan, ezin esan, ezpaitarama urte-agiririk; baiña A. Larrinagaren iritziz, auxe omen da Añibarrok argitaratutako lanetan lenbizikoa (10). Añibarroren bizi-denporan argitaratuak, oetxek bakar-bakarrik ditugu; lan txikarrak denak. Argitara gabe gelditu diran lan aundi-edatuak, bigarren gerrateondoko urteetan zertu ta burutuko zitun, noski. Gorago irakurri dan puxketan jakinarazi zaigunez, langille porrokatua zan Añibarro, tarte guztiak lanerako aprobetxatzen zalea, eta bere langose orren frutu, 17 liburu utzi zizkigun.
Oiek dira, bada, bere bizitzaz dakizkigun xehetasunak.
BERE EUSKALTZALETASUNAREN SUSTRAIAK.
A. Añibarrok utziriko paper xarpil-orixka batean (bere iztegiaren itzaurrean, alegia) aitorrera ukigarri au irakutzen da: Nere egunotaraiño ezta euskerazko librurik izan... Egi-egia ere ezta, Euskalerri osoari begiratzen badiogu, beintzat, eta Añibarrok ba-zekian ori ondotxo, berberak eman baitzigun Axularren biurpena bizkaieraz, eta Axular ori noizkoa dan jakingo bide-zun. Agi danez, Bidasoz emengo aldea du ark gogoan, ori esatean. Izan ere, bere denporan (XVIII gn. mendea gainbera zijoala, alegia) sortu ta esnatu zan euskera lantzeko abiadura zoriontsua. Orduantxe piztu zan, berein biotzetan, euskaltzaletasunaren sua, eta su orren eragitez, idazle-mondo polita azaldu zitzaigun: Mendiburu, Kardaberaz, Ubillos, Mogel, Frai Bartolome, Asteasuko Agirre, Gerriko. Astarloa, Añibarro, Zabala, Jose Kruz Etxeberria, Iztueta... Atzenengoa ez, gaiñerakoak eliz-gizon dituzute (ots, ezta ziria gero!...).
Eztiegu egundaiño gure idazle zaar oei merezi duten aiñako ezagutza, eskerron ta jasoa izango. Ordurarte euskera errian bizi zan, bai, eta erriak non-nai sortu oi dituan ipui, esaera, kanta t.a., ba-ziran gure artean ere, dudik gabe; baiña Gorostiaga jaunak tajuz esan duanez, «una lengua no es verdaderamente un instrumento de civilización, mientras no posea una prosa literaria» (11).
Idazleen bearrean zegon, bada, gure euskera. Idazleek eraman oi dute izkuntza bere umotasunera. Gauza goratuak aisa ta egoki adierazteko trebetasun ta antze ori, berek ematen baitiote izkuntzari. Zorionean, bada, etorri zitzaizkigun orain idazleok, eta saiaketa gogoangarria egin zuten gure euskera lantzeko. Lan zailla ta neketsua, gaiñera, bide urratzera zetoztelako, lendanik gorritu gabeko lur-lantzeari ekin ziotelako.
Idazleek beti ta non-nai izan oi dira jende ikasia, eskolatua eta Euskalerriko jende ikasiak artean euskerazko librurik ezpaitzegoan, erderazkoetara jotzen zuan bere gogoaren landu-bearra betetzeko. Beraz jende ikasi ori erdalkutsuturik zegon osotoro, erderazko liburu ta eneduetan aziak baitzeuden denak. Eta jakiña, erdal ereduetan azitakook, euskeraz idaztera jarri ziranean, erdal eredu oien kutsua asko edo gutxi adirazten dute, ori nai-ta-naiezkoa baita.
Erdal kutsu ori dala-ta, etzaie beti gure idazle zaarroi merezi duten estimua gorde izan. Erdal joskera edo tajua dutela, erderakada asko sartzen dituztela, erdal kutsua alde orotatik dario tela, eta eztakit nik zeinbat akats egotzi zaizkien. Eztut nik esango akats oetatik anitz egizkoak eztiranik, baiña guztiarekin ere idazleok ezin esan alako mesede egin diote euskerari, eta badegu eurengandik zer-ikasirik asko. Euskeraren una ta uriña edoski ta beretu nai dunarentzat, ezin utziak dira.
Idazle-talde ori, nori eskerrak sortua dan, abiadura zoriontsu onen putzemale nor izan genun ere jakiña da: Aita Larramendi, noski. 1728 gn. urtean agertu zun onek Salamanca-n bere «De la antigüedad y universalidad del bascuence en España, de sus perfecciones y ventajas sobre otras muchas lenguas». Liburu au, urrengo urtean agertu zuanaren aurretik bidali zuan, oni bidea urra zezakion. Urrengo urtean, bada, argi zabalera atera zun bere «El Imposible Vencido. Arte de la Lengua Bascongada» (Salamanca, 1729). Euskal gramatika bat da, naiko osoa, eta bertan egillea zentzudun-asko eta euskera sustraitik zekiana agiri zaigu. Geroago, berriz, 1745 urtean, eta Donostian, bere Iztegi nagusia agertu zun. Lan eskerga ta arrigarria benetan jesuita onek euskeraren alde burutu zuana!
Baiña mende artako euskaldunen loa ta txepeltasuna astintzea etzan lanbide makala, eta amaika zurrut mingots irentsi bear izan zitun Larramendik egiteko onetan eskuak sartu zitualako. Bera ere, zorionez, alakoa izan, ausarta ta aurrerea, idaztankeraz agiri danez, gogor jotzeko bildurrik etzeukana. Maiz mintzo zaigu, bere Iztegiaren itzaurrean, euskaldun askok beren izkuntzaz duten maitasun-ezaz ta ajolagabekeriaz, baita bere arte-ari zenbaitzuk egin dioten arrera txarraz ere. «Bascongados cultitontos» ta orrelako loreak jaurtitzen dizkie, berari egotzi dizkiotenen ordaiñez. Larramendik berak esanda dakigu bizkaitar batek Arte-ari buruz idatzitakoa
« No hablo del Arte, que siendo Bascongado no le entiendo, y más parece que está escrito en Hebreo o en Sirîaco; y no alcanzo en qué aulas se ha de leer, ni qué fruto espera el Padre Larramendi: sin duda querrá que nuestros Archivos y antiguas tradiciones se pongan en Bascuence.»
Ara Larramendik kirtenkeri oni erantzundakoa
«En esta impertinencia tiene nuestro anónimo muchos compañeros de su palo. El es Bascongado, ni más ni menos que el hongo, que nace en los castañales de Bizcaya; pero nada tiene de Bascongado, porque sepa o hable el Bascuence aun solo en su dialecto: no le sabe ni hablar, ni entender, ni escribir, ni leer. Y después de esto nos dice frescamente: «no le entiendo». Ya estamos en eso, y también en que jamás podrá entenderle, si le duran las disposiciones actuales de su mollera». «Dice que los Bizcainos con el Arte en la mano son tamquam asinus ad lyram», etc. (12).
Eraso oiek gorabera, Larramendiren liburuek euskeraganako maitasuna, ta izkuntza onen landu-naia erein zuten askoren biotzetan, baita artarako tresna ta lanabesak ornitu ere. Orregatik zion Orixe Jaunak Larramendi euskal idazle ez ta idazarazle izan genula (13). A. Añibarrok ere ao betez Larramendiri «euskaldun guztien Maixua» deitzen dio (14), eta itz ori naikoa degu Maixu oni asko zor diola jakiteko.
Alare. A. Añibarrok ba-du sen edo zentzuna, bere Maixu oni itsu-itsuan ez jarraitzeko. Adibide ark bere Iztegian dakarzkin itz asmatuok eztitu Añibarrok, noiztenka eta meatz baizik, erabiltzen. Bein aurkitu izan det «obetande» itza, erderazko «perfección» itzultzeko (15), ta baliteke beste zenbait olako izatea, baiño oso gutxi. Erri-euskera du Añibarrok bere idaztion iturburu jator; erri-euskera bere lege, berezitasun, esaera tajuzko ta berba esanguratsuekin arakatu du ark sakonki. Ta orretarako praille onek begi erneak ba-zituala aitortu bear.
Nafarroako kristau dotriñaz landara, gaiñontzeko euskal lanak bizkaieraz eratu zitun A. Añibarrok (16). Euskalki au landu zutenetan aurrenetakoa degu. Baiño euskera-mota guztiak ere ezagutzen zitun ondo, dudik gabe; Axularren Gero lapurdieratik bizkaierara biurtu baitzun, eta bere Iztegian, bai Nafarroa, ta bai Gipuzkoa ta Bizkai-aldeko itzak jartzen baititu. Berak utzitako papere-tartean, Harriet lapurtarraren gramatikatik aldatu-itzak ere aurkitzen dira.
Mende artako euskaltzaleekin ere izango zitun artu-emanak, baino ontaz gutxi dakigu. Uki dezagun, beintzat, Juan Antonio Mogel-ekin zeukan adiskidetasun miña. Ara zer dirauskun onek bere liburu baten berba-aurrekoan
«Gura dabenak sinistu Bizkaiko euskereak ezteutsala ezer zor kiputzenai, irakurri begi liburu onek baino leenago urtengo daben neure adiskide andi ta gauza onetan neure bear lagun legez egiten dan Aita Frai Pedro Antonio Añibarro Zarauzko Kolegio A. San Frantziskoko Ordean Misionareak bizkaitarrentzat atera daben liburu txikar, baina urre guztiak baino geiago balio dabena. Ediroko dau Eskuliburu onetan Bizkaiko euskeran ederto adierazo leitezala esan bear direan gauzak, berba nekezaleen aoetan dabilzanakaz. Bizkai barru-barruko semea da bera ta bere euskera garbi ta ederrak ezagutu eragingo dau nun-nai, ikasi leiteala ondo berba egiten, burua zerbait nekatu gura ba da. Alperren soloak beti egongo dira bedar txarrez beteak. Bizkaitar guztiak erosi bear leukee liburutxu esan dogun au» (17).
«Adiskide andi ta bearlagun» deitzen dio Mogel-ek Añibarrori. Euskal gauzetan elkarri laguntzen ziotela ere esaten digu. A. Añibarroren Eskuliburuak artu ditun gorapenetan, Mogelen au dugu gogoangarrienetakoa.
A. AÑIBARROREN IDAZLANAK
A. Añibarro il ta bertatik idatziriko gorapenak esan digu 17 liburu idatzi zitula onek, eta zenbaitsuen gaia partikularki adirazi ere digu. Albiste au degu, bada, aztarna edo arrastorik ziurrena, Añibarro-ren idazlan-kopurua osatzeko. Lan oitatik batzuk galdu-edo egin dira; Zarauzko artxibuan, beintzat, eztago oien aztarnarik; beste batzuk ba-diraute, batzuk Zarautzen, besteak, berriz, Arantzazu-n. Jarraian ezarriko ditugu emen erreskadan, ark egin eta guk dakizkigun lan guztiak, bakoitzari buruz zerbait esanaz. Lan oitatik denak eztira euskeraz idatziak edo euskera gaitzat darabiltenak.
Ikus ditzagun, bada, lenbizi:
A) Erderazkoak eta euskerari buruz ez diardutenak.
1. Libro Becerro o Noticias del Colegio de Zarauz. Oso garrantzitsua, Zarauzko Mixiolari-Aztetxearen kondairarako. Albiste jakingarriz josia. Añibarrok, naiz euskeraz naiz erderaz idatzi, idaztankera berdintsua du, bat ere gerundianismo gabea, anpatasun edo arrotasun gabea. Alera dijoa beti zuzen-zuzen, eta xehetasun jakingarri asko paperera aldatzen daki. Adigarritzat zatitxo bat irakurriko degu. Aita Agustin Ventura de la Lama ildakoaz diardula, ara zer dirauzkun:
«Fué observante del silencio religioso y de poca o ninguna comunicación de seglares. Cuidaba de plantación de árboles frutales; decía: nosotros comemos de las frutas de árboles que plantaron los antepasados; plantemos también nosotros para que coman nuestros sucesores. Cuidaba también de criar hierbas y flores medicinales y hacía confecciones y unguentos balsámicos para curar llagas, heridas y cortaduras: por lo que los dolientes recurrían a su botica, y él como verdadero caritativo tenía especial gusto en aplicar estos remedios y aliviar a los enfermos, con quienes era muy compasivo.»
2. Noticia de la M. Corazón de María, escrita por su confesor Fr. Pedro de Añibarro. Zarauzko kronikak jakiñarazi digunez. A. Añibarro animen Aita ta Zuzendari gogotsu izan genun. Zarauzko Klarisetan izan zun bere mende anima oitako bat, santutasun-bidean aparta bikaiña, oi-ez-bezalako doai miraritsuak zerutik artutakoa. Naparra zan, Iruña-n jaioa, baiña aurtzaroko urteak Uitzi-n bere aitonen ondoan igarotakoa. Benita de Arrizurieta zuen izena; 1811-an il zan, 39 urte zituala; eta orduan A. Añibarrok bere santutasunaren ta zerutik izan zitun doaien berri laburra idatzi zun. Mistika eta santutasunaren kondairarako ba-du bere garrantzia, orri gutxiko esku-idatzi onek. Monjaren eskutitzak ere berakin dituala dirausku Añibarrok liburutxo ontan, baiña karta oezaz zer gertatu dan eztakigu.
B) Euskera gaitzat dutenak.
3. Voces Bascongadas diferenciales de Bizcaya, Guipúzcoa y Navarra... para uso y alivio de Párrocos y Predicadores bascongados. Erdera-euskera gisako iztegi baten erara tajutua; 460 orrialde ditu guzitan. Azkue jaunak, berea egiterakoan, iztegi au arakatu ta aztertu zuan, eta maiz aipatu ere egiten du; ms. - Zar jartzen duan guztietan, alegia. Eztegu, ala ere, urre guztiak ustuko zizkionik. Balio aundienekotzat jotzen degu A. Añibarroren lan au. Larramendik itz asmatu asko dakarzkin bitartean, Añibarroren itzak jatorrak dira beti, erritik jasoak, ez gezurrezkoak. Larramendik euskalki orotatik aldatzen ditu itzok, zein non erabiltzen dan iragartzen eztuala; Añibarrok itz batbedera zein eskualdekoa dan, zeatz-asko adirazten du, baiño Bidasoz emengo Euskalerria bakarrik gogoan arturik. Itzok orokar edo non-nai erabilliak diranean, ori ere jartzen du.
Iztegiaren atzekaldean oar bat dakar; lanari itzaurre bezala jartzeko egiña dirudi. Beronen zati bat irakurriko degu, Añibarrok euskal gauzetan zeuzkan uste zuzen eta begi sarkor-erneak ikusteko oso aukerakoa baita:
«Advertencia. Amigo Lector: noticiosos varios clérigos y Religiosos que tan santamente se emplean en el bien de la Iglesia y salvación de las almas con su predicación, de que en varias correrías que con motivo de las Santas Misiones he hecho en todo el país bascongado de Bizcaya, Guipúzcoa y Navarra he tenido la curiosidad de apuntar la voces diferenciales que en cada una de ellas usan para que así fuese más útil mi predicación, me han suplicado y asegurado que les haré un gran favor si las doy a la prensa para su utilidad y alivio. Sea así; y ahí va, según lo tenía escrito para mi uso. No es diccionario completo; pero sí suficiente para el que tiene que ocuparse en púlpito y confesionario.»... «Y según he observado ha habido tiempos que no había diferencia de dialectos bascongados; y que se han variado insensiblemente por no usar y continuar con las primitivas voces. Enzun: oir es general en Bizcaya y Navarra y no en el interior de Guipúzcoa; pero se conoce que en algún tiempo usaban de este verbo, pues se valen de él para explicar el oir misa: meza enzun, mezenzun. Lo mismo gura izan: querer es común en Bizcaya; y en Guipúzcoa no se valen de gura sino de nai, a no ser para lo-gura: querer dormir o estar somnolente; atzkura: querer o tener ganas de rascar, y otros semejantes. De orria: hoja, para tabakorria, libru-orri, y en lo demas usan de ostoa, ostroa. Irazarri, irazartu: despertar, siendo tan común en Bizcaya y Navarra, es regular lo sería también en Guipúzcoa, que está en medio y centro de estas dos Naciones, pero no hacen uso de irazarri, sino de esnatu. Y lo mismo sucede con otras muchas voces. La misma afluencia de términos de que abunda el bascuence ha causado la variedad de dialectos y Naciones, porque unas continuaron más con el uso de una voz que con otra sinónima, y sin su uso se olvida.
Con la misma distinción y diferencia tengo puestas las conjugaciones bascongadas de los tres dialectos, con separación para cada Nación, así de verbos regulares como irregulares, en trato regular y cortés, y en trato menos cortés y ordinario. Ambas obritas pueden servir mucho para Párrocos y Predicadores del país bascongado.
En mí mismo he experimentado que por muchos años he tenido olvidadas varias voces que usaba cuando chico hasta que casualmente las he vuelto a oir al cabo de largos tiempos. También ha dado motivo para la variedad de dialectos la falta de libros bascongadas, que no los ha habido hasta mis días. Y lo mismo hubiera sucedido con la lengua castellana, si no hubiesen conservado los libros su uniformidad.»
4. «La Colección de Conjugaciones de regulares e irregulares del bascuence en sus tres dialectos». A. Añibarrok utziriko liburu-tartean onako au ere ba-zegoan, Zarauzko Kolegioko kronikak esan digunez: baiña garrantzi aundiko lanori ezta gaur agiri, eta eztakigu beronen berri geiago. Ira dialektu oiek, jakiña, Gipuzkoa, Nafarroa ta Bizkaikoa dira; A. Añibarrok euskalkia eskualde politikoekin naasi oi du, artean ezpaitzan euskalkien atalgitea ondo ezagun. Aita Plácido Mugika-ri eskerrak jakin degu Loiolako liburutegian gordetzen dala Añibaroren lan au. «Gramática Bascongada» du izena.
5. «Manuscritos del R. P. Añibarro. Catálogo de voces bascongadas». Idazpuru onekin idazki-azal bat gordetzen da Zarautzen. Beronen barrenean, Mogel-engandik artutako itz-mordoa eta Peru Abarcaren itzaurreari Añibarrok jarritako oarpen batzuk aurkitzen dira. Markina-ko nekazariek f letrea ezin ebaki dutela ta beste gabe, letra ori euskal agakatik kendu bear litzakela irudi zaio Mogel-i (18). Ontan Añibarro eztator bat berakin. Orrela asten bagera dio onek beti esan degun fedea, pedea biurtu bearko genuke. Eta gaiñeratzen du:
«Es comunísimo el uso de la f en todo Bizcaya, en Navarra y Francia; Guipúzcoa ha pegado la p a Marquina, como también otros términos. Lo que sí convendría insinuar es que se escriba oso : osoa y no osua, bete : betea y no betia, argi : argia y no argija, conforme a la radical de dichas palabras.» Idazki-azal beronetan, Harriet lapurtarraren gramatikatik artutako beste euskal itz-mordoa dago. Harriet-en gramatika ori Bayonan, 1741 urtean argitaratu zan.
C. Euskeraz idatzitakoak.
6. «Kristau dotriña... Nafarroko euskaran». Argitaratua; urte-agiririk gabe. Eztut ikusi al izan; baiño beronen textua Añibarroren beraren eskuz kopiaturik aurkitzen da Miscelánea izenarekin beerago, 16 gn. tokian, datorren liburuan. «Se publicó en Pamplona por cuenta y coste del Hospital» esaten du an Añibarrok.
7. «Esku-liburua, ta berean eguneango kristiñau-zeregiñak», Tolosa 1802. Au degu A. Añibarroren idazlanetan ezagunena. Argitara-aldi asko izan ditu. Egillearen bizi-denporan iru bai, gutxienez; eta egillea il ezkero, makiña bat. Nik, beintzat, eskutan izan det bat, Vitoria-n 1866 gn. urtean aterea, eta zortzigarrena dala diona; Tolosan, berriz, 1891-n beste bat agertu zan: eta onek ere zortzigarrena izan nai du. 1891-ko onetan, 274 orrialdean «Egilliaren barri apurtxo bat» dator, bai Añibarro-z ta bai Uhillos-ez ere jakingarri murritzak emanaz.
Azkue Jaunak liburutxo au txit estimatua zuela jakiteko, zeinbat aldiz aipatzen eta bertatik eredu-adigarriak jasotzen ditun ikusi baizik eztago: 102 aldiz zitatzen du bere Morfologia-n. Gorago aipatu degu Mogel ospetsuak liburu onezaz egin zuen gorapena. Eta orain-oraingo beste aitorrera bat ekar dezadan, Otxolua Jaunak, Bertolda ta Bertoldin idazti arraiaren euskeratzailleak, eskutitz batean esaten zidana aldatuko det
«Gaztetarik asi nintzan etxean eta kalean ikasiriko euskera obetuteko alegiñetan, eta zaletasun andia neutsen euskerazko meza-liburu, bertso-barri, izparringi eta osterantzeko irakurgai guztieri. Batez bere Añibarroren Esku-liburua izan ekidan irakurgai eta irakaslerik atsegiñena» (Bilbao-n, 1954-ko semendiak 12).
Bilbon, 1898 gn. urtean agertu zan meza-liburu txiki bat idazpuru onezaz: «Añibarrok eta Mogel-ek Bizkaiko euskeraz egiñiko Meza-entzukera bi» Añibarrogandik duena, Esku-liburutik jasoa da.
8. Misioko Kanta santuak, Donostian 1803. Eztut ikusi al izan.
9. Lora-Sorta Espirituala, Tolosa 1803. Aita Palacios, Zarauzko Mixiolari ospetsuak erderaz egindako Ramillete Espiritual-aren itzulpena degu 196 orrialdeko liburu au. Mixio-ondoan gendeari oroigarritzat partitzeko egiña da, eta kristau bizitza on bat eramateko bear diranen gaiñean adibide labur-egokiak dakarzki. Aita Palacios-en itzulpena dala esan degu; ala ere, nik aztertu ditut Palacios-en erdal edizio bat, Vitoria-n 1765 urtean aterea, eta Añibarrorena, eta au edatuagoa da, geigarri askoz ornitua. «Lora-Sorta» onen edizio berria egin zun Azkuek Bilbon, 1897 urtean, Euskalzale-ren Moldagintzan.
Lora-Sorta, Esku-liburua baiño motelagotzat joa izan da. Bai Orixe (19) ta bai Altube Jaunak (20) ere, epai oso txarra egotzi diote liburu oni. Egia da, bai, erdal kutsuzko joskera duela; baiña ori, Lora-Sortaz ezezik, Esku-liburuaz ta Añibarroren idazlan guziezaz ere esan bearko genuke. Gaiñerakoan, berriz, beste alderdi askori begiratuki, eztut nik bion artean orren alde aundirik ikusten.
10. Geroko Gero, bizkaieraz. Añibarrok Axularren bigarren edizioa ezagutzen zuen, eta oni jarraitu zion orpoz-orpo (21). Lan aundi au buruturik utzi zun, baiña liburu bezala ezta iñoiz argitaratu. RIEV aldizkarian. 1923 gn. urtean asi, ta Espainiko gerrateraiño, joan zan zatika agertuz; baiña osorik azaldu baiño len eldu zan aldizkari onen eriotza (22). Lan osoaren banako bat, idazmakiñaz txintxo kopiaturik, ba-du Euskaltzaindiak, eta beste bat Arantzazuko frantziskotarrek, A. Kortabitarte josulagunari eskerrak.
Lapurdierazko bigarren ateraldiari orpoz-orpo jarraitzen diola esan degu; ala ere, Añibarrok berak berba-aurrekoan aitortzen digu jatorrizko textua toki askotan estaldu ta aldatu bearrean aurkitu dala, eta arrazoia:
«uste izanik konveniko ezjakela era guztiko personai; ta bere irakurtzetik, on baiño, kalte geiago etorriko lekikielako gazte askori, len legez geldituko balira» (23).
Intxauspe-k ere 1864-ko ekoiztean orixe bera egin zigun:
«Guti tokitan dio behar izan dugu Axularren mintzaia ere estali, aphaindu edo aldatu, oraiko ienden delikatutasunagatik. Axularren demboran, bai erderaz bai euskaraz, orai baino librokiago eta nasaikiago mintzo ziren; gauzen bere izenaz deitzeaz nehor etzen asaldatzen. Oraiko azturak nahiz eztiren ordukoak baino hobeago ez garbiago, bai ordea minberago dira beharriak; eta benturaz gogoa ere gaizkiaren pensatzera zalhuago eta lasterrago. Minberatasun horren ariaz, eta amoreakatik anima garbienek probetxuekin irakur ahal dezaten Axularren liburu ederra, garbitu, leuntu eta aphaindu ditugu lekhu harro, zakhar eta gordinegi zirenak alabaina osorik uzten dugularik Axularren lanegina» (24).
11. «Misionari Euskalduna, kristau dotriña ta sermoiak Bizkai-errietan irakasten A. Fr. Pedro Antonio Añibarro, Zarauzko Kolegio A. San Franziskoren Ordeako Misionisteak atereak eta predikatuak». (Bi liburu aunditan, esku-idatzirik; Arantzazuko artxibuan). Añibarrok berak Mixioetan predikatzen zituan Dotriña eta Sermoiak daude obra onetan, txukun, txit ordenaturik eta orrazturik, moldera emateko lain. Lenengo tomuak, barne-azalaren alderantzian, oar au dizu erderaz:
« Nota. Cuando se haya de imprimir esta obra, se procurará poner en libro de Octavo y con letra gruesa y crecida, para poder llevar en el bolsillo, leer en iglesias de poca luz, y acomodar a vistas cansadas. Así me lo previenen y encargan los Curas Párrocos.»
Ona emen bi liburu oitako gaiak: Ziñatu, Aita Gurea ta Ave Mariaren ganean dotrinak, Amar Mandamentuak, Elexa Ama Santaren Mandamentuak, Zazpi Sakramentuak, Kredoa. Dana luze ta edatsuki azaldua. Idazlan aundi onen berri murritza ta beronen «Adibide» edo berba-aurrekoa, argitaratu zan «Euskera», Euskaltzaindiaren aldizkarian, 1934 gn. urtean, 258-261 orrialdeetan.
Obra onen aurreko atala Durango-n angitaratu zan, 1897 urtean, titulu onezaz: «Kurutze Santearen, Aita Gure ta Ave Marien ganeko erakusaldiak».
12. «Nekea arindurik. Munduko krutze, neke, penak gozotu, laburtu ta arinduteko gogarte santuak. Fr. Pedro Antonio Añibarro Zarauzko Misionisteak nekepean bizi direanen onerako atereak». 15 gogarte guzitan, Jesus ta Mariaren nekeak dira gogarte-gaiok. Liburu txiki au ere ezta egundaiño argitaratu.
13. Lau Euangelioak batera alkarturik. Lamy Jaunak egindako elkar jotze edo konkordiaren euskal itzulpena. Lan au ere zearo osotua ta amaitua aurkitzen da, aurkibide ta guzti, moldera emateko gerturik. Bizkaieraz dago, Añibarroren lan guztiak bezala; baiño gibelaldean iztegitxo bat dakar, Bizkaiko itz batzuk Gipuzkoa ta Nafarroan nola esaten diran adieraziz era onetan baste euskaldunak ere liburu ontatik onura ta, mesede jaso al dezaten. Haraneder-ek ere, 1755 gn. urtean lapurdieraz agerturiko lau Evangelioetan orixe bera egin zun.
Gogoangarri zaigu A. Añibarroren idazlan au. Izan ere, elizgizonei maiz egotzi izan digute aurpegira Bibliako Liburu Santuak euskaldun erriaren eskuetan jartzeko izan degun ardurarik eza edo txepeltasuna. Agi danez, A. Añibarro utsune ori betetzen ere saiatu zan bere aldetik, gero aren lanegiñak itzalpean gelditu baziran ere.
14. «Artzai-Adibideak Ilmo. D. Francisco Valero Toledoko Arzobispo Jaunak bere Elestar ta ardiai zuzenduak; adirazoteko guztiai usten dan baiño jakineza ta itsutasun geiago idorotzen dala egia ta sinisgei guztietan fededunen artean, albaitanez senda ditezen dirianak. Aldatu ditu Bizkai-euskerara Fr. Pedro Antonio Añibarrok, Zarauzko Kolegio Aita San Franziskoren Ordeako Misionariak». (Arantzazuko artxibuan, eskuidatzirik; 135 orrialde). Valero Jauna, 1714-1720-ra bitartean izan zan Toledoko Arzobispo. «Carta pastoral acerca de la ignorancia de las verdades cristianas» idatzi zun, eta, ain zuzen, Artzai-Gutun ori degu Añibarrok emen euskeratua. Itzulpenaren «Sartzaiera-n» orra zer dion karta onezaz: «Artzai-karta miragarri asko, jakituriaz beteak ta apainduak, biraldu dituez Obispo Jaunak euren ardiai; baña nigan lenengo lekua irabazi dau beti, orain euskeratu dodan onek; zeñatan iñok baño obeto ta argiroago Valero Arzobispo Jaunak, jakituria andiaz, irudintza, gertaldi, Aita Santu ta Eskriturako errazoiakaz agertu, azaldatu ta darakus gaurko kristiñautasuneko egokera bildurgarria; fededun geienak dauken itsutasuna, jakineza, ta ezaguera gitxia...»
15. San Iñazio Loiolakoaren Gogo-Jardunak, euskerara itzulirik. Zarauzko kronikak dionaz dakigu lan onen berri. Ordea, eztut beronen arrastorik topatu al izan.
16. Obras Misceláneas. Las escribió el P. Fr. Pedro Antonio de Añibarro, Misionero Apostólico del Colegio Seminario de Zarauz. (Arantzazuko artxibuan, eskuidatzirik). Añibarroren idazlanetan Tomo 16 bezala izendaturik dator (ots, numerazio au egilleak berak jarria da). Liburu onetan, dirudianez, Añibarrok bere apunte ta oar jakingarriak jartzen zitun, sermoitarako gaiak, berak egiñiko irakurtza askoren iragarpenak, baita parregarrizko ipui ta jazoera batzuk ere. Ona emen euskeraz dakarrena: Trabajos y Penas de Jesús Jesusen neke-peneen gogartea; lenengo erderaz, gero bizkaieraz, ta azkenik «Provinziako euskeran» (gipuzkeraz): «Pónense en castellano y bascuence de Bizcaya y Guipúzcoa para el uso de gente pobre de tiempo, bolsa y libros». Irugarren Ordenako Erregla ta Araudia euskeraz (gipuzkeraz au ere). Preceptos y casos reservados de Ntra. Seráfica Religión: púsolos en bascuence el P. Predicador Apostólico Fr. Pedro de Añibarro para el Hermano Novicio Francisco de Manterola, que ignoraba la lengua castellana (gipuzkeraz). Gogo-otoitzaz dotriña laburra galde-erantzunetan, Novizio berarentzat. Nafarroako euskaran argitaratu zuan kristau dotriñaren textua, eskuz kopiaturik. Nekea Arindurik: Cruz aligerada. (Atzekaldean, orri imprimatu batzuk dauzka, liburuari erantsiak: Canciones bascongadas para las Misiones, Versiones bascongadas (Mogel-ena), Nomenclatura de voces castellanas, bizcainas y guipuzcoanas (Mogelena au ere (25).
Orra A. Añibarroren idazlan-kopurua. Guk aipatu, baiño geiago ere egingo zun, bearbada; baiña dakizkigunak oetxek dira. Eta asko degu zerrenda au, A. Añibarro eztala nolanaiko gizona, gutxigoraberako euskaltzale motela jakiteko. Lan benetan arrigarri, eskerga, ta ardura aundienekoa burutu baitzuen euskeraz ta euskeraren alde. Iztegia, Aditz-jokatzeak iru euskalkitan, Geroko Gero, lau Evangelioak bateaa alkartuak, San Inazioren Gogo-Jardunak, Mixioetako predikuak, Gogarte santuak benetan ezta lan tipia, ez gutiestekoa.
Tamalez geiena argitara gabe gelditu zan. Zergatik? Mitxelena Jaunak, igaz izandako itzaldi batean esan digu azken gizaldiotan euskaldunak gorabera ekonomikoetarako joera ta sen berebizikoa agertu duela; agian, au falta zan Añibarroren (26) garaiean. Biziera estu-beartsua zeramaten geienek, ta premiazko gauzetarako dirurik ezpazan, nola izango zan liburutarako? Beintzat, Añibarrori gertatua, beste askori ere gertatu zitzaien: Etxeberriren lanak or gelditu ziran argitara gabe. Pedro Arrazola oñatiarraren «Adiskide nekazari batentzat instruzinoak» ere berdin. Ta beste asko egillea il ezkero agertu ziran: J.B. Agirre, Gerriko, Peru Abarka, t. a. Eskasia ta dirurik-eza toki guzietakoa bazan, areago gertatzen zan ori Zarauzko frantziskotarretan; Añibarrok berak jakiñarazi digu nola bizi oi ziran Mixiolariok, beti zorretan ta bururik jaso ezinda. Añibarro il ezkero, berriz, karlisten gerratea ta Prailleen exklaustrazio generala etorri ziran, eta onekin Zarauzko etxea an gelditu zan bakarrean ta bittanle gabe ta lanak zokondo batean egongo ziran aazturik.
AÑIBARROREN IDAZTANKERA.
Eztut nik emen orain betarik ez unerik, A. Añibarroren euskera-modua aztertzen eta alde orotatik zeatzen asteko. Bakar-bakarrik esango dut euskaltzale ospetsu onen idazlanak amai gabeko ondasuntegi bat ditugula, meatoki ta arrobi bikain-paregabea, gure izkuntza sustrai-sustraitik ezi ta menderatu nai dunarentzat. Zeinbat urre pitxi ta esakune eredugarri, bai iztegian, bai aditz-jokatzean eta Morfologian ere! Egia da bai, joskera edo sintaxian eztugula ain eredugarri, aspaldiko idazle aiek ezpaizioten oni jaramon aundirik egiten; baiño, gaiñerakoan, ezta dudarik, txit estimagarri ta aintzat artzekoak dira beraren lanegiñak.
Arestian aipatu degu Mitxelena Jaunaren itzaldi bat. Itzaldi orretan oar kontuzko batzuk ematen dizkigu berak, gaurko euskaldunak egin bear genituzken lanezaz. Lan bearrenetako bat da, bere iduriz, idazle zaarren murrizteak egitea. Au da, aspaldiko euskal liburuok soildu ta murriztu, bertako itz dan-danak, esakuneak, aditz-jokatzeak, labur, izkera guztia sistematiko-eran arakatuz ta aztertuz (27). Ain zuzen, gure Añibarro sekulakoa degu orrelako aztertze bat egiteko, iztegi jori-aberatsa ta itkera mardul-mardula baitu.
Eurenez jokatzen diran aditzetan ere oso aberatsa degu Añibarro. Eta oargarri dana, Axular bera baiño aberatsago. Beintzat, orrialde bat artu nun, Axular-en Gero ta Añibarroren biurpena elkar ioaz, eta arriturik gelditu nintzan, ark laguntzaillea darabillen toki batzuetan, Añibarrok sintetikoa jartzen duela nabaritzean. Ona adigarri batzuk: «Hunek bertze sensu guztiei eramaiten deraue abantail» (Ax). «Onek beste zenzun guztiei daroioe aurrea» (Añ). «Urruititik ikusten du, eta ikusten duena gogoan barrena sartzen du» Ax). «Urrinetik dakus, ta dakusana gogo barruan sartzen dau» (Añ). «Eta erraiten zuen» (Ax). «Eta ziñoan» (Añ). Ara emen Añibarrogan ikusi ditudan beste onako forma sintetikoak: badazau: si conoce, balekuse: si vieran, baliraue: si continuaran; dagoke, dakusenai, darroie, deritxenak, dakusue, dakuskun legez, t. a. (28).
Gaur eguneon, aditz laguntzailleak «ez» itsatsirik dakarrenean, laguntzaille ori izen verbalaren aurretik bota daroagu «eztet jan» esan oi degu, «jan eztet» esan bearrean. Añibarrok, nik arakatu ditudan ataletan, eztu lege ori ia inoiz ere gordetzen. Orra adigarri batzuk: «Konzienziako kezkarik, eskrupulurik artuten ezta». «Seguratasunik izango eztogu, garbitasunik gordeko eztogu». «Bestela Jesus maitearen serbitzariak izango ezgintekez» (29).
Añibarroren lanak zerbait aztertu dituana, laster konturatzen da onako berezitasun onezaz ere: alkarren ondoan itz antzeko edo sinonimu asko biltzen eta metatzen zalea dala. «Ez neban uste onenbeste zorionera, ta ainbesteen eskuetara, begien aurrera ta argitara urten ta agertu bearko ebala nire ume pobre umil onek: bada bestela, bere jaiotzan ifiniko neban apainduago, galantago, obeto ta ederrago jantzirik; eta barriz orain ezdot astirik, eperik, lekurik, ederrago ateretako guztien aurrera» (30). «Ondo dakizu, ta ezta eztakienik, liburu santuen irakurtzetik sortu, erne ta datozan zorionak, irabaziak eta frutu ugariz bete, oso ta elduak arimai. Eztabe neurririk, ezin mugatu ta zenbatu leiz, libru onak zuzendu, ondu ta zeruko bide artezera ekarri dituezan bekatariak, aterarik deabruaren azpitik, ta bere agintaritza gogor gogaikarritik» (31). Eta orrela egin oi du ia beti. Jakiña, alde batetik orrek ugaritasun ta joritasuna ematen dio Añibarroren euskerari; baiña bestetik, arintasun ta bizkortasuna ere kentzen dio, eta zerbait astun ta aspergarri biurtzen ere du.
Nere ustez, ainbeste itz bata bestearen gain ipintze orrekin, gauza bat bilIatzen zun Añibarrok: argitasuna, alegia, bere lanak ulerterrez biurtzea. Erri xea du ark begien aurrean; jende xe-arrunt ori etzegoan irakurtzera oitua; gaiñera jende onek, erri batean itz bat, eta bestean beste bat erabilli oi du; baiña iru edo lau erreskadan jartzen bazaizkio, bat ezpada bestea ezagutuko du, eta ala laguntza geiago ematen zaio idatzitakoa uler dezan. Añibarroren euskal lanak epaitzeko, eztegu sekula aaztu bear zein dan ark begien aurrean zeukan publikoa: erri xea, euskeraz besterik eztakiana, ta Euskera ere bere errikoa xoil-xoillik.
XX gn. mendeko irakurlearen aoak eztu, bearbada, idaztankera ori janari gozotzat artuko. Egungo irakurleak arintasun, bizkortasun txairoa maite du, eta ark ba-du, ainbeste sinonimu oiengatik, astuntasun nekagarri bat. Gaiari, barrenari, begiratzen badiogu, berriz, kristautasunaren illunguneak, alderdi goibel-tristeak, argi ta arraiak baiño askoz geiago azaltzen eta ukitzen ditu; beti dabilkigu eriotza, pekatua ta illobiko arrak gogoratzen. Kristautasunaren jatorrizko begitarte irritsu, biotz-altxagarriori azaltzen eztakiala esango nuke, Evangelioa naiz ta berak, euskerara biurtu, andik zuzenean iturburu garbitik antzo jaso ditekean kristautasun jatorraren begitarte eder-zoragarriori gure begietaratzen eztaki. Baiña akats ori ere mende artako gaitza bide-degu; utsune oik orduan etziran orain bezala somatzen. Eztizkiogu, beraz, errutzat ezarri nai, danok norbere mendeko ume izan oi gera-ta.
Edozein modutan ere, bere akats ta guzti, A. Añibarro eztegu nolanaiko idazle txepela. Euskera sustrai-sustraitik menderaturik zeukan, Ordurarte landugabeko baratzean lan egitea, bere bizitzako eginbear aunditzat artu zuan. Ba-zeukan euskal literatuiaren asiera zailletan aurkitzen zala, ta ekin zun gogotik bide urratzen. Gogoangarri zaigu, beraz, ta gure eskerron-oroitzapena ondo irabazirik dauka.
Bere euskal liburuak erri xearentzat egiñak dirala esan degu. Misionari Euskaldunean dirauskuna ikusi baizik eztegu: gaiak «nekazari buru gitxiko batek ulertu ta aditu leizan erraztasunaz» jarri dituala, alegia, eta idaztankera ere berdin: «bai ta euskerea bere izan eztidin entero goratua, ez txito bee nastu prestueza» (32). Au da, erriak ulertzeko modukoa, baiño alare, zerbait landua eta orraztua. Esku-liburuaren «sart-aurrea-n» esaten zaigu nola, mixio-denporan, erriko jentetik asko asten ziran irakurtzen ikasten. Oientzat, bada, euskaldun erri xe onentzat egin zitun Añibarrok bere lanok: goserik zegon erri oni janari emateko. «Parvuli petierunt panem et non erat qui frangeret eis» Aurtxoak ogi-eske egon, eta partitzeko iñor ez. A. San Frantziskoren seme jator onek egin zun lan, orraitio, Jaunaren dei oni erantzuteko!...
Itzaldi au 1955 ko otsaillaren 25-an Donostin emana izan zan.
(1) Ikus Añibarroren Libro Becerro o Yoticias del Colegio de Zarauz.
(2) Ikus Dr. Justo Garate, «G. de Humboldt. Estudio de sus trabajos sobre Vasconia», Bilbao 1933.
(3) Euskal literaturaren atze edo edesti laburra; Euskal Esnalea (l927), 230.
(4) Corografía de Guipúzcoa (ed. 1882), p. 259.
(5) Constituciones del Colegio de Zarauz, Cap. 1, n. 2 (Esku-idatzirik).
(6) Ikus RIEV. t. XIV (1923), 298.
(7) Len aipaturiko Libro Becerro-tik (Esku-idatzirik).
(8) Libro Becerro, 53-54 orrialdetan.
(9) Libro Becerro.
(10) Larrínaga, Fragmentos de nuestra Bibliografía, en Homenaje a la Provincia de Cantabria, p. 184.
(11) Gorostiaga, Epica y Lírica Vizcaína Antigua, p. 23.
(12) Larramendi, Diccionario Trilingüe, Prólogo, p. XLIT (ed. 1705).
(13) Orixe, Euskal literaturaren atze...; Euskal Esnalea (1927), 228 orr.
(14) Ikus RIEV, t. XIV (1923), 297 orr. (Bizkaierazko Geroko Gero-ri jarri zion berra-aurrekoan).
(15) Ikus Lora Sorta Espirituala (ed. 1897), 69 orr.
(16) Beerago, Añibarroren idazlanez ari geranean, 16 gn. tokian jarri degun liburuak ba-ditu idazki txiki batzuk gipuzkeraz.
(17) Mogel (Juan Antonio), Konfesino Ona edo Zeinhat gauzak lagundu bear deutsen konfesinoari ondo egina izateko; Berba-aurrekoa irakurle bizkaitarrari. (Liburu au 1803-an agertu zan, Vitoria-n; guk Bilbon 1897-an egin zan edizio berria ikusi degu).
(18) Ikus El Doctor Peru Abarca, Prólogo, p. 10 (ed. 1904).
(19) Euskal-literaturaren atze...; Euskal-Esnalea (1927), 231 orr.
(20) Altube (Severo de), Erderismos; Bermeo, 1930; l57 orr.
(21) Arantzazu-n gordetzen da gaur Zarauztik ekarritako Geroko Geroren banako bat (Gueroko Guero, Bordelen, G. Milanges Erregueren Imprimatzaillea baithan, 1642). Gaiñeko estalkiak eskuz idatzirik dauka: «Del uso simple del P. Palacios». Eta gero, beste esku-letra batekin: «Pertenece a la librería de los Padres Misioneros de Zarauz». Berau dala, esango nuke, Añibarrok erabilli zun iekia.
(22) 42 gn. Bururaiño argitaratu zan. Ikus BIEV (1933), 198-22,55.
(23) Irakurleari: ikus RIEV, t. XIV (l923), 298.
(24) Aitzinsolhasa, VIII-IV orr.
(25) Liburu oezaz gaiñera, Zarauzko artxibuan beste bi aurkitzen dira, Añibarroren ezkuz kopiatutakoak. Bata da: «Constitutiones del Colegio de Misioneros de Zarauz. Las copió para suso Fr. Pedro Antonio de Añibarro». Bestea: «Tractatus S. Scripturae», Francisco Arrazolak eratu eta A. Añibarrok 1773 urtean kopiatua. Añibarroren lan propioak eztiranez, eztitugu bere idazlanen artean sartu.
(26) Luis Michelena, Problemas teóricos y prácticos de la lingüística vasca, San Sebastián 1954; separata de «Munibe», p. 15.
(27) Aipaturiko itzaldian, 13-14 or.
(28) Adigarri oitatik geienak Axularen Geroko Geroren XLI Kapitulutik artuak dira (Bigarren Edizioneal. Añibarroren itzulpenean Kapitulu ori XXXVII gn. Burua bezala izendaturik dator.
(29) Misionari Euskalduna, 66 Dotrinea, Danza nastu loien ganean (eskuidatzirik).
(30) Misionari Euskalduna; Adibidea (Berba-aurrekoa).
(31) Esku-liburua; Sartaurrea.
(32) Misionari Euskalduna, aipaturiko Adibidean.
|