Elerti
Aita Prai Bartolome, euskal-idazle
Onaindia'tar J.
I. Bizitz-xeetasunak. Markina, erri lirain antxiñakoa. Mendietan, inguru-minguru Oiz, Kalamu ta Urre-garai ditu zaitzaille nagusi, ta beste txikitxo ugari eder-emaille. Artibai erreka entzunak, mendi oien sabeletako urez arro, soñu gozoz atsegintzen gaitu, andik zear igarotean. Barneko bizi-adorea erakutsi ta eskeiñi naiean, errege-bide zabal aukerakoz luzatzen da Gernika, Ondarru, Elgoibar ta Durango alderuntz. Ezker-eskui, orr emenka, auzune paketsuak, elur antzeko etxe argiz ornituak. Baita antxe dago, Artibai ertzean, Arretxiñaga, lerden ta zorakor, soro musker ta mendi jagiz babestuta. Iñork ez omen daki nola, baña an dauzkagu iru arkaitz itzal aidean alkarri diotela, azpitik lau gizonendako lekua artzen ez dutela. Gure K. Etxegarai aundiak amalauko bat egin zuen bere aurrean.
Eta bertako jendea? Oi, guztiz leñargi, biotz zabal, maitekor ta piña dezute, bai len bai orain. Onen barri ba-zuten noski Donosti eder ontako aundikiak, Konde Peñaflorida edo Munibetarrak batez ere. Bizenta Mogel'ek Biktor Munibe'ri, Antonio Munibe Konde Peñaflorida jaunaren semeari, eskeiñi zizkion bere Ipui Onak. Orain ere, aien ondorengo Urkixotarrak an bizi dira, Adolfo Urkixo Aldundegi ontan maiz nagusi ta buru izan zanaren iolbea gaur. Antxe dituzte Mugartegi, Murga ta Gaitan'darrak ere beren antxiñako jauregiak. Labur: ainbat gizon ospetsu ditugu andik irtenak.
Erritxo oni Villa viciosa izen itxusia eman zion Tello Bizkai'ko jaunak, 1355'garren urtean. Izen ori, zorionez, paper artean illundurik geratu da. Gaur Markina soilki esaten diogu. Berton, ordea, itzaldiaren ariari ekiñik, aparteko euskera daukagula esan bear, oso eder ta biguna. Azkue jaunak dionez, Bizkai'ko urietatik, aspaldiko urteotan beintzat, Markina izan da Bilbao'ren urrengo ospetsuena; ta ospe edo entzute au eman diotenak euskera, pelotariak eta eliz-gizonak izan dira.
«Markiñako euskerea esaten yakona dio apaiz argi onek gipuzkoarrenaz nastauta egon arren, garbia, lotsazkoa ta ederto oguzia edo ebagia beti izan da. Bizkaia'n Markiña-aldekoa ta Gipuzkoa'n Tolosa-aldekoa dira entzuterik geien daukenak: Markiñakoa bestearen aldean sendoa da, errotsua, mendi-mutill alakoxe azkarra: Tolosakoa biguna, udabarriko aizea langoxe ots eztiduna, eguzki epeletan ta sutondoan azi edo iñuturiko umea legezko azalzuria: Markiñakoa arra da, Tolosakoa emea; ta mutil zarra ta neska zarra izateko jaioak ezpalitzaz, bien ezkontzatik sorturiko seiña edo aurra, munduan ez dagon lakoxe berbeta edo izketea izango litzake.» Izan ere, Markiña'ko izketeak Gipuzkakoakin antz eta kidetsauna badu; ia Bizkai osoan, esaterako, yan, yoan esan oi da; Markiña'n, berriz, Gipuzkoa'n bezela, jan, joan, Aditza ere ditut eta abar gipuzkoarren antzera, baita kin ere erabili oi dute, gaz ordez; gizonagaz ez, gizonakin baizik.
Pelotarik dirala-ta, au dio Azkue berberak: «Azkoiti'ko semeak abarketak, otxandiokoak sutegia ta untzegintzea ta Idiazabaldarrak gaztaia gogoratu eragin dauskun antzera, Markiñarra dala ta norbait leen ezautu-eza ikuseran, pelotaria ete dalakoa izaten da lenengo otu edo bururaten yakun gogamena. Pello anae biak, Zugarri, Laba, Katua ta Pola ta beste asko pelotarien artean lenegoetarikoak izan dira.»
Eliz-gizonen artean entzunenak Mogel osaba-lobak, Astarloa ta Aita Prai Bartolome ditugula berberak dasagu. Mogel'darrak iru dira: Juan Antonio, Juan Jose ta Bizenta; Juan Jose ta Bizenta anai-arrebak, eta Juan Antonio bien osaba. Nork baño nork gogotsuago lan egin zuten euskal-arloan. Ta ederki esan zuen Etxegarai'k aietzaz: Euskaltzaindia sortu baño lenagoko euskaltzañak ditugula. Jaiotzaz etziran markiñarrak, baña bai egoitzez ta naitasunez, an bait-zuten eman ia bizitz osoa. Mogel zarra, au da, Juan Antonio, Markiña'ko animazaia urte luzez, euskeraz ta erderaz ari zan; ta beti, gai askotaz idatzi arren, gizon jakintsuaren lorratz agiriak utzi zizkigun. Bere illoba apezak ez zuen ainbesterik idatzi; baña onek ere naiko ta garai artarko ongi. Bizenta'k, ipuiak eta beste zerbaitzuk idatzi zituen.
Aita Pedro Astarloa, prantzizkotarra, Pablo Astarloa apaiz izen aundikoaren anaia degu. Ez noski Markina'n jaioa, bai an bizi ta azia. Urteko Domeka guztietarako Berbaldi ikasbidekuak argitaratu zituan bi liburutan. (Bilbao, 1818). Len-zatiaren itzaurrean, onela aitortzen du: «Markiñakua da nire euskeria, antxe azi nitzalako. Bizkai'ko erri askotan predikau dot euskeraz, eta guztietan esan dauste, ondo eta ondo aitu dabela esan dodana.» Esaera garbi ta errotsua darabil; ez ordea, Aita Prai Bartolome'k bezin jasoa. Praille bi auek, naita ordena batekoak izan ez, Kristo'ren Berri Ona barraia ta zabaltzen, luzaro alkarrekin ibilliak dira.
Argi, trebe, jatorra degu Aita Bartolome, au da: oso-osoa; gure izketari, urren gogora ditudanakin batera, garai larri artan batez ere, bultzada galanta eman ziona. Aren egunetan ere, aldatz bera zijoan gure euskera gaxoa, ta arek ezetz, jeurt egin ta gora gallurrera jo bear zuela berriro, esan zion kartsu ta maiteki. Izlari joria zan, animen alde gogotsu zebillena; ta animai ta euskerari zien maitasun biziagatik, ainbat idatzi zuen luma askarrez, ta idatzia oro euskeraz, ta esate garbi, bigun ta giarrez oro. Txikitatik ikasia zuelako, ba-zekizkian ongi ere euskeraren aditzjoko, joskera egoki, itz leun, eder ta gozoen berri; ta zekian bezela eskeiñi zigun. Emen gogora genezake ederki: daukanak eman al du, ta ematen du; ez daukanak ezin eman, ezer ez dulako. Labur: euskeraz ongi ta jator idazteko, ikasi ta ezagutu egin bear.
Markina'tik kilometro bat ez; Elgoibar'erako bide egalean, zuaizti, oian ta lau ta etxe zuriz inguratuta, or erritxo zoragarria: Markina-Etxebarria deritzagu. Ortxe jaio zan Aita Prai Bartolome, gure idazle irtena. 1768'garren urteko abenduaren 21'an, goizeko amarretan, mundura zan. Kosme Madariaga, markiñarra, bere aita; Maria Iñese Garate bere ama, Elgoibar'ko alaba. Egun artan berean, arrats eguzkitsuan, erriko eleizara eroan zuten, ta ur bedeinkatu ixurtzez, goi-eskerrez ornitu ta kristau egin.
Guraso jainkotiak zituan gure gaztetxoak; eta, jakiña, aien ardura ta laguntzaz, oso onera makurtua zetorren. Entzute aundikoa, ziñez, karmeldarron Markina'ko bakartegi gozoa. Asko bai asko dira, azoka egunez batez ere, ara aolku ta poz-billa jo oi duten baserritarrak. Eta bertako prailleak, Karmen'go Amaren semeak, zein ederki zabaldu duten, inguruetako erri zear, Kristo'ren fede ta goi-maitasuna. Auek ikusi ta biotz-mindurik, karmeldar jantzia eskatu zun gure mutiko kaxkarrak. Lazkano'n egin zituan len ikasketak; gero, Iruña'n eta Tudela'n ikasketa nagusiak, jakintza edo pilosopi ta Jainko-izti edo teologi-gaiak; eta azkenez, Meza berria, eliz-gizon baten amets zoragarriena. Edozein ikaskuntzan, beti agertu zigun nagusi, bere adimen argi ta biotz beroaren zunda nainun utzirik.
Maitasun askoren artean ba-zuen bat oso gogorra: amaren altzoan ugatzaz batera edoski zun euskera-ganakoa. Etzun ez, gure artean zenbaitek bezela, latiñez edo erderaz ikasketak egitorduan, aiztu ta albora nardaz utzi. Berea zuan, loreak usaia iduri, eguzkik argia antzo, barne-muñeko zerbait; eta nola aantzi? Or degu eredu bikaña; gakiozan ondoren. Karmeldarrok, lengo gizaldietan batez ere, izlari-arazoa bakan batzuen artean bananduta geunkan; etxe bakoitzean bi edo iru ziran geien ere. Markina'n zeregin ori bete zegian, Aita Bartolome aukeratu zuten nagusiak, oraindik gazte zala. Begira zazute lan ortan buru-biotz murgilduta. Badu nun itz egin, Euskalerri osoa. Or dijoa erriz-erri bere biotza usten, bai garizumaz, bai mixio-aldietan, bai jai-egun ta igande ospetsuetan; ta oro izketa garbi, sutsu ta jorian: borborka ura darion iturri ugaria dirudi. Ta ortik datorkion entzutea! Bere izena, ots ezti antzo, zabal dabil.
Etzan, ordea, Predikadore bakarrik izan. Biotzez bigun ta gogoz zur ta jakitun zan ezkero, gaitasun bikain oiek ezin lakaripean gorde. Karmeldar agintarien on-iritzi ta aburuz, maiz autua izan zan nagusitzarako ere: Markina'n bertan daurkigu bi aldiz nagusi edo Priore, 1818-1820'ra. Baita guk antziña, Barakaldo-ondoan gendukan bakartegi ixiltsuan geroago, 1820-1823'ra. 1808'garrenetik 1815're, prantzes gerratea zala-ta, [...] zituzten berak eta bere anai Markina'ko karmeldarrak. Gauza guzti oiek, berak idatzi zizkigun, Aita Keneralaren aginduz; eta ez nolanai, ederki ta aogoxo baizik. Karmeldar asko ziran garai artan Markina'ko gomentuan: gazte ta zar, berrogeitik gora. Errioxako praille prantzes zale bat zala-ta, amaika gorabera, atsekabe ta egun txar ikusi zuten. Ta azkenez ere, bertanbera laga bear beren kabi maitea: bai, zeatz bete zuan erriko alkateak Napoleon'en agindu gordiña. Elizkizun bat izan zuten, baña, irten aurretik, ta azken'agur-itzaldia, jakiña, Aita Bartolome'k: ala ere, ainbat oñaze leporatu zun ortik. Begipe zuena ezin ikusi, oso samur ta biozkorra baitzan. Praille bakoitza, bere lekaide-jantzia utzi ta ba-zijoan, zar naiz gazte, adiskide on baten billa, onek mesedez atea iriki ta ostatua ematen ba'zion. Onek sutu zion biotza, biotzekoa ezpaiñez ustu, ta itzaldi gordiñegia noski prantzes ta aren zaleentzat. Asaldatu ziran auek, lotsa gutxi ta irainkortzat arturik uak esan zuena. Atzeman, esku-lotu ta Bilbao'ra eraman zuten, beraz, gudari-talde baten zaipean. Eta, auzi-antza egin ondoan, bideetako ta abar ordaindu-erazi ta gero. Markina-Etxebarri'ra, bere jaioterrira, itzuli zuten, an ez predikatu ez aitortu, erretore jaunaren zaipean bizitzera bearturik. An, naita etsaien gogoko izan ez, ederki bizi izan zan: berak dasagunez, erretore jauna adiskide miña zun, ta galanki jan, edan eta lo egin oi zun aren aldamenen. Onetzaz gañera, bazuen astirik naiko, barneko zaletasun ta griñari asnas emanik, euskera-arloari gogoz ekiteko. Etzan orraitik bere kabi gozoakin aiztutzen: atzerritar gudariz betea, loi ta zikin, ikusten zuen bere lekaretxea; an zeuzkan baña bere begi-biotzak, beti tinko. Azkenez, gudu-arazoa ba-zijoan obetuz, ta 1813'ko dagonillaren 17'an, etxe ta elizako giltzen jabe egiñik bereala asi zan guztia berriztutzen: zikiñak garbitu, zilloak itxi, elizan metatutako egur ta galtsuak baztertu, santu irudiak erriko eliza ta bas-elizetara eramanak bildu ta lenbiziko tokietan jarri. Dana prest eukanean, prailleak aratu ziran berriro, ta komentura itzultze ura ospatzeko aratu ziran berriro, ta komentura itzultze ura ospatzeko jai aundiak egin zituzten, erri osoan. Garai artan ere Aita Prai Bartolome'k izan zun itzaldia. Pozak ar eziñik zeukan biotza; eta poz aundi ori, zein gartsuki adierazi! Urte batzuetan paketsu bizi ondorik, atsekabeak ukutu zion. 35'garrenean, dakizutenez, praille guztiak beren etxeetatik bota ta sakabanatuak izan ziran. Aita Bartolome orduan Burgos'en arkitzen zan; eta an nunbait Euskalerritik urrun, beste askoren antzera, bere ezurrak utzi zituan.
Ta auekin aski bere bizitz-xeetasunik. Ikus dezagun orain zer idatzi ta nolako izkuntza zerabillen; labur: bere idaz-tankera.
II.Bere idaz-tankera. Asko idatzi zun arren, bi liburu soilki ezagun ditugu bereak: 1) Euskal-errietako olgeta ta dantzak; eta, 2) Ikasikizunak, au da, Jainkoaren Legeko Aginduak eta Eliz Ama donearen Sakramentuak, iru zatitan banatuta. Lenen Ikasikizunak'ez ari naiz; gero Olgetak aztertuko. Markina'ko karmeldar bakartegian izlari bikain izan zala, esana degu. Izango ditu bada, zenbait itzaldi or-emen pillaturik, edo zokoetan erdi galdurik. Karmeldar zarrak diotenez, len-gizaldi azkeneko ta oraingo onen len-urteetako predikadorerik geienak, aren itzaldiak erabilli omen zituzten lagungarritzat.
Ikasikizunetan len-liburuak idazpuru au darama: «Jaungoikoaren Amar agindubeetako lelengo bosteen Ikasikizunak, Aita Prai Bartolome Santa Teresak, Markina'ko Karmen Ortozeko Predikadoriak atereak. I. Zatia. Biar dan ondo izatiagaz. Iruñean: Rada alargunaren Liburugillaan, 1816 urtean.» Ogei ta sei ataltxo dakazki, guztiz; ta azkenez, sermoi bat gurasuen eta umeen onerako. Au degu len-zatiko guztia. Bigarrena, urrengo urtean, au da, 1817'an, atera zun Liburugille berberaren etxean. Onek ere ogei ta sei ataltxo ditu, ta azkenean sermoe bat Ama Teresaren gorapenez. Irugarrena, au da, Sakramentuak, andik bi urtera, 1819'nean, Markina'ko nagusi zala, argitara zuan. Iruña'n. Ta au ere ogei ta sei ataltxotan zatitua daukagu.
Berenez azkar ta argi zalako, lan zailla ta sakona burutu zun Aita Bartolome'k. Bearrizan estu bat ikusten zuelako eliz-gizonen artean, lenbizi Kristau-ikasbide nagusia, edozeñi, baña batez ere eliz-gizoneri eskeiñi ta aukeratzen saia zan. «Kristinautzako siniskizunak dio egikizunak, eskakizunak eta artu-kizunak dira eliz-gizonen lelengo erakuskizunak.» Au zan bere lana: zer sinistu, zer egin, zer eskatu ta zer artu gere begi-aurrean ipiñi. Au zan bere asmoa; baña maiz geratu oi dira uts gizonaren usteak. Lau zati oietatik bi bete zitun gure Aitak, baña beste bi uts laga bear. Zer egin ta zer artu, iru liburutan utzi zigun; ez ordea, zer sinistu ta zer eskatu. Ba-liteke or nunbait izatea, xoko izkutuen baten, liburutegi illunen baten, beste oiek ere. Gañera beste gai batzuk ere idatzita zeuzkan, ta askotxo noski. Jarraiki dio: «Baita gero, Jaunak lagunduten ba'deust, Jesukristoren eta Ama Birjiñaren graziazko jaien ondrarako, Santuen ondo esanerako ta arimen oitura onerako sermoiak bere». Argi darakusgu onek idazle jator onen asmo zabala.
Garai artako euskeltzale geienak su berdiñak piztuta, idatzi zuten. Euskera zarra amil-bera ikusiz, oso minduta, barne-oiuka, aren alde zerbait egin naiean, zintzo ta gogoz lotu oi ziran lanari. Alaxe lenago Kardaberaz ta Mendiburuk, alaxe Agirre, Anibarro, Mogel'darrak, Astarloak, alaxe gure Aita Prai Bartolome'k. Ba-ziran gañera, euskal-erri zear, aien zai zeudenak, gogo illuna poz-eske bezela: eundaka apaiz eta eliz-gizon, euskera ongi xamar jakinik ere, beren eliz-itzaldi ta azalpenetarako lagun egokia nai zutenak. Eta uts-une auxe, Bizkai-aldean beintzat, Astarloa ta Mogel'darren ondoan, Aita Bartolome'k bete zuen. Egia dezute au. Bere ikaskizunetako len'zatian, euskal-errietako anima-zaiei zuzenduz, onela dio: «Euskera-erri guztietan argi egin dau ta egiten dau zuben Ebangelioko zelo egiazkuak, ta irakatsi garbiak. Erri zorioneko onek ba-ditu txito entzute andikuak, bai Europa'n ta bai ezaututen dan mundu zabalian, euren jakiturian, legegintzan, asmo barrietan, alkar zaintzan, gerragintzan, sendotasunian, iraunzalian, ta berbako esatian; oraindiño argiago, ikusgarriago ta entzungo dira zeruko sinistute zuzenian, Ebangelio santuko esanian eta erakutsi garbian... Sinistute egiazkua gaur bere gordetan da gure artian, lelengo sartu zanian baixen sustraitsuba, argitsuba, zuzena, egilia ta bizia. Euskal-erri jaso onetan ez dau iñoz illunaren agintariak sinistute gaiztuaren erein ta pruturik artu. Ez dau geure Erri idalguetan iñoz oiñik geratu ez judeguk, ez, morok, ez erejek, ez Jaungoiko bagakok, ta ez da, entzute oneko askoren eritxian, Jaungoiko askodunek bere. Munduko baztar gitxik kontauko dabee, ainbeste gizaldian, une bagarik, lauso bagarik, nastau bagarik, beti ziatz, beti zintzoro, beti pirme, beti bardin ta beti garbiro gorde dabeela. Jaungoiko bakarraren sinistute ta ondra egiazkua. Nori zor deutsa bada Euskaldunak, zeruaz ostian, bardin bagako ditxa santa au, kura jaunai ta eliz-gizonai baño? Zeubek, Jaungoikuaren urrengo lurreko otsegiñak, zaintu, gorde ta jasoten dozu kristandadeko eginbiar graziazkua Euskal-errietan. Zeubek Jaungoikuaren berbiagaz janaria emoten deutsazu Jesu-Kristoren ardi-aldra oni; zeubek erakusten deutsazu Jaungoikuari, lagunari ta norberari zor deutsana; zeubek alderatuten dozu otso deungeetati; zeubek osatuten dozu, gaixotuten dana; irakoiten dozu, jausten dana; billatuten dozu, galduten dana; sendotuten dozu, argalduten dana; aurreratuten dozu, zutunik daguana; ta, karidadiaren oriuagaz igortzita, poztuta, kansau bagarik lagunduta, presteetan dituzu guztien arimak, zeruko etxe santuan beti ditxoso izateko. Nire pozik andiena izango litzateke, jaunak, zeubeen eginbiar altuan, jaungoikuzkuan ta pisutsuan zelabait lagundutia. Ikasikizun oneetan ezagun da nire opa ona. Uste dot, oni geiago begiratuko deutsazula, euren paltai baño.»
Irakurtaldi au luzetxoa noski. Baño bertan daukagu bear degun guztia: bere asmo leiala, nai bizia, ta batez ere bere idaz-tankera, opa deguna, billa gabiltzana; au da: gizona, dan bezela, mami ta azal; barnean duna, nola usten dun; zabar, baldan; ala txukun, gozo, antzez.
Moral-gaietan len itxia zegon landa zabaldu ta erakutsi zigun; bai, berez gaitz eta gogortxo diran eliz-gai auek, oso argi, erraz ta sotil begipe ipiñi zizkigun. Irakurriago ta maitagarriago degula esan bear; ez dago bere orrialdetan gauza ulergaitzik, naita berenez sakonbiurra izan. Ta au ez dago edozeñen mende, onetarako, gaia lenen adimenargiz dan bezela, goi ta sakon, ikusi ta gero, argitasun oiekin, edonork ulertzeko eran eskeiñi. Ori egin zuan Aita Bartolome'k. Orixe'ren aburuz, alako Agirre idazle bikañaren antza du.
Onela dio: «Aita Bartolome, Markina'ko karmeldarra, gai onetan (au da, Moral-gaietan) berean ari zana, degu, ez Agirre bezain edatuki, bai orde sakonago ta beroago; idaz-tankera ez du Agirre'k bezain jasoa ta txukuna, bai indartsuago ta etorritsuago. Euskera baldanagoa du bai; baiño gaur bertan ere onturrez irakurri diteke». Ona labur gizon jakintsu onen iritzia gure idazleatzaz; iritzi zindo arteza, nere ustez. Aita Bartolome ez dabil, Orixe'endako, gai-azalez, ego-aize mee antzo; zurubi-bera, ondarreraño dijoa. Ta an, leza bakar ixiltsuan, gauza ta gaiaren muña dan bezela, so ta ikasi ondoren, adimen-adorez ezagutua ta biotz-garrez goritua, da liburuetan ematen diguna. Bere idazkera, beraz, ugaria, indartsua, erraza degu; gere biotz-azpian ere sua piztu oi dutena. Markina aldean beiñik-bein edozein predikadorek itz-jario eutsi eziña duenean, ta iñoiz atertu gabe solaska ari danean, aditzalleak arrituta, onela diote: «Orrek dau etorria!» Berdin gerta oi zaigu Aita Bartolome karmeldarraren liburuak irakurtean ere. Zur ta lauorri, barneko zauzkadari eutsi eziñik, diogu: «Au dek gizona!»
Belarriak makur, adi zakiskite apur baten. Guretzat Eleizea zer dan adierazi nairik, Jainkoaren etxea dalako zer lotsa zor diogun, eta abar esan ostean, onela amaitzen du: «Bai, kristinaubak, ez aaztu nundi jatorkuzan geure arimako ditxa ta graziak. Eleizan batiatu gindubezan; eleizan, inpernuko etsaiaren eskubetati atera ta Jaungoikuak artu ginduzan bere semetzat; eleizan entzuten dogu ta ikasten dogu Jaungoikuaren berba santua; eleizan artuten ditugu Sakramentu santuak, geure arimen bizigarriak; eleizara guaz geure arimak osatutera, pekatuaren loiak garbitutera, ta pekatuaren parkaziñoia Jaungoikuaren beraren aoti entzutera; eleizan daukagu gau ta egun beti prest geure arimen janaria, zeruti jatsitako ogi bizia, Jesus Maitiaren gorputz ta odol bizia; eleizan altara gainian barriztetan dau Jesus maitiak, egunian egunian, ta egun bakotxian sarritan, ta leku askotan, Kalbarioko kurutze santuan artu eban eriotzia geure arimen erremediorako. Gatx bat jatorkunian, naigabe bat sentiduten dogunian, zerbait jaditxi gura dogunian, nora guaz, Jaungoikuari erregututera? Eleizara. Buruko min bat dogunian, alemanixa bat palta dogunian, edo gaixotuten jakunian, auzi bat irabazteko ustia edo galduteko bildurra daukagunian, euria edo egunaldi ona gura dogunian, eleizara juaten gara, Jaungoikuari mesede a erregututera. Arimarako ta gorputzerako edo munduan bizi izateko biar ditugun grazia ta meseden billa, eleizara juaten gara. Zegaiti? Eleizia dalako Jaungoikuaren etxia, Jaungoikuari erregubak egiteko ta zeruko mesediak geure etxeetara erasteko lekuba.»
Zati au ta gero irakurriko deguna, aski ditugu agiririk, len esana indartzeko. Onelaxe edo antzeko baita liburu guztietan. Luze baño labur atsegiñago zaio esaeretan; ala ere, naita esaera motxez, gaia agortu arte ari da, ikusi degunez. Egiz dio Orixe'k, gaur ere onturrez irakurri genezakela berak idatzia oro. Nun ta bertan asko ikasiko genuke.
Bere euskera ikasia bai, baña errikoia nolanai ere. Ona berak: «Berbetia imiñi dot neure errikua, dakidana. Euskerako guztietati apainduena, ederrena ta eztitsuena izan ez arren, izan leiteke, euskaldun baztar bateti bestera, etxe guztietan dei eginda, zer nai daben onduen zarrai ta gaztiai aitu ta adierazoko deutsena. Alan uste dot, ta jazo jat Nabarrua'n, Giputzetan ta Bizkaia'n eldu nazan lekubetan.» Ba-ditu erdaratiko itzak, baña ez zitun gogoz ipiñi, ezin bestean baizik, «Euskeria berez aberatsa da dio, ba'genki ondo. Geuk eleiz-gizonok berba askotan nastau ta ezaindu dogu; geuri entzunda dakiez Jaungoiko Omnipotentia...Doloria...Mandamentuak ...ta beste onako euskal-gaiztoko asko. Erdera ez dakien euskaldunak, euren etxetan ta artu-emonetan, biar daben guztia esaten dabe euskera garbian. Kristiñautzako ikasian dira euskaldun gaiztoak. Ez da au euskeriaren erruba, ezbada geuria. Alegiñaz ta deritxadanez, gitxitu ditut asko; ta geiago gitxitu gura nituke, asmau dodan sailla amaitu orduko. Oituko ba'giña geu eleiz-gizonok Larramendi, Kardaberaz, Mendiburu, Mogel ta beste euskaldun garbiak irakurtera, ta aren erara geure siniskizunak eta egikizunak berbeta garbian pulpituan eta ostian kristiñaubai erakustera, arin erbestetuko litzatekez geure euskera maitia ta aberatsa ezaindu ta lotsatuten daben urrin-errietako berba banakak.»
Euskera utsezko itz zaillik ere ez darabil, noizka izan ezik. Alderatu (urrundu), irakoi (jaso), dendatu (saia), iratsi (josi), ta beste era ontako banaka batzuk albora ezkero, itz oso ezagunak ditugu danak. Aditza ere erraz, zuzen ta gizonki darabil. Zu bukaera, ordea, ez da beretzat bakar, pilloko baizik; ez dozu ikusi, beretzat au da: zuek ez dozu ikusi. Geienetan dozue esan arren, badira erri batzuk, Eibar ta Bakio esaterako, orrela darabiltenak. Azkue jaunak ongi ikasi zun noski Aita Bartolome'k darabiltzan joskera, aditz-joko ta edertasunak; Morfologia'n, 61 aldiz aipatzen du bere izena, Axular, Leizarraga, Uriarte, Añibarro ta Mogel bezain sarri.
Ona zerbait esanda, Aita Prai Bartolome'n idaz-tankera dala-ta. Askoz geiago esan nezake, gai ugaria baitegu; bano gaurko aski. Bere Olgetak aztertzeko astirik ez degu; andik egingo, ala ere, irakurtalditxoa, itzaldi au bukatzean. Orain jo dezagun illeta pizkat.
III.Erosta-jarduna. Ba-ziran gere artean, antziñako erri guztietan bezela, erostari ezagunak. Elantxobe'koa, oraintsu arte, oso aipatua degu. Lurpera-aldietan gorpuaren atzetik, apaizak eta senideak baño aurrerago joaten ziran erostariak, beren erosta, txilio, ulu ta negarrakin, iñori negar erazten. Au zan beren zeregiña, ta ederki bete oi zuten geienez.
Ikusi degunez, ona emen Aita Bartolome, euskaltzale jatorra. Guziontzat eredu bikaña. Zer ikasi genezake berengandik? Gaixorik zegoan gure mintzoera aren egunetan ere, nor saia ez bera sendatzen? Ortara zuzendu zituan Prai Bartolome'k alegiñak oro. Gaur ere gaixo, aul eta makal daukagu, il-urren toki askotan; nork ez aditzen bere aiots miñak? Baña zer dagigu bera piztu ta sendatzeko? Asmo onez gañezka gaude noski; euskera pizkortu nai degu, bere zauriak olioz igurtzi, esku leunez sendatu. Ori nai degu. Baña, maitasuna egitez adierazten dalako, asmo bikain oiek egi biurtu bear ditugu; au da: euskera alde jo ta ke, indar guziz, bene-benetan, lan egin. Eta ez geronek bakarrik; bai ta, Euskalerriko gogo oneko gizon-emakume guzieri eup larria bota, ta gere saillera erakarririk, aiek ere lanean ipiñi, gere aldamenean. Ortarako etsaiak? Asko ta gogorrak: zabarkeria, oztasuna, axolarik eza, eskolarik eza, gure guzion lo-zorro izenik gabea. Alaz ere, gogo on-sendoak ez du eragozpenik ezagun.
Ona emen laburki, gaur luzatu gabe, egin bear deguna: 1) Aldizkari bat irasi, ta 2) Liburu zarrak, berriz, argitara atera. Bi asmo oiek lenik ere, zuek denok ezagutzen dituzute. Baña, noiz egi biurtuko? Aldizkaria. Asko bai asko dira gure artean idatzi nai lukenak, eta ez dute nun. Oi, Manterola bat, Garita-onandia bat, Muxika, Aitzol bat agertuko ba'litzakigu gaur, ixilidazle guziok bildu ta beren indarrak euskera alde jarteko.
Baita liburu zarrak argitaratu ere. Gere euskal-idazle zarrak guk ez aña, maite zuten euskera, odolaren mintzo ta abendaren asnasa, ta zenbat gauza eder idatzita ere utzi ziguten. Orain bezain izketa jantzi ta txukuna ba'liteke ez erabiltea; baña, alaz ere, ba-degu aietan zer ikasi.
|